Azaroaren 14an kalera ateratzeko deia egin die gazteei Iraultza Gorria ekimenak

Lunes 12 de noviembre de 2012 por por GKB

“Sindikatu zein eragile sozialen deialdietatik haratago, greba orokor zein mobilizazio egunetik haratago” kalera ateratzeko eskatu diote Bilboko gazteriari. Sistema kapitalista eta patriarkalaren aurka manifestazioa egingo dute 17:00etan plaza Eliptikotik.

Bilboko Gazte blokeak sortutako Iraultza Gorria ekimenak mobilizazioa deitu du datorren azaroaren 14erako, Europa hainbat herrialdetan greba eta mobilizazio eguna deitua dagoenean.

Hala ere, azaroaren 14ean “sindikatu zein eragile sozialen deialdietatik haratago, greba orokor zein mobilizazio egunetik haratago” kalera ateratzeko beharra azpimarratu du ekimenak. “Orain arte egin eta hemendik aurrera egingo dugun moduan, ideologia, proiektu eta sinesmen desberdinen gainetik, etsai komuna dugulako: sistema kapitalista eta patriarkala”, diote hedabideei helarazitako ohar batean.

Krisi ekonomikoaren aitzakian Estatuek murrizketak, erreformak eta eskubideen etengabeko ezabaketak gauzatzen dituztela dio Iraultza Gorria ekimenak eta medioek gazteak “subjektu pasibo bezala” agertzen dituztela.

Baina medioen bertsio horretatik urrun gazteek argi dute “krisi ekonomikoa gora behera, kapitalismoak ez duela konponbiderik, sistema hori bera dela krisi bakarra, eta mundu justuago eta bizigarriago batean bizi nahi badugu, sistema bera eraldatu behar dugula”.

Horregatik, krisiaren erantzuleei, alegia, “ongizate estatuak onartzen zizkigun oinarrizko eskubide apurrak deuseztatzen dizkiguten estatu-gobernuei, bankuei eta enpresei”, mobilizazioekin erantzungo diete. Ildo horretan gazteriari dei egiten diote azaroaren 14an, 17:00etan, plaza Eliptikotik egingo duten manifestazioan parte hartzera.

Greba eguna Europa osoan

Hego Euskal Herrian UGT, CCOO, CGT,USO, ESK eta CNT sindikatuek “ekintza eta elkartasun” greba eguna deitu dute asteazkenerako baina LABek eta ELAk ez dute deialdiarekin bat egin eta, hortaz, ez da jarraipen zabalik espero.

Iturria: Bilboko Branka


Portada del sitio | | Mapa del sitio | Contacto | Seguir la vida del sitio es  | info visites 265128

Seguir la vida del sitio Movimiento Obrero

© 2001 www.gazkom.org

© 2008, 2010 & 2013 GKB-UJC Euskal Herria