KREAZIOA MUNDIALIZAZIO ETA TEKNOLOGIA BERRIEN AURREAN

Ez dut uste gauza izango garenik, ez dut esango hamar urte barru gertatuko dena aurreikusteko ezta antzemateko ere, baizik eta etorkizun hurbilean, hemendik bost urtetara adibidez, gertatuko denari aurre egiteko.

Azken hogeitabost urteei buruz hitz egiten badugu bakarrik, zera ikusten dugu: espezialistek ez dute aurreikusi mende honen amaierako eboluzio historikoa markatu duten gertaerarik. Historiagileek, ekonomistek, politologoek, militarrek eta beste hainbatek huts egin du. Gogora ditzagun adibidez petroleoaren krisialdia, 1973an, Jomeiniren etorrera, bloke sobietarraren erorketa eta guzti honen ondorio ekonomikoak, politikoak, sozialak eta kulturalak. Eboluzioak ez du planifikadoreen bide logikoa eta razionala jarraitu, susma ezineko gertaerek hamabosteko plan guztiak izorratu dituzte irrazionalki. Deabruak barre egiten du!…

DOLAR JAUNA

Ondorioz, prestatu gabe aurkitzen gara liberalismo komertzial zaharrak, kontrabotererik gabe, agintzen duen mundu baten aurrean. Diru jauna Dolar jaunaz jantzita itzuli da. Eta boteretsuenaren legeak agintzen du berriro. Oihanaren legea da. Jokoan, beraiek dituzte bateko eta triunfo guztiak. Batzuek irabazi bezala besteek galduko dutela ederki dakite. Ondorioa: jokatzeko azken hauen desinteresa. Asiako ikasle onek irabazteko jokatzen dute, Afrika eta Ekialdekoek Erdi Aro teokratikora itzultzea nahiago dute. Gaurko gizakiak ez du bere etorkizuna kontrolatzen, mota guztietako desbideratzeen aurrean aurkitzen da. Edozein gauza gerta daiteke eta, jakina, gertatzen da: Mafiak Errusiako ekonomiaren kontrola berreskuratzen du, drogak petroleoaren etekin bikoitzak sortzen ditu, umeen prostituzioa turismo sexual moduan industrilizatzen da, sarraski eta genozidio arrazistak errepikatzen dira Bosnian, Somalian, Ruandan eta beste lekuetan…

Horrelako nahaste kontrolgabeko eta kontrolaezinaren aurrean, nire zalantzekin jarraitzen dut: Zein datu fidagarri eta iraunkor ditugu datorkigun eboluzio kulturalaz gutxienezko sinesgarritasun batekin hitz egiteko? Dakidanez, guztiok bizi eta ezagutzen dugunaz mintzatuko naiz bakarrik, etorkizun kultural hurbila kolokan jartzen duenaz, alegia. Zalantzen ondoren, beldurrak. Gure gaurko egoeran bi arrisku nagusi ikusten ditut: alde batetik, elkartrukeen mundializazioa, boteretsuenaren lehentasunean oinarrituta; bestetik, teknologia berrien hobekuntza eta merkatzea, zeinak bere eragin ekidinezina izango duen etorkizuneko gizakiarengan -nire ilobetaz hitz egiten ari naiz-.

Gaur egun mundializazio kulturala borroka komertzial gartsu bat jasaten ari da GATT nazioarteko komertzio librearen itunaren negoziaketan. Jokoan, milaka milioi dolar dabiltza ikus-entzunezko produktuetan (zinema eta telebista).

Eszenarioaren gainean, iparramerikako ekoizpen eta banaketaren konpaina handiak daude, Jack Valenti-k, Motion Picture Association of America-ren presidentea, ordezkatuta. Hauen aurrean Egileen Elkarteak; munduko gainerako egile eta burutzaileen defentsan. Gatazka: lanen jabetasuna. Lanak sortzen, asmatzen, idazten edo burutzen dituztenekoak dira? Edo bere ekoizpenerako dirua jartzen dutenekoak? Adimeneko lanak idazten dituenaren jabegoa dira bizitza osorako (egile-eskubidea), edo ugaltzeko eskubidea erosi duenarena (copyright)?

Bi kontzepzio hauen ondorioak oso garrantzitsuak dira kreazioaren etorkizunerako. Lana produktu komertzial bat bada, bere burutapenean inbertitu duenari dirua ekoizteko, argi dago komertzializazio kriterioak izango direla nagusi, inkestak egingo dira publikoaren gustoei buruz, produktuak gero eta estandarizatuagoak izango dira eta, larriena, edozein lan pertsonal, original, kritiko eta berritzaileak sistematikoki arbuiatuko da. Ezaguna da editore eta produktoreek daukaten beldurra uneko korronte eta modetatik kanpo dauden lanetan inbertizeko. Horregatik, komertzio askatasunak adierazpen eta kreazio askatasuna erahiltzen ditu. Are gehiago, banatzaileek duten botereak modak beraiek sor ditzaten eragiten du eta moda haietatik gaurko kultura identifikatzen duten modelo kultural uniformatzaileak ateratzen dira.

Kreazioaren alde, Europako herrialdeek «salbuespen kulturalaren» eskubidea inbokatu dute eta momentuz, produktu kulturalak nazioarteko elkartruke komertzial librearen itunetik bereiztea lortu dute (GATT). Noiz arte?

MENPEKOTASUN KULTURALA

Ba, nik galdera bat egiten diot nire buruari. Nori interesatzen zaio planetako salbuespen edo adierazpen kultural guzti horiek salbatzea? Inori ere ez, edo horrela uste dut. Eta hori egia da, ekidin ezin dezakegun estadarizazio batera goaz gero eta azkarrago. Elkartruken mundializazioak, hedabide gero eta zabalagoen laguntzarekin, ez dio lekurik uzten kreazio indibidualari, edo gutxienez bere hedapen jatorrari, eta menpetasun kulturalera eramaten gaitu. 1972ean, Herbert Hoover-ek zinemak industria amerikarra bultzatzen zuela esaten zuen. Gaur egun EEBBek auto japoniarrak inportatzen dituzte, baina bakarrik ikus-entzunezko produktuen exportazioak, urtero, lau mila milioi dolarren etekina uzten du bere balanza komertzialean. Garrantzi handiko iharduera da eta iparramerikarrek ez dute nahikoa etekin handiak lortzearekin, merkatua menperatu nahi dute. Gero eta txikiagoak diren konpetidoreak ezabatuz.
Kulturalki argi dago azkenean mass-mediek hedatutako modeloek publikoen gustoak deterrninatzen dituztela. Beraz, kontrakorronteko edozein kreazio mota elite txiki batera mugatuko da. Horrela, bapatean, bidegurutze arriskutsu batean aurkitzen gara: sistemak sortzen duen masa-kultura ukatzea, progresoa ukatzea bezala ikusten da.. Entitate kultural bakoitzean berezkoa den jatorrizko kreazioa defendatzeak kontserbadorea dirudi, ez bada arrazista, nazionalista, faxista, integrista eta abar…

Orduan, nola defendatu, bizkortu eta bultzatu identitate horiek errepresentatzen duten artista modeno, aurrerakoi eta kultoen kreazioa, hedabide estatal eta komertzial handiek hedakuntza kulturalean konpetitzen dutenean? Bi kultura daudela onartu beharko dugu: masen kultura bat eta elitista bestea, aurrerapen kultural orokorraren ametsari uko eginez? Gure eboluzioaren beste kontraesan bat litzateke; alde batetik hezkuntzaren demokratizazioa herri aurreratuetan, espero zitekeen maila kultural indibidualaren gorakadarekin, eta bestetik kaxkarkeria gero eta handiagoa gizarte honek hedatutako produktu kulturaletan.

Botere ekonomikoaren menpetasun honen aurrean, teknologia berriek aginzen diguten etorkizunari buruz galdetu behar diegu gure buruei. Menpekotasun gehiago edo kreatibitate gehiago? Mende honen amaieran teknologiak eduki duen izugarrizko aurrerakuntza erakusteko Jules Verneren fikzio zientifikoetan pentsa dezagun, XIX. mendearen erdian asmatuta, mende batean eratu zen 1945ko lehergailu atomikora arte. Energia nuklearra, elektronika eta informatika ez ziren aurreikusi. Baina gaur egun dakigunarekin, nork aurreikus dezake datorren mendearen garapen teknologikoa? Elektronikak, zeina argiaren abiaduduraz ibiltzen den, zabaldutako potentzialidadeak ezin dira aurreikusi.

Ezagutzen eta erabiltzen dugunaz hitz egiten, hau idazteko erabiltzen dudan konputagailua adibidez, ematen digun autonomia ederra azpimarratu behar dugu. Gauza asko egin dezakegu: Okertu, ezabatu, hamar lerro gora ituli esaldi bat gehitzeko, letra mota aldatu, nahi dugun konpajinazioa egin, etabar… eta textuak berehala bidali Madrilera edo Caracasera besaulkitik mugitu gabe.

Textu idatzietan, digitalizazioak edozein texturen zirkulazioa errazten du, sare numeriko planetarioetan zehar, eta bere berreskurapena urrunean, jasotzaileak eginda, bere berehalako esplotaziorako nahi badugu. (Hegazkin boleto bat, prentsako artikulu bat, eskaera komertzial bat, antzerki lan bat…). Liburutegiak ere kontsulta daitezke informazio-autopista berberen bidez. Hau gaurko mundua da, jadanik eta azkar kontsolidatuko da hurrengo urteetan. Disko digitalak disko analogiko zaharra ordezkatu du eta bideo-diskoak garbitasun paregabe batekin gordetzen ditu irudiak. Datu idatzi, entzuteko, grafiko eta ikonografiko guzti hauek, behin digitalizatuz gero, irakurri ezezik norberak berreskura eta alda ditzake.

Lehenengo aldiz lanak desmaterializatzen direla aipatu behar da. Orain arte, lan bakoitzak -liburua, diskoa, koadroa, pelikula fotografikoa edo filmikoa- berezko euskarri materiala zeukan… Gaur egun, euskarri materialerik gabe, egon, gorde, ibili eta bana daitezke eta digitalizatuta saldu.

Denbora gutxi barru, medio guztiak etxean edukiko ditugu bakarrean bilduta, datu idatzi, grafiko, entzuteko eta ikonografikoen osotasuna behatzeko eta gure nahiaren arabera aldatzeko. Hau da, gutxi barru, denok ezagutuko dugun -edo dagoeneko eskuragai zaigun- teknologia berrien potentzialtasuna. Gaur egun, edukitzeko, nahi izan eta ordaindu egin behar da. Bihar dena botata edukiko dugu etxean, edozein argazkimakina bezala, erabili edo erabili ez. Eta hortxe dago koska. Zenbateraino erabiliko dugu teknologia zaharrek eta berriek ematen diguten laguntza? Edo, zenbateraino bihurtu gaituzte teknologia zaharrek eta berriek haien sortzaile? Ez daukat erantzuna. Baina ziuraski, gutariko inork ez ditu erabili helburu kreatiboekin orain arte eskuragai dituen medioen (inforrnatika, foto, bideo, grabaketa,…) posibilitate guztiak.

Hala ere, ikusgarria da umeak nola moldatzen diren joku elektronikoetara buru-azkartasun inbidiagarri batekin. Modu berean programa informatiko batean sartzen dira harrigarria den arintasunarekin. Gertatzen dena zera da: aparailu berriak erabiltzeko erraztasuna baino, belaunaldi honek era desberdin batean irakurtzen, pentsatzen, adierazten eta erreakzionatzen du, eta herri azpigaratuen metropolietako hiritarra mutante bihurtzen da apeta kultural ezezagunekin.

Beneix zinegileak, Japonian egindako dokumental batean, adimen maila altuko gizabanako batzuk (ingeniariak, medikuak…) erakusten zituen bere borondatez kanpoko bizitzaz isolaturik buru belarri, bere aisian, beren aparailu sofistikatuek sortutako mundu artifizialean murgiltzeko. Badaude, irudi sintetikoetan, norberaren borondatera uzkurtzen diren emakumeak. Eta eman dira jadanik musuak errealitate birtualean…

Garapenaren bi muturretan, gero eta bereiziagoa -zoroagoa ez esateagatik- den mundu honetan, inposatutako sistematik ihes egiten duten izakiekin aurkitzen gara muturreko irtenbidetan: hirugarren mudu azpigaratuan, uko egiten diote eskuratu ezin duten aberastasun munduari, bizimodu bibliko baterako itzuleran babesten; lehen mundu hipergaratuan autista teknologikoak sortzen dira, abstrakzioaren maitaleak, konputagailuen Dulzineak…

HIRUGARREN MILURTEKO GIZARTEA

Egia zera da: kulturalki, hirugarren milurteko gizaki mutanteak (eta hemendik urte gutxi barrura denok izango gara hirugarren milurteko gizaki mutanteak…), ez «inboluzionatutako» ez «extraeboluzionatutako» gizakiak bere bizitza aldatuko duten aurrerapen teknologikoak gero eta azkarrago digeritu beharko ditu. Zein kultura egokiko zaie mutante hauei? Ziuraski «autokultura teknologikoa», agian besteekin konpartituta sare numerikoen bidez. «Autokulturaz» hitz egitean norberak egindako programetaz -bere eskura edukitako datu digital pilo batean oinarrituta- mintzo gara. Kasu honetan, datu kultural multiplen manipulazio indibidulizatua joku interaktiboen modura- erabilera oso probable bat da eta kreazio indibidualaren perspektiba interesgarri bat. Besaulki batetik egindako autokultura hau besteek egindako programen kontsumo pasiboa baino aberatsagoa izan daiteke eta ez du eragingo telebistako programa baten jasotze pasiboa baino bizikidetasun gutxiago. Hala ere, komunikazio honek, interaktiboa izan arren, elektronikoa eta bakartia jarraitzen du izaten.

Harreman zuzeneko giza-lokarria falta da. Zentzu honetan antzerkiak publikoaren irrika honi erantzuten jarraituko du luzaro. Baliteke antzerkia kreazio-askatasun eta bizikidetasun espazioa izaten jarraitzea biharko gizarte superteknifikatuan. Baina, beren konputagailuetatik giza-kontaktuaren bila ihes egindako mutante hauek, zein antzerki mota egingo dute?…

Izan ere, laburbilduz, hona hemen gu Dolar jaunaren erresuman bere lemarekin «Ordena eta Negozioa». Askatasun osoa: edonor nagusi izan daiteke, Lazarilloen garaietan bezalaxe. Eta nagusitzen ez denak otoitz egiten du. Horrexegatik itzuli dira jainkoak eta apaizak. Garen apurra eta beste bizitza zein polita izango den gogorarazteko… lasai utz ditzagun nagusitzen dabiltzan gizarajoak. Eta ez badugu jainkoetan sinesten Lazarillok egin ezin zan zuena egin dezakegu: errealitate birtualak -gure ametsen ilusiozko materializazioa- asmatzea ihes egiteko… eta nagusitzen dabiltzan gizarajoak ez izorratzeko.

Jainkoetan babesa bilatzea, edo ametsen bidez ihes egitea, gure fedea gizakiarengan galdu duguna frogatzen du? Dagoeneko ez dago ideologiarik ez eta utopiarik ere. Baina negar, oihu eta amodio egiten duten gizon eta emakumeak daude, esku bat itxaroten duten gizakiak bere konfidantza mundu kaotiko honetan berreskuratzeko…

Claude Demarigny

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like