2007-2008 urteetan AHTren aurkako borrokak goia jo ondoren, 2009.garren urtean impasse egoera nagusitzen da. Lan eremuak ugaltzen dira, esleipenak gero eta gehiago dira eta borroka biderkatu beharrean, apalduz joaten da. Hainbeste aipatutako gehiengo sindikalaz, herri mugimenduaz, eta kaltetutako biztanleriaz ez da osatzen benetako masa mugimendurik. Jendearen borrokarako grinaren guttitzea nabaria da.
Egoera honen aitzinean, 2009ko udatik goiti AHT Gelditu! Elkarlanaren baitan geldiune honetatik nola atera eta borroka nola indarberritu aztertzen hasten da. Zentzu honetan desobedientzia zibileko borroka fronte bat zabaltzea ezinbestekotzat jotzen da, oposizioaren ilusioa berpizteko, ekimenak indartzeko eta ekintzarako gogo gehiago sortzeko. Informazioa zabaltzen ahalegin handia egin arren, mobilizazioaren goia jo arren, eta toki aunitzetan herri kontsultak antolatu arren lan eremuak zabaltzen diren horretan, desobedientzia zibilean ahaleginak metatzea guztiz nahitaezko ikusten da.
Honen guztiaren inguruan zera aztertzen da:
– Desobedientzia zibileko estrategia barruan koka daitezkeen ekintza gehienak AHTren aurkako Asanbladak, bere inguruneak eta aski lausoak diren beste taldeek eginak dira (Itsasondoko zuhaitzen defentsa, mehategien ekintza, e.a.) eta mota honetako jardueretan AHT Gelditu! Elkarlanaren inguruko eta oro har jendartearen pertsonak bideratzea egoki ikusten da.
– Mota honetako ekintzak ordura arte lan eremuetan eginak dira eta hauek ahulgunerik ez izanik, ez dute eragin handirik sortzen. Hori dela eta, halako ekimenak hirietara bideratzea egokiago ikusten da, jende gehiagorengana iritsi ahal izateko.
– Ordura arte egindako ekintzek militantziaren “erretzea” suposatu dute, kostu errepresiboarengatik. Nahiz eta orain arte presondegitik inor pasatu ez, jende aunitzek bete gabeko kartzela-hilabeteak pilatzen ditu. Horrek etorkizunean ekintza gehiago egitea baldintzatzen du, zigor gehiago jasotzeak eragiten duen kartzelaldia saihestu nahi izaten delako. Denboran manten daitekeen dinamika eragitea interesgarritzat jotzen da, errepresioarengatik agor ezin daitekeena.
Desobedientzia zibila AHTren aurkako borrokan nola txertatu aztertzeko barruko eztabaida egin ondoren, 2010eko udaberrian tokian tokiko talde zein norbanako guztiei Zaldibian biltzera deialdia egiten zaie. Euskal Herri osoko 50-60 lagun inguruk parte hartzen dute topaketa horietan eta Mugitu!Mugimendua (M!M) sortzen da.
Mugimendu hau oposizioaren gainerako eragileekin batera AHTren proiektua gelditzeko sortzen da, desobedientzia zibila tresnatzat hartuta.
Mugimendu honek bere burua erakundetzat jotzen ez duenez gero, erantzunkizuna bere gain hartuz ekintza publiko eta ez biolentoak egiten dituzten talde guztiei izena eta logoa erabiltzeko gonbita luzatzen die.
Hasera haseratik, argi uzten da mugimendu hau ez datorrela inoren lekua hartzeko asmoz, AHTren aurkako borrokan ortzimuga eta ideiak zabaltzeko baizik, guztion artean, nork bere esparruan, makroazpiegitura suntsitzaile, antisoziala eta ezdeus hau gelditzen saiatzeko.
Oso ekintza partehartzaileak proposatzen dira, ahal den jende gehien ilusionatzeko eta borrokaren protagonista egiteko, egoera txarrik ez sortzeko, kostu errepresibo sortarazten ez dutenak eta ekintzetarako gogoa pizten dutenak. Ahal bada, ekintza bera Euskal Herriko leku gehienetan aldi berean egitea saiatuko da.
Tokian tokiko taldeei modu deszentralizatuan ekiteko aukera ere zabaltzen da.
Marka bat sortzearen arrazoia da mota guztietako ekintzak bere baitan biltzea: partehartzaileak eta arinak, ikusgarriak eta gogorragoak. Honekin batera, Mugimendua finantzatzeko saltzeko baliabideen zabaltzeak ( pinak, egutegiak, kamisetak..) batasuna eta mugimendu batean parte hartzearen irudia handiagotzen du.
Bi urte luze hauetan zehar M!Mk ekitaldi mordoxka burutu du (informazio osoa bere webgunean):
-Billete zigilaketaren kanpaina, ekitaldi publiko batzuek lagunduta.
-Instituzio eta enpresen salaketa ekintzak: Eusko Jaurlaritza, Ogasuna, tartakaden ekintza, Mariezcurrena,…
-Beste kolektiboekin batera: osasungintza, ikasleak, irakasleak, langabetuak, sindikatuak….
– Informatiboak: pintaketak, pegatinaketak, ibilgailuetan milaka ”isun” faltsuren ezarketa xahuketa ekonomikoa salatzeko, ibaien tindaketak sistema hidrogeologikoetan eragindako kalteez ohartarazteko,…
– Hiru asteko baraualdi desobedientea, ordura arte egindako mota guztietako ekintzak batu dituena.
Oro har, urte hauetako jarduna positiboki baloratzen ahal da:
-Nahi bezainbat akaso ez baina makroazpiegitura honek zuzenki kaltetu edo kaltetu gabeko toki frangotan M!Mren dinamiketan parte hartu da.
-Jende askoren eskuhartzea- batzuetan 80-100 lagunena- lortu da ekintza bateratuetan, gehiegi erre gabe eta segitzeko gogoz.
-Ez da soberako kostu errepresiborik izan, gainditzen ahal gaituen tartakaden ekintza salbu. Gako hau probestu beharko da, Euskal Herrian, Estatuan zein nazioartean ere.
-Murrizketak, pribatizazioak, prekarietate eta jendarte bazterketa borrokatzen ari diren talde aunitzekin batera lan egin da, AHT gelditzeko gure aldarrikapena eta eurenak bat eginez. Une honetan elkarlanean sakontzeko egoera ezin hobean gaude.
-Jende askoren sinpatia piztu da ekintzen orijinaltasuna eta aniztasuna dela eta.
-Hainbat ekintzatan, tartakaderenean esaterako, AHTren gaia hitzetik hortzera ibiltzea lortu da.
-Eta, hitz batez, “AHTk platera husten digu” baraualdiaren leloa poterearen gezurrak iresten ez dituen gero eta jendartearen sektore gehiagok bere egiten dutelako.
Aspektu negatiboen artean honako hauek azpimarratuko genituzke:
-Tokian tokiko taldeetan ez da bizitza propiorik sortu. Batzar orokorraren ekimenetatik dependentzia handiegia dago.
– M!M, borrokaren gainbehera egoeran sortu denez gero, modu batez edo bestez borroka maila hori mantentzen lagundu du baina borroka haztea eta ilusio gehiago sortzea ez du lortu.
ERREPRESIOA ETA BERE ERAGINA BORROKAN
Hasera haseratik begibistakoa izan da AHT Euskal Herrian estatu afera dela, jite estrategikoa duen proiektu utziezina, gauza eta persona ororen gainean inposatu beharrekoa. “K-aht-eak txikitu” ekimenak karrikaratutako “AHTren aurkako mugimendua eta errepresioa” txostenean ederki ongi jasotzen den bezala, proiektu honen inposizioa bere alderdi guztietan nabarmentzen da:
– Informazio izkutaketa- Hedabideen pozoiketa- Eztabaidaren ukazioa
AHTren erakunde sustatzaileek proiektuaz eta bere ondorioez ez diete egiazki informatu ez jendarteari ezta zuzenki kaltetuei ere. Propaganda zabarrak ordezkatu du egiazko informazioa, beti ere nabarmenduz AHT dela modernitatea eta aurrerabidearen ikurra. Oposizioa jendarteari informazioa ematen saiatu izan den gehienetan, aginteak oztopatu egin du, hedabideek arbuiatu eta aunitzetan pozoindu egin dute, sarri askotan biolentziarekin lotuz.
Eztabaida publikoari ateak itxi zaizkio modu ezin eskandalugarriagoan.
– Erabakitze ahalmena eta herrien autonomia ezabatuak:
Herrien eritzia ezagutzeko antolatu diren herri kontsultak, zangotrabatuta, ilegalizatuta eta baita auzipetuta ere izan dira. Halaber, legeak propio aldatu dira desjabetze izapideak udaletxeetan egitea galarazteko eta horren ordez, Gobernu delegazioetan burutzeko.
– Lanen militarizazioa:
Lanen haserak -batzuetan lehenagotik ere- Ertzantza, Guardia zibila zein segurtasun pribatuaren enpresen aldetik okupazioa, nagusikeria eta gehiegikeria polizialaren gorakada izugarria suposatu du.
– Protesten aurkako kriminalizazioa eta errepresioa:
Borrokan izan duen eraginari dagokionez, landu beharreko atala da hirietan zein lan eremuetan egindako protesta ekintzen aurka izan den errepresioa eta kriminalizazioa. Borrokaren garai gorenetan botereak oposizioari ezta milimetro bera ere ez diola utzi izan begibistakoa da. Kriminalizazio saiakerak agerian gelditzen dira Ertzantzaren barne agiri bat filtratzen denean. Delako agiri horretan poliziei agindu egiten zaie desobedientzia edo erresistentziazko ekintzak biolentziatzat jotzeko, Entzutegi Nazionalera bideratzeko helburuarekin. Saiakera honek gehienetan huts egin du, salbuespeneko entzutegi horretako epaileek onartu ez dituztelako iritsi zaizkien auzibideak. Poliziaren jazarpena aski sistematikoa izan da, Urbinako erresistentzia gunearekin gertatu bezala; kasu batzuetan, gerra zikinaren ezaugarriak hartu izan ditu, Goierriko lan hastapenetan bezala, non oposizioaren hainbat kide esanguratsuk jazarpen pertsonalizatu eta jipoiketak jasan dituen; eta batzuetan, jazarpen hori neurrizgainekoa izan da, Urbinako laneremura egindako martxan bezalaxe, non partehartzaile aunitzek poliziaren izugarrikeria pairatu duten; horrek adierazten du geroztik lan eremuetara joateko egin diren martxa saiakeren urritasuna.
Aipaturiko txostenean bilduriko kronologia errepresibo luzea aztertu ondoren, botereak taktika honen bitartez lortu nahi dituen helburuak honako hauek direla ondoriozta dezakegu:
– Borroka “judizializatzea”: AHTren aurka borrokatzeko oposizioaren arrazoiak bigarren mailara pasatzen dira. Botereak zera islatu nahi du: aurkariak beti iskanbiletan nahasita dira eta horregatik, beti epaitegietan daude, joku demokratikoaren arauak errespetatzen ez dituztelako.
– Oposizioa bildurtzea: Politikari baten aurrean protesta egiteagatik 7 urterainoko kartzela zigorreko eskaera fiskala, lan eremuetan protesta baketsuagatik 4 urtekoa edo pintaketa hutsarengatik bi urtekoa izateak oposizioa izutzea du helburu. Hasteko, auzipetutako lagunek ez ta bere inguruneak ere, ez dute gogo handirik izanen mota honetako ekintza gehiagorik egiteko. Eskaera horietako asko ezerezean gelditu arren edo epaia dexente apaldu arren ez du haseran sortzen duen eragin geldiarazlerik ezabatzen.
Borroka urte luze hauen guztien ondoren badago jende aunitz bete gabeko kartzela hilabeteak dituena eta presondegia saihestearren bere aktibismoa baztertu beharra izaten duena. Honek mota bateko ekintzen agorpena -batez ere lan eremuetan- erakarri du, aurreko atalean aztertu dugun bezalaxe.
– Oposizioa ekonomikoki itotzea: Borroka urte hauetan diru ordainketa handiak etengabeak izan dira. Kaudimenik eza ez da aski babes orain dela urte batzuetan bezala. Isunak edo egun –isunak, aunitzetan jaso dituenak ordaintzen ditu eta beste batzuetan oposizioak ere. Honek guztiak hurrengo ekintzen inguruan uzkurtasuna eragiten du eta baita geure borroka denboratik dexente lan antierrepresiboak egitera behartzen gaitu: kontzertuak antolatu, material salmenta eta diru ateratzeko hainbat eta hainbat jarduera antolatu beharra. Gainera, etsaia ekonomikoki indartuta ateratzen da: Falta zaiguna, arraioa!
Faktore hauek guztiak kontuan hartuz, ezinbestekoa da borrokaren ondorio errepresiboak ezabatu edo gutxienez gutxiago ditzakeen egitasmoa sortzea.
EGUNGO EZTABAIDAK ETA ETORKIZUNEKO ERRONKAK
Egun, Euskal Herriko AHTren proiektua bere historiako unerik zailenetako batean dago. Krisialdi gordinaren egungo testuinguruan eta espainiar estatua porrot ekonomikoaren amildegiaren ertzean dagoelarik kosta ala kosta proiektuarekin aitzina egitea gero eta ulertezinago egiten zaio jende aunitzi. Horren arrazoiak honako hauek dira:
– Zituen zilegitasun eta jendarte eskaera urriaren galtzea: .Langabezia tasa eta prekarietate zein jendarte bazterketak goia jotzen dutenean AHTk modernitatea, garapen ekonomiko eta antzeko asmakeriak ekarriko dituelako gezurra inork gutxik sinesten du.
– Lanpostuen leloa, egungo abagunean baliogarri izan zitekeen argudio bakarra ere ez da batere sinesgarria, mundo mailan azpiegituretan txapeldun den estatuak duen langabezia maila handia kontuan hartuz.
– “Espainia altzairuzko hariz josteko”[[2004 eta 2009 artean gobernu sozialistaren sustapen ministro izandako Magdalena Alvarezen esaldi ezin borobilagoa. Egun Europako Inbertsio Bankuaren lehendakariordea da. Banku horrek 1000 milioiko kreditu bat eman dio berriki Espainiako gobernuari euskal Y grekoaren lanak aurrera eraman ahal izateko.]] handinahikeriaren porrota: batez beste, eguneko 9 bidaiari garraiatzeko 18.000 €ko galera metatzen zuen Toledo- Cuenca- Albacete bezalako zerbitzuen porrota eta oro har, Espainiako Estatuan AHTren linea bakar bat ere errentagarri ez den egiaztapenak- Euskal Herrikoak ezta ere- gero eta txirotuagoak diren jendarte sektoreetan zarrastalkeriaren ideia handitzen du.
– EAEren agintarien eta batez ere Nafarroako gobernuaren burugogorkeria begibistan gelditzen ari da. Euskal Y grekoan inbertsioaren hiru laurden egiteke dago, gobernu zentralak datorren urteko aurrekontua %40ean murriztuko du eta proiektua burutzeko data zehaztu gabe dago. Gainera, bukatzeko premiarengatik edo, behin-behinekotasun eta planifikazio gabezia izugarria erakusten ari dira. Euskal Y bukatu arren, Madrilekin konektatzeko Burgos- Gasteiz tartea ez da hasi ere egin eta are guttiago Europarekin lotzeko Iparraldeko tartea ere.
Nafarroari dagokionez, egoera are surrealistagoa da: Madril eta Nafarroako gobernuaren arteko hitzarmena kolokan dago, inor betetzen ari ez delako. Azken hau dirua aurreratzen ari da itzuli eginen ote dioten inongo bermerik gabe. Cadreitan 8 km.ko lan eremua hasi dute Zaragozarekiko lotunea onartu gabe eta euskal Yrekiko lotune proiektu egingarririk gabe. Irailan hasi behar zuten hurrengo azpitartea oraingoz ez dute abiatu. Iruñea eta Tuterako bi geltokiak airean daude, euren finantziatzioren inguruan zalantza aunitz daudelarik. Hau guztia herrialdean burutu diren hainbat eta hainbat herri-lan guztiz defizitarioekiko kritika testuinguru erdian: Itoitz urtegia-Nafarroako ubidea, Urantziako Zirkuitoa, Aireportuaren zabalkundea, Arena pabilioia,…
Zoritxarrez, AHTren proiektuak ahulezia eta jendarte zilegitasun gabezia handienak pairatzen ari den garaian, oposizioa ez dago prezeski bere sasoirik sasoikoenean. Abaguneak inoiz baino sendoago izatea eskatzen duenean ez dugu lortzen zuhaitzen gainetik hegan egitea:
– Desagertu berri den AHTren aurkako Asanbladaren sorkuntzatik ia ia 20 urte eta AHT Gelditu! Elkarlanaren hastapenetatik 10 urte baino gehiago iragan diren honetan borrokaren agortze eta higadura begibistakoak dira, jende aunitz bide bazterrean gelditu direlarik , ageriko txanda aldaketarik gabe. Borrokaldiak denboran horrenbeste luzatzen direnean halako kasuak ohiko bihurtzen dira.
– Azken mobilizazioak oposizioaren termometro bihurtu dira. Indar erakusgarri izan ordez, ahulezia erakusgarri bilakatu dira, geure helburuetarako guztiz kaltegarri.
– Euskal Yren zenbait tarteren aurrerapenak aurkari bat baino gehiagoren borrokarako grina hondoratu egin du. Lanak oso aitzinatuta dauden toki gehienetan bertako taldearen desagerpena suertatu da.
– Bitxia bada ere, herri kontsulten ondorioz AHTren errefusapena nagusitu den toki aunitzetan, neurri handi batean oposizioa desagertu egin da. Agian borrokarekiko gure konpromezua hautestontzi batean bozkapapera ematera mugatzen al da?
– Oposizioaren barruan, duela urte batzuetan garrantzia handia zuen esker abertzaleak, AHTren aurkako borroka bigarren mailan utzi du, agian egun daraman aliantza politikan deseroso bilakatu zaiolako. Halaber, ez du botere aukerak baliatzen jakin edo nahi izan berak kudeatzen dituen instituzioetatik proiektua oztopatzeko.
Autonomiaren esparruan mugitzen diren sektoreak, AHTren aurkako asanbladaren ingurukoak, alegia, azken urteotan ere ez dira argi ibili, non barne arazoek, ideologia gehiegikeriak, oposizioaren beste sektoreekiko lankidetzarako gogogabezia etabarrek AHTren aurkako borrokaren aitzindari izan den taldearen amaiera erakarri duten.
Gero eta ezinbestekoago bihurtzen ari da AHTren aurkako borrokaren biziberritzea: murrizketa, pribatizazio eta prekarietatearen aurka kalean borrokan ari diren sektoreekiko bategitea; desobedientzian sakontzea; Espainiako estatuan AHTren ezarpenak suposatzen duen zentzugabekeriaz, amaitu gabeko lanez eta zerbitzuen eraispenaz informatzen segitzea; gizarte atsekabea azpiegitura handien aurka zuzentzea.
Bizitzen ari garen aldeko abagune historikoaren mailan egon behar dugu. Iparraldetik ikasi behar dugu, non kolore ugariko oposizio anitzaren irmotasuna munstruoaren abiada gelditzen ari den.
Aunitzetan entzun dugu Euskal Herria Europako azken herri indigenetako bat delako kontua, non amalurrarekiko bategitearen taupadak entzuten diren eta komunitatearen lotuneek bizirik dirauten… Hala ere, zubibide erraldoiak aitzinatzen zein tunel bukaezinak zulatzen ikusten dugunean, zalantzak pizten zaizkigu…
Ba gara ala ez gara?
Ezin diegu utz.