Pasaiako portuko lanak bi urte barru has daitezkeela uste du Espelek

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Jose Ignacio Espel Pasaiako Portuko Agintaritzako presidenteak uste du kanpo portua egiteko lanak gehienez ere bi urte barru hasiko direla. Hala adierazi zuen atzo portuak 2005ean izandako jarduera ekonomikoaren berri emateko eginiko agerraldian.

Gainera, portua handitzeko mahai gainean jarri diren hiru proiektuak dituela gustuko adierazi zuen. Hala eta guztiz ere, lur eremu zabalena hartzen duen proiektua nahiago duela zehaztu zuen, «batez ere portuaren jardueraren ikuspegitik». «Pasaiako eskualdean bizi den herritar gisa, ordea, uharte artifizialaren proiektua nahiago dut». Proiektu horren arabera, kanpo portua Jaizkibel mendiaren magalaren parean eraikiko litzateke, 200 metro ingurura, eta uharte itxura hartuko luke. «Konponbide hori oso onargarria da guretzat eta proiektua burutu ahal izateko aurreko proiekturako egin ziren ikerketa eta azterketak egokitzea falta da soilik», gaineratu zuen.Instituzio guztien oniritzia du gaur egun kanpo portuaren proiektuak, nahiz eta Jaurlaritzako Ingurumen Sailak (EA) kritika dezente egin dizkion orain artean eta garbi ez egon oraindik nola egingo den.Pasaia berritzeko ardura duten erakundeek EB Europako Batasunean kontsultatuko dutela esan zuten urtarrilaren amaieran eginiko bileran, esku artean dituzten hiru proiektuetatik ingurumenerako egokiena zein den. Kontsulta egiteko arrazoia «ingurumena mantentzeko eta hobetzeko proiektu egokiena» zein den jakitea omen da.

www.berria.info

Iruzkina idatzi