MILITANTZIA

1

Norbanako baten ibilbidean edo, kasu honetan, herri mugimenduko kide batenean kontuan hartzeko bi faktore nagusi daude: adina eta garai historikoa. Ibilbide politiko batez hitz egiterakoan adinak berebiziko garrantzia duela begibistakoa da: ez da gauza bera nerabezaroan, gaztetan edo heldutakoan dugun ikusmoldea, gogoa eta kemena; honekin lotuta, eskarmentua ere ezberdina da eta horrek ere jarduera politikoan eragina du; bestaldetik, bizi dugun garai politikoak ere jarduera politiko militantea baldintzatzen du: esaterako, ez da gauza bera trantsizioa delakoa, 90.garren hamarkada edo krisi larriak jotatako egungo egoera.

Adinari dagokionean, nere kasua arraro samarra da. Nere inguruko militanteei erreparatuz gero, argi dago gaztetan izan zutela jarduera politiko aktiboagoa heldutakoan baino. Hori da ohikoena: gaztetan kemena eta indarra handiagoa da; baita, injustiziaren aurkako oldarkortasuna, eta ahul edota errepresaliatuenganako elkartasuna. Gero, ohiko da heltzerakoan, nekea, asperdura, itxaropen falta, edo besterik gabe, bikotekidearekin seme alabak izateagatik, jarduera politikoa murriztea. Nere kasua ezberdina izan da. Ene familian despolitizazioa nahiko handia zen -ez esateagatik politikaz hitz egitea tabu bat izateraino heldu zela- eta nere ingurua ere ez zen sobera politizatua izan garai hartan. Horrenbestez, nere kultura politikoa aski eskaxa zen. Unibertsitatean, ordea, ortzimuga zerbait zabaldu zitzaidan eta ikasle garaiko borroketan sartzeko aukera izan nuen. Dena den, ikasle garaia bukatutakoan, nik beste kezka batzuk nituen eta horiei bidea ematen saiatu nintzen: hizkuntzak ikastea -euskera barne-, bidaiatzea eta beste kulturak ezagutzea, eta lan egitea. Tarteka marteka, baina, kezka politikoak piztu ziren neregan kanpoko eta barruko mundu hori ezagutuz joan nintzen heinean, nere bizitza guztiz betetzeraino. Nuen lana uztea erabaki nuen eta hortik aurrera hasi zen egundaino ekarri nauen ibilbide militantea. Nahiz eta mukizu bat ez izan, garai hartan zerbait lor genezakeen itxaropena bagenuen, garaipen bat edo beste. Eta lortu, nahiz eta garaipen gutxi lortu, zerbait lortu dugula uste dut. Egun, aldiz, ez naiz borrokatzen garaipenak lortzeko, duintasuna ez galtzeko baizik, dejenerazioaren aurkako ekinbidean. Ba dakit gutxi garela, indar eskaxa dugula eta garaipen gutxi lortzen ari garela baina ezin dut irudikatu mundu bidegabe hau borroka politikorik gabe, duintasunik gabe geldituko ginatekeelako eta azken finean uste dudalako egun garaipenik lortzen ez badugu ere biharko garaipenaren haziak agian poliki poliki ernatzen laguntzen ari garela. Esan gabe doa borrokatuko ez bagina askoz okerrago egonen ginela eta irabazteko aukerarik gabe geldituko ginela.

Jende askok esaten du militantziak sakrifizio batzuk ekartzen dituela: denbora asko inbertitzen dela eta beste hainbat zaletasunez gozatzeko aukera kentzen digula. Baliteke, baina militantziak ere beste mesede batzuk ere ekartzen dizkigu: borroka mugimendu batean esku hartzeak ematen duen gogobetetasuna, prozesu politiko batean eragitearen sentsazioa, kolektiboan osagarri bat izatearen ideia, jende konprometitu asko ezagutzeko aukera,..

Dena den, egia da ere, urteak aurrera egin ahala, gero eta ilusio gutxiago sentitzen dugula eguneroko lan militantean: asperdura, inertziaren sentsazioa, gutxi aurreratzen ari garelako inpresioa, beti pareta berberaren kontra aritzeagatiko etsipena,…Errepresioa eta kriminalizazioak ere garrantzi handia dute borroka politikoan, une askotan gure militantzia guztiz baldintzatuta izan daitekeelako: isunen pilaketa, kartzelara joateko arriskua,… Are gehiago egungo bezalako garaiotan, non Francoren garaiko denboretara itzultzen ari garen.

Garai historikoari dagokionean, argi dago berebiziko garrantzia duela ibilbide politiko baten baitan. Badira garai batzuk askoz ere itxaropengarriagoak direnak beste batzuk baino. Esaterako, trantsizioa, oso garai interesgarria izan zen horretarako: aldaketa sozial eta politiko sakona eskuratzeko esperantza handia zegoenez gero, jende asko sartu zen buru belarri borroka prozesuetan. Oraingo krisi testuinguru honetan gauza bera gerta daiteke: «paradisu» kapitalista krisi gorrian dagoen heinean mugimendu sozialentzat aukera handi bat zabaldu da, alternatibak eraikitzeko, herri mugimenduaren taldeen arteko harremanak estutzeko, eguneroko ohiturak aldatzeko, etabar. Horrek ilusioa pizten du eguneroko borrokan segitzeko, konpromezu mailak goratzeko eta antenak erne izan ditzagun balizko aukerak aprobetxatzeko.

2

Hausnarketa hau idazteko gonbidapena jaso nuenean biziki poztu nintzen. Biziki poztu sentimuenduei buruz hitz egiteko eskatzen zidatelako eta demanda horrek sentimenduek eta norberaren esperientziek parte hartze politikoan eragina dutela, aztertu beharreko eremuak ditugula azpimarratzen duelako. Eta horrekin bat nator.
Biziki poztu ere egun gai hauen inguruko gogoeta prozesu kolektibo batean murgilduta nagoelako, eta konbite honek prozesu horren zentzua berresten duelako. Eta, nolatan ez, Ekintza Zuzenaren eskutik datorrelako, bizitzan gertu izan dudan argitalpena -nahiz eta tarteka urrundu, eztabaidatu, ez adostasunak agertu-, hau da, erreferentzitzat jotzen dudan aldizkaria. Heldu diezaiogun ba gaiari!

Iraganari buruz hitz egiterakoan, bereziki bizitzaren ibilibidea berreraikitzerakoan, orainaldia dugu lanabesa, gaurkotasunez beteko objetibotik begiratzen diogulako izandakoari, lehenaldi horren kontakizuna gaur egun garen pertsona horiek gauzatzen baitute eta ezin baita oso kontraesankorra suertatu. Zentzu horretan, nire buruari buruzko gauza pare bat argitu nahi nituzke. Alde batetik, parte hartze politikoa 24 orduko jardunaldia dela ulertzen dudala eta, bestetik, ez dela publikoa deitua izan den eremura mugatzen. Are gehiago, publiko-pribatu dikotomia hori zakarrontzira bota beharko genukela, erabat baztertu. Zer esan nahi dut honekin? 24 orduko aktibismo, militantzia edota parte hartze politikoak ez duela esan nahi egunak dituen 24 ordu horietan edozertarako prest gaudenik, baizik eta aktibismo horrek, jardun politikoak, munduan egoteko modu eta begirada berezia eskeintzen digula eta horri heldu beharko geniokela une oro. Beraz, gure bizitzaren esparru ezberdinak lotzeko jostorratza dugu aktibismoa, ez jantzi eta kendu daiteken mozorroa.

Gauzak horrela, eskolako egunak gogoratzen ditut, lagun batzuk errotuladoreak hartu eta eskolarako bidean ikur feministak egiten hasi gineneko garaiak. Eta eskolan irakasleekin izandako liskarrak, autoritate eta potere harreman horiek onartzeko zailtasunak. Hor kokatzen dut nik hasiera, txikitan, munduan gustoko ez ditugun gauzak identifikatzen hasi eta horiek aldatzeko grina pizten zaigunean. Eta burura datorkit ere Lemoiz, Lemoizen kontrako manifak eta nik, ume, horrelako astakeria benetan gertatzen ari zela ulertzeko nituen zailtasunak. Gerora etorriko ziren kolektiboak baina nire ibilbide politiko irudikatzeko ariketa honen hasieran izan nintzeneko umea kokatzen dut eta hark izandako bizipenak, etxeko eta eskolako giroen arteko tentsioak eta talkak, arauak tokian tokiko ezberdinak direla ikasi eta, ondorioz, jokamoldeak ere egokitu behar ditugula eta, batez ere, ez dagolea bizitzeko modu bakarra, ez ona edota txar unibertsalik.

Abiapuntua, oinarria finkaturik, ekite honetan izandako bizipen nagusiak laburbiltzeko ariketari ekin nahi nioke, esperientziaren gazi-goxoei. Ez dut nire burua imajinatzen, ez nintzateke ni izango parte hartu izan dudan kolektiboetan izandako esperientzi horiek gabe. Hobe esanda, ni naizena horren fruitua da, ni-a zein gu-a horietan eraiki izan baititut. Lagunak, maitaleak, kideak hortxe topatu ditut, baina baita etsaiak eta, oso gertu egon izanagatik, min haundia egin didaten pertsonak. Eta horrexegatik hasierako nire poza. Iruditzen zaidalako orokorrean sentimenduen lanketa ez dugula aintzakotzat hartu, alde batera utzi dugula, eta gehiegitan aurrera jarraitu dugula jasandako minei erreparatu gabe, horiek politikarekin lotura izango ez balute bezala. Eta sentimenduek jarduera politikoaren muinean duten tokia aldarrikatu beharko genuke, pertsonen arteko harremanei, eta hauen zaintzari, dagokien garrantzia aitortu. Hauxe dut urte hauetako irakaspen garrantzitsuetako bat.

Zenbait kolektibo desagertzen ikusi ditut eta zenbaitetik alde egin. Kolektibo edo taldeak ez dira betirako, eta ez dute zertan izan behar. Garrantzitsua da gauzak amaitzen jakitea, bukatzeko arrazoiak publikoki azaldu eta balorazio politikoak egitea. Horrelako esperientziak bizi izan ditut, taldearen helburuak zentzua galtzea eta bertan behera uzteko erabakia hartzearena. Eta, dagoeneko adierazi dudanez, positiboa deritzot horri. Beste batzutan, ordea, pertsonen arteko harremanak izan dira arazoa eta hori ez onartu izanak edota, nahiz eta mahai gainean jarri, kolektiboki heldu ez izanak ondorio tamalgarriak izan ditu. Horrelakoetan, hona hemen nire buruari behin eta berriro egin izan diodan galdera, zergatik onartu eta bermatu gure artean irudikatzen dugun munduan lekurik izango ez luketen jarrerak eta harremanak? Noiz arte ez diegu gure arteko potere harreman, jerarkizazio eta asimetriei tinko helduko? Luzaroan autonomiaren eremuan ibili eta gero, galdera hauei heltzeko zailatasunek beste batzuekin lan egiteko grina piztu didate, ideologikoki ezberdinak izan arren, afera hauekiko kezka partekatzen dudan pertsonekin zerbait eraikitzea emankorra izan daitekelakoan. Gaur egun horretan nabil, ideologikoki zabala den baina oinarrizko, eta niretzat ezinbesteko, gauza batzuetaz aritzeko eta horiei heltzeko asmoa duen taldean. Eta hauxe da bizi izandakoen artean azpimarratu nahiko nukeen beste zerbait. Harremanak eta elkar eragiteko moduak praktika politikoaren oinarri eta gorputza direla, teoria eta praktikaren arteko loturak indartu behar ditugula. Hori bai, kontraesanak gurean kabi egin duela ere onartuz, eta ondorioz, gure buruarekiko eta gure taldeekiko autokritika eraikitzailea ezinbestekoa dugula ametituz. Berriz ere, barrurako begiradaren garrantzia.

Eta guzti hau potere harremanak, asimetriak eta abarrekoak behin betirako ez ditugula desagerraraziko jakitun. Baina horiek aitortu eta horren inguruko lanketari ekitea jasaten dugun sistema hau gure artean etengabe berreraikitzen ez jarraitzeko ezinbestekoa dugu. Horrela arituz gero, alde batetik irudikatzen dugun etorkizuna orainaldia bilakatuko dugu eta, bestetik, gure talde eta kolektiboen helburuak lortzeko indar gehiago izango dugu, «eraginkorragoak» izango gara.

Zabal dezagun begirada. Zer nolako munduan bizi gara? Azken urte hauetan, zer aldatu da eta horrek zer eragina izan du gure jardueran? Zein da, egun, balizko eraldaketaren subjektu politikoa? Galdera potoloak idazki xume honentzat. 40 urte baino gehiago pasa dira jaio nintzenetik eta ezin esan munduak hobera egin duenik, ezta gure jarduera politikoaren eraginez inguruan sakoneko aldaketarik gerta denik. Izan dira, bai, zenbait une bereziak, niretzat batik bat laurogeita hamargarren hamarkadan Bartzelonan bizi izandakoak. Zerbait mugitzen ari delaren sentsazio, indarra, konexio eta kohexioa, beste modu batez bizitzea benetan posiblea delakoaren konszienzia. Okupazioa, autogestioa, ehundaka pertsonetako asanbladak.. oso une potenteak, proiektu asko martxan eta jende anitza horietan parte hartzen. Eraldaketa gure gorputzetan marrazten eta gorputzekin idazten ari ote ginen? Baietz pentsatu nahi!

Dena dela, esperientzi aberats asko ezagutu eta izan ditudan arren, horien eraginaren hedadura zenbaterainokoa izan den kezkatzen nau gaurkoan. Alternatibak ez baitauka zentzurik gutxi batzuen pribilegio bilakatzen badugu, gutxi batzuk eta gutxi batzuentzat eraikitako zerbaitetan geratzen bada. Argi daukat ibilbide honetan ikaspen eta lorpen ugari eta sakon izan ditugula, baita porrot eta frustrazio dexente ere. Baina hauexek sozializatzeko gai izan al gara? Gure zirkuluetatik haratago, zerbait eraiki al dugu? Erabateko ezezkoan ez egon arren, ez dut uste txifleroak botatzeko moduan gaudenik.

Tira ba, garaian garaiko eta tokian tokiko; begira diezaiogun ba orainaldiari. Inguruan ekimen interesgarri ugari badauden ere, ez dut uste herrigintza –zentzu zabalean ulerturik- oso indartsu dagoenik. Malos tiempos para la lírica, diote batzuk.. Hori baino aliantzak eta elkarlana sustatzeko oinarriak izan badirela esango nuke nik. Egun, mundu mailan, bizitzaren sostengarritasuna dago jokoan, eta horixe norberaren printzipioetatik haratago doan zerbait dugu. Has gaitezen pertsonen beharretatik abiatzen, bizitzea pena merezi duen bizitzaren oinarriak elkarrekin landuz, komunean ditugun gabezi eta premiei aurre egiteko baldintzak eta egiturak gu geuk sortuz, zeregin horiek beste batzuen esku utzi beharrean, hango eta hemengo instituzioen bezero bilakatu gabe.

Garai korapilatsuak bizi ditugu, baina egon al da korapilorik gabeko sasoirik? Gauzak horrela, nola ulertzen dut gaur herrigintza edota, hobe esanda, eraldaketaren subjektu politikoa? Anitza, gurean gertatzen diren opresio ezberdinak aitortzen dituena, eremu ezberdinetan batzuk eta besteak ditugun pribilegioak (adibidez, hiritartasuna) pribilegioak direla onartzeko gai dena, gure artean gorpuzten diren zapalkuntzei ere erreparatzen diena. Hau da, printzipio guztiak ez partekatu arren, elkarlanean aritzeko gai dena; borroka bidea izateaz gain, bidea ere borroka dela onartzen duena; borroka molde ezberdinen arteko saretzea ahalbidetuko duena; aniztasun teoriko zein praktikoa, aberasgarria izateaz gain, une honetan ezinbestekotzat jotzen duena..

Ez dakit eskatutakoari erantzun ote diodan. Bizipen eta kezka nagusietatik hitz egiten saiatu naiz, norbaiti interesgarri gerta dakiokeelakoan. Hertzainak zioen moduan, oso gazte hasi ginen bizio hontan… Gure bizitzak, gure harreman oro, politikoak direla uste dutenekoa nauzue, ez dagoela konpartimento estankorik, ezta herrigintzan, nolabait deitzearren, aritzeko adinik. Bizi osorako eginkizuna dugunez, saia gaitezen gazietatik ikasten eta goxoak indartzen!

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like