EL TENDERETE (EUSKARAZ)

“El Tenderete” txotxongilo taldea, Bilbon sortu zen 1992an. “Titere”-z eta “Titereta”-z osaturiko taldea da, eta urte mordoxka iragan diren arren, hasierako freskurari, ispiritu iraultzaileari eta lan egiteko moduari eusten diote, lehen bezalatsu. 12 urteotan, hainbat lan plazaratu dute; “Por C.H.O.N.” (1992), “Puño y Letra contra la mano que aprieta” (1994), “Hor Kondon” (HIESaren aurkako taldeekin elkartasunez, 1994), “Soberanos problemas” (1994), “Camino del polvorín” (1995), “El fuego acecha” (1996), “Menudencias” (1997), “La milonga de Babalán” (2000), “Hay que mojarse” (Barakaldoko Ezpitsu talde ekologistarekin batera, 2002), eta “Urrun Erreinua” (Teatro Trapero del Río talde bilbotar ospetsuaren laguntzaz), “Txotxongiloak aniztasunaren alde” kanpainaren barruan, Aldarte gay, lesbianen eta transexualen aldeko elkartearekin eta Berdindu, Eusko Jaurlaritzaren Informazio Zerbitzuarekin. Euren iritzia eta esperientziak ezagutzeko, Manya eta Jose Ignaciorengana jo dugu.

Kontaiguzue nola hasi zineten

Gu, kale gorrian, tabernetan eta antzezten uzten ziguten edozein tokitan hasi ginen, kalean mugitzen ari ziren taldeen eta jendearen inguruan, noski. Gaur egun, jarrera berberari eusten diogu ñabardura batzuk tarteko. Esaterako, 10 urteko muga majikoa zeharkatu eta berehala, ospe handiagoa omen daukagu eta toki berrietatik deitzen digute. Beste diferentzia da talde amateur profesional bihurtzeko izan den bilakaera. Prozesu luze honetan, kolaboratzaile asko izan dira gerora bide bazterrean geratu direnak. Aldi baterako izan dugun kolaboratzaile askok bizimodua topatu behar izan du beste bide batetik. Ez ginen ba, jardun honetan 40 urterekin hasi, 15-20ekin baizik, eta gizartean heldua izateak berarekin dakartzan premiak ez dira antzerkitxoa edo musikatxoa eginez asebetetzen. Gauzak honela, jendeak behar ekonomikoei aurre egin behar die. Gustoko duena ala bazka ematen dionaren artean hautatu egin behar du. Urte guzti hauetan, hazten eta hazten joan gara, esperientzia asko pilatu dugu eta sendoagoak gara. Bilboko Gaztetxean hasi eta San Inazioko Kultur Etxetik pasa ta gero, geure lokala edukitzea erabaki genuen beste joera berrietara ateak zabalduz. Funtzionamendu iraunkorra eta publikoarentzat zabalik dagoen tokia nahi genuen, ostikada eman eta kale gorrira berriro noiz botako zain egon gabe. Baina, lokala mantentzeak gastu batzuk eragiten ditu eta zerbait kobratu beharrean gaude. Hala ta guztiz ere, interesatzen zaizkigun mobida guztietan parte hartzen dugu, txotxongiloen bidez salaketa soziala egin nahi duen jendeari laguntzeko asmoz edota kanpainaren baten barruan sartuz.

Zergatik aukeratu zenituzten txotxongiloak bizimodu?

Jende fanzinezaleak eta musikazaleak zituen kezka berberak genituen. Ikusle hutsak ez izatea zen kontua. Gauzak geurekasa egitea, geure baliabideak borondate itzelarekin erabiliz. Txotxongiloen aitzakiz, txoznetan, tabernetan, e.a.etan aktuatzen joan ginen. Euskal Herria ezagutzeko eta kontaktu asko egiteko aukera izan genuen. Gaztetxeetan eta tabernetan, gune txikietan, oinarrizko azpiegiturarekin ibiltzen ikasi genuen, geure ustez, funtzionatzeko era egokiena.

80 hamarkadaren erdialdean, Arte Ederretako musika talde txotxongilozale batekin elkartu ginen. Honela, “La Troupe Zotal” sortu zen. Lehen talde honetatik beste bi atera ziren: “Kurianitas” eta “La Carcoma”. Azkenik, “El Tenderete” sortu zen eta orduantxe konturatu ginen antzerkia asko gustatzen zitzaigula eta bizimodua hortantxe topatu nahi genuela.

Zeintzu gorabeherak izaten dituzue ekitaldiak egitean?

Txotxongiloak umeen munduari lotu zaizkio ia beti, baina guri, publiko heldua interesatzen zaigu. Haurrentzat lan egiteak batez ere, euskaraz lan egitea esijitzen du eta geuk, azken lanera arte ez dugu hori lortu. Hutsune horrek aukerak murriztu dizkigu eta, irakaskuntzaren eremutik eta Euskal Herritik kanpo ibiltzera behartu.

Bestalde batetik, musika bizi-bizian jotzeak, bateriak, kitarrak, e.a., azpiegitura eta gastu handiagoak eskatzen zizkigun. Hau dela eta, orain bi urte aurrez grabaturiko doinu-banda erabiltzen hasi ginen. 10 urte pasa ta gero, guretzat crack handia izan zen hori. Orduan, hari bidezko txotxongiloak egiteari utzi eta eskularruzkoak egiten hasi ginen, bereziki umeentzat. Horrela, publiko, jai, eta leku (ikastetxeak, e.a.) berrietara iritsi gara. Era berean, enkarguzko lanak eta lan didaktikoak egin ditugu, bestelako muntaiak eta ohiko tokiak ahaztu gabe.

Azkenik, nabarmendu nahi dut txotxongiloen alderdi interesgarri bat aktore-antzerkiarekin alderatuta. Esate baterako, txotxongilo bat akabatu dezakezu geroago berbizteko inor harrituta utzi gabe, edo txotxongilo txiki batek porra handi batekin polizia bat jotzea. Lizentzia batzuk dauzkagu. Pertsonaia askorekin eta bitarteko gutxirekin lan egin dezakezu.

Zein ezberdintasun dago umeeen eta helduen antzerkiaren artean?

Ezberdintasunak artifizialak dira. Irakaskuntzan eta lan munduan ezartzen dira bizitzaren aro ezberdinen mugak eta zeintzuk arauak bete behar ditugun aldi bakoitzean. Gezur hutsa, zeren lana ona bada, 6 urteko, 12 urteko edo helduago bati gustatuko zaio. Irakaskuntzan ere, ezartzen da zer nolako hizkera erabil dezakegun eta zein ez (adibidez, zantarkeriak). Helduentzako obretan, umeek ere goxatu egiten dutela eta istorioan sartzen direla konturatzen zara. Beste batzutan, testua leundu egin behar dugu eta egitura eta hitz-joko arraroak baztertu. Beraiek, istorioaren mamia ulertzen dute. Badakite bereizten pertsonaia onak eta gaiztoak zeintzuk diren. Umeak gehien erakartzen dituzten elementuak mugimendua eta dekoratuak dira. Gaia, bazter batean uzten dute eta marrazki bizidunei begiratu bezala egiten dute. Ez dira hainbeste kalean egiten diren ekitaldiak, horregatik, umeak helduez inguratuta sentizen direnean, berehala sortzen da jai giroa. Jendeak dio oso zaila dela gaur egun ume bati harridura sortaraztea baina azken finean, gauza xumeak ere erakarri egiten dituzte. Txotxongiloek, zapalkuntza erak eskenaratzeko, kinka larrian jartzeko eta herri epaiketak egiteko balio dezakete.

Kalean ala antzokian nahiago?

Gaur egun kale antzerki gutxi egiten da. Gehiena, areto itxi batean, kamera ilun batean eta premia tekniko zehatz batzuen menpe egiten da. Geure ustez oso kritikagarria da antzerkia egiteko modu hori; antzoki batean, muntaia handia, argi on batzuekin eta txartela ondo kobratuz. Hori da gizarteak txalotzen duen antzerki mota. Gune itxi batean lan egitea errezagoa da, kalean lau ohialez egindako eskenatokia muntatzea baino prestigiotsuagoa. Geure ustez, kale antzerkiaren gutxiespenak sarrera ordaintzearekin badu zerikusirik; giro itxi batean sartzea, ilunbetan, gainerako guztiek duten portaera berbera mantenduz, e.a. Hori absurdoa da. Antzoki batean ekiteak kategoria gehiago ematen omen du eta kobratuz gero, jendeak gehiago baloratzen du geure lana. Geuk uste dugu jendearengana ailegatzeko jarrera dela garrantzitsuena.

Nolakoa izan da zuen antzerki eskola?

Huts eginez, experimentatuz, artisten leku eta txoko asko ezagutuz jaso dugun jakituria galbahe batetik iragan eta baliagarri zaiguna hartu dugu.

Tailerra daukagunez, ikastaro ezberdinetan, materiale eta langintza ezberdinetan aritu gara (elektrizitatea, marrazkigintza, arotza, argazkigintza, e.a.). Metatu dugu, hitz bitan, jakituria eta azpiegitura. Beste antzerki taldeekin harremanak izaten ditugu, oso garrantzitsua da hori esperientziak trukatzeko eta lana aurreratzeko. Baina dekoratua, muntaia, txotxongiloak, testuak eta eskenaratzea geure-geureak dira.

Zein da El Tendereteren berezitasuna?

Talde gehienek idatzitako lanak interpretatzen dituzte. Oro har, aldaketa txiki batzurekin egindako lan klasikoak dira (Pinocho, Caperucita…). Sarritan, instituzioek antolatolaturiko omenaldiren bat (Lorca, Cervantes, Alberti…) edo ospatzeko, erosotasunez egiten diren lan oso ezagunak izaten dira. Geuk, muntai bakoitzeko geure testuak sortzen ditugu. Geure ustez, bakoitzak nahi duena egitea da garrantzitsuena. Idatzi zerbait esateko baldin baduzu eta ez errutina hutsez.

Antzerki politikoa egiten duzue?

Gaur egun, txotxongiloak egiteak, neurri batean, antzerki politikoa egitea adierazi nahi du. Kutsu politikoa edukinetan egoteaz gain, geure lan egiteko moduan eta ezohiko estilo bat sortzean datza. Inposatutako guztiaren kontra ekiteko asmoa da igorri nahi duguna.

15 urte barru txotxongilo artean ikusten duzue zuen buruak?
Erabat. Geure senideek galdetzen digute ea ez garen nagusiegi sentitzen txotxongiloekin jolasten ibiltzeko. Txotxongiloak dira geure interes nagusia, baina beste gauzak egiteko prest gaude. Aktoreen antzerkia, malabareak, pailazoak e.a. Horrezaz gain, faltan botatzen dugun txotxongiloen eskulangintza ere interesatzen zaigu.

Zein da txotxongiloaren egoera Euskal Herrian?

Antzerkian, orokorrean, jendeak ez du aukera handirik eta Madrilera jo behar izaten du. Hor dago arazoa. Antzerkigintzan ibiltzeko aukera bakarra ETBren ingurua izaten da.

Txotxongiloari dagokionez, talde historiko batzuk irauten dute (Kukubiltxo, Taun Taun, Bihar, Taupada,…), baina oso talde gutxik egiten du txotxongiloa, ez besterik. Gehienak aktore-antzerkia edo animazioak egin behar izaten dituzte. Jaialdiak antolatzen dira, badago dokumentazio gune bat (estatu osoan bakarra) baina gutxiengo batentzako lekua da.
Esan gabe doa ez daukagula programazio iraunkorra eskaini dezakeen antzokirik, ez eta antzerki eskola publikorik ere. Labur esanda, instituzioek ez dute interesik eta txotxongiloen munduan dihardutenek ez dute jendearen aurrean ezagutzera emateko ahalegin handirik egiten.

Berriztatu beharra ere agerian da. Jendea txotxongiloengana hurbiltzen da behin-behinean, denbora gutxian. Geuk, 10 urteren buruan jarraikortasuna lortu dugu eta geure kolaboratzaileei zerbait eskaini ahal diegu. Borondate hutsez edo bitarteko gutxirekin ibiltzea ondo da baina ogia tartean dagoenean ez da nahikoa. Zeuk erabaki dezakezu bizimodu horri eustea, baina laguntzarik ez badago nolabait lagundu behar zaio jende horri. Ezin diezu esan: “begira ze gauza polita den, ze koloretsua eta dibertigarria”, besterik gabe. Oinarriak jarri behar dira.

Zer deritzozue instituzioekin lan egiteari?

Geuk ez dugu inoiz diru laguntzarik eskatu. Beti saiatu gara geure bitartekoekin aurrera ateratzen. Instituzioekiko menpekotasunak morrontza eragiten du eta kultur politika eta bere burokraten esanetara makurtzea. Horrek, sarri askotan talde askoren heriotza dakar, instituzioek tajututako ibilbidean itota, bere interesetatik urrun. Menpekotasun horrek ere bapatekotasuna baldintzatzen du, kontutan gehiago hartzen delako babeslea nor den eta ez nori interesatzen zaion. Antzerki produkzioaren merkantilizazioan abiatu gara. Kontsumorako beste gai bihurtu da antzerkia. Istituzioek gainera, nahiago izaten dute dirua muntai handietan eta kultur-espektakuluan inbertitzea, ez dute nahi antzerki eskolak oinarrizko hezkuntza sustatu.

Zuen ustez, instituzioetatik at taldeen arteko elkarlana sor daiteke?

Betidanik izan da hori geure asmo nagusia. Beste taldeekin harremanak izatea gustatuko litzaiguke, geure beharrak eta elkarlanerako aukerak ikusi ahal izateko. Informazioa trukatu, ikastaroak antolatu, ahaleginak batu. Batzutan, taldeen arteko giro txarra egoten da: “Hobe da talde gutxi egotea, horrela lan gehiago egingo duzue”, esan digute. Gure ustez, alderantziz da. Zenbat eta talde gehiago egon, orduan hobeto. Zenbat eta jende gehiago jardun, orduan eta sona handiago egongo da gizartean. Elkarlanaren alde egiten dugu apustua, instituzioek azaleko kontuei, ikuskizunen bonbardaketari begiratu egiten die, bakar-bakarrik. Lortzen dutena da jendeageldi-geldi egotea, harremanen haustea eta heziketa eta antolaketa bideak itxi egiten ditu. Beste taldeekin harremanik ez baduzu isolatuta geratuko zara, zeure tailerra, zeure antzerkitxoa eta zeure bisita-txartelarekin noraezean.

El Tenderete: Iturriaga, 12 – atzeko lonja • 48004 Bilbao
3097 P. K. • 48015 Bilbao • Tel.: 94 4733048 – 639253239

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like