Brasil: segurtasuna eta familia

Brasildar ezkertiarrak izututa daude, izututa eta deprimituta. Eta arrazoiz gainera, Bolsonaro presidente izatea ez da ez hutsaren hurrengoa. Alderdiek, mugimenduek, pertsonek… guztiek egiten dute egoeraren analisia eta puntu honetara zerk ekarri dituen asmatzen saiatzen dira; inork ez dauka erantzun magikorik… Nola da posible herri xeheak herriaren kontra publikoki aritzen den tipo bateri botoa ematea? Emakumeak, LGBTak, beltzak, indigenak, pobreak… Zoratu gara ala?

Segurtasuna eta familia dira faxismo berriaren aginduak

Nola liteke herriaren kontra eginez hauteskundeak irabaztea? Nondik sortu da Bolsonaro gobernua? Ez da ez erraza asmatzea, bakoitzak bere azalpena dauka eta seguruena guztiak dira neurri batean egiazkoak. Artikulu honetan hainbat faktore aztertuko ditugu eta aurrera begirako zertzelada batzuk ematen ere saiatuko gara. Umiltasun osoz eta beste teoria batzuen egiazkotasuna zalantzan jarri gabe egin nahi dugu hau; oraindik ere goiz da gertatuko dena iragartzeko.

Bolsonaroren (PSL-Partido Social Liberal) garaipena edo PT-aren (Partido dos Trabalhadores) porrota bi ikuspegitik aztertuko dugu, zer egin du eskuinak eta zer egin du ezkerrak. Bien papera izan baita funtsezkoa jolas honetan.

Brasilgo ezkerrari autokritika egitea kostatzen zaion arren, badira gertatu diren ukatu ezinezko akatsak. Badugu alde batetik PT-ak gobernuan hartu izan dituen hainbat neurri eskumari bidea zabaldu diotenak; PT-a gobernu asistentziala eta kapitalista izan da. Kapitalismoari bidea zabaldu dio, agronegozio eta meategien bidez; eta era berean herriari mesede egingo zioten hainbat neurri hartu ditu, baina benetako aldaketa sozialik sortu gabe. Dilma Rousseff presidente zenean lege antiterrorista onartu zuten. Komunikabideen lege eta kontrolean ere huts egin dute, mega-medioei botere osoa eman diete eta komunikabide txiki, alternatibo eta komunitarioak kaltetu.

Lula da Silva presidenteak egin zuena edo ez zuena ez dakigu, baina PT-aren barruan ustelkeria egon da eta alderdiak ez du ustelkeri horren aurrean ganorazko erantzunik eman. Beste alderdietan baino ustelkeri gehiago? Seguruena ez, baina ondo harrapatu dituzte.

Herri mugimenduak PT-aren alde mantendu dira, oposizio oso ahula eginez eta hauteskunde garaietan beraien babesa emanez. Babesa emateaz gain, askotan beraien azpiegitura ere alderdiaren esku jarri dute. Kontua da herri honetan hauteskunde kanpainek sei hilabete eta urtebeteren artean luzatzen direla. Aintzat hartuta 2016an Dilmaren kontrako inpeachment-a izan zela eta orduz geroztik politika parlamentarioa hankaz gora geratu zela, badirudi azken urteetan herri mugimendu handien lana PT-aren aldeko kanpaina egitea izan dela. Horrek kalea eta iritzi publikoa alde batera utzi du. Lehenengo, inpeachment-aren kontra, gero, PT-aren kanpaina, eta ondoren Lula askatzeko kanpaina; eztabaida oso mugatua utzi du eta herritarren benetako beharrak bazter utzi dira.

Eztabaida falta horretan, kaleko lana murriztua, oinarriekin kontaktua alboratua, PT-aren kontrako sentimendu baten sorreran… Egoera horretan hartzen du indarra Bolsonaro ultra-eskuindarraren mezu sinplea eta populistak. Tipoa atzerakoia izan arren, trikimailu modernoak ondo baliatu ditu, sare sozialak izan direlarik bere kanpainako elementu nagusiak; baina Rede Globo eta Record (bi komunikabide nagusiak) alde izan ditu, epaileak ere bere alde (frogarik gabe Lula kartzelan utzi dutenak), eliza ebanjelioak ere berarekin…

Hiru izan dira kanpainan erabili dituen ideia nagusiak eta gobernuaren nondik norakoak markatuko dutenak:

Sentimendu antipetista. Dilma eta Lularen kontrako eraso pertsonalak, komunismoaren mamua… diskurtso zaharra da baina jendearen arimetara heldu da.

Familiaren ideia. Brasilen elizaren eta fedearen boterea oso indar­tsuak dira, bereziki eliza ebanjeliko edo neopentekostalek gogor jotzen dute politikan, eta gogoz manipula­tzen dituzte herriaren ideiak eta jokamoldeak. Bolsonarok aliantza sortu du eliza hauekin eta feminismoa eta LGBT den guztiaren kontra eginez, haien babesa lortu du. Haien babesari esker bozka asko lortu ditu.

Segurtasuna. Segurtasun faltaren sentimendua biziki indartu da Brasileko biztanleen artean. Indarkeria tasak handiak dira hiri zein landa eremuetan. Honen aurrean, Bolsonarok armak izateko eskubidea planteatzen du, «jende onak bere burua defendatzeko eskubidea» duela argudiatuz. Ideia honi esker Trumpen babesle ekonomikoek bera ere babestea lortu zuen.

Eta hemendik aurrera zer?

Bolsonarok urtarrilaren lehenean asumitu zuen kargua eta zoro baten pare, lege eta dekretuak sinatzeari ekin zion. Behingoz presidente batek kanpainan aldarrikatu duen guztia egiten du! Eta egun gutxitan gainera. Edo behintzat saiakera horretan dabil. Berriak ikusita badirudi gobernua ez dela horren indartsua, kontraesan handiak dituzte eta Bolsonarok burutik pasatzen zaion guztia esaten badu ere, gero gobernu ordezkariak gaizki ematen du esandakoa.

Koiuntura berri honetan ezkerreko alderdiak parlamentuan hainbat akordio egiten saiatzen ari dira; baina zaila gertatzen ari zaie PT-aren jarrera oraindik ere nagusiarena delako, bere botere eta hegemonia mantendu nahi duelako. Kalean ordea bi ikuspegi daude, batzuk uste dute oraindik ere PT-aren apustua beharrezkoa dela, eta gero eta gehiagok uste dute garai hura pasatu dela eta zerbait berria eraiki behar dela. Zerbait hori zer izango den ez dago argi: demokraziaren aldeko ituna edo plataformaren itxura hartzen diote, alderdia gaindituko duen zerbait… Eta zurrunbilo horretan PSOL (Partido Sozialismo e Libertade) alderdia pisua hartzen hasi da (Marielle Francoren hilketa, beste diputatu batzuk jaso dituzten mehatxuak…).

Herri mugimenduetan ere gauzak aldatu beharra dagoela argi dago, argi dute mugimenduek beraiek. Kalera eta oinarriekin lan egitera bueltatu beharra aipatzen da. Estrategia berrien artean jendearekin berriro hitz egin, berrantolatu, herria berriro maitemindu, borrokalari berriak sortu eta formazio politikoa nabarmentzen dira. Inurri lanetan jardun beharko direla uste dute, eztabaida berreskuratuz.

Bitartean beldurra nagusi da, alderdi zein mugimenduetan. Batzuk herrialdea utzi dute, beste batzuk etxera bueltatu dira, edo perfila jai­tsi dute. Segurtasun neurriak handitu dituzte eta bizi irauteko presta­tzen ari dira. Oso gogorra da, baina behin eta berriz entzun dugu: «gure helburu nagusia momentu honetan bizi irautea da». Izan ere, mugimenduen bizi irautea eta militanteen integritate fisikoa arriskuan daude. Eta horregatik, auto defentsarako aliantzak sortzen ari dira. Badakite lehenengo helburuan Movimento dos Trabalhadores Sem Terra (MST) eta Movimento dos Trabalhadores Sem Teto (MTST) daudela, eta haien defentsa antolatzen ari dira. Izan ere, badakite ere eurekin amaitzea lor­tzen badute besteek jasoko dutela jazarpena.

Horrez gain, lehenengo momentuan jendea etsituta zegoen, deprimituta. Gutxika hasi dira erreakzionatzen eta orain erantzuna presta­tzen ari dira; ez da berehalakoa izango, baina garai berri honen hasieran hainbatek zerbait berria sor­tzeko aukera ikusten dute. Berriro hasi behar horretan ikasitakoa, mar­txan jartzeko aukera bat badago.

Segurtasuna eta familia, legeetan

Gobernua, agindu zuen bezala, gizarte mugimenduak jazartzen hasi da. Dilma garaian onartu zen lege antiterrorista martxan jarriko dute eta MST eta MTST legez kanpo uzteko ahaleginak egingo dituzte. Bi mugimendu hauek ikono garrantzitsua dira, bata landa eremuan eta bestea hiriguneetan jabetza pribatuaren kontra egiten dutelako, ondasunen demokratizazioaz hitz egiten dutelako eta PT eta PSOLeko hautagai batzuk mugimendu hauetako kideak izan direlako.

Legeekin jolasten duten bitartean badirudi estrategia inpunitatea izango dela. Inpunitatea okupatutako lur edo eraikinen kontrako indarkeriarentzat, mugimenduetako militante zein buruzagien aurkako indarkeriarentzat; hiltzaileentzat azken finean. Gertatu dira hainbat eraso azarotik hona, MSTk kontrolatutako lurretan (erailketak) eta bereziki lur indigenetan (kanporatzeak, etxeen suntsiketa, uzten suntsiketa, okupazio armatuak). Bolsonarok agindu zuen indigenei lurrak kenduko zizkiela eta lur jabe handien artean banatuko zituela, eta horretan dabil.

Inpunitateak behar dituen baldintza legal eta materialak ere sor­tzen ari dira. Armen liberalizazioa izan zen kanpainan agindu zen gauzetako bat eta lege hori onartuta izan dadin lanean ari dira. Legearen helburua dirudunek eta lurjabeek armak legalki izatea da, eta beraien jabetza mehatxatzen duen edonoren kontra tirokatu ahal izatea. Teorian, segurtasunaren izenean hartu den neurria, praktikan, pobreak akaba­tzeko erabiliko da.

Bereziki nekazal mugimenduei dagokionez oso larria da INCRA (Instituto Nacional de Colonización y Reforma Agraria) bulegoarekin gertatzen ari dena. Brasilgo legediak lurrak helburu soziala bete behar duela esaten du. Beraz, lur bat inproduktiboa denean edota bertako ekoizpenak ingurugiroari kalte egiten dionean, nekazal erreformarako «eskatu» daiteke. Hori izan da MSTk eta lur banaketaren aldeko beste hainbat mugimenduk azken 35 urteetan erabili izan duten estrategia. Lurra okupatu, INCRAri helburu sozialik betetzen ez duela esan, eta horrela banatzera behartu. Lur hauek batzuetan publikoak dira eta beste hainbatetan pribatuak. Bigarren kasuan INCRAk lurrak erosten ditu banatu aurretik.

Bolsonaro garaiko lehen egunetan, INCRA geraraztea eta azken 10 urtetako prozesuak birpasatzea erabaki zuten. Horrek esan nahi du momentu honetan lurra okupatzen ari diren milaka familien egoerak okerrera egin duela; ezinezkoa izango da lurrak eskuratzea INCRA geratuta dagoen bitartean, eta kanporatze arriskua handitzen da. Baina gainera, azken 10 urteetan lurrak eskuratu dituztenek ere arazoak izan ditzakete.

Gerora neurria bertan behera utzi bazuten ere, oraindik dena zalantzan dago eta etorkizuna ez da samurra izango Nekazaritza Saila agrotoxikoen defendatzaile publiko baten esku dagoela jakinik. Nekazaritza sailak bere kargu hartu ditu nekazal erreforma, indigenen lurren erregularizazioa, komunitate kilonbolen titulazioa eta nekazari txikien politika. INCRA militar baten esku utzi dute.Bere hitzak entzunda, badirudi orain institutuaren lana nekazal erreforma egin beharrean, MST ren aurka jotzea izango dela.

Gobernua osatu zenean sailak ere aurkeztu zituzten, eta berdintasun saila edo antzekorik egon beharrean Emakumea, Familia eta Giza Eskubideak Saila sortu da. Emakume ebanjeliko batek darama saila (bi emakume bakarrik daude gobernuan, nekazaritzan bat eta sail honetan bestea) eta kargua onartu zuenean bere bideo bat birala egin zen: «entzun, hemendik aurrera, neskek arrosa jantziko dute eta mutilek urdina jantziko dute» oihuka­tzen zuen erlijioetako ordezkariez inguratuta.

Horrez gain, LGBTak giza eskubide politiketatik kanpora utzi ditu eta genero indarkeriaren aurkako legea aldatzeko plana daukate. Auskalo zertan geratuko den.

Krisiak ere hasi zaizkio. Alde batetik Minas Geraisen apurtutako urtegiak utzitako hildakoak bere meategi proiektu guztiak kolokan jarri ditu. Bestetik epaileak LGTBfobia legez zigortzearen alde agertzen ari dira. Pentsioen lege berriak manifak eta grebak eragin ditu. Temer kar­tzelaratu dute eta Bolsonaroren semeak epaiketa dauka.

Gertutik jarraitu beharko dugu egoera, momentuz dena airean dago, baina etorkizun beltza aurreikusten da.

EstiRedondo

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like

1 comment

Leave a Reply

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *