Euskal Herriak Gerrari ez!

Elkarrizketa. Bakea. Bizitza. Burujabetza.

Zenbakiak zenbakiak dira. Ez dira ez sentimendu, ez bizitza, ez askatasun, ez eskubide, ez itxaropen. Manifestu politiko batean datu gehiegi jartzea zama izan ohi da eta ahalik eta gutxien sartzeko joera izaten dugu denok. Zenbakien bidez, aldiz, pentsatzeko eta barnean duguna arrazionalki adierazteko erraztasuna lor dezakegu.

85 urte dira faxistek Gernikaren gainean bonbak bota zituztela. Gernikan bezala, Durangon, Legution, Otxandion… eta Euskal Herria osoa okupatu zuten faxistek hurrengo urteetan, ipar zein hego. Gerraren mina eta txikizioa jasandakoa da Euskal Herria, eta oraindik bizirik ditugu gure artean gerra bizi izan zuten herrikideak.

36 urte dira Hego Euskal Herriak NATOri ezezko borobila eman ziola. Ez da maiz gertatzen herriari funtsezko gai baten inguruan zuzenean galdetzea. Eta euskal herritarrok ez genuen pasatzen utzi nahi gerra inperialistarako aliantza militarraren parte ez genuela izan nahi esateko aukera. Izaera antimilitarista horrek soldaduskari intsumisioz erantzuteko bidea ere hartu zuen gurean, eta biak ala biak, gaurkotasuna izaten jarraitzen duten jarrerak direla ikusten dugu.

Errusiak Ukraina erasotu du, gerra piztu da eta horren ondorioz milaka dira hildakoak eta milioika desplazatuak eta etxetik edota herrialdetik ihes egin dutenak. Zenbakiak dira, zehaztugabeak, baina axola duten bizitzak dituzte atzean. Ahaztuagoak, baina badira ere milaka bizitza galdu direnak Sirian, Yemenen, Palestinan, Saharan, Kurdistanen, Afganistanen eta bestelako gerra edo gatazka ahantzietan. Eta haien exodoak laguntzarik ez badu ere, milaka eta milaka dira gerra horietatik ihesi Europara iristen saiatu direnak, baita munduko beste lekuetako bortizkeria, desjabetze eta pobreziatik datozen milaka senegaldar, maliar, nikaraguar, ekuadortar eta abar luze bat. Bakan batzuen bizitza ihes ibilbide horren harresi bilakatu den gure Bidasoan galdu da. Herritar horien guztien bizitzek dute garrantzia, eta herri horiek guztiek merezi dute bakea.

Eta nola zenbatu emakumeek pairatzen duten zapalkuntza erantsia, bigarren mailan geratzera behartuak eta lotuak, rol jakinetara kondenatuak, eskubiderik gabe eta biolentzia mota guztien jo-puntu? Gerra guztietan emakumeen gorputza da okupatua eta bortxatua izateko lehen konkista lurraldea. Kanporaketak, bahiketak eta emakumeei eta neskei ezarritako bortxaketak funtsezko gerra-estrategiak dira herriak menderatzeko. Gizonek egindako gerrak dira, beren nagusitasun historiko eta hetero-patriarkala sustatzeko. Zenbakitan jar ditzakegu, edo kalkulatzen saiatu, gerrara bideratzen ari diren armak, erasotuak diren etxeak eta oro har urratzen diren eskubideak, eta estatistikak eraiki, egungo sufrimenduak beste garai batzuetakoekin erkatzeko. Baina ez genuke jakingo zenbaki horietan gure mina islatzen, gure amorrua erakusten eta gure itxaropena pizten.
Euskal Herrian, oroimenean dugu gerra. Fresko mantentzen dugu okupazio faxistaren zentzua, eta beldur gara ultraeskuin berrien harrabotsak dakartzan gorroto ideiak eta konfrontazio deiak. Ez dugu ahaztu, nahiz eta lausotua sentitu, gure herrikide asko kanpora joan behar izan zirela eta beste herri batzuetan abegiz eta elkartasunez hartu gintuztela. Bizi bizi dugu, oraindik itxi gabe, azken hamarkadetan Euskal Herrian bizi izan dugun gatazka biolentoaren zauria. Gure haragitan eta bihotzetan ditugun herri zaurietatik eta baita bizi desirenagatik, guretzat nahi duguna nahi dugu besteentzat ere. Horregatik guztiagatik, lau aldarri egin nahi ditugu Gernikatik, apaltasun osoz, Euskal Herrirako, baina baita mundura begira ere:

Elkarrizketa. Militarismoan sakondu beharrean, armak beharrean, lanabesak nahi ditugu eskutan. Lanabes horiek, hitzaren kultura ardatz, elkarrizketa eta akordioa dira. Gerrak gelditu ditzakegu, gelditu behar ditugu. Amaiera arteko suntsipena ez da irtenbidea. Gatazkak negoziazio mahaietara bideratzea, eragile guztien onarpena izatea eta prozesuekiko nazioarteko babesa eta ez-injerentzia beharrezkoak dira akordioak eta soluzio iraunkorrak lortuko badira. Elkarrizketa eta akordioa aldarrikatzen ditugu gerra gelditzeko eta azpian egon daitezkeen gatazkak bideratzeko. Euskal Herrirako nahi dugun konponbidea nahi dugu besteentzat ere. Justizia izan behar da oinarri.

Bakea. Bakea helburua da bere horretan, herriek eta herritarrek bakea behar dutelako askatasunez erabakitzeko, herriaren proiektu politikoa garatzeko eta herritarren bizi egitasmoak gauzatzeko. Bakea behar dugu eskubide guztiak guztiontzat posible izateko. Eta hemengo bakea ez dadila beste leku bateko gerraren gainean eraiki. Euskal Herria izan dadila pasabide segurua edo geraleku hautatua beharra dutenentzat. Bakea zaila da eraikitzen eta erraz apurtzen da. Informazioa, egia, diplomazia, elkar ulertzea, negoziazioa eta elkarbizitza ez dira soilik barrura begira edo diskurtso legez landu beharrekoak, tentsioak dauden eremuetara aplikatzen jakin behar dugu. Herri guztiek bakea merezi dute.

Bizitza. Gerra bizitzaren kontrako egoerarik ankerrena da, izan ere eskubide guztiak bertan behera uzten baititu. Bizitza aldarrikatu nahi dugu, gerraren aurrean eta gerraren ondoren ere. Gatazkan eta gerran planetaren muga biofisikoak gero eta gehiago tenkatzen ditugu, krisialdi klimatikoa areagotuz, eta amalurraren zaintzarako beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak adosteko aukerarik gabe. Interes inperialistei erantzuten dieten suntsiketak herritarrek ordaintzen ditugu zuzenean eta baita zeharka ere, kapitalismo basatiaren adierazle garbia den pobretze bortitz eta orokorren bidez -langileak, emakumeak, migrariak, nagusiki-. Immorala da hango gerrarekin hemen aberastea, edo hemengo herritarren beldurrarekin hemen negozioa egitea. Gerrak zapaltzaileak dira eta zapalduak areagotzen ditu, aurreko gerrek sortu dituztenak konpondu gabe eta konponketa posibleak zailduz. Bizitzak askatasuna eta berdintasuna izan behar ditu ardatz eta bizitzeko aukera hori aldarrikatu nahi dugu.

Burujabetza. Herrien burujabetzaren urratzea eta errespetu eza dago gatazka eta gerra askoren erdigunean. Baina batez ere eta horregatik, soluzioaren muina izan behar dira. Euskal Herriak ez du gerrarik nahi: bizi genuenaren memoria osoa eta askea egitean aldarrikatzen
dugun bezala. Euskal Herriak ez du gerra egituretan parte hartu nahi, demokratikoki adierazi genuen bezala. Euskal Herriak elkarrizketa eta akordioa nahi ditu, azken hamarkadan masiboki eta praktikoki erakutsi duen gisan. Eta horretan guztian subjektu bat dago, herri bat, aske eta burujabe izan nahi duena. Bere iragana oroitu nahi duena, bere oraina erabaki nahi duena eta etorkizunaz jabetu eta eraiki nahi duena.

Errusiak Ukrania erasotu izanak elkartu gaitu, eta eraso horren aurrean gerra gelditzea eskatzen dugu, soldaduak haien jatorrizko herrialdeetara bueltatzea eskatzen dugu, elkarrizketaren bidez bakea erdiestea eskatzen dugu eta bizitzak eta herrien burujabetza errespetatzea eskatzen dugu. Euskal Herriak gerrari ez esaten dio.

Euskal Herriak Gerrari ez!

Gernikan 2022ko martxoan

Facebooktwitterredditpinterestlinkedintumblrmail