EUSKAL HERRIA, MATXINADA GARAIAK EZKER ABERTZALEARENTZAT?

Matxinada gaur egun izeneko eztabaidaren esparrutik gaiaren alderdi oso zehatz bati heltzen dion ekarpena jaso dugu honakoan: azken urteotan ezker abertzalearen estrategia politiko ofiziala markatzen dutenek izan duten jarrera aldaketa.

Jarraian irakur dezakezuen testua Gasteizko pertsona batzuon eztabaida bateratuaren emaitza da. Pentsamendu libertario / autonomo / antiautoritariotik gertu dauden kolektiboetako kide gara guztiok (lerroon bitartez horren ordezkari gisa agertzeko asmorik ez dugun arren) eta gizarte eraldaketaren aldeko hainbat borroka eta ekimenetan engaiatuta gaudelarik, ezker abertzalea (aurrerantzean, EA) deitu ohi den espazio ideologiko zabal horretako kideekin besoz beso dihardugu aspalditik zenbait esparrutan.

Kezka larri batek garamatza esku artean duzun idazkia prestatzera; EAren espektro zabalaren barruko zenbait sektoreren politikan gertatzen ari den jokabide-aldaketaren inguruko kezkak, hain zuzen ere (Sortuk eta, hein batean, Bilduk ibili behar duten bidea markatzen ari diren sektoreez ari gara funtsean, EAren barruko beste organismo eta lan-ildoei ere eragiten dietelako). Kasu batzuetan gizartea eraldatzeko Euskal Herriko herri dinamika oztopatzeaz gain, dinamika moteltzen eta atzera itzularazten ari da dagoeneko.[[Izan dezakeen anbiguotasunaz jabetuta erabili dugu terminoa.]] Hala ere, eztabaida gutxi izaten da herri dinamika horren inguruan eta, antza, EAri berari kosta egiten zaio publikoki kritikatzea, «gutarrekiko leialtasuna» oker ulertzeagatik, gure ustez[[Idazki hau prestatu eta argitaratzen zen bitartean, zenbait testu sarean agertzen hasi dira eta, horietan, aipatu dugun analisia argi eta ezin eztabaidatuzko moduan jorratzeari ekin diote EAren barruko talde zein pertsona batzuek.]].

Kezka horrek bultzatuta planteatzen dugu EAren mugez gaindiko elkarrizketa, analisia eta iritzi-azalpen publikoa bideratu behar dela, Euskal Herriak gizarte eraldaketa erradikala (errotikoa) jomuga eta konpromiso gisa izaten jarraitu behar duela eta, gainera, eraldaketari herri izaera iraultzailea kenduko liokeen jito posibilista edota erreformisten aurkako pentsamoldea dugun pertsona eta iritzi-joera guztien artean egin beharreko lana dela hori. Zoritxarrez, eraldaketen hasierako izaera iraultzailearen desitxuratzeen adibide gehiegi ditugu herrien Historian kontutan ez hartzeko.[[Nikaragua, El Salvador, Libia, Argelia, eta abar, adibide gutxi batzuk aipatzearren.]]

Behin idazkiaren zergatia labur azalduta eta seinalatutako gaietan sakonago joan aurretik, zehaztapen batzuk egin beharrean gaude. Hasteko, kanpora mamuak: idazkiaren xedea ez da inolaz ere partaide gaituen espektro ideologikoa (berr)antolatzeko ekimena edo deia izatea, espektro horri baitagokio eztabaida egitea eta, edonola ere, ez garelako bere izenean ari. Are gehiago: gure ustez, helburu dugun gizarte iraultza hezurmamituko badugu, gizarte eraldaketa nahi dutenen arteko lankidetzaren aldeko apustu sendoa egin (edo egiten jarraitu) behar dugu, halabeharrez. Bestalde, argi eta aratz ikusten dugu Euskal Herrian azken hamarkadetan bizi (izan) den borroka iraultzailea EAk egindako lanaren emaitza dela gehienbat eta, bizi ditugun garaiak kontuan izanda, luze bezain zabal baloratu beharreko kontua dela hori.

Hasiera-hasieratik onartzen dugu analisietan hanka sar dezakegula, EAko kide ez garenez, ez dugulako egitura horren barne dinamika ezagutzen, baina nahiago dugu ez jakiteagatik kale egitea, gure ustez kritikatu eta zalantzan jarri beharko liratekeen dinamika edo estrategien aurrean isilik geratzea baino. Ez garenez po» ere, militantzia-zereginen egunerokotasunean bizi dugun egoerak sortutako kezketatik jaio zaizkigu iritzi eta baloraziook. Hel diezaiogun behingoz gaiari, bada.

Jitoaren jatorria eta lehen ondorioak

2010eko hasieran, Zutik Euskal Herria eztabaidaren azken ondorioak aurkeztearekin batera, «prozesu demokratikoa» akuilu izango zuen ziklo politiko berriaren aldeko apustua egiteko eta prozesuarekiko konpromisoa aldebakartasunez hartzeko erabakia hartu eta publikoki adierazi zuen EAk. Urte eta erdi luze geroago, «jarduera armatua behin betiko uzteko» erabakia jendarteratuta, ziklo aldaketa onartu zuen ETAk, baita prozesu demokratiko aldebakarra ere, ustez. Alderdi formalei dagokienez, instituzioetan parte hartzeko koalizio politiko bat (EHBildu) zein alderdi politiko bat (Sortu) eratu eta EA osatzen zuten organismo desberdinak (esaterako, Amnistiaren Aldeko Batzordeak, Ekin, Segi…) berregituratu ziren aipatutako aldaketa prozesuaren eraginez.

Aitortu behar dugu ezinegona eragin zigula «prozesu demokratiko aldebakarra» aldaketarako akuilu gisa aurkezte hutsak ere, baina izenak izanez jantzi arte itxaron beharra zegoen, EAren barruan gizarte iraultzaren aldeko apustu argia eginda zutenen ahotsa ozen entzungo zelako itxaropenez. Sorturen barne eztabaidetan ere hala izango zela imajinatzen dugu, baina edonola ere, eztabaida haietan onetsitako dokumentuek iradokitzen dutenaren arabera, ildo «posibilista eta pragamtikoagoa» gailendu dela dirudi. Ernairen eztabaiden kasuan, gogoz geratu ginen EAren esparrurako zeharo berritzailea izan zen Elorrioko[[elorriponentzia.files.wordpress.com/2013 /01/elorri.pdf]], txostenean planteatutakoaren aurrean gazte erakundeak zer jarrera hartzen zuen ikusteko, azkenean eztabaidatik kanpo geratu baitzen. Dagoeneko argi utzi dugunez ez garela EAn adituak, ez ditugu euren dokumentu eta eztabaidak aztertuko, edozeinek azter ditzakeen ekintza politiko publiko eta zehatzak baizik.

Esan bezala, artega utzi gintuen «prozesu demokratikoaren» aipamenak, «tra(nts)izio demokratikoaren» antza hartu geniolako. Zertzelada gutxi batzuetan azaltzearren, trantsizioan, indar politiko batek (PCE) legeztatzea lortu eta «kredentzial demokratikoak» eskuratu zituen, garai hartan estatuko ezkerraren baitan piztuta zegoen mugimendu kontestatario eta eztabaidazalea (kasu batzuetan, iraultza aurreko ezaugarriak zituena) eutsi eta gutxika desaktibatzearen truk. Euskal Herrian gaur egun antzeko zerbait gertatzen ari delakoan gaude, uste baitugu Sorturen legeztatzea (legedian ezarritako eskakizun guztiak betetzea) diskurtso-edukien zein sistemari ihardukitzeko mobilizazio-proposamenen moderazio- eta modelatze prozesu bati argi eta garbi lotuta datorrela. Hainbat ondorioren egiaztapenek garamatzate hori baieztatzera.

Hasteko, «euskal gatazka ebazteko prozesu» deritzonaren esparruan ematen ari diren pausoak aipa genitzake, baita azken boladan EAren bozeramaile ofizialek indarkeriaren inguruan hartzen dituzten jarrerak ere: arbuioa eta bereizmenik gabeko aurkaritza, argi utzita indarkeria erabiltzen duena «EAren estrategiatik kanpo kokatzen dela». Horixe errepikatu dute azken aldiko ekintza, sabotaje eta antzekoen harira, ezker iraultzaileko lagunengandik indarkeria politikoa praktikatzearen ondorioz mehatxupean edota jazarrita bizi direnekiko itxarotekoa den elkartasunaren aurka (EAk horixe bera eskatu du urte luzez, bat etortze ideologikoez gaindi). Hala ere, idatzi propioa eskatuko luketen gaietan ez luzatzeko, Armiarma kolektiboak 2012ko abenduan argitaratu zuen aldizkarian esandakoari lotuko gatzaizkio, funtsean, bat gatoz eta[[Horren berri izan nahi duenak EZ kolektiboari eska diezaioke]].

Hori bezain kezkagarria da kapitalak berak sortutako krisiaren aitzakiarekin erabateko oldarraldiari ekin dioten honetan, «Ongizate Estatu» deritzona eraisten ari direlarik, biztanleriaren zati handi bat bazter geratzera kondenatzen ari diren eta lanari eusten diotenak ere esklabo berri bihurtzen ari diren murrizketak aurrean izanda… EAren planteamenduak ahuntzaren gauerdiko eztula direla. Eta ez gara bakarrik esparru sindikalaz ari (diskurtsoari dagokionez, bederen, ELA baino otzanago agertzen ari da LAB), batez ere, Europan barrena gurea bezain zigortuta dauden tokietan gertatzen ari den bezala, hizpide dugun ekintza politikoaren ardatz gisa jarri beharko lituzketen herri ekimenak ditugu gogoan.

Hurrengo mailara igota, botere desberdinen nahiz klase politikoaren multzo osoa aurretik ezagutu gabeko neurrian zalantzan jartzen ari den instituzio egitura espainiarraren krisi sakona bizi dugun honetan, biztanleria desberdinak nazka adierazteko masiboki manifestatzen ari direlarik, behiala «alaia eta borrokalaria» zen Euskal Herriak ikusle huts gisa ikusten du antza berekin ez doan prozesua, herri aske eta independente gisa izatea eragozten dion estatu aparatuaz ari bagara ere. EAk (Amaiurren bitartez) bere presentziarekin legitimatu beharrean zilegitasunik gabe utzi beharko lituzkeen instituzioetan parte hartzea ere harrigarria da oso, baina are harrigarriago suertatzen da egungo testuinguruan amaraun instituzional espainiarra agerian uzteko ere erabiltzen ari ez dela ikustea; antza denez, aurkakoa lortzeko erabiltzen ari dira euren presentzia instituzionala, alegia, behin Estatuak inposatutako galbahetik igarota (batez ere, «alderdien lege» «arrakastatsuaz» ari gara), klase politiko espainiarraren aurrean «zilegitasun» instituzionala erdiesteko. Horri erreparatuta, kontuan hartu beharra dago estatuaren aparatua bera dela «sistema parlamentarioaren normaltasun politikoaren» onuradunetako bat, horren arabera zehazten dituelako joko demokratikoaren mugak eta, berriro ere, botere-egiturak eta demokrazia totalitarioa onik eta indartuta atera daitezkeelako borroka-prozesu politiko batetik.

Eta aldarrikapen independentistei buruz zer esango dugu? Bada, inbidia jatorra pizten digula herriaren protagonismo handiarekin Katalunian gertatzen ari den prozesu eratzaileak. Hemen, ostera, ustekabeko sukar independentista batek Urkullu jo arte itxaron behar dugula dirudi, baina aspalditik du txertoa jarrita.

Zirudienez, (hala esan zuten askotan eta Sorturen agirietan ere jasota dago) desobedientzia zibilaren borroka-estrategia aplikatzen saiatu behar ziren (publikoki praktikan jarri duten gutxietan, DZ erreformista eta izaera iraultzailerik gabea izan bada ere, instituzioek gidatutako desobedientzia izan delako, ez mugimenduek gidatutakoa), baina denborak aurrera egin du eta, Herri Harresien[[Militantzia politikoagatik kondenatutako pertsonen atxiloketa erresistentzia pasiboaren bidez eragozten saiatzen diren giza harresiak dira eta, ekintza horren bidez, militantziaren kriminalizazioa salatzen dute aldi berean.]] dinamika alde batera utzita, agerikoa da oraindik desobedientziaren estrategia garatzeko borondaterik eza. Are gehiago, hein handi batean EA beraren oinarrietatik sortutako herri harresien dinamika buruzagien[[Gogora dezagun egun duten presidenteak joan den urtarrilean izandako jarrera negargarria, zipiei bidea irekitzen atxilotu nahi zituzten gazteengana errazago hel zitezen.]] hasierako aurreikuspenak gainditzen ari da eta herriarengandik babes handia lortzen duen dinamika desobeditzaile hori maila jakin batera iristean, euren kontrolpetik aldentzeko arriskua ikusarazi die.

Ikusten dugun hurrengo jito kezkagarriak aldebakartasun madarikatuarekin du zerikusia. Orain arte, herrialde honetako gatazkaren esparruan, EHren independentziara eramango zuten pausoak aldebakartasunez emateko gogo gisa ulertu izan da aldebakartasuna, inolako negoziazioei lotu beharrik gabe eta, zenbaitetan, pauso horietako batzuk eragotziko lituzkeen indarreko legedia gaindituta ere. Aitzitik, ia aurkako zentzua du EAren bozeramaile ofizial gehienek aspaldi honetan defendatzen duten aldebakartasunak: alde bakarreko pausoak (aurretiko akordio edo negoziaziorik gabe), baina demokrazia burgesaren zein haren bake, barkamen, biktima, legaltasun, demokrazia… kontzeptuen onarpenerantz.
EAren taktikak eta estrategiak zehazten dituztenengan ikusten ditugun aldaketen artean, bada bereziki lazgarria den bat, euskal presoen egoerarekin zerikusia duena, hain zuzen ere. Aspaldi ordeztua zuten «presoak kalera, amnistia osoa» leloa «presoak etxera» aldarrikapenarekin (funtsezko enfasia sakabanaketaren amaieran jarrita), baina azken aldian, «etxerako buelta banan-banan materializatuko dela» entzuten ari gara, horretarako, nazioarteko foroetatik ere exijitzen zaizkien «damutzeko eta eragindako mina aitortzeko» baldintzak bete beharko dituzten argi utzi gabe. Estatuarentzat pagotxa galanta da egun EAk jarrera gisa hartu duen aldebakartasuna eta pagotxa horrek pertsona presoen auzian du islarik argiena, Estatuaren aurpegirik mendekuzaleena eta xantaiagileena erakusten baitu. Jakinda herri honek sarri erakutsi duela bere presoak defendatzeko erabakitasuna, harrigarria da ikustea ez dela martxan jartzen ari aldebakartasuna gaindituta Estatutua bere posiziotik aterako duen presioa eragiteko herri dinamikarik, Herriraren urteroko mobilizazioak kenduta (eta horien efektua ere sinbolikoa da, batez ere, EHko barne-kontsumorako eta errepikatzearekin batera ahultzen da). Hala ere, berriro azpimarratu nahi dugu presoen egoerarekiko jarrerak uzten duela beste ezerk baino argiago euskal gizarteak konpromisoak hartzeko eta Estatuaren aurka egiteko duen gaitasuna eta erabakitasuna.

Hauteskunde-hegemoniaren aldeko apustu estrategikoa eta horren ondorioak
Euskal Herriko herri mugimenduaren desmobilizazioa da orain arte azaldutako panoramaren ondorio argia, baina, horrez gain, badago galdetzea zertan ari diren edo ari den orain gehiengo diruditen/dirudien edo proiektuaren gidaritza hartu ei duten / duen EAko sektoreek / sektoreak… Eta erabat ondoezik uzteko modukoa da geuk bilatzen diogun erantzuna: hauteskunde-hegemoniaren bila ari dira eta, lortzen duten tokietan, «ordezkaritzako demokraziaren» instituzioak modu erreformistan kudeatzen (ezkerreko erreformismoa izango da, baina erreformismoa azken batean).

«Ikusgaitasuna» ez galtzeko helburuarekin, EAko sektore jakin batzuek instituzioetan presentzia izateko sentitzen duten beharra ez dugu sekula geure egin, «ikusgaitasun» hori eta, batez ere, borroka eraldatzailea kalean gauzatu behar delako, kalean eta EAri herri zilegitasuna eman dion borrokarekiko konpromisoan. Baina gainera, badirudi Bilduren estrategia (eta ondorioz, EAren zati handi batena) «ikusgaitasuna» ez galtzea izan beharrean, EAJren aurkako buruz burukoan sartzea dela, Baskongadetako hauteskunde-hegemonia lortzeko asmoz, eta horrek «demokrazia parlamentarioaren» egitura instituzionala modu inplizituan onar­­tzea eta legitimatzea eskatzen duelarik, trantsizio espainiarraren kapitulu tamalgarria ekartzen digu gogora.

Eta are larriagoa dena: hauteskunde-hegemoniaren lehia horretan, jarrera sozialdemokratetara gerturatzen ari dira, une honetan duten boto-emaileen merkatua sektore zabalago bati irekitzearren. Bestela, nola uler daitezke Bilduk hartu dituen jarrerak, besteak beste (eta adibide bakar batzuk jartzearren), «bake prozesuaren» eta «polizia eredu berriaren» aferen inguruan edota geroz eta biztanle gehiago gizarte bazterkerian uzten ari diren lapurreria eta espekulazio prozesuetan bankuek nahiz euskal enpresariek izan duten paperari dagokionez?

EAren diskurtsoei erreparatuta ikusten dugunez, Bildu koalizioko kide diren beste taldeekin ulertu beharraren bidez justifikatzen dira maiz jarrera jakin batzuk. Horiek horrela, seinalatzekoa da Bilduk zentzuren bat izan balu, indar independentistak batuko lituzkeen polo subiranista sortzeko eta, horrela, subiranotasuna gertakizunen poderioz lortzeko dinamikan izango litzatekeela (hasiera batean euren burua hala aurkeztu zuten), baina sortu zenetik eta instituzioetan presentzia lortu zuenetik urte batzuk igaro dira dagoeneko eta errealitatearen mintzoa argi bezain aratza da: gaur egun, prozesu subiranistaren aldeko herri dinamika hori entelekia hutsa da eta geroz eta gutxiago aipatzen da gainera. Aitzitik, EAJri ere prozesu subiranistarekiko atxikimendua agertzeko obligazioa sentiaraziko liokeen herri dinamika gorakorra piztu ordez (Katalunian gertatu bezala), badirudi Bilduren estrategia EAJren aurka egitea dela, esan bezala, hauteskunde-hegemoniaren lehian sartzeko asmoz.

Koalizioak tokiko instituzioetan izaten ari den jardunak ere harridura edota sumina eragin izan ditu usu. Gutxi batzuk baino ez ditugu aipatuko; gainerako udal taldeekin batera, banku instituzioen aurkako sabotaje ekintza antikapitalistak arbuiatu dituzte (Amorebieta), herri kontsulten inguruan politika kontraesankorrak aplikatzen dituzte (Gipuzkoako hondakinak) eta naturaz kontrako itunen bidez, eragin txarra izan dute martxan zeuden herri ekimenetan (Gasteizko Alde Zaharra eta autobus geltoki intermodala). Adibide solte batzuk baino ez dira horiek, presentzia instituzionala herri mugimenduen zerbitzurako tresnen arteko beste bat balitz bezala ulertu beharrean, botere instituzionala lortu eta mantentzeko berezko helburu gisa ulertzen duen dinamika deskribatzeko.

Eta bitartean, garrantzia herri mugimenduari eman beharrean parte hartze instituzionalari eman izanaren ondorioz, benetan konprometituak eta borrokalariak diren pertsonen multzo geroz eta handigoa gogaituta sentitzen ari da, desilusionatuta, eta «etxera joateko» erabakia hartzen ari dira; beste batzuek mina sentitzen dute, ikusten baitute EA bera orain arte izandako jarrera iraultzaileen kontrako aldean kokatzen dela (edo, gutxienez, jarrera dibergentea ager­tzen duela), baina min horrek kateatzen ditu eta ez die uzten beraiek ere desleialtzat hartuko lituzketen kritikak egiten. Ondorioak: desmobilizazioa, desilusioa eta hamarkadak dituen herri mugimendua gutxika desegitea.

Errealitatea herri mugimenduetatik eraldatzeko borrokan elkar berrikusteko apustua egiten

Jakin badakigu hitsa eta samina dela marrazten ari garen panorama, baina horrexegatik sentitzen dugu idatzi hau plazaratzeko beharra. Kontua ez da dena ongi egiten duten gorentasun iluminatu, orojakile eta hutsezinetatik «epaitzea edo pontifikatzea». Berez, kontrakoa da, geure miserien jakitun garelako eta gure jarduera esparru den gizarte iraultza bultzatzeko saiakeretan izan dugun arrakasta urria ikusten dugulako.

Albokoaren akatsak kaka botatzeko aprobetxatzea ere ez da gure asmoa. Ondotxo dakigu EAkoen artean badaudela gizarte iraultzaren zereginean bidaidetzat ditugun asko (elkarlanean arituta ikasi dugu hori) eta horientzat dira lerrook, hain zuzen ere. Hartzen den ikuspegiaren arabera, egungo sistemari zutik eusten dion egitura osoaren ustelkeria agerian uzteko abagunea izan daiteke herrialde honek bizi duen egoera soziopolitiko gorabeheratsua, baita Euskal Herri benetan librea, subiranoa, harro sentitzeko modukoa oinarrietatik eraikiko duen herri dinamika mar­txan jartzeko aukera paregabea ere.

Horrexegatik bizi dugu artegatasunez eta harrituta idatzi honetan aipatutako egoera eta horrexegatik deitzen diegu EAko lagun horiei egoera aldatzen saia daitezen, herri honen eraldatze eta konfrontazio gaitasuna larriki kaltetzen ari delako, sekula baino beharrezkoa den unean gainera. Ez diegu inolaz ere esan nahi zer edo nola egin behar duten, baina argi jakinarazi nahi diegu hemen gaudela eta hemen jarraituko dugula, borroka iraultzailearen alde eta geure herri zein hirietako kaleetan elkar harturik topatzeko esperoan, errealitatea eraldatu eta ametsetan dugun Euskal Herria oinarrietatik eraikitzeko gai diren herri dinamikak bultza­tzeko. Lan handia dugu egiteko eta ezin atzeratuzkoa da.

2013ko azaroa