ETHOS BIELORRUSIARRA

Lehen uneko erradiazioek Txernobilgo zentraletik[[Leherketa ondorengo lehen erradiazioa jaso eta hil dinen lagunen kopururik ez da zenbatu. Hamar milaka izan daitezkeela baino ez dakigu.]] gertuen zeuden langile eta herritarren patua [[Dagoeneko 25.000tik gora hildako eta 200.000 elbarritu inguru.]] agindu badute, zer dator ondoren? Orban nuklearrek inguruko milaka kilometro kutsatu dute. Hemendik zenbait mendetara, ia lurzoru guztia, ur-korronteak, basoak etab. erradiazioek kontaminatuta egongo dira. Herritar gehienek minbizia dute eta ez tiroidean bakarrik. Umeak gehien kutsatutakoak dira; hazten diren bitartean, kutsatutako zelulak arinago ugaltzen dira[[Umeen %80 gaixo dago: bihotzeko, gibeleko, giltzurruneko eta tiroideko gaixotasunak dituzte; mutazio genetikoak; jaiotzatiko malformazioak; nerbio-sistemako gaixotasunak etab.]]. Lehenago hil ezean, denok oroimenean ditugun irudi ankerrak luzaroan gogoratzen jarraituko dizkigute jaioberriek. Espezie eta zerizan oro ukitzen duten mutazioek, bizirik oraindik, ez dute atzerabiderik, belaunaldiz belaunaldi transmititzekoak dira-eta.

Hortaz, ingurune guzti horiek aurrerantzean habitaezinak direla-eta, herritarren ebakuazioa ezinbestekoa dela pentsa daiteke. Benetan, ez dago horrelakorik. Guztira, hamar milioitik gora lagun kutsatutako zonaldeetan bizi da: Bielorrusian, Ukranian eta Errusiako zati batean. Zentraletik berrehun kilometrora, elementu kimikorik astunenak ikaragari kutsatutako zonaldeak dauden bitartean, partikularik arinenek Europako hiru laurdenak kutsatu duen lainoa osatu zuten.

Txernobilgo saiakuntza bielorrusiarra abanguardiako «istripu ondorengo kudeaketa sozialaren eredu”»bihurtu da, «kalitate erradiologikoaren eta gizarte konfiantzaren kudeaketa iraunkorra» bezala, are gehiago, «betebehar erradiologikoaren menpeko garapen iraunkorra». Hortara, 1986ko apirileko istripu hura nahi adina sovietartzat jo arren, haren ondorioek mendebaldeko potentzien erdi-erdian jo zuten. Nukleokratek alferrik iragarrita zeukaten. “Hondamendi handia gerta daitekeen kasurako prest egon behar dugu”, ederto laburtu zuen CEPNko (Eremu Nuklearreko Babesaren Azterketarako Ikasketa Zentrua) zuzendari Jacques Lochard-ek.
Oraindik luzaroan bizirik iraungo duen irudiak «istripu handia» izena hartu duen modu berean, Bielorrusia bera industria nuklearrerako esperimentazio gune sakratu bihurtu da. Aditu frantziarrak horixe ulertzen lehenak suertatu ziren eta, 1996tik, zonalde kutsatuetako “gizarte kudeaketaren” laborategi izugarri handia sustatu dute. Saiakuntzaren ondorioak aldez aurretik ezagunak ziren: taxurik gabeko bizimoduan eraikitako izua desagertu da. Amesgaiztoak begien aurreko errealitatea estali behar du. Kutsadura nuklearra, beraz, natural egin eta zientzia modernoak inposatutako arrisku-aukeren artean kokatu dute.

Adituen neokolonizazioa

Éthos egitarauaren lehen bidegileek Olmany herria 1996tik 1998ra bitartean ikertu zuten, Txernobiletik berrehun kilometrora inguru. CEPNen ekimena izan zen, Frantziako industria nuklearrak eragindako arriskuak onartarazteko ardura duen egitura, azken batean. Instalakuntza nuklearrek langile zein inguruko bizilagunen gain jartzen dituzten arriskuen kudeaketa estatala errazteko txosten zehatzak eta tresnak egiten ditu CEPNek (EDFko, CEAko[[CEA: Ikasketa Atomikoen Zentroa (Centre d’Études Atomiques).]], COGEMAko[[COGEMA: Auzi Nuklearrerako Elkarte Orokorra (Compagnie Générale des Matières Nucléaires).]] eta IRSNko[[IRSN: Erradiazioaren aurkako Babeserako eta Segurtasun Nuklearrerako Institutua (Institut de Radioprotection et de Sûreté Nucléaire).]] soldatapekoek osatuta). Lortu gura duten helburua energia nuklearraren inguruko kultura zabaltzea da, hau da, zelanbaiteko onarpen soziala ekartzea. CEPNek Bielo­rrusian rol hori izan du, ahalik eta herritarrik gutxien arinki kutsatutako zonaldeetan berriro bizi daitezen. Ez dezagun ahaztu itzulitakoaren kopuru urriak Estatuarentzako kosturik txiki-txikiena eta, batez ere, nazioarteko lobby nuklearrarentzako hondamendiaren ikusgarritasunik niminoena dakartzala.

CEPNek 1996an bere lan-eremua aurrera eramateko xok-taldea martxan jarri zuen. Mutadis Consultant-ek, «arriskuari buruzko komunikaziorako» elkarte pribatuak, kate-begiko rola jokatu zuen. Komunikatzaile horiek Estatu demokratei xaboia zelan ematen asmatu zuten, Txernobilgo zauriak sendaezinak badira ere. Mutadis-ek industria instalakuntzaren inguruko gatazka indargabetzen eskarmentu handia du. INRA[[INRA: Nekazaritza Ikerketarako Institutu Nazionala (Institut National de la Recher­che Agronomique).]], Frantziako zereal ultraproduktibistaren lobby-a, aurrekoaren taldekidea dugu. Horrexek du errehabilitazio egitarauaren zatirik mamitsuena, FERT akronimo bukolikoa osatzen duena (Lurraren Birloratze eta Berriz­tatzearen aldeko Taldea). Kolkhozetan kolektibatutako nekazaritza eremuak pribatizatzeko, maileguaren baliabideak ezagutzera emateko, lurzoruan egundoko pestizida kopurua botatzeko eta, batez ere, kutsatutako nekazaritza-uztak agortzeko ardura hartu du FERTek 2001etik hona. Den-dena tokian tokiko homologoekin elkarlanean: BRISSA, Bielorrusiako Lur-Zien­tzietarako Institutuarekin, hain zuzen. Bielorrusiako eskarmentuak Europan kutsatutako produktuak munduan kontsumitzeko aukera azalduko dio Frantziako nekazaritza produktibistaren lobby-ari, erabateko kutsadura kasuetarako batik bat.

Hasiera-hasieratik, Bielorrusiako Estatuko, eskualdeetako eta tokian tokiko agintariekin, bi aldeon ezeztapen nuklearraren eskarmentu sendoan oinarritutako ezikusiarekin bat egin dut zientzialari eta aditu europarrek. Hogei urte eta gero bere horretan dirauen ebakuazioa ukatzeko oinarri komunean, zientzialariek eta politikariek ikerketa bera ildo berera eramateko elkar ulertuko dute: hondamendiaren ikusezintasuna, hilzoriak urteetan bizirauteko. Azken batean, ingurune kutsatuetako milioika herritarren osasunean Txernobilgo istripuak eragindako ondorioak ukatu behar dituzte.

Laster, esku-sartze arloa ez da Olmany-ra bakarrik mugatuko eta Stolyn-go barruti osora zabalduko da (urrunetik ere ez da gehien kutsatutakoa zonaldea: bost hiri eta 90.000 herritar inguru). Europar Batzordeak adituak finantzatzen dirau, baina kasu horretan funtsak EDFtik, COGEMAtik eta IRSNtik zuzen-zuzenean datoz. Éthos bigarrena 2001eko azaroan Stolynen izandako nazioarteko hitzaldi handinahiarekin amaitu zen eta Frantziako gizarte eta kultura arloko Gobernuz Kanpoko Erakundeak adituen mezuak lekuan bertan baztertzeaz arduratu ziren. Mendebaldeko kideen parte-hartzeak abantailak ugaldu zituen. Bertan, «zonalde kutsatuetako garapen ekonomiko iraunkorra eta errehabilitazio erradiologikoa sustatzeko proiektu berriak martxan jartzeko premian» 150 parte-hartzaileak bat etorri ziren eta, horretarako, zonalde kutsatuetako lan-barrutiaren ardura hartuko duen eta Éthos-eko taldearekin estuki lotuta dagoen Core proiektua sustatu zuten.

Hilko zaituen egoerarekin lasai bizi

Éthos egitarauari esker, Bielo­rrusiako herritarrak eurak hiltzen ari diren egoeran lasai bizitzera laguntzeko asmoa azaldu ahal izan du Frantziako industria nuklearrak 1996tik, Bielo­rrusia eta Frantziako teknokraziak Txernobilgo istripuaren ondorengo propagandari bultzada berria eman dion aldi berean. Zer esan nahi zezakeen biziezinezko ingurune argia «errehabilitatzeak»? Hondamen­diaren gertaera bera onartu eragitean zetzan. Azken batean, ingurune hilgarrian bizitzea posible egingo luke, adituen mezuak zehatz-mehatz betetzearen truke baino ez.

Taldeak lekuan bertan aurrera eraman da, hiri bakoitzeko populazioak lekuetan euretan konfiantza berreskuratzean datza proiektua. Lehenengo saioa eta gero, batzar publiko erraldoia antolatu zuten. Ehun bat herritar gerturatu zen. «Aditu europar horiek, hemen bizi gaitezke?» galderari taldeak erantzunerako printzipio etikoa erabiltzea erabakita zuen: «Ez gara galdera horri erantzutera etorri, alderantziz, hemen bizi nahi dituenei euren bizi-baldintzak hobetzera lagundu nahi diegu» (Mutadis-eko zuzendari G. Hériard Dubreuil-ek).

Masen psikoanalisiak beti herritarrak bideratzeko balio izan du. Horrela, hemendik aurrera erradiofobiaren mitoa sustatzaileek eurek abandonatuko dute eta «informazioaren stress-a» nabarmenduko dute. Informaziorik ezak eragindako herstura, beraz, honakoen zergatia da: leuzemia; heste lodiko, puxika, giltzurrun, tiroide eta bularreko minbizia; inmunitate-sistemaren aldakuntzak; sabelean egondakoan izandako esposizioan umeen burmuin-garapenaren etena; begi-lausoa; mutazioak; jaiotzatiko malformazioak; eta nerbio-sistemaren malformazioak. Gaixotasun psikosomatiko faltsu horiek sendatzeko, «herritarrak eta ingurune kutsatuak aurrez aurre, populazioaren konfiantza berreskuratzea» nahikoa litzateke. «Kutsadura erradioaktiboa osasunaren inguruko balizko ondorioek kezkatutako populazioaren ezinegon sakonaren iturria da» (Core proiektuko zati bat).

«Zertara dator jokabide hau?»

Egitarau ukatzaile horiek estatu nuklearizatuaren jarraikortasuna aztertzeko martxan jarri dira. Eurek etorkizuneko biktima-ohien parte-hartze faktikoa antolatzen dute, euren hilzoria bera kudeatzen; Bielorrusiako herrietan demokrazia parte-hartzailea eta populazio-kontzentrazioa sustatuz, elkarrekin hondamendiari aurre egiteko premia argudiatuz. Oinarrizkoa da bertako herritarrek luzaroan konfiskatuta izan duten euren bizitza esku artean hartu duten inpresioa edukitzea da. Eskarmentuaren gakoa, beraz, akurien elkartzeak -auzi nuklearreko arestiko joerak- onarpen modu berria ekarriko du. Egitarau sasi-bihozbera horiek herritarren «prebentziorako jarraibide» absurduetan oinarritzen dira. Euren eguneroko bizitza inbaditu diete jokabide arau horiekin konformatzen ez badira (amaren sabeletik programatutako heriotzara), orduan bakoitza bere borondatez bere gaitz guztien erantzule bihurtzen da. Euren bizimoduagatik, hilzorizko bielorrusiarrak euren gertukoak hiltzen ikustearen errudunak izango dira. «Zertarako nahasi herritarrak? Oinarri-oinarrian, zonalde kutsatuetako herritarra bere eguneroko bizitzaren bitartez, egitasmo erradiologikoaren esposizioa jasan duen egiaztapenetik eratortzen da. Ingurune kutsatuan bizi den legez, bere keinu, ekintza, nekazari-lan, jokabide, bizitza-hautuen emaitza da, horiek esposizioa handiagoa edo txikiagoa izatea determinatzen dute-eta»(G. Hériard Dubreuil-ek).

Botereari lekukoa heldu

Adituek demokrazia ahoan baino ez daukate. Bielorrusiarrentzat erabateko abstrakzioa besterik ez da, osasun kezkak («Aurten hilko ote naiz?» «Zelan lortu medikamentu hauek preziotik kanpo?» «Tori, biriki bat zuretzat…») nekez mendebaldeko burges txikiarenak izan daitezke, «sasi-aginte berri» baten premiaren misiolarienak, hain zuzen. Oso berandu eta min handiarekin ez hiltzeko ardura nagusia daukan eta luzaroan izango duen herrian, demokrazia are kimerikoagoa da. Baina baserritar horiek harrotu baino ez dira egiten eta sendatzeko besterik ez dute pentsatzen. Adituek kolkhozetako nekazariak gutxiesten dituzte.

Kontzentrazioa, jakina, baina ez denontzat. Hasieran lanbide jakin batzuk bakarrik baimenduak izaten dira. Guztira, 80 boluntariok postu-gakoak ditu -irakasleak, medikuak, erizainak, erradiazioa neurtzeko langileak, kolkhozetako brigadistak, etab.- eta adituen materiala dute, erradioaktibitatearen hainbat neurri nahaste-borraste eta horixe errotzen duen arbolaren hizkuntza ere. Boterearen betiko sostenguetan oinarritzen dira, ezkutuko interesak erakusten ez dituen gizarte kudeaketa baten betearazle jeloskorrak.

Bertako institutuko batek ederto definitzen du funtzionamendu hori: «eskolako zuzendariaren oniritzia izatea ere funtsezkoa da; erakusketak, ikuskizunak, eskolako eguneko gaiak antolatzen baimenduko duen erradiologia kultura praktikoaren elkarteak sortu ahal izateko. Bertako profesionalengan oinarritutako boterea da (medikuak, erradiazioa neurtzeko langileak, nekazari pribatuak, kolkhozetako nekazariak)». Kutsatutako beharginek oinarrizko lanbideak -absurduak izan arren- ziurtatzen dituzten, nazioarteko talde batek euren estrategia becquereldarraren ildo nagusiak definitzen dituen bitartean. Adituek bultzatutako «kultura erradiologikoa» oro-hartzailea suertatzen da, Éthos egitarauak arlo guztiak bereak egiten ditu-eta: umeen hezkuntza, eguneroko erradioaktibitatearen neurketa, nekazaritza. Ukatzaile nuklearren azken enpresak bielorrusiarrak eurak euren bizitzaren muinean zain ditu. Akuriek mediku-kontrolaren kultura egiazalearen ardura hartu behar dute eta kaltegabetasun argia dakarten neurrien atzerabide hilgarrirako bidea saihestu behar dute.

«Neurri barik mundua atzerria da»

«Ez dugu emaitzak komunikatzeko aditu-lan arrunta egin, eskuetan neurgailuak ipini dizkiegu» (G. Hériard Dubreuil-ek).
Kutsadura neurketetako adituek, horrela, herritarrei mezuak eta lanabesak ematen dizkie, etxeko andreei, batez ere. Hizkera teknokratikoa egitura sozialik tradizionalistenei aplikatzen zaie. Euren etxeko, ortuko, lurzoruko, basoko, zartagineko, platereko, euren gorputzeko eta euren umeen gorputzeko erradiaktibitateari neurria (becquerel) har diezaiekete: horra hor sendian bertan hausnartu beharreko eguneroko detaileak. Hortaz, bakoitzak bere hilzoria ezagutzeko kartak eskuan ditu.

«Kultura ekologiko modernoa populazioaren muinean garatzea beharrezkoa da» (Stolyn barrutiko batzorde betearazleko lehendakari Vladimir Pachkevitch-ek). «Txernobilgo istripuko eraginetako batek gauzei eta bizitzari berari beste dimentsio bat ematea ekarri du. Horrek hizkuntzari hitz berriak erantsi dizkio, esamolde berriak, hobeto edo txartoago ulertzen diren egitura berriak, azken batean. Bakoitzak bereak egin behar ditu, errealitate horretan bere burua mantendu gura badu» (CEPNeko zuzendari eta Éthos-eko koordinatzaile Jacques Lochard-ek). Sendien parte-hartzeak erruduntasunerako bidea zabaltzen du. Neurriek «arau errepublikazale» sakrosantua urratzen badu, umeek hiltzen badiraute, euren amei arreta jokabideetan ardura nahikorik ipini ez izana leporatzen diete… Berogailua, hautsa, okela, esnea, ortuko barazkiak etab.: amari hori guztia egunero neurtzeko eskatzen zaio.

«Éthos-ek gure ezbehar komunari aurre egiteko esfortzuak batu behar ditugula egiaztatu du, ministro akademikotik hasita kolkholzetako jubilatuarenganaino (…) Éthos egitarauko aditu frantziarren lana oraindik analizatzea da, baina dagoeneko emaitza nagusia ere bada: arazoaren eta horren konponbidearen egitate berrira hurbiltzea» (Vladimir Pachkevitch-ek).

Hirosimatik jarauntsitako erradioaktibitatea neurtzeko eta ulertzeko lanabes tradizionalak kuestionatzen ditu hondamendiak. Araua erabiltzeko kontzeptu praktikoa da. Edozein arauk[[Erradiaziotik babesteko arauak ugariak dira: langile eta herritarrenak, zentraletako isurtegiak ukatzekoak, esku-sartzearen mugei (ebakuazioa, konfinamendua) eta elikagaien kutsadura erradioaktiboari buruzkoak, istripu ondorengo kudeaketako bizilekuaren eta nekazaritzarako lurzoruaren kutsadura onargarriari buruzkoak etab.]] definizioz erradioaktibitate maila badagoela erakusten du, horren behetik ez omen dago arriskurik.

Zenbatzeko kontrolaren ilusioak abantaila gehiago ere baditu. Insta­lakuntza nuklearren eragozpenak pairatzen dituzten herritarrei lasaitzeko mezua luzatzen diote neurriok eta akurien azterketa eskariari ere erantzuten diote. Horrela, hein handi batean, ezerk ez du kutsadura erradioaktiboaren egunerokotasun lasaitxoa asaldatuko. Ondorioz, isilik hiltzea baino ez duten herritarren parte-hartzeko gurariak eragindako haserrealdia indargabetzeko eta kristalizatzeko lanabes eraginkorra suertatu dira. Eurek aurreratutako neurriak arrazoizko neurri bakarrak direla dioten adituen serenata gozoaren soinura hil daitezke. Esku-sartzeak mugatzen duen demokrazia itxura hobeto beteko dutelakoan, gainbeheran dauden neurri berberak berriro martxan ipiniko dituzte.

Liux

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like