3 euskaltzale gose greban
Fecha Sábado, 08 junio a las 09:11:53
Tema Ekintzak / Acciones


PRENTSAURREKOA – EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ


Bilbon, 2002ko ekainaren 7an


Euskal Herrian Euskaraz- ek, Justizia Administrazioan euskaldunok bizi dugun hizkuntza eskubideen bortxaketa sistematikoaren aurrean bere gogoeta azaldu nahi du.




Euskaldunok bigarren mailako herritarrak gara gure herrian eta errealitate hau saihestezina da. Dagozkigun hizkuntza eskubideak lurralde bereizkeriarik gabe eguneroko bizitzan eta administrazio guztietan sistematikoki zapaltzen zaizkigu. Justizia Administrazioan euskararen egoera penagarria da zinez.





Egoeraren larritasuna inor gutxik ukatzen du. Baina, arazoa egoera hori iraultzeko neurri politikorik ez jartzean datza. Hau da, Justizia Sailburua den Azkarragari, hitzak ugari entzun dizkiogu, baina non daude emaitzak? Zenbat urtetan jasan behar dugu gure hizkuntza eskubideen, hots, giza eskubideen bortxaketa azalean sufritzen? Deklaratzeko orduan itzulpena onartu behar al dugu gure herrian, atzerritarrak bagina bezala?





Justizia Administrazioan ematen den egoera honen adibide bezala, kasu ezberdinak aipa genitzake. Gabi Basañez eta Gaizka Larrinaga EHEko kideak, fiskaltzak hartuko duen erabakiaren zain daude. Bi lagun hauen epaiketaz arduratutako Bizkaiko Epaitegi Probintzialeko epaileek, hizkuntza eskubideak urratzen zirela onartu zuten eta epaiketa atzeratu egin zuten fiskal euskalduna bilatu eta behar haina bitarteko jarriko zutenaren hitza emanez.





Gaizka Larrinagaren kasuan, fiskaltzak emango duen erabakiaren zain gaude. Bestetik, Gabi Basañezen kasuan, berriz, epaileak iruzurra egin du; izan ere, ez du esandakoa bete eta berriro deklaratzera deitu dutenean zitazioa erdaraz igorri zaio. Auto bat egin du esandakoan atzera eginez. Egoera honek, Justizia Administrazioa euskalduntzeko plan oso baten beharra agerian uzten du. Epaileak erabaki pertsonala hartzen du, baina gero beste erabaki batekin dator. Ez al da azken hau estrategia orokor baten ondorio? Nork egin du presioa hau gerta dadin?





Bestetik, Busturia, Lea- Artibai eta Mungialdeko eskualdeak jasotzen dituen Gernikako Epaitegiko barrutian, beste kasu bat dago. Bost lagun daude bilaketa eta epaitegian aurkezteko agindupean. Bost lagun hauek, justizia administrazioa euskalduntzeko egindako aldarrikapen batean parte hartu zuten; epaitegiko teilatura igo ziren mezu aldarrikatzaileak zeramaten pankartak eskegitzeko. Honen harira, datorren astean epaitegian aurkezteko agindua eman zaie. Berriro ere, agindu hori espainolez igorri zaie, euskaldunon hizkuntza eskubideak berriro urratuz; beraz, aurrekoan bezala ez dira epaitegira joango. Bigarren aldia da epaileak era honetako agindu bat ematen duena eta ziur asko ez da hirugarren bat egongo. Hurrengo pausua bost euskaltzale hauek atxilotzeko agindua ematea izango delakoan gaude.





Joseba Azkarragari Gernikan gertatzen den arazoarekin enplazamendu bat egin nahi diogu. Epaitegi hori 64.000 euskaldunen zerbitzura dago, baina hiru epaileak erdaldunak dira eta langileen %20 soilik euskaldun. Mungialde, Busturialde eta Lea Artibaiko eskualdeek, maila sozial, politiko eta instituzionalean adierazi dute epaitegiak euskaraz funtzionatu behar duela. Azken hilabete hauetan, gainera, milatik gora herritarrek epaitegi horrekin, harremanak euskaraz egin ezean, harreman guztiak etetea erabaki dute. Zer egin behar du herriaren eskaera zuzen honen aurrean? Ez al du irtenbide politiko eraginkorrik planteatuko? Oraingoz ez du egin eta horrek euskararekiko berak eta ordezkatzen duen instituzioak duten borondate politiko eskasa adierazten du.











Egoera latza da. Hizkuntza eskubideak bortxatzen ari dira. Beraz, giza eskubideak baita ere. Honelako egoera batetan non dago Mertxe Agundez Arartekoa? Ez al da bada herritarren eskubideak defendatzen dituena? Hemendik, hari ere enplazamendu bat egin nahi diogu lehenbailehen salaketa publikoa egin dezan. Hau egingo ez balu, berak betetzen duen kargua iruzur hutsa da.





Egoerak honela dirauen artean, borrokaren lehen ilaran jarraituko dugu administrazio orori gure hizkuntza eskubidek berma ditzan exijituz. Hau honela, EHEko hiru kidek gaurtik datorren ostiral arte gose greba bati ekin diote protesta gisara.





Baraualdiak irauten duen bitartean, ekimen batzuk egingo dira egunero eta bestetik, beste talde batzuekin hartu- emanak egingo dira egoera aztertzeko asmoz.





EKIMENAK:





ü EKAINAK 9, IGANDEA: Lekeition UEMA Eguna ospatuko da; egun horretan, eguerdiko 13.30ean EHEk elkarretaratzea deitu du Gernikako epaitegiko aferaren inguruan. Gose grebalariak bertan izango dira.





ü EKAINAREN 10ETIK 14RA: Bilboko Buenos Aires kaleko Epaitegiaren aurrean kontzentrazioa, goizeko 13.30ean.








BESTE ERAGILEEKIN BILERAK:





ü EKAINAK 11, ASTEARTEA: Alderdi politikoekin bilera. Arratsaldeko 17:00etan La Bolsan. EAJ- k, EA- k, IU- k eta Batasunak baiezkoa eman dute.





ü EKAINAK 12, ASTEAZKENA: Udalbiltzarekin bilera goizeko 10etan.








ü OSTEGUNA, 13: Gazte Mugimenduarekin bilera 10:00etan La Bolsan.


Sindikatuekin bilera, 17:00etan La Bolsan.





ü OSTIRALA, 14: Euskalgintzarekin bilera, 10:00etan La Bolsan.





EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ





Este artículo proviene de Gaztekaria Alternatiboa
http://www.nodo50.org/gaztekaria

La dirección de esta noticia es:
http://www.nodo50.org/gaztekaria/article.php?sid=189