Nork bere jokabidea erabakitzeko eta orientatzeko gaitasun gisa defini liteke borondatea. Giza historian mugarriak jarri eta eraldaketa sozial handiak eragin dira borondate indibidual eta kolektibo horren poderioz.
Borondateak konpromisoa eta erabakitasuna eskatzen du eta bizitzaren berezko zatia da. Helburua lortzeko bidean aurkitzen diren zailtasunak ahaleginez, grinaz, prestakuntzaz eta suhartasunez gainditzea du xede. Estrategia bat prestatzen eta indartzen laguntzeaz gain, pertsonalki eta kolektiboki aberasteko modu bat izan daiteke jokabide hori borroka politikoan aplikatzea, geure burua perfekzionatzeko laguntza bat, eskarmentuan nahiz gertuko analisi sentiberan oinarritzen den etika bat garatzeko bide bat (betiere, gizartearen eraldatze-prozesu baten barruan kokatzen badugu).
Iragana idealizatu gabe: badira aspaldiko moral politiko baten elementu batzuk gaur egun ia galdutzat sentitzen ditugunak. Geuk ere zentzugabetzat eta justifikaezintzat senti ditzakegun erlijio-fundamentalismoen eta euren autoimmolazio-oldarraldien aurrean, gaur egungo mendebaldeko gizarteak ez du ia pentsatu ere egiten bizitza emateko arrazoiak egon daitezkeenik ere. Aldaketa sozial handiek eta kapitalismo hegemoniko honetan nagusitu zaizkigun balore kontsumista eta otzanek ezinezko bihurtu digute ondorioak saihestea. Beldurra, erosokeria, ustelkeria, zorionik eza, etsipena, limurkeria, isolamendua, zinismoa… geure patuaren jabe izan nahia indargabetzeko, aldatzeko dugun borondatea izozteko modu batzuk baino ez dira.
Hein handi batean, boluntarismo giro batek ordeztu du borondatea, hau da, konpromiso mota ahul batek, gogo onekoa baina zorroztasun eta suhartasun txikikoa den konpromiso mota batek, askotan, autokritika faltan duena. Ezarritakoaren joan-etorri, behar eta inposizioen menpekoa da, borondate era alienatua, besterendua, indibidualismorik egozentrikoenaren interes malgu, gorabeheratsu eta iragankorren araberakoa, bizitza modernoaren ustelkeria txikietan nahastua eta desioak berehala ase nahi dituena, horretarako, bizkarreko kateen pisua naturalizatu beharra izan arren.
Borondatea berreskuratzea bizitza beraren zentzuari berriro heltzea da, ezarritakoaren aurrean konplizitate aukera hutsak ematen dizkigun mundu honek lapurtu nahi digun gogoa, kemena berpiztea da. Zer nahi dugun jakitean, gure sakonaren sakonean datzana ezagutu eta onartzean eta horren alde borrokatzean lortuko dugu ahal bezala jasaten dugun min bizi honen sendabidearen zati bat. Eta horretarako, ez dago jardunbide bakarrik, ezta bide bakarrik ere, bizitza bakarra baizik.
[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]