LATINOAMERIKA: GOBERNU PROGRESISTAK ETA TORTURA INDUSTRIAREKIN ALIANTZA

Torturak istorio luze eta emankorra du Latinoamerika eta Karibean. Detaile gehiegi eman gabe, europar konkistatzaileekin batera heldu zela eta, Elizaren esku, bertako herrialdeetan errotu zela esan genezake. XIX. mendeko borroka independentista eta liberalek zerbait lortu bazuten, torturaren deslejitimazioa izan zen, garai kolonial eta katolikoarekin identifikatzen baitzuten.

XIX. mendean eta XX. mende hasieran, noizean behineko kolpe militar eta errebolta iraultzaileek tortura hiriguneetara ekartzen zuten (torturaren erabilpena inoiz ez zen geratu indigena, afroamerikar eta nekazarien aurka). Gerora, II. Gerra Mundialak torturaren profesionalizazioa ekarri zuen: indar armatuek, inteligentzia zerbitzuek eta irabazle eta galtzaileen akademiek lortutako esperientzia, mendebalde kapitalista eta ekialde estatistaren arteko gatazka bipolarraren arabera sistematizatua eta egokitua izan zen (historia ofizialen laburpen manikeoa).

“Komunismoa eta anti-patriotismoaren aurkako borrokan”tortura espediente erabiliena izan da. 40. hamarkadako amaieraz geroztik Latinoamerika eta Karibea lurperatu gabeko gorpuz, desagertutako pertsonez eta tortura sufritu ostean arazo psikikoak izan dituzten pertsonez bete zituzten “gerra zikinetan”ere, inteligentzia militarrak eta zibilak informazioa lortzeko gehien erabili duen bidea torturarena izan da.

Masiboki erabili zutenez, herria izuaren bidez kontrolatzeko balio izan zitzaien. Diktaduretako sostengatzaile izan ziren indar armatu eta zibilek, eta gerora, laurogeigarren hamarkadan hasi eta gaur egunerarte dauden gure “trantsizio demokrazia (eta demokrazia neoliberal)”-etan lasai asko bizi direnek, zigorgabetasuna lortu zuten hari esker. Zigorrik jasoko ez zuten sentsazio honek zerikusi handia dauka trantsizio gobernuetako lider politikoen jarrerarekin. Tortura pertsonalki sufritu arren, gai honek exijitzen zuen justizia eta konponbidearen aldeko borroka alde batera utzi zuten. Hau da, zigorgabetasunaren alde eta “hemen ez da ezer gertatu”-aren alde egin zuten.

Bestalde, diktadurak gertatu bitartean, herriek borroka gogorra eraman zuten torturaren aurka, honen penalizazioa lortzeko eta torturatzaileak epaituak izateko. Baina borroka hau gutxieztuta izan da, eta “giza eskubideen” asuntoak berehala ahazteko ahalegin batetan, etorkizunerako utzi zuten. Gobernu demokratikoek hildako eta desagertuen kasuetan bakarrik bilatu dute egiaren zatitxo bat, justizia egin gabe; eta tortura kasuak ikertzera uko egin diote.

Latinoamerika eta Karibeko historian egindako berrirakurpen kritikoan, oraindik ere, tortura ez da pisuzko gaia izan. Indar armatu eta polizialek zonaldean izan zuten tortura eskola ez da ikertu; tortura gaur egun oraindik ere erabiltzen da mugimendu eta borroka sozialen kontrako errepresioan; eta, era motelagoan bada ere, delinkuentzia arruntaren kontra ere.

Mota ezberdineko ezker berriak gaur egun Latinoamerika eta Karibeko gobernuen gehiengoa osatzen du, eta gobernu hauek indar armatuekin harremana estutu egin dute. Ondorengo premisetan oinarritzen den hitzarmen politikoa jarraituz:
– Diktaduretan parte hartu zuten eta beraz bereziki problematikoak diren militarren “jubilazio”programatua.
– Nahiz eta estatu batzuk eragin zuten minarengatik barkamena eskatu duten, onartu egin dute ere “gutxi batzuen gehiegikeria”gertatu zela, eta horrela deitzen diote Indar Armatu eta Estatuak giza eskubideak sistematikoki zapuztu zituen garaiari.
– “Modernizazio eta profesionalizazio” izenpean, Indar Armatuen autonomia handitu egin da. Honek ekarri du: soldaduen gutxitzea, gastu militarren handitzea, armamentu berrien erosketa, eta “globalizazio” edo “ardura etiko global”izen potoloak erabiliz, beste herrialdetako inbasio eta arpilaketetan parte hartzea (Haití, Timor, Irak, ex Yugoslavia, etc.).
– Segurtasun eta militar industrien indartzea: erregio barruko armamentu eta armen euskarrien produkziorako hitzarmenak. “Segurtasun enpresen”kontzeptuaz mozorrotzen den industria mertzenario paramilitarra ere honen barruan dago.
– Polizien militarizazioa, Chileko Carabineroen adibidea jarraituz.
– Ejertzitoen polizializazioa, Brasileko adibidea jarraituz. Rio de Janeiron fabelatan egiten diren inbasio militarrak kasu.
– “Segurtasun falta”gaia behin eta berriro erabili borroka eta mugimendu sozialen kriminalizazioa eragiten duten politikak indartu eta mantentzeko.
Hitzarmen hauen azpitik, trantsizio gobernuek indar armatuek duten formazioa ber-begiratzeko ukapena dago. Horrela, poliziek eta militarrek inteligentzi eta polizi lanetan tortura erabiltzeko ezagutzei jarraipena ematen diote.

Aginduan dagoen ezkerrak ez du ezker-zibilaren eta militar boterearen arteko hitzarmen historiko hau ukatu, are gehiago, argudio soberanista eta anti-inperialisten izenean handitu egin du. Tortura oraindik ere praktikatu eta eragiten da, publikoaren baimenarekin. Izan ere, publiko hori gizarte-imajinazioan eragiten duten kanpaina mediatikoek izutu baitute.

Botere exekutiboa badoa berriro eskumara (Piñerako Chilen edo Macriren Buenos Airesen), honek argi eta garbi erakutsi du ezker gubernamentalak torturarekin izan duen konpromiso gorrak bakarrik balio izan duela eskumak boterean are lotsagabekeri handiagoz erabiltzeko. Defentsa eta segurtasun administrazio politiketan ezkerrak osagai zibil eta sozialekiko izan duen konpromiso faltak, praktikan ekarri du, Honduras edo Ekuadorreko abentura kolpisten erraztea.

Borroka antimilitaristaren osagai garrantzitsu bat, torturaren erabilpen ofizial edo para-ofizialen aurrean laguntzaile ez izatea da, ezta babesten duten gobernuena ere. Desarmea eta desmilitarizazioak suposatzen du torturaren praktika eta ezagutzen abolizioa.

Pelao Carvallo

Asunción Paraguay. 2010, Urria