POBREAK, BAINA ERRENTAGARRIAK

«Arrantzaleak harrari zera esan zion:
lagundu nazazu arrantza egiten»

Pobreziatik askatzen laguntzen ez duen hezkuntza ez da hezkuntza, iruzurra baizik, pobrezia ez baita zorigaitz txiki bat jasaten dutenengan.

Bestalde, ez da dirudunen ezkuzabaltasunak arinduko duen gaitz saihestezina, izan ere, hauek liluratu egin ditzateke pobreak izorratzen dituenak; batzuentzako zorigaitza dena besteentzako diru iturria da; batzuk ahultzen dituena besteentzako onuragarria da. Beste hitz batzutan esanda, langabeziak langabetuei ematen die benetako mina.

Gizarte-zailtasunak pairatzen dituzten sektoreekin izan dudan elkarbizitzan, hiru momentu desberdinek nola eragin dieten ikusi dut: gabezia-pobreziak, iraungipenaren momentu biderkatzaileak eta pobrezia probetxugarriaren momentuak.

Gabezia-pobrezia

Nire hezitzaileak pobrezia mota honen inguruan soilik aritzen ziren, zentzu murriztaileenean gainera. Gerra ostean ematen den pobrezia mota da, baliabide gutxi dagoenean eta jendea gose denean eta gose horrek gerrarekin aberastu direnengan pentsatzea zailtzen duenean. Berdin gertatzen da ijito ez direnak ijituen transhumantziaz egiten duten interpretazioarekin: beti ondorioetan bueltaka, inoiz ez arrazoietan. Edo hirugarren munduko pobreziarekin, gure «giza laguntza» behar dutela esanez, dimentsio estrukturala agerikoa den arren. Egun, «paperik» ez dietelako ematen «esistitzen ez diren» hainbat etorkin ditugunean, nola jarraitu genezake pobreziaren izaera programatikoa baztertzen?

Iraungitzea

Gabezia-pobrezia kroniko bihurtzen denean autoestimua gaiztotzen du eta errealitatearen pertzepzioa desitxuratzen du bizimodu ahulduak sortuz, hainbat eta hainbat liluratzen dituen esplotaziorako bideak irekiz.

Kontsumo-gizartearekin pobreziaren momentu biderkatzailea eta iraungitzailea sortzen dira. Gizarte mota honek asetze modu batzuei ematen die lehentasuna beste guztien gainetik eta honela interes erredukzionismo baten pean jartzen gaitu. Gainera gozatzeko aukerak biderkatzen ditu lortzeko baliabideak biderkatu gabe. Hau da, nahien haunditasuna eta baliabideen urritasunaren arteko oreka haunditzen du. Ondorioz desoreka eta ezegonkortasun sozial eta psikikoa sortzen ditu.

Pobrea ezegonkortzen du gehien daukana sendotzen duen bitartean. Eta kontsumitzeko daukan gaitasunaren arabera hierarkizatzen du guztia.
Gainera kontsumoak iraungipenaren kultura sortzen du. Kontsumoa haunditzeko produktuen iraungipena teknifikatu egiten da, baita ordezkoekiko trukaketa ere. Honen ondorioz onartu egiten dugu Aginagako izenez Frantziatik ekartzea. Kontsumitzen dugunaren iraungipen handiago honek gehiago gastatzera bultzazen gaitu, esfortzu haundiagoa egitera eta ahuldu egiten gaitu.

Antzematen ez dugun «gaitu» hori azpimarratzen dut: pertsona guztiak gure inguruaren parte gara, ongizatea ekarri edo ez; nola atera gaitezke bada onik iraungipenaz betetako ingurune honetatik? Ia konturatu gabe, batez ere gizarteko sektore batzuk, «ondasun eta kontsumo gizarte» izatetik «gizarte-ahuldura haundiko biztanleak» izatera pasatu dira, hau da, kontsumitzaileen gizarte izatetik kontsumituen gizarte izatera. Beste modu batetan esanda, gizaki batzuk ez diote ezerri uko egiten eta beste batzuk kontsumitzaile izan ordez kontsumogai dira. Momentuz hau gizarteko talde marjinaletan nabari da. Galdetu al diozue inoiz zeuen buruei zergatik dagoen halako aldea gizarte kontsumitzailearen eta kontsumituen arteko bizi itxaropenaren artean? Iraungitzea saltzen dutenen eta gero eta kontsumitzaile ahulduagoen arteko disoziazioa indartzen duen «gizarte» baterako transizio arriskutsua da hau.

Har dezagun alkohol gehiegi edaten duen langilearen kasua edo tabernetako joku-makinetan iraungitzen den jubilatuarena. Biek euren denbora eta famili-baliabideak ahitzen dituzte, batzuetan euren gibela ere, euren kontsumo-objetuaren gainetik. Hau da, ahitu egiten dira kontsumitu baino.

Bi adibide hauek, jokua eta alkohola, jokaera marjinalak, gutxi batzuenak edo garrantzi gabekoak direla pentsatzera eraman gaitzakete. Baino erraz frogatu daiteke kontsumoaren beharrak gizartekoitasunaren termitak bihurtzen ari direla. Eta ez bakarrik nahi gabe misil edo pertsonen kontrako minen kontsumitzaile izan gaitezkeelako, kaltegarriak eta beharrezkoak ez diren hainbat produktu berri (jakiak, sendagaiak, etabar.) agertzen direlako merkatuan txunditzen gaituzten marketing kanpainen bidez.
Aberaste eta pobretzearen arteko dikotomia asozial bihurtzen ari zaigu, gure osasun, lan eta iraupenarekin salerosiz, esklaboak salerosten ziren garaietan bezala.

Pobrezia aprobetxagarria

Beti egon da modan besteen esplotazioa, baina kontsumismo asozial honek pausu handi bat eman du miseriaren errentagarritasuna eta hurkoaren kalamitateen aprobetxamenturuntz. Petrolioaren fabrikazioak sortzen dituen hondakinetatik beste produktu batzuk ateratzen diren moduan, pobrezia eta hurkoaren sufrimendua ere birziklatu eta errentagarri bihurtu daitezke azken muturrerarte. Nahiko da hiritar horien alderdi batzuk teknifikatu eta instituzonalizatzea pobreen gauza guztiak probetxugarri bihur daitezen.
Aurreko hau gizartearen segurtasunik ezaren errentagarritasunaren adibidearekin ilustratuko dut.

Kontsumo-pizgarriek eta kontsumitzeko benetako aukeren arteko desorekak jokaerak ezegonkortzen dituela esan dugu; honek, bestalde, hiritar segurtasun-eza sentitzeko aukerak biderkatuko ditu, eta ondorioz segurtasun kontrol berrituak eskatzera eramango gaitu. Ondorioz interesak, legeak, erakundeak, industriak, enpresak, negozioak, GKEak, profesionalak eta segurtasun arloko profesionalak sortuko dira.

Segurtasun-eza somatu edo sortzen badut, segurtasun neurriak «eskatzea» justifikatuko dut. «Eskatzea»: produktu baten komertzializazoan eskaera deitzen dena. Eta segurtasun hori ematen digutenak (polizia, psikologoak, gizarte zerbitzuak, zinpeko zaintzaileak) gure gatazka errentagarri bihurtuko dute lanpostuak sortuz. Hala, segurtasun/segurtasun-eza erlazioak pobretze/aberaste erlazioen imitazio zintzo bihurtzen dira, zikina eta garbigarria bezala, oiloa eta (urrezko) arraultza bezala.
Eta alarma soziala edo beldurra eta susmoa soilik haunditzen direnean negozioak hobera egiten du. Hala, hiritarren segurantzaren negozioa susmoa eta beldurraren negozio bihurtzen dira. Euren intimitatearen zati bat den hiritarren beldur hori negozioaren ezinbesteko materia bihurtzen da. Elkarrenganako mesfidantzaren gizarte asoziala. Negozioaren ezinbesteko euskarria den mesfidantza.
Eta aurretik baliabiderik ez zeukana, hauek hobetu gabe, segurtasun-ezaren materia birziklagarri bihurtzen da, lanpostuak eta soldatak sortzen dituen kontsumorako materia manufakturagarria: besteentzako ongizatea azken finean. Eta batzuen pixkanakako pobretzeak besteen parte hartzea eskatuko du, gero eta sarriago, kualifikatuago eta garestiago. Hori bai paradoxa: gabeziak, probetxua ateratzeko merkantzia. Eta merkantzia diren heinean itxura egokia izan behar dute.

Hezitzea irakastea, eragitea edo gutxienez norbaitengan zerbait azaleraztea da: honek hezitzaile/ikasle dikotomia barne hartzen du. Hau buru-dikotomia balitz, nozionala, ez legoke arazorik.
Politika batek dikotomia hori norbaiti mesede egiteko interesak bereizteko erabiltzen duenean sortzen da arazoa. Pobreziarekiko hezitzea guztiz kontrakoa izan beharko litzateke, bere lokarrietatik askatu beharko luke, erauzi.

Hezitzailea eta ikaslea honetan sartuta baleude, biek interes berdina izango lukete, itxaropen berdinetik abiatuko lirateke; elkarren laguntza beharko lukete. Baina hezitzaileak, hezitzailea den aldetik, hiritar marjinalak ez daukan estatus bat dauka, horregaitik da han zaila bere pribilegiozko egoeratik bestea askatzeko gai izatea, ia ezinezkoa nagusitasunaren iturri diren prestigio/desprestigio erlazioak ez sortzea euren artean.

Nagusitasuna, altruismoarekin nahasten denean, sorospenkeria sortzen da, protekzionismoa. Asistentzialtasunak daukan gauza txarrena ez da babeslearen protagonismoa indartzea, babestua maila baxuago batekin identifikatzea baizik, desbalorizatzea eta hau ohitzea ordezkatua izatera erabakiak hartu behar direnean edo babesera ohitzea edo babesleaz probetxua ateratzera, aprobetxategi bat dela jakitun.
Nire ustez, gizarte zerbitzuak nagusitasun asistentzialaren tresnak izan ziren ia beti, zer esanik ez hirugarren mundurako hainbat programa eta proiektu. Orain ezta hori ere: kontrolatzeko batailioiak baino ez dira (orain dela gutxi arte polizia baino onespen hobeagoarekin). Erreferentzi esparruetaz ari naiz, ez barruan dauden pertsonen asmo onetaz. Esparrua beti aprobetxatzen edo baztertzen saiatzen den asmo onak alegia.

Ez dakit zergaitik hartzen den ontzat pobrezia erauzteko beti izan behar direla aberatsak pobreengan esku hartu behar dutenak. Nire ustez, erauzteko interesaren ergelkeria dario eta hori egiaztatzeko esan behar da beti egin dela horrela eta badirudi ondorio ez oso onekin. Iruzurra ekidin ahal izateko, pobrezia errotik ateratzeak ez lituzke batzuk onuratu beharko beste batzuen txarrerako, izan ere norbaitek probetxua ateratzen badio, zer dela eta nahiko luke erauztea? Iruzurra ekiditeko pobrezia erauzteko guztien artean jasan beharko lukete, denek izateko hau kentzeko arrazoiak. Horregaitik zein begi desberdinekin eta arazoaren zein alderdi desberdin ikusten dituzte batzuek eta besteek!

Beste edozein gaietan baino, pobreziaren inguruan hezitzea pobreziarekiko hezitzea da, zalantzan jarri araztea. Arazoa ezin daiteke murriztu batzuk aberatsegiak direla besteak pobreegiak direlako esatera, edo alderantziz. Erantzukizunen banaketa ez da hain sinplea.

Zentzu honetan akats haundia litzateke pobreek euren hezitzaleengan edo gizarte zaintzaileengan jartzea konfidantza osoa: nork ekidingo du zaintzaileak bere soldata hurkoaren pobreziarekin elkarbizitzan lasai asko jasotzen duenean, pobreak gero eta larritasun haundiagoarekin jasatea bere egoera? «Sorosten», «hezitzen», «zuzentzen» gaituzten ekonomilariek, politikari eta hezitzaileek, konponbidearen zati bat izan daitezkeen arren, arazoaren zati bat dira ere eta horrexek legitimatzen du sorospen, hezkuntza eta zuzenketa hori.

Pobrezia erauzteko hezitzeko aberastasunaren sorrera eta mantenimenduaren nagusitasuna aztertu beharko lirateke. Eta analisi berbera egin pobreziaren inguruan, menpekotasunarekiko aurretiko jarrerak sortzen dituzten konplizitate formak aztertuz.
Hezitzaile/ikasle: kontuz dikotomia horrekin! Menpekotasunak erabiltzen dituen prestigio/desprestigio harremanak sortzen bait ditu. Kontuz sorospen itxurarekin ezkutatzen diren nagusitasun ereduekin, «babestuen» autoestimua eta duintasuna degradatzen bait dituzte. Kontuz batez ere «babes» eredu berriekin, gure alderdi ahul eta zaharkituenak aprobetxatzen bait dituzte eta kontsumorako objetu edo besteak aberasteko materia bihurtzen bait dituzte.

Enrique Martínez Reguera
(Cuando los políticos mecen la cuna, liburutik hartuta. Ed. DelQuilombo)

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like