GIZARTE HONETATIK ATERA BAKEAN UTZI GABE

Iraultzaruntz?

A trop courber l’echine[[Buletin akrata honen izena “Burua horrenbeste makurtzeaz” da, gaur egungo mugimendu iraultzailearen etsipena, sumisioa eta pentsatzeko ezgaitasuna borrokatzen saiatzen delako. Gure ustez, horretarako gizarte industriala eta teknologiaren garapenaren arabera aztertu behar dira arazoak, horixe bait da gaur egungo kapitalismoaren ezaugarria. Iraultzaileek ezin dute inolaz ere alde batera utzi gizarte honek sortzen dituen kalte guztien kontrako borroka. Ez ditugu soilik gizarte honen ondorioak kritikatzen, baita bere oinarrian dauden aitortutako edo disimulatutako arrazoiak ere. Ondorioz, buletin honek gure burujabetzetik gero eta gehiago aldendu gaitzakeen guztia borrokatzen du: erreformismoa, mugimedu ziutadanista, hauteskunde politiko eta sindikalak, aldarrikapen partzialak eta gure bizi irautearen egokitzapenari laguntzen dion guztia. Liburua hau gaztelaniaz aurki daiteke, Muturreko burutazioak argitaratuta (2002)]] frantses buletin akrataren 5. eta 6. zenbakietan (2002ko otsaila eta maiatza) argitaratutako bi testu aurkezten ditugu hemen. Estatuko komunikabide libertario eta anarkistetan honelako ideiak eta proposamenak hedatzea gero eta beharrezkoago dela uste dugu.

“Eta etxe-animaliak ez garenez eta izan nahi ez dugunez, agian talka egin beharko ez genuenekin egingo dugu talka: onerako edo txarrerako, gure aliatuak direnekin.”
Un “Incontrolado” de la Columna de Hierro, marzo 1937.

Erreformista edo iraultzailea, aukeratu egin behar da
Erakunde anarkista edo anarko-sindikalista askok nahiko anbizio handiko asmoak erakusten dituzte. Hala ere, asmo horiek eta benetan lortutako gauzen arteko alde aberrantea kontutan izan behar da. Behatzaile adi batek azkar atzemango du “erreformismo erradikal” bateruntzko aldaketa.

Neoerreformismo hau onartu egiten da edo gutxi gora-behera eta itxura desberdinak hartu ditzake, baina beti zoritxarreko ondorioetara eramaten du: itxurazko zein borroka partzialetan banakako zein taldekako lokaztea, handitzen ari den ezkortasun eta sumisio maltzurra, elkartasuna eta pentsatzeko esfortzua bezalako oinarrizko printzipioen galtzea, etabar.
Nere kritika, sindikalismotik hasita, antolakuntza eta interbentzio modu guztiz gaindituenganako konfidantzan oinarritzen da batez ere. Egia esan, konfidantza honek ez dauka indar berdina batzuengan eta besteengan. Oraindik batzuk sindikatu baten kide egiten badira ere ilusio handirik gabe, beste batzuk sindikatuen ordezkari postuak betetzen dituzte euren enpresetan edo behin betikoak sindikatuen bulego nagusietan. Batzuk sindikalismoari egiten zaizkion kritikak onartzen badituzte ere, beste batzuek guztiz errefusatzen dituzte.

Gogoratu behar da sindikalismoa juridikoki asko enkoadratutako elkartze mota dela. Hasieran mugimendu sindikalak proletargoaren emantzipazio nahiak bere egin bazituen ere, gaur egun ez da holakorik gertatzen. Estatuak, patronalak, baina baita sindikatuek eurek ere, erakunde bilakatu dute, gizarte eragile batean hain zuzen ere. Ondorioz, sindikalistak gainditu ezin diren mugak dituen eremu zehatz baten baitan aritu beharko du. Sindikatuaren forma legala daukan zerbaitetara elkartu ahal izango da bat, gaur egungo sindikalismotik at zerbait egiteko borondatearekin. Hau ez da sindikalismoa egitea, CNT desberdinetako anarkosindikalistei hau gustatzen ez zaien arren. Erraz ikusten da hau izendapen arazoa baino ez dela, baina beharrezkoa da proposamen eta praktiketan zehatzak izatea. Berdin, sindikalismoari eduki iraultzailea eman nahi bazaio errealitateak argi erakusten dizkigu gainditu ezin diren mugak. Adibide bezala jarri nahi dut Amiens-eko Postako CNTko nire lagunei gertatutakoa. Militante anarkosindikalista hauek ez dute inolako ilusiorik gaur egungo sindikalismoarengan. Euren enpresan egunero esku hartzea erabaki dute eta beti modu koherentean egin dute, hierarkiari inolako amore ematerik gabe. Amiens-eko Posta kutxatilako langile askoren konfidantza eta estimua ere lortu dute. Horri esker errepresio arrisku gutxiagorekin aritu daitezke. Baina… urte batzutan zuzendaritza zein sindikatu tradizionalentzat molestuak izan ziren praktiketan aritu ondoren, lokala itxi diete eta nagusiaren erasoa jasan du taldeko kide batek, hilabete batzutarako suspenditu eta beste posta bulego batetara bidali baino lehen. Nik ez dakit lagun hauek praktika sindikalaren inguruko zer nolako ondorioak aterak dituzten, baino nire ustez argi erakusten da sistema kudeatzen dutenen erabateko kontrola. Egoera horretan praktika sindikal guztiak porrot egingo du pairatzen dugun menderaketarekin apurtzeko borrokan.

Alternatiba bakarra geneukala sinesterazi nahi ziguten: autoritateak uzten digun maniobra tartean aritu borrokan edo ezer ez egin! Nire ustez dominazio sistemak eskeintzen dizkigun bitartekoak aprobetxatzea ilusio bat baino ez da (hauteskunde politikoak eta profesionalak, dirulaguntzak, etabar dira hauek). Esperientziak argi erakusten du hau kale itsua dela. Ezer ezin dela egin esan nahi al du honek? Ez. Zerbait aldarrikatu nahi dutenean iraultzaileek egin beharko duten lehenengo gauza botereak inposatutako formak salatzea da.

USTEZKO BEREHALAKO INTERESAK

“Merkantzien ekoizpenak jasanezina eta eta hau jasango duten gizakiak sortzen ditu.”
(Miguel Amoros, ¿Dónde estamos?)

Botereari egindako amore emate gehienak gure berehalako interesen defentsaren izenean egiten dira. Kaleratzeen kontrako borroka, ahal den soldata altuenak eta lan baldintza hobeak lortzeko borrokak etabar dira hauek. Hauek ez dira gizabanakoen interesak soilik, gizarte mailako statu quo bat ere bermatzen dute (nork sinestu dezake oraindik soldataren igoera kapitalismoaren gaineko garaipena denik?) Guzti honek ez dakar klase-gatazka, gizateria klaseetan banatzearen arrazoiak deuseztu nahi zituen gatazka hura. Guzti hau klaseen gizartearen kudeaketa, erosotasuna eta arautzea baino ez dira. Ez dut esango gatazka honek gure bizi baldintzak hobetzen lagundu ez duenik, ezta 30 ordu lan egitea 60 edo gehiago egitea baino hobe ez denik. Baino horrek ez du oinarrian aldatzen gizartearen izaera eta ez die kalterik egiten boterearen menderaketa interesei. Bizi garen unean dena antolatzen da gizabanakoa kontsumo-gizartean sarturik mantentzeko, benetako ekoizpenetik at. Beraz, gure bizi-baldintzak arautzeko sasi-borroka batean parte hartzea alienazio orokorrean parte hartzea baino ez da. Eta borrokaz hitz egitea hizkuntzaren gehiegizko erabilera da dena negoziatzen amaitzen denean. Interes hauek ez dira gure benetako interesak, merkantzia-gizarteak sortu duen behar faltsuen parte bat dira, askatasuna eta bizitza diren gure oinarrizko arduretatik desbideratzeko. Beren berehalakotasuna dela eta, menderaketa ekonomikoak eragindakoa da batez ere. Epe luzerako erabakiak hartzea eragozten duen betiko premia da, adostasunean, hots, boterearen men egitean giltzaperatu egiten gaituena. Bada, hala ere, beste premia, ezinbestekoa: arazo faltsuok uztea eta zapalkuntzaren oinarriak erasotuko dituen eta gizarte berri bat martxan jartzeaz arduratuko den benetako mugimendua izatera itzultzea.

Oinarrizko apurketa honetaraino nola heltzearen arazoak zutik dirau. Ez dut uste lanaren mundua guztiz utzi beharko genuenik. Gure mezuaren izaera eta itxura aldatu beharko genuke. Iraultzaileek esaten dutena bateraezina da gizarte honetan indarrean dauden legeekin. Gure asmoak, kapitala eta Estatua deuseztea, ilegalak dira. Hortik aurrera, zuhurrak izan behar gara eta ez egin edozer, batez ere baldintzak eta indarren erlazioak hain kontrakoak direnean. Gauza asko dago egiteko gure bizitzaren ikuskeraren bideragarritasuna frogatzeko, baita norberaren ahalmena eta indarra asmo horiek praktikan jarri ahal izateko ere.

ANTOLAKUNTZAREN FETITXISMOA, OHITURA IDEOLOGIKOEN ERGELKERIA

Iraultzaileek lanpostuetan egiten dituzten interbentzioen edukiak eta itxurak aldatu ahal izateko ohitura zaharrak alde batera utzi behar dira. Ustezko iraultzaile guztiek sigla batzuekiko atxikimendu ergela eta partiduarekiko disziplinarekin apurtzen dutenean, agian orduan argiago ikusiko dugu. Aberrantea da kritika txikiena ere min egitea edo suntsitzea nahi duen eraso bat bezala ikustea. Aberranteagoa da hori euren buruaz hausnarketak egiten ohituta dauden libertarioek egitea. Bakoitza dagoen erakundearekiko amodio ergel eta itsuaren berehalako ondorioa hamaika taldetxoen arteko lehia da, hau da, zatiketa. Denek damutzen direla diote, baina ez dira gai iraultzaileen arteko batasuna lortuko zuten erabakiak hartzeko. Mota honetako batasunak gizabanakoaren nahiz taldearen hausnarketa eta hausnarketa honen eztabaida esigitzen ditu. Oraindik oso urrun gaude…

Jarrera aldaketa hau egiteko isla ideologiko asko baztertu behar dira ere. Mugimendu iraultzailea erreformismo erradikalera daraman guztia ahultzea da garrantzitsuena.
Pentsamenduaren atrofia hau islatzen duten aldarrikapenen artean autogestioarena dago. Askorentzat, iraultza gaur egun kapitalisten eskuetan dauden produkzio-bitartekoak sozializatzea da. Ekoizpenaren eta, are lanaren -aktibitatea den neurrian- oinarrien kritika, ekoizpen eta lan honen erabilgarritasunaren analisia oso pobreak dira. Iraultzaren helburua kapitalisten esku dauden produkzio-bideak berreskuratzea da askorentzat. Pentsamendu iraultzailearen oinarrizko puntua zera da: lana eta ekoizten denaren izaera birrintzea; askatasunen hedatzea bermatuko duen artifizializatu gabeko bizitzaren defentsa berriro ere gure kezken erdian jartzea. Jadanik egindakoak kudeatzeak, ahal den modu libertarioenean eginda ere, alienazioa mantentzen lagunduko luke. Iraultzaile kontsekuenteak ez du hau inolaz ere onartuko behar.

GIZARTE HONETATIK ATERA BAKEAN UTZI GABE

Ohitura ideologikoekiko atxikimendua bezalako antolatzeko era antzuak alde batera utzi behar dira. Baina ez hori bakarrik. Atsekabea sortzen du menderaketarekiko sumisioa gero eta gehiago zabaltzen ari dela ikusteak. Askotan ikusi ditut euren amore emateak fantasma, beldur eta atsekabetzen nauen miserablekeriekin justifikatzen dituzten militanteak. Hala, langabezia eta txirotasun ekonomikoarekiko beldurrak bat baino gehiago gelditzen du. Izan ere, hauen ustez gerta dakiekeen gauza txarrena lan gabe gelditzea da. Horren ondorioz, eurekiko eta lagunekiko konfidantza falta sortzen da, baita elkartasun eza ere. Ez dute ikusten bizirik irauteko modurik egungo soldatapeko lanetik haratago. Etortzen zaienarekin asetzen dira asko.

Hala ere, beste pista batzuk ere aztertu daitezke menderaketaren kontrako gure eguneroko borrokan. Horietako bat bizi baldintza “alternatiboak” sortzeko elkartzea da. Gure benetako beharrak beteko dituzten esperientziak amankomunean jartzean datza hau. Konponbide bat sare bat sortzea izango litzateke gizabanakoek ezagutza praktikoak (nekazaritzan, artisautzan, etabar.) beregana ditzaten. Helburua ordea ez da geure burua engaintzen uztea: ezin dugu onartu mundutik isolatuta dauden komunitateak berregitea; ezta business alternatiboan erortzea ere, bio bada askoz hobeto. Benetako helburua bizitzarekiko daukagun ikusmoldera moldatutako teknikak ikertu eta transmititzea da. Argi dago esperientzia hauek izaera eredugarria izan beharko luketeela. Era berean, beharrezkoa da bakoitza bizitzen uzten ez gaituen gizarte honetatik ateratzen hastea, eta hori posible den heinean besteak animatzea gauza bera egitera.

Horrexegaitik esan dut gorago helburua ez dela soldatapeko lan mundutik ateratzea. Gizartearen baitan (enpresetan, bizilekuetan…) lortu daiteke gizabanakoak elkartzea eta honelako esperientziak sortzea. Gure benetako beharrak ahal den modu autonomoenean betetzea lortzen badugu soldatapeko lana zein kontsumismoa oinarritzen diren funtsen kontra borrokatzen garen bitartean, aurrerapausu handia emango dugu. Horretarako, eztabaida ezinbesteko baldintza da. Eztabaida hori hasi da, ez gara betiereko zalantzatien zain egon. Jende asko topatu dut eta beste askori idatzi diet. Gure bizitzak gobernatzen dituen baldintza modernoetaz aritzen gara elkarrekin. Guzti hau ahal den heinean praktikan jarri aurretik, gizarte industriala, tekno-zientzia eta hauek sortzen diguten menderaketaz hausnartu behar dugu.

Abangoardia iraultzaileek erabiltzen dituzten klitxe aurrerakoi zaharrak gainditu ditugun momentuan sortu da pentsamendu kritiko hau. Dagoeneko martxan dagoen tren batera igo naiz. Ez daukat lotsarik hori aitortzeko. Honelako proiektu batek emaitza eman dezan beharrezkoa da mendebaldeko herritar-kontsumitzailearen “egonezintasun zekenak eta esperantza narratsak” (Jorge Semprunek bere Apología por la insurrección azken liburuan erabiltzen dituen hitzak hartuaz) alde batera uztea.

Menderaketa teknologikoa eta industriala borrokatzeko beharrezkoak diren iritzi guztiak zabaldu behar ditugu lehenik eta behin. Horixe da buletin honen izateko arrazoia.

BEHARREZKOA ETA AHAL DENA?

“Ez litzateke gaur egun guztiz zentzugabea izango arimaren arazoei arrazoi teknologikoak bilatzea.”
(Günther Anders. L’obsolescence de l’homme)

Kapitalismoa eta Estatuarekin amaitzeko gure nahia agertzen dugunean hainbat eragozpen sortzen zaizkigu, eta horietako lehena ezinezkotasuna da. Gizarte industrialetik at bizitzea? Hori ezinezkoa da ordea! Sistema honek leku guztietatik zabaldu du bere boterea: azpiegitura teknologikoek ia osorik hartzen dute planeta eta badirudi ia gizateria osoak bere egin dituela kapitalismo modernoak hedatutako baloreak. Ondorioz, beste era batean bizitzea imajinatzea soilik alferrikakoa dela esaten digute. Frantzian, esaterako, hainbat urtetan zehar “elektrizitatearen %75a nuklearra dela” behin eta berriro esan ondoren (guztiok etekina ateratzen dugula eta ondorioz inor ezin dela kontra egon ulertzen da), orain “garapen jasangarriaren” aldeko kanpainaren baitan EDFk (Electricité de France) dio “energia gehiago sortzea behar bat dela”. Eta badirudi horrekin nahiko dela! Inoiz ez digute esaten zergaitik den beharrezkoa. Ondorioz, ez da zalantzan jarriko egoera honek iraun behar duen edo ez, ezta sistema honek sortutako zoriogaitzeko ondorien zioak ezabatu behar ote diren.

Ezintasunaren argumentua teknologiak buruak kolonizatu dituenaren froga bat baino ez da
Lankideekin izandako eztabaidetan, familiarteko bazkarietan edo lagunarteko bileretan behin eta berriz azaltzen da argumentu berdina. Eta bueltatzen bada, eztabaida etetzeko izango da beti.

Baina, zer adierazten du jokabide honek? Gauza baten ahalbidea edo ezintasuna ikuspuntu tekniko batetik aztertzen dela soilik. Teknologia proiektu bat edo bestearen ahultasuna neurtzeko eskala izango balitz moduan. Laburbiltzeko: gizarte industriala gabe ezin garela bizi sinesterazteko, hori teknikoki ezinezkoa dela esaten digute!
Horren ondorioz (eta alderantziz), gutako batzuei gure bizi iraupenerako ezinbestekoak diren gauzak egiteko dauden aukera tekniko guztiak erakusteko gogoa pizten zaigu, beti ere “gure osasuna eta oreka ekologikoa gordez”. Hori egiterakoan ez gara ateratzen eztabaida teknikotik eta horrek poza ematen die gure etsaiei.

Beharrezkoa da trabatzeko arriskuan jartzen gaituen eztabaida faltsu honetatik ateratzea. Norbaitek gizarte industrial honetatik ateratzea ezinezkoa dela esaten digunean, egun dauden azpiegituren eraispen ikaragarriaz ari da. Baina guretzako “gizarte honetatik ateratzea” hori baino askoz gehiago da. Gure gizarte proiektuaren bideragarritasun teknikoa erakustea bigarren maila batean dago, funtsezkoena egungo gizartearen oinarrien kritikan datza.

Behar faltsuak eta ezintasun sentimendua

“Ekonomia autonomoak piztu dituen indarrek aintzineko gizarteen oinarri aldaezina izan den behar ekonomikoa ezabatu dute. Garapen ekonomiko infinitoaren beharrarekin ordezkatu ditu eta ondorioz laburki aitortutako aurreneko giza-beharrak bere erreinua mantentzea helburu duten beharrizan faltsu bakarra lortzeko premia faltsuak behin eta berriz fabrikatzearekin ordezkatu ditu.”
Guy Debord, La société du spectacle

Gaur egungo gizartearen forma ez da inolaz ere beharrezkoa (hau da, ez da gauza naturala) giza borondatetik aparte. Gizarte hau den modukoa bada, sortu duen garapen historikoagaitik da; gizartearen zati batek bere osotasunarekiko egin duen menderaketaren ondorio bat da. Beste modu batean bizi ezin denaren justifikazioak menpekatasun horren hedapena baino ez du adierazten. Gizarte honen iraunkortasuna errepresio gaitasun teknikoaren ondorioa da neurri handi batean. Batez ere, bere aldaezintasunak sortzen duen ilusioak ahalbidetzen gainera. Sistema honek bere botere osoaren mitoa mantentzen du. Bere aurka ezer egin ez daitekeela erakusten saiatzen direnek, euren ezintasunaren sentimendua eta autonomia eza onartzen dute sistemaren aldaezintasuna baino.

Askotan gure antzeko ideiak dauzketenekin iraultzaz aritzen garenean kontu larriak sortzen dira: baina -iraultza bat gertatzekotan- zer egingo dugu estaturik gabe? buruzagirik gabe? dirurik gabe? Gaur egungoak ez diren gobernatzeko aukerak kezkagarriak dirudite, hau da, ezinezkoak. Hemen ikusten dugu gizarte honen aldaezintasunaren sinespenaren marka, benetan dauzkan gaitasunen gaineko izugarrizko iruzurraren seinalea. Sinesmen hau sumisioaren ohituretan eta sistema honen perfektibilitatearekiko esperantzan oinarritzen da. Honen adibide kezkagarriena medikuntzak eskaintzen digu.
Ekonomiaren eta bere teknologiaren benetako erlijio honi aurre egiteko bere emaitza txarretan eta ezinezko promesetan oinarritu gaitezke. Ekonomiaren erreinuak hain erraz luzaroan iraun dezakela badirudi erosotasuna bermatu dezakela sinetsi arazi nahi digulako da. Baina, nolako erosotasuna? Hemen berriro ere izugarrizko iruzurrarekin aurkitzen gara. Erosotasunaz hitzegiten digute planeta honetako bizitza inoiz hain ezegonezkorra izan ez denean. Iraganeko, gaur egungo eta etorkizuneko hondamen guztiak zenbatu genitzake. Hori hainbat aldiz egin da emaitza handirik gabe. Agian noizbait gizabanakoen arreta piztu da une batez. Baina gehienetan botoreak eta bere morroiek gidatutako erantzun faltsuaren kalezuloetan galdu da. Inpotentzia sentimendua benetako inpotentzi bihurtzen da orduan nahitaez. Nola atera daiteke hortik?

Bizitzaren gure ikuskera baieztatu

Ez gara ezkorrak ezta baikorrak ere. Baldintzak kontrakoak izan arren, bizitzaren gure ikuskera eta gure baloreak defendatzen jarraitzen dugu. Jacques Philipponneau-k idatzi duen moduan: “balore hauek inoiz irabaziko ez balute ere, hemen jarraitzen dugun bitartean guk horien betierekotasuna bermatu behar dugu horrela bizitzea maite baitugu, baita gerokotasunera transmititu ere, beste batzuk gure aurretik egin zuten moduan”.

Ez dugu ezer lortuko samintasun iraunkor batean egonda. Ezta hondamenari begiratzeak ere azkenean ezkortasunean erortzeko. Hori kontraesanean erortzea eta geure buruari uko egitea izango litzateke.

Mundu hau errefusatzen dugunok ez diogu uko egin behar aldatu nahi izateari. Badakigu kapitalismoaren kontrako inolako indar ez dela gai sistema honi zartada bat emateko. Zer egin daiteke baldintza hauetan? Zerbait egin al genezake kontutan harturik gizaki gehienek teknokraziak eta industrializazioak agindutako biziraupen baldintzak benetako askatasuna baino nahiago dituztenean (edo gutxi gora-behera gogoz onartzen dituztenean)? Ez dugu besteen izenean hitzegingo. Egin genezaken gauza onena zera da: ahal den heinean bizitzaren eta askatasunaren gure ikuskera ezarri. Munduarekiko gure kritika etengabean eta antolaketa saiakeretan ezarri genitzake. Ez dut uste kritikatu behar dugunik kritika hori praktikan jarriko dutenengan zer eragin izango duen ikusteko. Ezta komunitate autarkikoetan barruratu beharko genukeenik ere. Horrek beste modu batean aurre egin beharko geniokeen mundutik gezurrezko ihes egitearen desioa sortuko bait liguke.

Gizarte honen kontra errebelatzen gara libreak garelako eta libre izaten jarraitu nahi dugulako. Teknologia gizakiei gizatasuna kentzen saiatzen da beti. Horren kontra egiteko eta kritikatzeko gai garen bitartean zera erakusten saiatuko gara: bere helburuak ez dituela lortu eta “giza faktoreak” menperaezin jarraitzen duela. Hau egitean teknologiaren guztiahaltasuna zapuzten dugu.

“Komunitateen” edo “erretagoardien” larrialdi posibleei dagokien gaia gizarte industrialaren etsaien eztabaiden erdian daude. Buletin honen aurreko zenbakian batzuk uste izan dute talde horien eratzea (mendian eta besterik ez, dirudi) irtenbide bakarra zela pentsatzen nuela nik. Lehenik eta behin, beste modu batean bizi nahi duten gizakiek federatu ahal eta egin behar dutela uste dut. Ondo iruditzen zait gure filosofiarekin bat datozen bizimodu, teknika, esperientziak etabar sortu eta mantenduko dituzten sareak sortzea. Hauen helburua ahal den autonomia handiena lortzea izango litzateke, gure benetako ahalmenen inguruan ilusiorik egin gabe. Garrantzitsua da gizarte industriala gabe egiten saiatzea. Baina hau ez da erraza. Gizarte honetatik ateratzea -hitz honen zentzu osoan- iraultza osoa eta erradikala izango litzateke. Ondorioz garrantzitsua zera da: gizarte honen kontra egitea. Azken finean, erretagoardiak eratzea garrantzitsua dela uste badut ere, ez dut uste hori nahiko denik. Beste gauza batzuk egin daitezke. Gorago esan dut nire aburuz lekuz kanpo dagoela beste era batetan bizitzen saiatzen direnen eta “integratuen” (hitza ez da egokia baina ez dakit nola adierazi) arteko bereizketa egitea, eta soldatapeko lanarekin edo bestelako diru-sarrerekin bizirautea. (Hala ere beharrezkoa da agerikoa dena azpimarratzea. Hau da, gero eta integratuago egon, orduan eta zailagoa izango da gizarte honetatik askatzea. Kontutan izan beharko genuke autonomiaren oinarri materialak geure kabuz sortzeak duen garrantzia, betiere argi izanik hori erlatiboa dela gaur egun dauzkagun baldintza dominanteekin). Gure ikuspuntua bat edo bestea izanik ere, ongi legoke gizarte honen kontrako dauzkagun ekintza zuzeneko bitartekoen inguruan eztabaidatzea eta hausnartzea. Ondorioz, beharrezkoa da gure artean elkarren laguntzarako loturak sortzea desberdintasunak eta mugak alde batetara utziz. Horiek lagunduko digute eusten eta, ahal den heinean, erasora jotzera ere.

Saiakera horiek zentzua izango dute kapialismoarekiko hausturaren lekuko diren heinean. Era berean, saiakera horiek giza askatasunaren espresioa posible egingo duten bizi baldintzen borondatearen adierazpenak izango dira beti. Gure kritikak, bai hitzetan eta baita ekintzetan ere, gure baloreen baieztapena izan behar du beti. Esperientzia edozein ideologiaren aurretik jartzen dugu beti. Horrela ekiten badiogu bizitzako benetako beharren, askatasunaren, naturaren (helburua ez da idealizatu edo jainkoestea) eta gizateriaren arteko benetako erlazio dialektikoa berrezartzen saiatuko gara.

Gizarte honek beharrezkoa den ezer ez dauka bere baitan. Bertatik ateratzea ez da soilik posiblea, baita beharrezkoa ere libre izaten jarraitu eta bere barruan daukan hondamenetik ihes egin nahi badugu. Hortik aurrera itxaropen bakarra menperatuek guzti hori bere egiteko daukaten ahalmenean eta borondatean egongo da.

F. F.
(Frantsesetik gaztelanierazko Itzultzaileak: Los amigos de Ludd)

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like