GORRI EMAKUMEA

Hil eta hirugarren egunera, erortzen hasi ziren lore gorriak, txortena ere gorria zuten loreak, Carmen Quinterosen hilobi gainera.

Emazteak ez zuen inoiz lorerik kanposantura eraman, inongo kanposantura egia esan, baina oraingo honetan lur arrotuan jartzen zituen kontu haundiz, keinu samurrak eragiten zizkion sakoneko min batez, horrela baino ezin zuela adierazi frogatzen zuen gainera, hildako batekin buru gogor komunikazioa saiatzen den metro gutxi horietan. Hilobia ikur bat bihurtu zuen berak, hori zen desberdintasuna.

Aldi horretan ere, ez zuen bakarrik joan nahi izan. Tiroketan erori ez zirenak, ihesi joan ez zirenak, mendietan edo etxez etxe bilatzen ez zituzten kide bakanak, lagundu egin zuten sigi sagan zihoian bide zuhurrean, beheko lautada bezain zabala zen Panpako zeru garbiaren azpian. Elkarrekin bota zituzten lehen lore gorriak eta hilobia inguratzen zuten hesitxoen barruan zabaldu ziren.

Urrutitik, gorria jendeari deitzen zion seinale bat zen, zera esaten zien seinle bat: “Begira nazazue, Ez naiz hil!” Nahiz eta gurutzerik gabeko egun puskak “Carmen Quinteros 1897-1921” zioen. Maitasun militante errito horren ostean herrira itzultzen hasi zenean, alarguna, taldetik aldendu zen, hilobira berriz itzuli, hesitxoa kolpez atera eta alde batera bota zuen. Lagunak harrituta eta galdezka bezala haren zain zeuden. Gelditu gabe, haserretuta eta pausoa luza, esan zien:
– Loreen lorontzirik ez badute, Quinterosek ere ez.
Etxean bi seme-alabak zain zituen. Minez beteta, oraindik ez zuen aurrerantzean bera eta beraiez zer izango zen pentsatzeko betarik izan. Momentuz behintzat, azken urtean Quinteros eta biek bizi izan ziren gelan sartu zen, bere beldurra adierazi ahal izan zuen lekua, ez zen hala izan ordea, poltsarien greba zapuzteko tren geltokira zihoazenean, esan zion, labore etxeak kontratatutako mertzenariekiko harreman tentsoa gauzatuko zen goiz hartako ordu txiki haietan. Hantxe, bide hartan, gerria zeraman errebolberra ikutu eta animatu zen.
– Hiltzen banaute edozein lekutan lurpera nazatela.
Ordu gehienak oasatzen zituen gelan, loreak, hogeita lau lore gorriak, egiteko erabili zituen burdinezko haria eta paperak elkartu zituen. Seme zaharrenak moztutako burdinezko hariaz eta gazteenak krepé paperean egindako tolesturez egin zituen, isil-isilik, bakar-bakarrik zeudela eta negar egiteko baino hausten ez zuten isiltasun hartan, estuasunik gabe, familia giroan, Carmen Quinterosen heriotzaren bigarren egunaren ostean.
Ez zion kasurik egin.
Nahiz eta entzun zion azkena izan, “Zer da edozein lekutan lurperatzearen kontu hori?” Entzun zuenean, anarkista baten harropuzkeria zela pentsatu zuen, heriotzaren aginduari ere uko egiten zion anarkista baten harropuzkeria. Beldurra ere izan zitekeelakoan egon zzen, baina ez zion ezer esan. Haren ausarta fama zaintzen zuen berak.

Ehorzketa, geltokira labore poltsak ezartzen zituen gurdilari batek lana galtzearen mehatxuen aurrean ez entzutearena egin zuenean hasi zen. Kutxa, txiroa benetan, goizeko ordu horretan etxean zeuden lau helduek eraman zuten gurdira. Alarguna eta bi seme-alabak, erresistentzia elkarteko ordezkariaren emaztea eta estaziora zama lanetara bueltatzea edo ez bueltatzea berdin zitzaien bi kide, gurdiaren atzean joan ziren. Ikaratuta zeuden, liskarran hildako bi polizien omenaldira hurbildutako eta zenbait herrietatik etorritako autoek osatzen zuen auto-karabana topatzeko beldurrez.
Kanposantuan, lurperatze lanetan txandakatu ziren lauak eta bukatzeko hesitxoa jarri zuten, norena zen ere inork gogoratzen ez zuen beste hilobi batetik hartu zuen poltsalari batek, hilotza hanbesterainoko txirotasun hori apaltzeko baino ez bazen ere, justu-justu Carmen Quinterosen heriotzaren egun bat beranduago.

Luxurik gabeko gela hartan, pareta txuri eta apaindu gabekoan, gaubeilatu zuten, senarraren hilotz zulatua bueltatzeko itxaron behar izan zuten denbora guztia, poliziaren izapide eta atzerapen guztiak egiten ziren bitartean. Gutxi izan ziren laguntzera geratutakoak, gutxi ere herrian geratutakoak azken esaldi libertario bat esateko, gutxik ikusi zuten goitik behera gorriz jantzita inguruko beltz guztiari aurre eginez, Carmen Quinteros hil zuten egunean bertan.

Ordu horietan, mina baino gehiago gorrotoa zuela, gogoratu zuen lau urte lehenago Santiago del Esterotik irten zirenekoa, La Panparantz, caldén basoak mozten lan egitera, lan gogorra baino txarragoa familirekin ibiltzeko, hezkuntza eta osasunik gabekoa lantokian. Quinterosek bizitza txiroa espero izan zuen beti baina bizitza miserable bat ebitatu nahi zuen. Orduan erabaki zuen hegoalderantz joango zirela, laborearen bideetatik, Jacinto Arauzen poltsalari lanetan frogatzera. Panpako iparraldeko ostatu batean esan zioten paga ez zela txarra eta espainolak aurkituko zituela, geroago anarkismoa zer den irakatsiko zioten berberak.Emazteak bigarren ateraldiaren aurretik eta ostean halaxe esan zion:
– Quinteros, entzu iezadazu, hegoaldean zoritxarra dago.
Ez zion kasurik egin.
Poltsarien beste emazteekin batera, komisaldegia zegoen iskinera iritsi zen korrika, bertatik, hildako eta zaurituen nahasketa ikusten zen, baita auzokoen harridura eta asteak iraungo zituen pertsekuzio baten seinaleak ere. Negar-zotinak horixe ematen zuten, bere begi beltz indignatuak ikusten zutena sinistu edo ez sinistearen momentuak banatzen dituzten zotinak hain zuzen ere. Zin egin zuen, komisarioari bueltatuko ziola etsitzen ez dutenei botatako azeri begirada, larogei zamalariak polizia etxera bideratzeko erabili zuen gezur hura, elkarrizketatzeko alegia. Benetako asmoa, egurtu eta armak kentzea zenean. Winchesterraren lau balak bueltatzeko gogo amorratua zuen, Carmen Quinteros hil zuten lau bala haiek, abenduaren 9an goizeko 9:30etan hain justu.
Quinteros bakean zegoen, ez hilda zegoelako, baizik eta belauniko eta balek zeharkatuta, gatilloari eragin ahal izan ziolako eta ia bistarik gabe ikusi ahal izan zuelako nola erortzen zen uniforme bat. Bera ez. Gorrotoz beteta, memoriari eragin, eta soineko gorria non zeukan arakatu zuen memoria, txortena ere gorria zuten loreak bezalakoa imajinatu zuena.

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like