AHTaren eragina Aiztondo bailaran. U.URREAGA (''Tolosaldean egunero'' egunkaria)
Fecha Miércoles, 09 enero a las 18:25:02
Tema Gertuko berriak / Noticias cercanas


Adunako, Asteasuko eta Zizurkilgo lurretan zubi, tunelak eta zabortegiak egingo dituzte.


Abiadura Handiko Trenak eragin zuzena izango du Aiztondo bailaran. Madril eta Paris lotuko dituen trena Euskal Herritik igaroko da eta bidean, Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo lurrak zeharkatuko ditu. Ion Ander Esnaola zizurkildarra AHT Gelditu! taldeko kidea da eta berak esan digunez, trenak kalte handiak sortuko ditu bailaran. Bere esanetan, tren hau egiteak ingurumenari kalte egingo dio eta baita nekazaritza ustiaketei ere. Izan ere, eskualdean hainbat zubi eta tunel egingo dituzte trena pasa dadin, eta lanak hasten direnean, ateratzen dituzten hondakin guztiak sartzeko zabortegiak egin beharko dituzte. Horretarako mendi tarte naturalez baliatuko dira. Gainera, trenbidearen alde bakoitzean berrogeita hamar metro hesituko dituzte eta honek Esnaolaren ustez, «trenak pasatzean eragingo duen kaltea» adierazten du. Gainera, zizurkildarrak dio proiektu honen inguruan ez dela egi guztia kontatzen, «trena merkantzia oso pisutsuak garraiatzeko erabiliko da eta horrek istripuak izateko arriskua ekarriko du».


--gehiago irakurtzeko "leer más"
--para continuar leyendo "leer más"

Trena Aiztondon


AHTa Aiztondora Andoaindik iritsiko da. Aduna parean trena lurpetik joango da, herrigune haren goiko aldetik eta ondoren Zizurkilen Beibategi inguruan berriro aterako da lurpetik. Gero, handik hasi eta Urkamendi mendira arte zubi bat egingo dute eta han berriz lurpean sartuko da. Beraz, zizurkildarren mendiaren azpian tunel bat egingo dute. Ibilbidearekin jarraituz, Zizurkil eta Asteasuko errepidearen gainean beste zubi bat joango da eta ondoren berriro lurpean sartuko da Asteasu partean, Uharte baserriaren inguruan eta honela Anoetako lurretara pasako litzateke trena.


Bestalde, Esnaolak dio proiektu hau legez kanpokoa dela hainbat ikuspegitik «alde batetik trenak soinuaren muga gaindituko du eta bestetik udalen erabakia erespetatu gabe udal lurrak direnak erabiliko dituzte». Gainera, zizurkildarrak azpimarratzen du, herritarrek informazio gutxi dutela gai honen inguruan, «jendeak ez daki ezer eta zerbait dakienak uste du beste tren bat gehiago izango dela». Zizurkil eta Anoetan AHTaren kontrako taldeak daude eta biak elkarlanean hainbat ekintza burutu dituzte azkenaldian; mendi martxa, hitzaldiak... eta aurrerantzean bilera irekiak egiteko asmoa dute jendea gai honen inguruan informatzeko.


Hainbat datu


Adunan hektareak: 2,7 hektareako zabortegia egingo da eta trenak azpitik zeharkatuko du herria.


Asteasun hektareak: 9,36 hektareako zabortegia egingo da herrian.


Zizurkilgo hektareak: 3,4 hektareako zabortegia egingo da eta bi zubi eta tunel bat joango dira.


Trenaren abiadura: Trenak 250/280 kilometro orduko abiadura harrapatuko du.


Trenaren kostea: Trenbidearen kilometro bakoitza egiteko 3.000 milioi pezeta beharko dira.








Este artículo proviene de Gaztekaria Alternatiboa
http://www.nodo50.org/gaztekaria

La dirección de esta noticia es:
http://www.nodo50.org/gaztekaria/article.php?sid=91