KULTURA SALMENTA

Zer dabiltza baina Merkatu Kulturaleko produktu batzuk besteengandik bereizten? Nor demontrerentzat gordetzen dute oraindik “Kultura” izena? Izen bat horrenbesteraino okertu dutenean, etsaiarentzat uztea besterik ez du merezi: dena da Kultura, artistikoa, literarioa, zientifikoa, nazionala, unibertsala, telebistakoa, klasikoa, iraultzailea, futbola, Burtsa, Sariak, Drogak, kongresuak, gorpuztxoaren beraren Kultura Fisikoa,… dena, dena da Kultura; ala ez da egia?

Eta kulturaz borborka dagoen lokazti honetan, zentzutasuna eta osasunarekin zerikusia duen guztiak urpetzearekin mehatxatzen du. Erabat desager ledin nahi luke botereak. Baina ez: inoiz ez.
Eta, hala izan dadin, garrantzitsuena bereizketek lelotu gaitzaten ez uztea da: kultura inbasio honi merezi duen nazka eta haserrearekin begiratu hemen behetik, baina bizia eta zinezkoa inoiz ezingo direla erabat hil dakienaren lasaitasunarekin, eta soseguz galdetu geure buruari ea zer den hau guztia, eta bertan, Industria eta Komertzioaren eremuetatik hedatzen den Diruaren eromenaren beste adierazpen bat baizik ez antzeman, Estatu eta Pertsonei gainera bota zaien gaitz bat bezala, baina ez Etorkizuna saldu nahi digutenek nahi luketen bezain saihestezina.

Hala ere, nagusitasuna horrenbestekoa da, Erregimenaren biztanlerian azaleratzen diren herri zantzu horiekin, umeekin, gutxien trebatutakoekin, Botereak zitalki Gazte deitu eta lehenbailehen kultura kontsumoaren Legea neurrigabe ezarri behar dienekin (etorkizuneko bezeroen ehuneko garrantzitsua baitira) besterik gabe fidatzeko gogoak ere alde egiten digula batzutan.

Dena beraiek irensten dute, inuzente, obediente, beraien heziketarako saltzen dieten guztia, beraien dibertimendurako eta baita diziplinarik ezerako eta erreboltarako saltzen dietena ere. Zintzoegiak dira, eta horretarako edukatu dituzte: sinesteko. Oraindik sortzen ari zaizkien gustuentzat beharrezko edo tentazio bezala saltzen, ezartzen, gomendatzen, ematen dieten guztia ona dela sinesteko, eta trafikoaren operazioetatik eta propagandatik pozoindu gabe iragan ahal izan dela sinesteko.

Eta hau neurri bateraino, ezen menturaz mutil edo neska bat arte, letra, zientzia edo musikako (ez al diote klasikoa ere deitzen honi?) ezer txukunetan burubelarri ikusten ditugunean (betiko zaborretik aparteko zerbaitetan alegia), ezin dugula eragotzi halako mesfidantza sekretu bat sentitzea behinik behin (eskarmentatuta eta gure maniatan murgilduta ziur aski), ea benetakoa ote den interesatzen zaien eta izugarri atsegin duten hura, edo aldiz, ez ote den beraien buruari inposatu dioten zerbait, aratzago eta jasoago izatearren hartu duten konpromezu pertsonal bat. Hainbeste heziketa mende dira gainetik kendu behar dituztenak! Hainbeste mende Kultura (liburuak, kontzertuak, klasikoak, abangoardiak, filosofiak) sartzen heziketa lan bezala, eta hau dena etorkizunerako!

Esan nahi dudana da, sentimendu eta plazerren ordezkoekin nazkatuta, zorioneko egoera horiekin ere ezin dela norbera fidatu bere kontsolamendu eta pozerako, faltan botatzen duela agindutako guztiaren aurkako grina eta pikardia, berak gaztetan Bocaccioren lizunkeriatan edota Unamunoren heterodoxietan bilatzen zuen zera hori.

Izan ere, mundua ezagutzen dugunetik dagoen bezala egonik, benetako plazerrek biziaren debekua haustea dakarte beti, ezkutatzen dena deskubritzen da, fedearen faltsua. Saltzen dizuten Maitasunaz, Pornografiaz eta Drogaz gozatzea agintzen badizute, Boterearen Zientziak zabaltzen dituen ideiak ikasi eta jakitea agintzen badizute, merezi duen zer demontre bilatu behar duzu? Zerekin gozatu behar duzu?
Beno: lehenengo eta garrantzitsuena ukapena da: ez erosi motoa, ez irentsi telebista, ez irakurri saltzen dena, ez panfleto iraultzailerik ezta parrokiako orritxorik ere, ez ikusi Sari Handiak jaso dituzten pelikulak ezta Kulturalki sustaturiko ezer ere (fidatu zaitez mutiko Botereak daukan gustu txarraren beharraz), kantu bizi bat abesten utziko ez dizun entzungailurik ez jarri, ez joan estadiora Futbolzale edo Rocker doilorrari oihu egitera, ezta beraien izenak ikasi ere beste fan batzuekin kromo kulturalak aldatzen ibiltzeko, ez burua hautsi Enpresaritzako azterketarako lelokeriak ikasten, ez sufritu Informatikako azken berriak ezagutzeko, ez joan diskotekara gehiago ezin duzun arte “primeran” ibiltzera…

Horixe. Gainerakoa jakintzat ematen da. Bakarrik etortzen da.

Agustín García Calvo

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like