ESKURATZEKOAK DIREN GIZARTE LAGUNTZEI BURUZKO INFORMAZIOA

Oro har bi laguntza mota jorratuko ditugu: «Ingreso Mínimo de Inserción» eta «Ayuda de Emergencia Social» direlakoak. Lagun bereziak daude ume, emakume, inmigrante, drogazale, gutxiengo etnia eta gartzelaratu ohientzako. Asistenteak informazio gehiago emango dizu.

I.M.I. (Ingreso Mínimo de Inserción)

1. 1999ko uztailan, baliabiderik gabeko familiek jasotzen dute -orain, «baliabiderik gabeko elkarbizitze independienteko unitateak» deritzaienak- edo, bestaldetik, nomina baxukoek ere jasotzen dute, baldin eta ondoko diru kopuruetara heltzen ez badira: 50.815 pzta. hileko (lagun bakarreko «unitatea»), 64.800 (lagun bikoa), 74.120 (hirukoa), 83.440 (laukoa), 92.760 (bostekoa), eta hemendik aurrera 5.060 pzta. lagun bakoitzeko.

2. 50.815 pzta. hileko (lagun bakarrekoari), 64.800 (bikoari) etab. ordaintzen dizkiete. Diru hau baino gutxiagoko diru-sarrerak jasotzen dituzten familiei gainontzekoa ordaintzen diete, 50.815, 64.800, edo dagokien kantitatera ailegatu arte.

3. I.M.I.-a eskubidea da. Baldintzak betez gero, eskatzen duten guztiei eman behar zaie. Ahalegindu behar zara eskakizunak betetzen. Asistenteak zenbait inprimakin eskatuko dizkizu. Hartu patxadaz paper-nahastea.

4. Eskatzeko zera da beharrezkoa: langabezian izena eman izana (INEM), Eusko Elkarte Autonomikoan gutxienez urte batez herritartuta egotea, familiaren etxetik kanpo, eta 25 urte baino gehiago edukitzea.

5. Indarrean dauden legeek honako salbuespenak onartzen dituzte:

– Erregistratutako senar-emazteak edo egitezko bikoteak.
– Seme-alabak dituzten guraso bakarreko familiak. Bikote ohia salatu behar da elikadura laguntzak jasotzeko.
– Dibortziatu edo elkarrengandik banandu berriak. Tratu txarrak pairatu dituzten emakumezkoak. Minusbaliatuak bere kargupean dituzten pertsonak.

6. Ogasunan deklaratzen dena jotzen da soldatatzat, zeren eta Errentaren gaineko Zerga -edo egin ez deneko egiaztagiria- eskatzen baita. Beste mota bateko soldatak (eskailerak garbitzea, umeak jagotea, klase partikularrak…) ez dira kontutan hartzen, asistenteak ezagutu ezean. Ezagutuz gero, aintzat har ditzake. Zenbait kasutan ere asistenteak honelako lanak eskaintzen dizkizu, eta gero IMI-tik deskontatzen dizu ala ez, berak nahi duen moduan. Leku batzuetan (Gasteiz) Ongizate Saila lanean dabiltzan susmagarrien zelatan dabil udaltzain patruilez.

7. Kontuz zure izenean dituzun ondasunekin (epe iraunkorrak, pisuak, garajeak…) atsekabe bat har dezakezu eta. Asistenteek ez dute kotxeaz galdetzen eta euren irizpidea ukatzeko da ondasunetan edo dirutan milioi bi baino gehiago ez edukitzea.

8. Gogoratu leku batean bizi eta beste batean herritartuta egon zaitezkeela, beti ere asistenteak ez badaki. IMI eskatutakoan, beharbada udaltzainak bidaliko ditu egiaztatzeko. Aurrikusi behar duzu (garbitu eskailera, erantzungailuan agertu, etxe horretan bizi direnek egiazta dezaten, posiblea bada egin berba auzokoekin, ipini karteltxo bat zure izenarekin buzoian…), batzutan udaltzainek James Bond-ek baino hobeto miatzen dute eta.

9. Zurekin bizi diren (herritartuta dauden) pertsona guztien soldatak kontutan hartzen dira. Gutxi izan arren (pentsioa…), segur aski lehen aipaturiko kantitateak baino gehiago izango da. Badirudi familiak derrigorrez mantendu behar zaituela. Beraz, hobe da zure kabuz bizitzea (herritartzea), gauzak erraztuko dizkizu eta.

10. Pisu konpartitu batean baino ezin bazara herritartu, ez duzu inoiz aitortu lagunak zaretela, zeren eta, 1998ko gizarte bazterketaren aurkako euskal legearen eta bere arauen arabera, lagunek ere mantendu behar zaituzte. Orduan, hainbat figurari eutsi diezaiekezu:

– Konpartitutako pisua alokatua bada, suberrentapen kontratu bat sina dezakezu (gela bat) «Cámara de la Propiedad» delakoaren bidez. Fidantza eskatzen dizute.
– Pisuaren jabea bertan bizi denetako bat bada edo ostatuan hartuta bazaude, zure figura pupilajea da.
– Aurreko biak benetako gertakariak dira, beraz AES ere eska dezakezu. Baina biak desegokiak badira zuretzat, «premia larria» alega dezakezu -eta gomendatzen dizugu-. Honen arabera, norbaitek abegitzen zaitu dirurik eskatu gabe. Asistenteari esan behar diozu ez daukazula diru nahikorik alokairu bat edo subarrentapen bat ordaintzeko. Ez duzu inprimakinik azaldu behar, nahikoa da herritartuta egotea.

11 . Gipuzkoan, 21ean Aldundian badago hurrengo hilabetetik aurrera kobratzen duzu. Araban eta Bizkaian I.M.I.-a eskatzetik eman arte bizpahiru hilabete pasatzen dira, baina hilabeteok ordaindu egiten dira, atzerakuntza moduan. Arazo burokratikorik sortzen bada, ez egin uko. Sei hilabetero edo urtero berrikusten da, herriaren arabera. Geldiarazi dezakezu noizik behinkako lan bat dela eta, hala ere, berriro kobratzeko inprimaki guztiak eguneratuta eskatzen dizkizute ostera ere.

12. Posiblea bada, sinatu baino, bete ezazu zuk zeure eskakizuna. Eskatu IMI-ren eskakizun datadun ordezkagiri bat, asistenteak beharrezkoa ez dela uste arren. Honela paper-nahasteak eta atzerakuntzetan diru gutxiago ematea ekiditen duzu. Inprimakirik ez badago edo asistenteak uko egiten badizu, bere izenean sar dezakezu Udaleko erregistroz, kopia bat gordez.

13. IMI emandakoan, beharbada. «insertzio komenio» bat onartaraziko dizute, edo bestela esanda, baliogabeko ikastaroak, badirudi lanpetuta eduki behar gaituztela eta. Interesatzen ez bazaizu eta zortzi hilabete baino gehiago ematen badute eskaintzeko, uko egin diezaiokezu. Zortzi hilabete baino gutxiago ematen badute, interesatzen zaizun ikastaroa eskatu (ez da ezinbestean asistentearen zerrendakoa izan behar) eta eskatu gastuak barne ordain diezazuten. Sestaon Langabetuen Asanbladan egoteak balio du.

A.E.S. (Ayuda de Emergencia Social)

1. Teoriaz, IMIren %150 baino gutxiago edo gehienez 69.225 pzta. hileko soldata daukaten lagunek eskatu ahal dute (90.000, lagun bi, eta abar); hala ere, egia esan, I.M.I.-a jasotzen dutenentzako osagarria izaten da. Soldaten diru kopurua eta familiakideen taulei begiratu arretaz.

2. Eskakizunak: familiaren etxetik kanpo sei hilabete herritartuta egotea eta 18 urte baino gehiago edukitzea. AES eskatzeko momenturik egokiena urritik otsailera da, presupostuen onespenarekin bat.

3. I.M.I-a ez bezala, A.E.S.-a ez da eskubidea, hau da, instituzioek edota asistenteek ematen dute egokia dela uste dutenean (edo nahi edo ahal dutenean). Baliteke urte batean ematea eta hurrengoan kentzea. Arazoa, eta aldi berean aitzaki perfektua, euren presupostua baxua da.

4. Bi behar nagusi daude A.E.S.-ren barne: etxebizitza eta osasuna. Honetaz gain, asistenteak emergentziatzat hartzen duen beste edozein egoera: argia edo ura ordaintzea, hiletak, elektratresnak, etxebizitzaren konponketak…

5. Etxebizitza: errentak edo hipotekak ordaintzeko laguntzak ematen dituzte. Hipotekak laguntza eskatu baino lau urte lehenago izenpetu behar dira. Barakaldon AES sei hilabetero eskatzen eta ematen dira 1999tik. Teoriaz, osotasunaren %90-ra ailega daitezke, baina, egia esan, ematen dituzten laguntzak 200.000 pzta. urteko inguru izaten dira eta hor konpon bestea lortzeko. Salbuespenak salbuespen.

6. Osasuna: A.E.S.-ek Osakidetzaren barne sartzen ez diren beharrak ordaintzen ditu: dentista, betaurrekoak eta laguntza psikologikoa edo psikiatrikoa batez ere. Jakina, osasuna oso zabala da eta norbaitentzat beharrezkoa izan liteke igerilekura, gimnasiora edo hondartzara joatea. Are gehiago umeentzat. Eskatu egiaztagiriak zure medikuari. Kantitateak etxebizitzarako berberak izaten dira.

7. Teoriaz, emergentzia bakoitzeko A.E.S. bat eska dezakezu. Hala ere, gauza baterako emanez gero, oso zaila da besterik ematea. Eskatzen baduzu, gero estadistiketan ezin izango dute esan eskatutako %95 laguntzak ematen dituztenik. Asistentea behartuta dago eskatzen diozun guztia tramitatzera.

8. AES-en eskakizun data eta diru kopurua adierazten duen ordezkagiri bat eskatu. Esan asistenteari behar duzun diru kopurua ager dadin, eta ez emango dizutela berak uste duena. Ordezkagiriaz kezka egin ahal izango duzu laguntza ukatzen badizute edota aski ematen ez badizute.

Nora jo

Herritartuta zauden kalearen arabera, gizarte asistente bat dagokizu, beraz, pertsona honengana jo behar duzu.

– Asistentearen erabakiarekin ados ez bazaude, edo ez bazaizu gustatzen nola egiten dizun harrera, egin kexa asistenteari, Ongizateko zinegotzi ordezkariari, alkateari, Aldundiko Ongizate sailari, arartekoari. Eskatu elkarrizketak eta eman kaxak idatziz.

Berri-Otxoak gizarte-bazterketaren aurkako taldea da, ez agente instituzionalak, ez karitatea. Hona hemen zenbait…

Aholkutxu erabilgarriak

Asistentea behargina baino ez da. Honen esku dago giza laguntzak ontzat ematea. Zer esanik ez nagusi politikoak ditu, zeintzuei azalpenak eman behar baitizkie. Zenbait lekutan (Errenteria) autonomo legez subkontratatuta daude. Asistente bakoitzak bere nortasuna, konpromezu pertsonalak eta ideologia ditu. Ez da zure laguna, ezta zure konfidentea ere.

– Prestatu elkarrizketa eta saiatu inprimakinak prest edukitzen. Adiskideren batekin joan zaitezke, baina bizitza osorako mantendu behar zaituztenetako bat izan ez dadin, edo behintzat ez aitortu.

– Jokatu zuzen eta duin. Adierazi objetiboki zure egoeran ez daukazula baliabiderik, baina ez azaldu barru-barruko xehetasunik. Asistenteari ez zaio inporta mutil edo neska lagunik duzun ala ez, eta galdetzen badizu, moztu egin ezazu. Asistenteak susmatzen badu bikotea duzula (ezkonduta edo erregistratuta ez egon arren), bion soldatak kontutan hartzen dira. Eta biotako inork ez badauka soldatarik, bi IMI bereiztuta (50.815 x 2 = 101.630 pzta.) bat bihurtzen dira, zuetako batek kargu hartzen duelarik (64.800).

– Asistenteari ematen dizkiozun datuak konfidentzialak dira. Ezin izango dira sekula Udaleko edo Aldundiko Ongizate Sailetatik irten, adibidez Ogasunera. Utziozu asistenteari argi badakizula.

– Bide administratiboa ( asistentea – zinegotzia – alkatea – Aldundia) ez dabil beti behar bezala. Laguntza publikoak eskatzeak oztopo lasterketa ematen du, zuk amore eman arte. Eutsi eta ez etsi. Esperientziak erakusten digunez, tramite burokratikoak berpizteko, batzutan hobe da zure egoera komunikabideei azaltzea edota bide nabarmenak hartzea: Udaletxean sartzea irtenbide bat eman arte, ate aurrean akanpatzea eta bururatzen zaizkizun ekintza guztiak.

– Giza laguntzak ukatzen badizkizute, ez iezaizu errurik bota baliabiderik gabeko beste pertsonei (ijitoak, auzokoak…) Instituzio publikoek nahi izanez gero, egoera latz gehiago konponduko lukete, diru laguntza gehiago, lan duinagoak edo etxebizitza merkeagoak emanez. Barakaldoko Udaleko konfidantzako 17 karguek eta zinegotzi liberatuek 125 miloi urteko irabazten dituzte soldatetan, dietak eta errepresentazio gastuak kontutan hartu gabe. Diru publikoa, egon badago.

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like

1 comment

Comments are closed.