GURE HIZKUNTZAREN HERIOTZA

Eskozia hondamendi baten aurrean dago. Hurrengo 20-40 urteetan neurri zorrotz-zorrotzik hartu ezean, Eskoziak bere kultur altxorrik garrantzitsuena galduko du: hizkuntza gaelikoa. Baina amorrua eta ekintzarako aldarriak nagusi izan behar liratekeen arren, isiltasun asaldagarria baino ezin daiteke sumatu. Inori ez diola axola ematen du. Gaelikoaren heriotzak eskoziar gehienengan (hizkuntzaren aldeko ekintzaile eta hizkuntzalari talde txiki batengan salbu) eragiten duen jarrera ohikoena sorbaldak harrotzeko keinua da.

Gaelikoa salbatzea erraza izan behar litzateke. Haatik, hizkuntzak desagertzen ari dira planeta osoan zehar, masa-kultura global eta kontsumozaleak bere garroak hedatzen dituen bitartean. Munduko 6.800 hizkuntzen erdia desagertu egingo da mende honen amaierarako. Tamaina honetako aurrekaririk ez duen tragedia da. Kultura aberats eta milenario horiek guztiak, desagertzen ari, beste barik.
Hizkuntza hauetako asko herrialde txiroetako bazter urrunetan daude: Papua Ginea Berrian, Indonesian edota Nigerian, berbarako. Kondenatuta daude, batetik, euren hiztunen pobrezia dela bide, eta, bestetik, planetako bost hizkuntza menderatzaileen (txinera, ingelesa, arabiera, gaztelania eta frantsesa) aberastasun eta boterea dela tarteko.

Haien aldean Eskozia aberatsa da, abantailak dauzka. Onura agerikoak ditugu: komunikazio modernoak, lehen munduko hezkuntza-maila eta alfabetatze orokorra, besteak beste. Horiek kontuan izanda, gaelikoa salbatzea ahuntzaren gauerdiko eztularen pareko izan behar litzateke, baina eskoziar gutxi kezkatzen ditu gai horrek, eta ulertu ere ez dute egiten zergatik kezkatu behar liratekeen. Badago, gainera, hizkuntzaren aurkako ageriko jarrera daukan eskoziarren talde txiki baina esanguratsu bat ere. Badaude arrazoiak hauen jokabidea ulertzeko, eta arrazoiok gaelikoaren historia tristean dauzkate sustraiak.

Gaelikoa, Eskoziako lehen hizkuntza izateaz gain, eskoziarren nortasun etnikoaren oinarria da. IX. mendeko estreinako urteetan Kenneth MacAlpinek eskoziarrak eta piktoak elkartu eta gero, gaelikoa bizkor hedatu zen, eta XII. mendean erdietsi zuen punturik gorena, gaur egun Eskozia deitzen dugun lurralde ia guztiko hizkuntza nagusia izan baitzen garai hartan. Gaelikoaren orduko indargunea gaeldarren Argyleko bizilekutik Stirling eta Edinburgheko gotorleku militarretara hedatzen zen (gaur egun Central Belt modura ezagutzen dugun hori).

Hasi XII. mendean eta XV.era bitartean gaelerak patu-aldaketa mantso baina funtsean erabatekoa pairatu zuen. Eskoziarrek mendean hartu zituzten arren, kolono saxoiek sekula ez zituzten utzi Eskoziako lur lauak. Aitzitik, euretako gehiago iritsi ziren Northumbriatik, eta, hori zela kausa, XV. mende amaierarako gaelera hizkuntza gutxitua zen jada hego-ekialdean. Eta Eskoziako Gorteak berak ere gaelikoaren aurkako jarrera hartu zuen. Unean uneko pragmatikotasun politikoaren haizeak bultzaturik, Gorteak maiz aldatu zuen hizkuntzaz, baina azkenean ingelesaren eta frantsesaren aldeko hautua egin zuen.
Hala ere, gaelikoak Eskoziako zatirik handienean hizkuntza nagusi izaten jarraitu zuen hurrengo mendeetan. Erabateko zapalkuntza ez zen iritsiko Ingalaterra eta Eskoziaren arteko batasuna gauzatu eta jakobiten porrotak heldu arte. Horien ostean, 1745etik 1975era, hizkuntza eta kultura gaelikoak garbiketa etnikoan oinarritutako aro iraunkor eta basatia jasan zuen. Gaeldarrak akabatu egin zituzten, goseak hilarazi edota deserriratu. Gaelikoz mintzo ziren umeak jo egiten zituzten eskolan, berba egite hutsagatik jo, edo bestela gurasoengandik aldentzen zituzten. Estatuaren eta erlijioaren zale amorratuenek indarrak batu zituzten gaeldarrak lurrazaletik ezabatzeko.

Eta gaelikoa Eskoziako historiatik ezabatu zuten. Historia erreminta politikoa da; kultura gaelikoa kultura atzerakoi eta endekatutzat zeukaten, eta okerrago dena, eskoziar independentzia hauspo zezakeen tresna zela begitantzen zitzaien. Beraz, ezabatu egin zuten, Eskoziako historiaren erdia baino gehiago batez ere gaeleraz mintzo den herri baten historia izan arren. Hori hain da horrela ezen nekez aurki baitaiteke gure hizkuntzari pare bat aipu bizkor baino zerbait gehiago eskaintzen dion Eskoziako historiari buruzko libururik.
Ehunka urtetan zehar gauzaturiko gaelikoaren aurkako propaganda-isuri etengabeak eskoziar garaikideen burmuinetan ere izan du eraginik. Gaelikoak, ohartuki zein oharkabean, enbarazu egiten die eskoziar askori, deseroso sentiarazten ditu. Bada arrazoi moderno zenbait eskoziar batzuek gure hizkuntzari jarritako erresistentzia hori azaltzeko. Nola tory-ek hala beste unionista batzuek oraindik ere eskoziar independentziaren aldeko harresi modura dakusate gaelikoa. Neoliberalek, berriz, McKultura kapitalista global eta kontsumozalearen hedapen askea oztopatzen duten hesitzat dauzkate hizkuntza gutxitu guztiak.

Ikuspegi murritzak denak ere, baina, zoritxarrez, ezkertiar asko ere (anarkista batzuk barne direla) uzkur dira gaelikoarekiko. Sinpleki, gaelikoaren aldeko ekintzak nazionalismoaren aldagai ezberdinekin parekatzen dituzte. Maok edota Pol Potek buruturiko akats berberak burutzen dituzte modu horretan jokatuta. Hori ote da gura duguna? Jende guztia Mao-alkandorak jantzita ibiltzea, lurtar oro mandarin txinera berba egitera behartuta egotea, pistola-mehatxupean? Ezetz espero dut.

Garrantzitsua da nazionalismo hutsaren eta nortasun etnikoaren arteko bereizketa egitea. Izate etnikoa jendarte bakoitzaren kolorea da. Etnia-aniztasunak aberastu egiten gaitu. Hizkuntza bakoitza kultura baten euskarri da. Hizkuntza bat galtzen den bakoitzean, bakarra den kultura bat ere galtzen da, modu horretan gizon-emakumeon arraza pobretuta.

Ezen izate etnikoa jario dinamikoa baita. Posible da, berbarako, nortasun etniko bi edo gehiago izatea aldi berean. Glasgow eta Edinburghen ume ingeles-eskoziar, indiar edota afrikar jatorrikoak daude, haur-eskoletan gaelikoa ikasten. Izan ere, gaelikoaren pizkundearen aldekoak, beste ezer baino gehiago, tolerantzia eta aniztasunaren aldeko dira batik bat. Sekula ez dut ezagutu Eskozian monokultura gaelikoa ezarri guran dabilen gaelikoaren aldeko ekintzailerik. Arragoan gaelikoa ere presente izan dadin gura dugu, ez besterik.

Hizkuntza gutxituei eta kultura aniztasunari eustea, azkenik, McKultura kapitalista global eta kontsumozalearen olagarroari aurre egiteko modua ere bada. Eta erresistentzia eta borroka erreala da hori, zinez! Zoritxarrez, gaelikoaren pizkundea antzua da oraingoz. Jada ez dute gaelikoa modu aktiboan desagerrarazten, baina lagundu ere ez dute egiten. Eskoziar gobernuak ogi-papurrak banatzen ditu bertakoak pozik izan daitezen, Eskoziako lehen hizkuntza erreka jotzear den bitartean. Gaelikoan hazia den hiztun berri bakoitzeko, bost gaeliko-hiztun hiltzen dira; 40 urte baino gutxiagoan (belaunaldi bi) gaelikoa hizkuntza-komunitate hila izan daiteke.
Hala ere, dena ez da hileta-jotzea. Borondatea dagoen lekuan, edozein hizkuntza biziberri daiteke. 20 urte eskasean (1983tik gaur egun arte), 1.000 hiztun izatetik 10.000 izatera pasa da hawaiiera. Azken mendean, berriz, hizkuntza literario hutsa izatetik 5 milioi hiztun oso dauzkan hizkuntza bizia izatera pasa da hebreera.
Eta horretarako ez da ezinbesteko gobernu-laguntza ikaragarriak izatea. Esperientziak erakutsi du hizkuntza-biziberritze mugimendurik arrakastatsuenak komunitateek gidaturiko ekimen txiki eta autonomoetan oinarriturikoak direla. Ez al dio inork anarkiaren traza hartzen horri?

Slim Rootjuice

GAELIKOARI BURUZKO ZENBAIT XEHETASUN

– Historikoki, Eskozia osoko hizkuntza zen gaelikoa, eta hori argi erakusten dute gaelikotik eratorritako herri, muino, eta ibai askoren izenek, baita hego-ekialde urrunean ere (Ipar Ingalaterran bertan ere bai!).

– Oraindik ere, gaeliko-hiztunen erdia baino gehiago Lowland-etan (Beterrian) bizi da gaur egun. Glasgown bertan bakarrik, adibidez, 10.000 inguru bizi dira.

– Gure hizkuntzaren gainbeherarik dramatikoena XX. mendean izan zen. Egin kontu 1900ean 240.000 gaelera-hiztun zeudela. Gaur egun, aldiz, 60.000 baino gutxiago daude.

– Gaur egun baita, Eskozia osoko 60 ikastetxetako sail jakin batzuetan 1.900 ume daude gaeleran oinarritutako murgiltze-sisteman ikasten. Glasgown, gainera, gaelera hutsez diharduen haur-eskola bat dago.[[Besteak ez bezala, zentro hau ez da ingelesez diharduen eskola nagusiago baten adarra, ikastetxe beregaina baizik (itzultzaileen oharra).]]

– Gure hizkuntza ikasi edota gaeleraren pizkundean murgildu nahi izanez gero, jar zaitez harremanetan AF Alba-rekin honako helbideotan:

Anarchist Federation Alba/Scotland
[afalba(at)hushmail.com
->mailto:afalba@hushmail.com]
Afalba PO BOX 248 Aberdeen AB25 1JE

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like