GIZONEZKOEN ZAPALKETA

Gizartearen egitura zapaltzaileen iraupena -instituzioak, kultur jokabideak, politika sistemak, gizaegiturak…- gaurdaino iritsi da. Egitura hauek hasiera batetan beharrezkoak izan ziren gizakien biziraupenerako, bai ingurugiroari bai beste leinuetako gizakiei aurre egin eta bizirik jarraitzeko, baina gaur egun ez dira beharrezkoak. Gaur egun gizakiak asko garatu garen arren, egitura zaharrak garatu ez dituen, berritu ez dituen gizarte batetan aurkitzen gara.

Egoera honek gizaki guztiak eragiten ditu gaur egungo zapalketa guztiak tinko mantentzearen gakoa delarik: sexismoa, arrazakeria, kapitalismoa, inperialismoa… eta abar luze honen artean gizonezkoen zanpaketa ere bai. Gaurko gizartean bizi denari gizarte beraren egiturek zenbait rol, paper betearazten dizkiote egitura hauetara ongi egokitua gera dadin, egitura hauetatik at oso bait da zaila bizirautea, oso.

Hona hemen gizonezkooi gizartean bizi ahal izateko derrigor eskatzen zaizkion baldintza batzu (Ohitura batzu aldatu diren arren heziketa honen aztarna zahar asko daramatzagu denok barru-barruan inkonstzienteki manipulatzen gaituztela konturatu gabe).

GIZONEN IRUDIA

Gogorrak izan behar dugu, ezerk afektatuko ez bagintu bezala konportatu behar dugu, minik sentitu gabe agertu behar dugu, sentimendurik ez azaldu, nahiz ezezkoiak zein baiezkoiak, harrizkoak izan (heriotzaren aurrean, odolaren aurrean. Adib. futbolariak, ehorzketak…)

– Sendimendu ezberdinen adierazpena eta honek dakartzan hobakuntza eta gaitzen arindurari uko egin beharra daukagu: tristuraren eta bakardadearen adierazpena: negar, beldurraren adierazpena den dardarari uko lotsa eta alaitasunaren adierazpena den irriparrari uko. Ezin gara emozionatu, nahiz eta edertasunaren aurrean egon, gure paperak galduko ditugu eta. Inorengana ezin gaitezke joan gure poza ala maitasuna adieraziz, bizkarreko batzu ala bostekoak eman doi-doi eta kito.

– Nabarmenak, garrantzitsuak, denetan hoberenak izan behar dugu eta ahalegin hauetan gaztetatik ikusi ditugu gure aitak, osabak, familiburu bizilagunak, erabat lanpetuta, ezertarako astirik gabe lan egin eta serio izateko izan ezik. Arazo guztien arduradun eta erantzule, gainera bakarka elkarri laguntzea ahuldadetzat ikusita balego bezala. Honen ondorioz guetako batzuk ardurari mania hartu diogu eta gainontzekoek bizitza bulegoetan, lantokietan, uzten dute.

-Beste gizonezkoekin lehiakorrak izan behar dugu gure postua ken ez diezaguten, gu baino hobeagoak badira, garrantzia galduko dugulako; horregatik gizonezkoentzat lanpostua hain da garrantzitsua, bere «status» adierazle delako. Lanik gabe ez da ezer. Gainera familiaren hornitzailea izan behar dugunez ezin inolaz ere lanpostua galdu. Hemendik edozein gizonari galdeturik «-Zer moduz zaude?» Bere lanari buruz hizketan hasten zaizu. Lanean, honela, oso serioak gara eta goi-postuetara iristen heziak gara, hoberenak, arrakastatsuenak izateko. Gure lanpostua zihurtatzean gure estina zihurtatzen bait dugu. Ez zaigu, itxuraz, lan-makinak izatea axola eta ez da inondik inora espero edozein arrazoirengatik gure lana geldi dezagun.

– Emakume eta gainontzekoen babesle, hornitzaile eta ekoizle etxean, baina ez maitasun adierazle, ez eta jolastiak ere gure seme-alabekin. Maitasuna ematea edozein gizakiren berezko eskubidea ikusi ordez emakumeei dagokien trebetasunatzat ikusia da, hartaz gizonezkoei umeetaz arduratzea ukatu egiten zaigu. Etxean ez dugu lanik egin behar, kanpoan baizik.

-Aurpegia eman behar dugu edozein egoeraren aurrean nahiz eta beldurrak hiltzen aritu, hiltzeko makina bihurtzen gaituzte soldaduzkan edota gudara bidaltzen gure lagunak nola hiltzen dituzten ikusteak ala gu nola hilko gaituzten edo nola hilko dugun jakiteak eraginduko ez bagintu bezela portatuz. Heriotzaren aurrera deituak gara bi aukerekin: bat bete ala bi kondena jasan. Eta heriotza toki askotan topatzen dugu: mehatzuloetan, lanetako aldamioetan, itsasontzietan, errepidean… Baina hala ere izan behar duzu ausarta, erasokorra, fidagaitza edonorrekin, ez utzi inor laguntzen bestela ahul izango zara, eta zure gizontasuna frogatzeko borrokan egin behar duzu noski eta nahi ez ba duzu koldarra, oiloa, nena eta abar batez deituko zaituzte zure estima galduz. Txikitan pistolak eta boxeo eskularruak ekartzen dizkigute erregeek. Gero honelakoak garela uste ohi da, noski.

-Azkarrak, argiak, konponbide guztiak arazo guztietarako, batez ere etxean.

-Sexualki eginkorrak, sarkorrak, orgasmodunak eta orgasmoemaleak, beti prest edozer gauzatarako. Zakil handikoak, politak, itxura ederrekoak, erakargarriak, galaiak, iniziatiba edo aurrea hartu-behar dutenak. Ez da gure maitasun sentimendua kontutan hartuko, baizik eta gure sexual arrakastak, ligeak, orduan onartuak gara gizon osotzat.

-Gure gizontasuna, berez ezbalegokigu bezala, etengabe frogatu beharra daukagu, erakutsi beharra daukagu puntu hauek beteaz, puntu hauek betetzen ez baditugu automatikoki susmagarritzat joko zaituzte, ahula, afeminatua, marikoia, ezgizona etabareko ezizenak jasoz, paper hauek betetzeak ematen dizun giza-duintasuna edota gizaestima berehala galduz.

SENDIMENDUEN LAPURKETA

Baina jakiten ez dena paper hauek betetzea gizaki batentzat oso gogorra dela da. Bere sendimenduei ez lieke kasurik egin behar gauza mingarri guzti hauek aurrera eraman nahi baditu, eta hau da hain zuzen, guri gizonezkooi gertatzen zaiguna: Txiki txikitandik gure mundu sendimentala kendu egiten zaigu, ukatu; gizarteak agin-tzen duen gizon eredua izateko gure sendimenduak antzutu behar ditugu, baliogabetu. Nola lortzen da gizaki bati sendimendu alorra baliogabetzea, «gizona» izateko bete behar dituen paper hauek aurrera eraman ahal izateko ezer sentitu gabe? Oso errez. Sentimenduak eduki, sentitu eta azaltzearen bidez pertsonaren gizatasuna bizirik mantentzen da, loratuta. Sendimenduen adierazpenaren bidez bizikizun eta egoera mingarrietaz askatzen da pertsona. Baina sentitzeko ala sendimenduak adierazteko ahalmen hau ukatzen bazaio insensibilizatua egongo da edozein gauza egiteko. Hau dugu gizonezkooi ukatu diguten gure lehenengo arloa, gaur jadanik gogora-tzen ez ditugun moduetan, batez ere indarkeriaz, bazterketaz (ez nigarrik egiteko, koino!) afektu fisikoa neskei baino askoz lehenago murriztuz: -«gizona» izaten ikasi behar du eta! Utz ezazu bakarrik, ez mimatu mutikoa! Gogorragoak izan behar dugunez (Amek semeari: zure aita bezalakoa izan behar duzu, laztana, gizon ausarta!) mina neskek bezain beste ez dugula sentitzen pentsatu ohi da eta ez zaigu arreta ematen gauza mingarriei aurre egin diezaiegun ez eta gure minetaz fija gaitezen (Baina min -mutikoak- min egiten dit eta zergatik ez didate kasurik egiten? Zergatik bizkarra ematen didate? Dena kontu hutsa izango ote dut?- Aitak: Zer!! Nigarrez hasi behar al duk??) Neskek bezain beste goxotasuna ez dugula behar uste ohi da. Honek gure gizatasuna kolokan jartzen digu geuri, azkenean halakoak, gogorrak, lehorrak, ikasten hasten garelako helduen onarpena lortzeko. Hau dena txikitan gertatzen da, jokabide hauen aurrean defenda ezin garenean.

Beraz, mingarria den edozein paper betetzeko prest gaude dagoenekoz eta ez bakarrik hau, are gehiago, guri erakutsi diguten eredua gure ondorengoei helarazteko prest ere bai, hoberena delakoan. Honela gizaldiz gizaldi. Umetan konstziente eta inkostzienteki honetarako hezikatzen gaituzte eta erabat konbenzituz hazten goaz, nahiz eta gure nortasunaren aurka dihoan. Gainontzekoek paper hauekin identifikatzen gaituzte, horrelakoak garela jakintzat emanaz. Alde batetik horregatik segitu da heziketa moeta honekin «hala izan behar du eta», eta bestetik mehatxatuta izan garelako, irainaz, jipoiez, bazterketaz paper hauetatik ateratzen baldin baginen. Honen adibide gisa dugu heziketa inkonstzientea haurripuinetan, ma-rrazki bizidunetan, jostailu eta liburuetan, erropetan, komunikabideetan, jokuetan…

Toki bat nahi badugu gizarte honetan edo besteen onarpena, beste erremediorik ez dugu. Baina paper hauek guraganatzeagatik asko sofritzen dugu:

l) Gu geu, izatez, horrelakoak ez garelako. Gizaki oro, edozein paper betetzen behartua izan baino lehen bihotzonekoa da, alaia, lagunkoia, maitekorra eta maitagarria, jolastia, ilusioz beteriko gizakia, denekiko aditsua, pakezalea eta zintzoa, bere izaera manipulatu baino lehen.

2) Paper hauetan gehien maite dugun jendeari min ematen diogulako, gero damutzen garelarik.

3) Frustratu egiten gara, benetan nortzu garen zer garen ez dakigulako; nolakoak dugun erakutsi egiten digute. Hondo hondoan min emateak ez garela susmatzen dugu baina gizartean honetara behin eta berriro bultzatzen zaigu.

4) Nola arazo sentimental hauetaz espero denez ez dugula pentsatu behar gure buruarekin aurkaesan haindia bizi dugu, gure burua erruduntzat joz haserre sentituz geurekin, ez gustora, hutsik sentitzera iritsiz, hau dena sentitzen dugulako.

5) Egoera honetan intimidadez ezin dugu inorekin lortu, gure barruko kezkaren berri jakingo balute… «gizon batek ez du inoiz zalantzatu behar» eta nik ordea sentitzen dut ez nagoela ondo baina konturatzen badira sentitzen dudala ez naute onartuko, «gizon» batek ez duelako sentitzen. Ezin izan gara gardenak inoren aurrean ezta geurekin ere, kezka hauek agertzea bigunkeria izan litekeelako. Eta gainera sentitu behar ez duguna sentitzen dugula badakigunez sendimenduetaz ez dugu hitzegin nahi izaten.

6) Horrelako sendimendu nahaspilarekin ez gara bat ere zoriontsuak, eta sufrimendu guzti hau ateratzez baimendua ez daukagunez gero, estali egin beharra daukagu. Horregatik drogetarako joera handia agertzen dugu (alkoola, tabakoa…) Gizon asko hiltzen da egoera honek sorturiko stressak jota (emakumeengan baino %8 bat gehiago).

7) Gure bizitzak ez duela pena merezi sinisten hasten gara. Gizonezkoaren «bizitza-erdiko» krisialdia deritzana. Zer pintatzen dut hemen, ez naiz naizena, ni izatea nahi dutena ere ez naiz, nor arraio naiz ni? Gure bizitza edozer, edonorengandik emateko prest gaude, gainera hau heroien ekintzatzat hartua dago! Batzuk Jangoikoagatik, erregeagatik, aberriagatik, beste batzuk alderdi politiko ala futbol taldeagatik ematen dute bizitza.

8) Paper guztiak betetzeko gai ez garela ikusten dugu eta depresio sakonean erortzen gara, «akats» bat garela sinistuz, frakasatuak, inutilak. Sendimenduak dituen gizaki bat ezin da ongi sentitu honelako «gizona» izan behar badu.

9) Min hauek asko afektatzen gaituzte: a) Gure burua nola tratatzen dugun (geuri erruz botaz, zigortuz, gaitzetsiz…); b) besteak nola tratatzen ditugun (emakumeak eta umeak zapalduz, gizonak mespretzatuz…); d) Nola antolatzen dugun gure bizitza (drogak, ilusioak, itxaropenak, ametsak ukatuz…); e) Gutaz nola pentsatzen dugun: ezkorki. Min hauek ekiditzen ez badira gure bizitza zapuzten dute, murriztu, goibeldu, zaildu eta ondorioz inguratzen gaituzten pertsonen bizitza ere bai.

10) Min hauetatik sendatzeko gure prozesu naturala ukatua, inibitua izan da gazte-gaztetatik -nigarra, tristura eta minaren sendakuntza, dardara beldurraren sendakuntza, parra eta lotsa irrigarriaren sendakuntza, arrahusia stressa eta urduritasunaren sendakuntza, izerdia eta hizketa jariotsua iraina eta zapuzketaren sendakuntza…- eta honela gurengan dauden sendatu gabeko zauri emozional hauek bultzatzen gaituzte min berdina egitera, nahiz eta guk nahi ez. Adib. Guk gorrota genezakeen gure gurasoek jo gintzatela, gurasoak garenean gure semealabei berdina egiten topatzen dugu gure burua.

11) Inork ez gaituela ulertzen uste dugu, gure barruan isolatzen joaten gara inoren gustokoak ez garelako, emakume eta umeei mina egiten diegulako gizonezkoengandik ere oso urruti («beraiek ni bezala daudelako») eta noski, hala ere ez dute onartu nahi izango hau dena gertatzen ari zaienik. Itxaropena galdurik, gezurtzen hasi behar dugu: Ni oso ongi nago…, «gera zaitez nirekin (itxura eta plantak ongi gordez) muñeka».

12 ) Honen karino, laztan, maitasun gutxi eman eta adierazi zaizkigunez, urteetako maitasun gose itzela dakargu. Gizarteak bi gizakik elkarrekin laztantzea edo maitasun ematea onartzen du bakarrik bikote egiturapean eta harreman sexualaren pean, beraz norbaitengana gerturatzeko aukera ikusten dugunean premiatsu jokatzen dugu, sexua izan daitekeela eta.

13 ) Azken finean ez zaigu emakumeak bezain gizakoiak konsideratzen, guk ere gure burua ez dugu erabat gizakitzat jotzen. Hona hemen esaldi batzu: «Gizona, zamarako animalia», «Emakumeak eta haurrak txalupetara, gizonezkoak itsasontziarekin murgil daitezela», «Gizon bat jotzea, emakume bat jotzea bezain larria ez da».
Gizon batzu hain bortizki hezituak izan dira egitura hauetan, ezen paper hauen defendatzailerik sutsuen bihurtzen bait dira.

BESTE IZAERA
Gizonezkook berez, izatez, ez gara honelakoak:
-Tamaina, kolore, itxura guztietan gatoz mundura, adina, hizkuntza, gusto, soinu guztietan. Bizitzarik hoberenak izateko itxaropen handiz.
-Jende guztia maite dugu, errespetatu nahi dugu.
-Gure familarentzat hoberena nahi dugu, gure emakumeentzat, harro senti daitezen bizitzak nahi ditugu
-Gauzak ongi, zintzo eta zuzenak gustatzen zaizkigu.
-Sendimenduz beterik gaude: edozein hitz ttakarrek, isekak, biraok, kolpek, bilketak, ez-zuzentazunak, sufrimenduk min egiten digu.
-Emozio guztiak sentitzen ditugu bai lore bat ikustean, bai ume bat laztantzerakoan, bai olerki eder bat entzuterakoan, bai pertsona bat goibel ikusitakoan
-Bizitasun eta ilusioz beterik jaiotzen gara, lagunkoiak eta elkarkideak izateko gogoz, osasuntsu eta garbiak, gertuak eta baikorrak…
-Mundu hobeago bai eraikitzen lagundu nahi dugu gure ezaugarriak berdintasuna eta zuzentasuna ditugulako.
-Gure parrak-irriparrak, malkoak eta ametsak, maitasuna eta abestiak mundu honetara dakargun opari ederra dira.
-Norberaren bizitza errepikagaitza eta ordezkagaitza den zerbait sakratoa da. Zeharo ezberdinak bezain berdinak izan gaitezke eta denok onak.
-Bizitza eta itxaropena sor ditzakegu nahi dugun eta maite dugun jendearen ondoan, igarotzen garen lekuetan ere bai.
Hau dena manipulatzen hasten gaituzten arte.
Gizarteak berak eta berorrek sorturiko instituzio eta egituretan bizi direnek hezikatzen gaituzte honela gizarte honetan parte hartzen jarrai dezagun eta gizarte hau alda ez dezagun. Baina, kontuz! Gizarteak, osotasun bat bezala, zapalketa hau ukatu eta disimulatu egiten du, gai hau ateratzen duenean eraso gogorrak egotziz. Honela sartzen digu ziria hau alda ez dezagun:

l) Askapena gizonezkook ez dugu behar dena dugulako.

2) Ezin gara minduta sentitu, benetako «gizonezkoek» mina ez dutelako sentitzen.

3) Mina sentitzen badugu, ez gara benetazko «gizonak» beraz askapena ez dugu merezi.

4) Denbora ezin da sentimentalkerietan mindulinkeriatan galdu, gauza serioetaz ardura gaitezen, mesedez!

5) Minaz marigixon bat kexatzen da bakarrik Gure zapalketa zalantzan jartzen dugu geuk.

6) Ezagutzen ez ditugun gizonezkoak mespretxatu behar ditugu Ezagutzen ditugunekin lehian aritu behar dugu haiek baino hobeagoak, gizonagoak izateko. Honek ez gaitu elkartzen uzten.

ASKAPENA

1) Gure izaera ez zapaltzailea eta benetazko nortasun gizakoia zabaldu. Gure zihurrak eraiki gizonezkook elkartu eta sendimenduak gehi sendatze ihardupide naturala be~reskuratzeko, bai giza mailako talde lanak, bai norberaren mailako talde lanak.

2) Gizarte zapaltzaile honen jokabideak salatu eta ez onartu. Zapalketa moeta guztiekin bukatu (Emakume baten tokia sukaldea dela dionak gizon baten tokia sukaldea ez dela defendatzen du): sexismoa, adultismoa, arrazakeria, erlijiokeria, kapitalismoa, gayen, gazteen, langileen zapalketa.

3 ) Guk zapaltzen ditugunekin eta gu zapaltzen gaituztenekin elkartasun zubiak eraiki eta elkarlanean aritu, ahalmena txandakatu gabe, hots, denok ahaltsuak batera izan gaitezkeela ezagutuz.

4) Gogoratu: Inork ez duela kasualitatez mintzen, bakarrik minduta izan eta gero.

Ez itxoin etsaia aldatu arte, berak berdina itxoiten ari delako.

Xabier Odriozola
(Donostia)

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like