ESPAINIAR ESTATUKO DROGA KONTSUMOAREN HISTORIA LABURRA

Droga kontsumitzaileen historia berriena hain urrun ez dagoen 1973an hasten da, Tardofrankismo bete-betean, Carrero Blanco Almiranteak gobernatzen zuenean. Urte horretan sartzen da droga ilegalen kontsumoa eta trafikoa zigortzen dituen eta huts egingo duen 344 bis artikulua Arautegi Penalean, espainiar legeria 1961eko “Vienako Nazioarteko Hitzarmena”ri eta 1971ko “sustantzia psikotropikoei buruzko Nazioarteko Konbentzioa”ri moldatzeko.

Urte horretara arte “gaindosi” karneta ere bazen Espainian; karnet horri esker zenbait opiazeo kontsumitzailek morfina dosi legalak eskura zitzakeen farmazian. Adierazgarria da 1973an hasi izana zirkulatzen lehenengo heroina partidak merkatu beltzean. “Gaindosi” karnetaren egozpenak pseudo “Pax Farmacrática” frankistaren bukaera eta drogen aurkako benetako gerraren hasiera markatzen du.

70. hamarkadan anfetaminak saltzen jarraitu zen Espainiako farmazietan, nahiz eta debeku internazional bat egon indarrean. Europa osoko jendea etortzen zen, batez ere ikasleak, “droga espainiarren” bila. Bustaid, Dexedrina, Centramina, Maxibamato, Minilip, Estil-2, Preludim Compositum eta abar erabiltzaile belaunaldi oso batek kontsumitu zituen “anfeta” markak ziren.

Franco Generala hil zenean opiazeo kontsumitzaile gutxi zegoen Espainian, baina ugari ziren cannabisaren deribatuak (hachish), anfetaminak eta “tripi”ak kontsumitzen zituztenak. Urte hauetan, talde sozial marginatuei eta berraldaketa industrial eta ekonomikoak kaltetutako esparru geografikoko (Galizia, Kanariar uharteak, Euskal Autonomi Elkartea) sektore hiritarrei lotutako droga trafiko sare klandestino bat sortu zen. Galiziako arrantzaleena dugu adibide garbi bat. Untzigintzaren berraldaketak, itsas kutsadurak eta arrantza neurrigabeak eragin zuten kaladeroen agortzeak eta herri askotako ur jurisdikzionalak 200 miliatara zabaltzeak miseria eta langabeziara bultzatu zituen milaka langile familia. Marinel asko Galizian 50. hamarkadatik zeuden tabako gorri amerikarraren kontrabando sareetatik sortutako hatxis kontrabando sare hasi berrietan lan egitera behartua suertatu zen bizirauteko. Esan beharra dago sare hauetako buruek beti mantendu izan dutela erlazio estua Francoren garaiko botere ekonomiko eta politikoarekin eta geroago haien ondorengoekin (leku bakoitzeko jauntxoekin eta UCD, Alianza Popular eta gaur egungo PPko kide nabarmenekin).

80. hamarkadan, Galiziako droga trafikoko sareak Atlantikoa zeharkatu eta Kolonbia eta Mexikoko kokaina kartelekin harremanetan sartu ziren Espainiatik sartzeko kokaina Europan. Arousa eskualdeko klanek Marokkotik hatxis adulteratua inportatzen jarraitu zuten eta kokainak beraien negozioa zabaldu zuen. Galiziako klanetako benetako buruzagiak inoiz ez ditu ikutu ere egin aparatu polizial judizialak. Lintxamendu mediatiko eta soziala pairatu dutenak Sito Miñanco eta Laureano Oubiña bezalako bigarren mailako hatxis trafikatzaileak izan dira. Jatorri apalekoa izateak beraien aurka jokatu du. Jendeak ez die aberats berri hauei beraien aberastasun “ilegala” agerian jarri izana barkatzen.

80. HAMARKADA. TERAPEUTISMOA ETA ERREPRESIOA

1975etik 1980ra bitartean sortutako baldintza sozial eta politikoek 80. hamarkadako “Drogen aurkako Gerra” inoiz ikusi gabeko muturretara eramatea bideratuko dute. Farmazietan egin ziren atrako gehienak opiazeoen eratorriz hornitzeko izan ziren, izan ere, heroinaren merkatu klandestinoa hasi berria zen oraindik. 1980 arte, legalki ere lortu zitezkeen Dexedrina edo Bustaid bezalako kalitatezko anfetaminak farmazietan.

1982ko garaipen sozialistak 1983ko Arautegi Penalaren erreforma ekarri zuen. 1983ko erreformak, osasunari kalte larria egiten dioten drogak, “droga gogor” izen okerrarekin ezagutzen direnak (heroina eta kokaina) eta droga biguinak (cannabis) deituak bereizten ditu. Hain zabaldua izan zen “Alarma Soziala” eskuineko talde kazetari-mediatikoek orkestatu zuten Arautegi Penaleko mini-erreforma bertan behera uzteko. Garai hartan espetxeak preso prebentiboz beteta zeuden. Presoak lau urtez eduki zitzaketen epaitu gabe. Presoen metaketa ere urte horietan hasi zen Espainiako espetxeetan.

1985ean PSOEko lehenengo gobernuak “Drogaren aurkako Plan Nazionala” aprobatu zuen. Plan hau 80. hamarkadan jazo zen droga kontsumoaren igoera ikaragarriari estatuak eman zion erantzuna da. Estatuak “Drogen aurkako Gerra” ikuspuntu bikoitz baterantz berbideratzea erabaki zuen; errepresiboa eta terapeutikoa, eta honekin batera “drogadikto”ei laguntza emateko aparatu paragubernamental oso bat martxan jarri zen sekta eta talde erlijioso mesianiko eta erredentoristen esku. Estatuak bere aparatu terapeutiko-errepresibo propioa sortu zuen PSOEren inguruko “lumpen” mafioso unibertsitario eta politikoa oinarri harturik. Medikuak, botikariak, psikologoak, psikiatrak, asistente sozialak eta abar, asko langabetuak baina beste batzuk lan anitzdunak (batez ere mediku eta botikariak), administrazio eta negozio ezberdinen zerbitzura jarri ziren.

1988ko Arautegi Penalaren kontraerreformak edozein droga trafiko motari dagozkion zigorrak handitu egin zituen berriro. Drogaren aurkako fiskaltza berezia sortu zen. “Corcuera legeak” kontsumitzaileak kriminalizatu zituen berriro ere. 25. artikuluak hiritarren segurtasunerako arau hauste larritzat hartzen du leku publikoetan kontsumitzea. Larria da baita ere kontsumoa “toleratzea” edo ez eragoztea establezimentu publikoetan. Erabaki honengatik Iberiar Penintsula osoan ehundaka taberna isundu eta itxi dituzte.

HERIOTZAREN HAMARKADA

80. hamarkada garai latza izan zen droga opiazeoen kontsumitzaileentzat. HIESaren agerpenak, tuberkulosiaren berragerpenak, hepatitis eta bestelako gaisotasun kutsakorren hedapenak kaleko heroina adulteratua kontsumitzen zutenen artean, kolpe handia eman zion belaunaldi errebelde oso bati. Heroina kontsumitzen zuen jendea irteerarik gabeko zurrunbilo batean harrapatuta gelditu zen, non lapurreta, trapitxeoa eta ondasun pertsonalak saltzea derrigorrezkoa zen “droga” lortu ahal izateko. Honi guztiari heroina injektatzeko higiene pertsonal falta eransten badiogu (xiringa konpartitzea, ur zikina, kotoi eta filtro kutsatuak erabiltzea eta heroina adulteratzea talko hautsekin, igeltsoarekin, adreilu edo teilen hautsekin -agian berau arriskutsuena zainetan tronboak sortzen baititu-, estrikninarekin, azukrearekin, colacaorekin, aspirina zanpatuekin, etab.) konturatuko gara ez dela harritzekoa hamarkada bukaeran ehundaka pertsona hiltzen hasi izana hiri handi guztietako kaleetan. Etxebizitza eta elikadura erregularraren gabeziak ere, etengabeko atxilotzeek eta abstinentzi sindromeek eragindako estresarekin batera, garrantzi handia eduki zuen heroina kontsumitzaileen narriadura fisiko zein mentalean. Heriotzei dagokienez, urterik latzenak 89, 90, 91 eta 92 izan ziren. Milaka pertsona, 60 eta 70eko belaunaldiko zati handi bat, hil zen kaleetan, espetxeetan eta ospitaletako “apestatuen” geletan. Urte haietako egunkarietako gertakarien kronikak “sobredosi”az hildako pertsonen notiziaz beteta daude. Inoiz ez zen autopsiarik egiten, izan ere, egin izan balitz, heriotzaren eragileak horma hautsa eta barbituriko eta somnifero nahasketak, batez ere Rohipnol, zirela frogatuko zen. Heroina errudun paregabea zen. Hainbat suizidio eta baita hilketa ere zuritzeko tresna. Metadona beranduegi iritsi zen milaka pertsonarentzat. 85 urteko “Drogaren aurkako Plan Nazionala”k jada aurrikusten zuen metadona dohainik banatzeko C.A.S. delakoen kreazioa (Drogomenpekotasunaren Jarraipen eta Atentziorako zentroak). Errealitatean 92. urterarte ez zen banatu doako metadonarik. Aparatu medikoaren aurka zegoen, nahiz eta sendagile askok kontsulta pribatuetan errezetatu aurretik 5.000 pezeta emanez gero. Gaur egun, zinismo paregabea erakutsiz, metadonaren jarraitzaile sutsu eta heroina programen aurkariak dira.

DROGA KONTSUMITZAILEAK GAUR EGUN. 90eko HAMARKADA, HAMARKADA GALDUA

90. hamarkada, metadona programak estatu guztian zabalduz, konplexu terapeutiko-errepresiboaren finkatze garaia izan da. Urtez urte, administrazio publiko ezberdinen (estatua, autonomia, diputazioak, udaletxeak) “drogaren aurkako borroka”- rako aurrekontuak handitzen joan dira.
Sektore publikoko aparatu mediku-korporatiboak gobernatzen du “drogazaleei” kasu egiteko aurrekontuen %70, beste %30 gehienbat sekta fundamentalisten esku dago, batzuk izaera erlijiosokoak eta beste batzuk laikoak, “Proyecto Hombre” ezaguna besteak beste. Sektore pribatuari dagokionez ehundik gora GKE “antidroga” bizi dira fundazio, banku eta aitortza erlijioso ezberdinen subentzio pribatu eta subentzio publiko eskuzabalen bizkarretik. Lukroa eta boterea beraien isilpeko helburuak dira.

90. hamarkadan baita ere, Arautegi Penal berria onartu zen. Aurrekoa baino oraindik errepresiboagoa da berau. Droga trafikoagatik ezarritako penak 5etik 9 urtera igo ziren, gainera, lana egitearen bidez zigorra txikitzeko aukeraren eliminazioak presoak penak osorik betetzera bultzatu zituen. Diego López Garrido (Arautegi Penal berriaren intelektuala) bezalako zenbait politikari parasitok neurri hauek progresistatzat jo zituen. Arautegi Penal berriko penatutako delitu guztietatik % 85 zuzenean edo zeharka drogen debekuarekin erlazionatuta daude; ondorioz espetxeak gaur egun estatuak debekatutako sustantziak kontsumitu edo saltzeko eskubidean jardun duen jendeaz gainezka daude.
Espainiak dauka biztanleriaren araberako preso kopuru handiena Europar Batasunean: 49.000 pertsona, horietatik 6.000 Katalunian. 1978an, konstituzioa onartu zen urtean, 10.500 pertsona zeuden preso espetxe espainiarretan. 20 urtetan espetxeetako biztanleria laukoiztu egin da, eta “talego” berriak eraikitzearen aldeko politikak aurrera darrai. Azkeneko gerra zibiletik ez da hainbeste preso egon herrialde honetan. Giltzapeko biztanleriaren % 70ak drogak kontsumitzen ditu eta zati handi batek tuberkulosia, hepatitia, HIESa edo antzeko gaisotasunen bat dauka. 1985etik gaur arte, 3.000 pertsonatik gora hil dira HIESarekin giltzapean edo egun batzuk lehenago libre utzita. Suizidioak, tratu txarrak eta torturaren eraginpeko heriotzak eguneroko kontuak izan dira 90. hamarkadan espetxe espainiarretan. 1991n FIES erregimen ilegala aplikatzeari ekin zitzaionetik giza eskubideek jasan duten zapalketa edozein estatu nazi-faxistarenarekin alderatu daiteke.

Associació Lliure Prohibicionista-ren testu baten zatia.
(Apdo. 2135 • 08080 BCN)
Ala_bcn@yahoo.es

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like