Portada del sitio > Zenbakiak - Números > Número 43. Zenbakia > EZTABAIDA PROPOSAMENA HERRI MUGIMENDUENTZAT

EZTABAIDA PROPOSAMENA HERRI MUGIMENDUENTZAT

Ezkerreko alderdiak boterera heltzen direnean zer gertatzen da herrialdeetan? Zer gertatzen da herri mugimenduetan? Nola ematen da gobernu eta herri mugimenduen arteko harremana? Eta elkar elikatzea? Aurrerapausoak ematen al dira iraultza bati begira? Edo atzerapausoak ematen dira? Zeintzuk dira ezkerrak botere politikoa eskuratzekotan dauzkagun arriskuak?... Nola hitz egin edo idatzi guzti honetaz pertsona edo kolektiboak mindu gabe? Nola ez hitz egin guzti honetaz benetako aldaketa baten alde lanean ari bagara?

Herrialde diferenteak bisitatu ditut, beti ere tokian tokiko herri mugimenduen eskutik, beraiek konpartitu didatena biziz, eta errealitatearen analisia eta kritikarako nire inspirazio eta iturri nagusia haien esperientzia izanik. Hau ez da beraz, haiei egindako kritika, bakoitzak bere esparruan, bere herrian eta bere momentuan onena dela pentsatzen duena egiten baitu, edo hori uste dut nik behintzat. Hau ez da, inolaz ere, artikulu zientifiko bat, ez duzue datu zehatz askorik topatuko; eta ez da errealitate bakarra edo egiatan egiena. Hau nire aportazio xumea da, bizi izandako errealitate zati bat, erreala, hori bai. Hainbat ikupegi, hainbat iritzi... hauexek nireak dira.

Hasierako tesi nagusia, gezurretan edo faltsukeriatan nabilela inork ez dezan pentsa, zera da: ezkerrak gobernua eskuratzen duenean, herri mugimenduen demobilizazioa ematen da eta hau kaltegarria da jendartearen aldaketarako. Jendearen bozkatzeko nahia aldatu nahiean baino gehiago, gerora etorriko direnak aurreikusi eta prebentzio neurriak hartzeko gogoeta gisa bota nahi ditut ondorengoak.

Herri mugimendu eta alderdi politikoen arteko harremanak izaera ezberdinak izaten ditu; batzuetan mugimenduen lana funtsezkoa izaten da gobernua lortzeko saiakeran eta ondoren izaten da manipulazio eta asimilazioa. Bigarren kasu batean alderdiak mugimenduetan bertan sortzen edo osatzen dira eta boterea eskuratzean bere lehentasunak aldatu egiten dituzte. Hirugarren kasu batean, alderdien kontrola boterea eskuratu aurretik ematen da.

Aipatutako tesi edo ideia potolo honetara heltzeko bidea azaltzen saiatuko naiz, beste hainbat ideia, iritzi eta adibide erabiliz.

Multinazionalen boterea

Koiuntura internazionalaren azterketa xumea eginez, argi dago gobernuek ez dutela agintzen, beraiek ez dituzte erabakiak hartzen. Erabaki hauek gero eta gehiago erakunde supranazionalek hartzen dituzte eta bilera ekonomikoetan hartzen dira, ez politikoetan. Guk ez dugu (behintzat era konziente batean) erabaki edo bozkatu nork hartuko dituen erabaki handiak. Beraz, kanpainetan herriari aldaketak, legeak edota erreformak agindu arren, gerora ezin dute agindutako bete sistema kapitalista patriarkalak ez duelako baimentzen.

Ikusi dezagun nekazal alorrean gertatzen dena, gobernuen erabakitze ahalmen urriaren adibide baita. Ez dago momentuko gobernuaren esku zein izango den sistema ekonomiko, sozial, ingurugiroko edota politikoa; herrialdearen ekoizpen edo elikagai beharrak definitzen ez dituen bezala. Epe luzeko erabaki hauek aurretik hartu zituzten eta gobernuko alderdiak aldatu arren mantendu egiten dira. Entrepresa multinazionalek erabakitzen dute eta horretarako kanpainak, komunikabideak eta unibertsitateak diruz laguntzen dituzte, eta maila fisikoago batean, beraien esku daude lurrak, ura eta haziak. Gobernu batek beraz, ezin du ukatu sistema agro exportatzailea.

Badira urteak Hego eta Erta Amerikan ikasgaia ikasi zutela (eta are gehiago hogei urte beteta dituen NAFTA –Mexiko eta Estatu Batuen arteko komertzio askerako ituna- sinatu zenetik); orain gure txanda da TTIP eta CETAren sinadurarekin (Europak Estatu Batuekin eta Canadarekin hitzartu nahi dituen komertzio askerako itunak). Lotsa gabe azaltzen dira jada, beraien helburua “kapitalaren babeserako nazioarteko konstituzio bat sortzea” dela aipatzean. Estatua ez da desagertuko, baina bere funtzioa aldatuko da, hemendik aurrera multinazionalen interesen sustatzailea izango da (zuzenean diruz lagunduta edo behar duten giroa sortuz) eta horretarako bake soziala ziurtatzea derrigorrezkoa dute.

Topatu dudan adibiderik argiena Venezuelakoa da, herrialde “iraultzaileenetarikoa” izanik, agro akordioak Brasil eta Argentinarekin egin zituen, petroleoa emanez haien teknologiaren truke (milaka familia kanporatzen dituen teknologia, kutsadura handiko teknologia). Publikoki eta Via Campesina edota ALBAren (Hego eta Erta Amerikako gobernu progresisten arteko alianza Estatu Batuek osatu nahi zuten ALCA izeneko komertzio askerako itunari aurre egiteko) aurrean agroekologia defendatu arren, inbertsio eta planak agronegozioari zuzenduta egon dira.

Venezuela gainera azterketarako kasu berezia da, 40 urtez petroleoa izan zen bere monokultiboa, beraien lurretan ez zen iraultza berderik gertatu, ez zen nekazaritzarik garatu eta beraz aukera historiko garrantzitsua zuen: agroekologia garatzeko aukera paregabea. Urteetan erein ez ziren milaka hektarea esistitzen ziren (agrotoxikoz kutsatuta ez zirenak), transgenikorik gabeko herrialdea zen, eta nekazaritzari buruzko ezagutza zientifistak ere garatu gabe zeuden.

Ez dugu ukatuko kooperatibei emandako dirua edota nekazaritza ekologikoaren garapenerako egindako ahalegina; baina txiki geratzen da agronegozioak jaso dituen dirulaguntzen alboan, egin den ikerketa genetikoaren alboan edota eredu brasildar eta argentinarraren kopiaketan egin den inbertsioarekin alderatzean.

Bueltatuko gara eredu brasildar eta argentinarren azterketa sakonago bat egitera, baina oraindik beste zerbait esan behar da Venezuelari buruz. Chavezen gobernua lehenengoa izan zen elikadura burujabetza izendapenari izatez duen eduki iraultzaile guztia kendu ziona; elikadura burujabetza deitu zioten produktu oso merke eta kalitate eskasekoak banatzeko egin ziren interbentzio asistenzialistei (Mercal eta PDVal), esanahia guztiz aldatu zioten. Ez dago zalantzan gosez dagoen herria elikatzeko beharra eta kriston meritua daukate gosearen tasak asko jeitsi zirelako; baina argi dago horri ezin diogula deitu elikadura burujabetza, edo bertan behera utziko dugu urteetan nekazal mugimenduek elikaduraren gaineko erabaki guztiak hartzeko eskubidearen alde egin duten borroka.

Beste adibide ezagun bat Lularena da, sindikalista zen garaian bere esaldi bat ezaguna egin zen oso «herri honetan presidente batek ez badu nekazal erreforma gauzatzen, nahi ez duelako da». Eta agindu horrekin heldu zen presidente izatera… hamarkada luzea igaro da PTaren gobernua hasi zenetik, nekazal erreforma ordea, ez da inolaz ere gauzatu.

Izan ere, Dilmaren lehenengo legealdian familia lurgabe bakar batek ere ez zuen lurra eskuratu, eta Lulak aurreko eskubiko gobernuek baino familia gutxiago asentatu zituen. Datu hauek baino haratago, agronegozioa indartsuagoa egin da ezkerreko gobernuekin, multinazionalek boterea irabazi dute, transgenikoek lurralde gehiago hartu dute, agroerregaietarako monokultiboek eta papelerek beraien dimentsioak handitu dituzte, nekazal eremutik hirietara ematen den exodoa mantendu da eta lurra oraindik ere ez da nekazal familiena. Hori bai, gaur egun Lulak bere lekua dauka kapitalismoaren magnateen artean, orain benetako erabakitze guneetan dago.

Argentinan antzera gertatu zaie, honen adibide «nekazal eremua kaleak hartu zituen» momentua, Kirchner gobernua agronegozioaren exportazioari tasak ordainarazi nahi izan zionean. Egia esanda, kaleetan agronegozioaren langileak zeuden, patroiek ordainduta edota behartuta, beraiek jarri zuten gobernua jakean eta horrela multinazional eta terratenienteek dirutza irabazten jarraitu zuten, argentinako lur eta uraren kalterako. Gaur egun ereindako lurraldearen erdia baino gehiago soja transgenikoak hartzen du eta Europako animaliak elikatzeko erabiltzen da.
Sistemaren mesedetan

Sistema kapitalistarentzat oso baliogarriak dira ezkerreko gobernuak. Eskumako gobernuek matxinada, oposizio eta kontraesan ugari sortzen dituzte. Komeni da beraz, tarteka eta herri mugimenduak indartsu egiten direnean, baretuko dituen neurri sasi sozial batzuk martxan jartzea, eta horretarako daude ezkerreko gobernuak: muturreko gosearekin amaitu, bizi baldintza jasangaitzak jasangarri bihurtu… zortzi urtez neurri paliatiboak egon ostean, aurreko gatazka eta istiluak desagertu dira, eskuma lasai bueltatu daiteke, sistema errepresibo eta basatiari beste buelta bat emateko. Epe luzean beraz, gobernu ezkertiarrak balioagarriak dira sistema kapitalistarentzat.

Eta honen adibide Argentinan topatzen dugu, 2001ean hasi zen agitazio sozialarekin ezin izan zuten errepresioaren bidez amaitu, eta Kirchner gobernuek egin dute lan «zikina». 2003an helburua gobernabilidadea berreskuratzea zen, hiru urtetan hiru presintente izan eta gero eta herria kalean jarraitzen zuela ikusita, hauteskundeen bidez egin zuten. Orain Macri bueltatu da, bere neoliberalismo eta despotismo basatiarekin; eta kaleak hutsik topatu ditu, herriak antolakuntza eta ekintza gaitasun urria dauka, eta sektore batzuetan ia desagertuta dago.

Ecuador antzeko kasua da, antolatutako herriak lau presidente bere kargutik bota zituen eta euretako bat herrialdetik ateratzera ere behartu zuen. Nolabait mugimendu herrikoi horiek geratu eta lasaitu behar ziren; Correa izan zen bidea. Beste neurri batean, Boliviako Estatua dardarka jartzen ari ziren mugimendu indigenak MAS gobernuarekin baretu egin ziren.

Kasu guztiak ez dira berdinak, Brasilen adibidez ez zegoen herri mugimendu zabal bat kaleetan, baina PTarekin estatuaren papera berreskuratu zen (neoliberalismoak laguntza sozial oinarrizkoenak ere ukatzen zituen) eta sistemaren «onurak» neurri txikian bada ere, sozializatu ziren. Bada zerbait ordea, oraindik egin ez dutena: sistemaren kontra joan edota bere zutabeak aldatzen saiatu.

Eta ekonomista feminista batek dioenez, sistemarekin amaitzen ez badugu, orduan sistema hobetuz goaz. Bere zauriak gutxitzen ditugu, kalterik ez izaten irakasten diogu: Istiluak sortu gabe nola garatu, herria bere aginduetara nola jarri... Hau da gobernu progresistek jokatzen duten rola, haziz jarraitzen duen sistema mostruoari laguntza ematen diote; akulumazioa mantentzen da baina ez dago gosez hiltzen den horrenbeste jende, edo horrenbeste ume kaleetan, edo beharrak ez dira horren agerikoak. Alderdi aurrerakoiek sistemak funtzionatzen duela erakusten dute. Errepresioak baretu ez dituenak, neurri asistenzialistek egiten dute.

Gobernuak, esan bezala, eskubitik tiraka dauzka multinazional eta botere ekonomiko-militarrak. Beraz, benetako aldaketak eman ahal izateko, ezkerreko herri mugimenduak eduki beharko lituzke bestaldean, tiraka hauek ere. Baina hau ez da sarri gertatzen. Batetik, aliantza historikoak daudelako alderdi ezkertiar eta mugimenduen artean, eta ezkerretik tiratzeak kontra egitea edo traizioa egitea bezala ikusten delako. Kuriosoa da, ez da traizio bezala ikusten multinazionalei bidea zabaltzea, baina bai ordea onura herrikoiak defendatzea.

Hitz egin dezagun Nikaraguari buruz, gertuko errealitatea burura dakarkigun urrutiko adibidea. 70. hamarkadan iraultza hasi zen, FSLNaren agindupean diktaduraren kontra eta ideia sozialisten alde egin zuen herriak. Militarki irabazi zuten eta gobernua eskuratu zuten; alderdiak boterea herri mugimendu eta sindikatu gremialekin partekatu zuen 80. hamarkadan. Gatazkaren alde garrantzitsua borroka armatua izan zen garai hartan, gerra batek sortzen dituen kontraesan guztiekin eta barneko lehenengo tirabirekin (alderdia eta mugimenduen artean). Hurrengo hamarkadan gobernua, boterea eta itxaropena ere galdu zuten… urte gogorrak. FSLNak berriro hauteskundeak irabazi zituenean, alderdi diferentea zen, herritik eta mugimenduetatik aldenduta zegoen, elizarekin eta eskumarekin hitzartzeko prest. Orduz geroztik, politika neoliberala aurrera daraman gobernua da, askotan herri mugimenduen, langile klasearen eta emakumeen helburuen kontra egin duena.

Herri mugimenduen barne eztabaidetan joko politiko hau asko kritikatzen den arren, hausnarketak ez dira publiko egiten. Elkarrekin bizi izan zuten historia horrek konpromezu sakona utzi zuen; kontua da gaur egun konpromezu horrek onuradun bakarra duela, sistema kapitalista eta honek duen adierazle nagusia, enpresa multinazionalak.

Miseria elkarbanatuz

Gauzak argi egon daitezen, Venezuelako gobernuak etekinak sozializatzen dituenean, elikadura sistema martxan jartzen duenean, osasuna eta heziketa herriaren esku jartzen dituenean… ongizate sistema kapitalista eraikitzen ari da, eta ez iraultza. Ongizate sistema nahiko ahula gainera, denboran mantentzeko mugak dituena, orain ikusi den bezala. Brasilen ere, ongizaterako dirua agortzen ari zaie eta gainera beraien kasuan onurak inguruko herrialdeetan eragindako politika inperialistei esker etorri dira (Bolivia, Paraguay eta urrutiago Mozambique); beste inperialisten antzera, Brasil ere ondasun naturalak lapurtzen aritu da.

Neurri asistentzialista hauek ondorio negatibo oso sozializatuak dituen sistemaren etekinak banatzeko topatu duten bidea izan da. Izan ere, suntsiketa ekologikoa, lurraren galera, nekazarien eta indigenen kanporatzeak eta bestelakoak ez dira geratu. Herrialde bolibarianoek beraien ekonomia extraktibismoan oinarritzen dute, epe motzeko etekinaren bila eta epe luzeko ondorio negatiboak kontuan hartu gabe. Venezuelaren kasua aipatu dugu, baina berdin gertatzen da Ecuador, Bolivia edota Nicaraguan, guztiek lortzen dute kapitala lurretik edo lur azpitik.

Hainbaten hitzetan, lapurtzen, ondasun naturalak espropiatzen eta lurraldea suntsitzen jarraitzearen truke «boltsa familia» (hainbat gobernuk arrisku egoeran dauden familiei elikagaiak banatzen dizkiete aldiro) itxurako laguntza txikiak edota dirulaguntzak banatzea mendizidade politika egitea da. Gogorarazi behar dugu politika extraktibistek ez dutela aintzat hartzen herri originarioek duten (eta herrialdetako presidenteek teorian aldarrikatzen duten) autodeterminazio eskubidea. Honek harreman konplexuak sortzen ditu herri mugimendu eta gobernuaren artean, tentsio hauek batzutan publiko egiten dira, beste batzuetan ez.

Mugimenduen kontra

Gobernu hauek ez dituzte kritikak edo ezkerretik tiraka egote hori gauza positibotzat jotzen, are gehiago, mugimenduei traba egiten saiatzen dira. Badirudi ez dutela atsegin «frente herrikoiak» kaleak hartzea, protesta egitea edota euren burua beraien ordezkari gisa izendatu direnen iritzi eta ekintzekin ados ez agertzea. Herri mugimenduak ahultzeko saiakerek, maila diferenteetan baina estrategia konbinatu antzekoekin ikusten ditugu Brasil, Argentian edota Nikaraguan.

Estrategia honek hiru bide nagusi hartzen ditu:
1. Koptazioa: alderdi eta gobernuek herri mugimenduetako kuadroak eskuratzen dituzte beraien lantaldean txertatzeko (hauteskunde aurretik ematen da prosezua, pluraltasuna ikustarazteko, boterea banatuko dela sinestarazteko).
2. Diruz laguntzen dituzte komeni zaizkien proiektu eta planak (hauteskunde osteko prozesua izaten da, mugimenduek boterea sentitzen dute eta iraultza egiteko baliabideak eskuratuko dituztela sinesten dute: orain arte diru gabe hau dena egin badugu, imajinatu orain diruaz!)
3. Txantaia: txantai emozionala: Eskubia okerragoa da (bereziki eraginkorra borroka historia luzea gertatu denean). Gobernuak aurrera egin ahala eta gehienbat ondorengo hauteskundeak hurbiltzen direnean ematen da, desilusioa gainditzeko.
Ibilbide eta estrategia honek, bisitatutako kasu guztietan, salbuespen gabe, herri mugimenduen ahultzea ekarri du (Venezuela berezia da Chavez aurretik ez zegoelako herri mugimendu indartsurik). Prosezua ez da ordea egun batetik besterakoa izaten eta barruko makinariari esker, ez da ikusteko erraza.

Hiru bideak denboran elkartu eta nahastu daitezke, eta batzuetan, gobernuak indar nahikoa sentitzen badu, gai da hausteskunde aurretik ere aliantzak apurtzeko. Honen adibide bezala Nikaraguako eta Brasileko emakumeen gorputzak ditugu. Lula aginduan zegoen garaian, feministek kanpaina handia gauzatu zuten eta Dilmarekin negoziatu zuten presindentziara heltzean abortoa legeztatuko zela. Hauteskunde kanpainan ordea eliza agertu zen eta zortzi urtetako lana bertan behar geratu zen, Dilmak bere agindua baztertu zuen; elizek feministek baino boto gehiago emango omen zioten.

Aliantza politiko-ekonomiko-erlijiosoa oso indartsua da eta oso komenigarria herriak manipulatzeko, hain­bat politika populista eta gobernuen alde jartzeko. Nicaraguako kasua larriagoa da, 130 urtez aborto terapeutikoa legala izan zen FSLNak bigarrenez agindura heldu zenean debekatu zuen arte. Daniel Ortegak eta Rosario Murillok boterea berreskuratzeko sortu zuten eskenatokia itzela izan zen: bikotea elizan eskondu zen errepresore izandako apezpiku batekin; Zoyla Americak (Rosarioren alaba) Danielen kontra eta sexu gehiegikeriengatik jarritako salaketa mozorratu zuten, eta emakumeak inposatutako amatasun batera behartu zituzten.

Hiru estrategia hauekin nahikoa ez bada, beste batzuk gehitzen dizkiote, narkotrafikoarekin egindako hitzarmenak kasu, bereziki lurraldearen kontrolerako borroka eta gaztaka dagoen lekuetan ematen ari da, bai gobernu nazional zein lokalen eskutik.

Edo klasikoetara jotzen dute, «banatu eta irabazi». Ecuadorren konstituzio berria sortzeko prozesua oso gatazkatsua izan zen puntu polemiko askorekin; politikoki egin ziren erabaki eta ezkutuko jokoek herri mugimenduen arteko ezberdintasun historikoak berpiztea lortu zuten. Honi esker, mugimenduak sakabanatuta geratu ziren eta kontrolatzeko errezago. Correa jolasean aritu zen gobernuan bere alboan nork jarriko zuen erabakitzean, eta gaur egun oraindik ere bere lagun eta etsai errepresaliatuak honen arabera definitzen dira.

Asimilazio faseak

Ikusi dugu gobernu «aurrerakoiek» nola jokatzen duten, baina ikusi dezagun ere zer gertatzen den herri mugimenduetan bien bitartean…

Hasiera batean maitemintze fasea ematen da; alde batetik gobernuaren lehenengo neurriak oso radikalak izaten omen dira eta egoera bereziki mingarriei aurre egiteko balio izaten dute (errepresoreen epaitzea, familia txiroentzat laguntzak…). Honekin batera, errepresio maila asko jeisten da eta gainera mugimenduak diruz laguntzen dituzte. Konfiantza sortzen da, herri lanerako esperantza berria, dirua erabiltzen ikasteko momentua, hainbat proiektu gauzatzeko aukera. Brasilen esaten zuten PTak politikari itxaropena eman ziola.

Ondoren desenkantu fasea dator. Hasierako neurri horiek ez dira uste bezain radikalak, ez dituzte sistemaren zutabeak aldatzen eta beraz, injustiziak ez dira desagertzen, ez da jendearen bizitza konpontzen. Mugimendu edo elkarteentzat dirua egon arren, aurrekontuek eta legediak empresa handien esku eta hauen onerako jarritzen dute izaten. Gainera errepresio solapatuaren fasean sartzen gara, pertsonalizatuagoa (beste kriminalizazio mota ematen da: auzoetako gazteak, talde txikietako militanteak…). Baina oraindik ere mugimenduek konfiantza dute, saiatzen dira akordiotara heltzen eta heltzen ez direnean protesta xumea izaten da, badazpada, negoziazioak ez apurtzeko.

Hirugarrenik etsipen fasea dugu, gobernuak bere bidea hartu du eta gero eta antza gehiago dauka eskumarekin, baina jada ez dago erantzuteko indarrik. Mugimenduetako kide askok gobernuan edo administrazioan egiten du lan; taldeen lanak GKE baten antza hartu du, gobernuaren politika asistentzialak aurrera eramaten ari dira (ura denontzat, bolsa familia…). Herrigintza gobernuaren diruarekin ohitu da eta kostatuko litzaioke berriz ere diru gabe funtzionatzea…

Beste kasu batean, lehen esan bezala, «egin dugu ahal izan dugun guztia, behintzat eskumarekin baino hobeto gaude» leloa nagusitzen da. Fase honetan bada hala ere, gobernuaren errepresioa ikusi ez eta oraindik sinesmena duena.
Boterean mantendu

Sistemaren zutabeak ikutu gabe daudenez, hurrengo gobernuak herentzian herri nekatu eta asimilatu bat jasoko du; kapitalismoa intakto dagoen bitartean. Herri hau gainera, askoz sumisoagoa da, ezkerreko gobernuen politikek kapitalismoaren alderik krudelena leuntzen dutelako, hori da sistemaren jarraipena ahalbideratzen duena. Leuntze hau ez da egiten herrien edo familien autonomia sustatuz baizik eta beraien dependentzia ziurtatuz, bizi kalitatea handitu egin da, edo bizitza ahalbideratu da baina neurri populistak edo asistentzialistak erabiliz. Klientelismo handia sortzen da, nork esango edo egingo du zerbait gobernu eta sistemaren kontra, honek jaten ematen badigu? Biziraupenaren txantaia oso krudela da, eta oso eraginkorra ere, istilurik nahi ez baduzu.

Hasiera batean giza eskubideak aldarrikatzen dira eta errepresioa mantsotu egiten da baina honek ez du esan nahi indarkeria desagertu denik. Hor daukagu Kirchner kasua, alde batetik 70. hamarkadako errepresoreen kontrako neurriak hartu ziren baina etsai berriak agertu ziren eta desagertu berriak ere: auzo txiroetako gazteak, dirurik ez dutenak… Eta protestaren kriminalizazioa ere eman zen.

Guzti honi beste irizpide bat lotu behar diogu. Alderdien helburua boterea eskuratzea edota boterean mantentzea da, horretarako ezkutuko aliantzak egin behar badituzte ere, herriarentzat kaltegarriak diren neurriak hartu behar badituzte ere.
Berriz ere Nikaraguaren kasua oso argigarria zaigu. Ortega gobernuak hitzarmen bat sinatu du Txinako multinazioanal batekin bi itsasoen artean kanal bat zabaltzeko.
Beste neurrien artean, kanal horren kudeaketa 100 urtez enpresaren esku egongo dela esaten du hitzarmenak (kanalak lurraldearen zati handi bat hartuko du maila fisikoan, eta garapen politiko ekonomikoaren oinarri da). Azpiegitura honek hainbat herri eta lurralde originario suntsituko lituzke, nekazal familiak kanporatuko lituzkete, turismo komunitario ekimenak desagertuko liratezke, erreserba naturalak suntsituko lituzke, Ertamerikak duen ur gozo laku handiena arriskuan jarriko luke… Eta nola ez, zalantzan jartzen du nikaraguar herriaren subirotasuna: elikaduran, energian, politikan, ekonomian… eta herrien autonomía. Baina kanal honek bertute handia dauka, nazioarteko botereekin alianza zabaltzen du.

Aurrera eginez

Ezkerreko alderdi batek ezkerreko mugimendurik nahi ez badu, mugimenduak ahultzeko estrategiak martxan jartzen baditu, eskumako botereekin aliantzak egiten baditu, eskuak lotuta aritzen bada lanean, neurri asistentzialistak bultzatzen baditu edota ez badu herrien autonomiaren alde egiten benetako aldaketa baterako oztopo bihurtzen da.

Bestaldean, herri mugimenduek beraien lana gobernuaren esku uzten badute, alderdiari leialak badira (eta ez ideia edo neurriei), kritikarako gaitasuna galtzen badute, diru edo politiko dependiente bihurtzen badira, alderdiaren publizitaterako tresna bihurtzen badira, autonomía galtzen badute, kaleak hutsik uzten badituzte edota ausartak ez badira, benetako aldaketa batetik urruntzen gaituzte, edo gara.

Bada ordua, hemengo herri mugimenduetan ausardiaz eztabaidatzeko, aipatu ditugun errealitate hauek, urruti dauzkagu? Identifikatuta sentitu gara? Irakurri duguna gure artean gertazen ari da? Ikusi beharko dugu koptazioa ematen ari den, diskurtsoak leuntzen ari diren, autonomia edo dependentzia egoera bateruntz gabiltzan, nork jerarkizatzen dituen gaiak eta markatzen duen agenda… Prozesuan akatsak egingo ditugu, baina akats berriak izan daitezen, beste batzuk jada egin dituztenak ezagutu behar ditugu, eta ez errepikatzeko neurriak martxan jarri.

Esti Redondo
Herri Mugimenduko kidea