ZIENTZIA-FIKZIOKO SUSTRAIZKO LITERATURA

Askok zientzia-fikzioa irakurri arren, berez atzerakoia izatea leporatzen diote: menpeko harremanez josia, gerraren goraipamena eta kanpotarren sarraskietan azaldutako fantasia arrazistak. Baina giza izaeraren alde guztiak ikertzen dituen zientzia-fikzio lan kopuru handia dago, portuko grebako langile anfibioetatik hasita gizon haurduneraino. Honakoa zientzia-fikzio erradikalaren idazlerik ezagunenen sarrera laburra duzu.

XVIII. mendeko lanak daude, Swift-ek idatzitako Gulliverren Bidaiak liburuak, adibidez, galdutako gizon batek zenbait gizarteren munduetan bidaiatzen duela kontatzen du, baina jende gehienak Mary Shelley-ren Frankestein (1818) benetako lehenengo zientzia-fikziozko eleberria dela uste du. Generoa XIX. mendean arin ezagutzera eman zen, Julio Verne eta H.G. Wells idazte arrakastatsuekin. Verne teknologiarekin interesatuta zegoen eta Wells sozialistak etorkizuna gizarte kritika idazteko erabiltzen zuen. Zientzia-fikzioaren bi alde hauek gaur arte mantendu dira.
Hiru distopiarik ezagunenak (zorigaiztoko etorkizuneko munduaren amesgaiztoa) Adous Huxley-ren Bai mundu berria (1932an idatzia, jaio aurreko manipulazioaren bidezko giza-ugalketa eta kontrol sozialaren ingurukoa), Ray Bradbury-ren Farenheit 451 (liburuak debekatu eta erretzen diren gizarte bati buruzkoa) eta George Orwell-en 1984 (1948an idatzia, den-dena kontrolatzen duen Estatu totalitario batean kokatua).

Baina zientzia-fikzio erradikalaren loraldia XX. mendeko 60ko hamarkadaren kontrakulturatik dator. Eleberri batzuk orduko munduko gertakizunei erantzuten die, hala nola, The Word for World is Forest, Vietnamgo gerrari buruzko Ursula Le Guin-en alegoria.

Etorkizunari buruzko baikortasuna eta lehenengoz ilargiraino heldu ahal izana egiaztatuta, zientzia-fikzioa gero eta kontsumituagoa zen eta gizarte kritikan eginkizun handiagoa hartuz joan zen. Belaunaldi horretako zientzia-fikziozko idazlerik emankorrena Philip K. Dick izan daiteke, ehunaka liburu idatzi arren, lagunen liburu-apaletan gehien topa ditzakegunak honakoak lirateke: Flow my tears, the policeman said eta Do androids dream of electric sheep?. Michael Moorcock eta Kurt Vonnegut ere idazle ezagunak dira.

Geroago, 70ko hamarkadako eleberri anarkista klasikoa Marge Piercy-ren Woman on the Edge of Time dugu, etorkizuneko gizarte anarkista eta 1970ko New York lotzen dituena. Pertsonaia nagusia Consuelo da, New York-eko etorkin mexikarra, ospital psikiatriko batean konfinatuta dago eta etorkizuneko gizarte anarkista bateko kide batekin harremanetan hasten da. Connie dagoen ospitaleko tratamendu medikoek eragiten duten buruko eta emozioen kontrolerako aurrerapenek etorkizuneko gizarte hori mehatxatzen dute.

Beren beregi ideia anarkistak azaldu eta eraginik handiena eduki zuen zientzia-fikziozko eleberria Ursula Le Guin-en The Dispossessed da, Lurra kapitalista den gizarte batean kokatuta eta, beraz, anarkistek Ilargia okupatu dute (baliabide eskasak eskaintzen dituen lurzorua, mineralak izan ezik). Gizarte bien arteko merkataritza eta informazio trukaketa oso mugatuta daude, Ilargia inguratzen duen harresi bati esker. Goseteak eta, ondorioz, burokrazia baten kontrol disimulatuak krisira daramate gizarte anarkista. Shevek, gizarte horretako zientifikoa, sistema bera eta gizarte bien arteko banaketa kuestionatzen hasten da eta Lurrera joateko debeku zaharra apurtzen du.

Gizarte anarkista atseginez azalduta dago, baina Ilargi hutseko bizimodu gogorrak eta, beraz, geldialdia, baliabiderik gabeko zailtasunetatik ez ezik, kuestionatzeko eta aldatzeko beldur orokorretatik ere ondorioztatzen dira. Adibidez, pertsonaia bat erakunde psikiatriko batera eramaten dute kontakizun onartezinak idaztearren. Ilargiko konfinamendua Lurreko klase-gatazketatik isolatuta bizi eta alde batera utzi izanarekin parekatu dute.

Shevek Lurrera heltzean, unibertsitateko eliteak harrera ederra egiten dio (hura jenioa da, balio handiko teoria berri baten jakitun, haiek eurentzat horrelakorik nahi ez arren) eta lehengoz txundituta geratzen da. Unibertsitateak mundu anarkistak ez dituen baliabideak eskaintzen dizkio (materialak eta aisiakoak) eta hura
Ilargian nekez haziko litezkeen zuhaitzen loraldiez jositako gizarte aberatsak gainditzen du. Batzuetan, sakonago bilatzen hasten da eta klase-gizarte horretako behe-mailarekin harremanetan sartzen da, unibertsitateko langile baten bitartez.

Zientzia-fikzioa guztiz matxista eta sexista dela esatean zenbait bat etorri arren, gudako heroi eta espazioko puta ninfomanoekin, gizon eta emakumeen menderapena iraultzeko aukerak asmatutako hitzen bitartez ahalegintzen da idazle asko, edo horiek ezabatu eta gizarte berdintsua sortzeko erabili (Woman on the Edge of Time), edo gizonak desagerrarazteko (The Left Hand of Darkness), edo hirugarren genero bat sartzeko (Xenogenesis), edo… Zientzia-fikziozko idazlerik onenak 60ko hamarkadako emakume mugimenduetatik eta kontrakulturatik sortu ziren[[Beste batzuen artean. Ikusminez, emakumezkoak desagertzen diren obrarik ez zait bururatzen.]]. Eskumako diktadura kristau-fundamentalistaren garaipena eta horren aurkako emakumeen erresistentzia zenbait libururen argumentua da, Margaret Atwood-en The Handmaids’ Tale (filma oso eskasa da, liburua hobea da) eta Suzette Haden Elgin-en Native Tongue barne (oso liburu liluragarria: emakumeek hizkuntza sekretua asmatzen dute eta argumentuaren zati nagusia hizkuntzalaritzari buruzkoa da).

Ziberpunkaren etorrerak (80ko hamarkadan hasia, Thatcher eta Reagan-en mundu ezkorrean sortua) teknologia berriak eta alienazioak menderatutako etorkizuna aurreikusten zuen. Klasiko goiztiarra William Gibson-en Neuromancer dugu, «ziberespazio» hitza ikusiko zenuen lehenengo lekua izango da. Bere liburuak Interneta eta nanoteknologia aztertzen ditu, teknologia berriek gizakiok zelan merkatugai bihurtzen gaituen azaltzeko.

Gaur egun, zientzia-fikziozko idazlerik ezagunena Iain Banks izango da. Bere eleberri gehienak Kultura izeneko izarrarteko gizarte batean kokatuta daude: eskasia eta diru osteko gizartea da, askatasun pertsonal osoarekin, arazo guztiak indargabetuta daude, heriotza ere bai (nortasuna disko batean gorde dezakezu eta, erailtzen bazaituzte, birkargatuko zaituzte). Kultura bera gatzgabea izanda, den-dena horren erraza da-eta, eleberriak hortik kanpoko gerra egoerak azaltzen ditu, gehienetan gainerako gizarte militarizatuetan. Eleberriak ikaragarri ilunak suertatzen dira, umore aldrebestuarekin. Ken MacLeod eskoziarra Iain Banks-en garaikidea da. Bere Fall Revolution bilduma etorkizuneko hainbat gizartetan kokatzen du, istorioak denboran atzera eta aurrera dabiltzan bitartean. Lehenengo eleberria, The Star Fraction, etorkizun hurbileko Londresen kokatuta dago, Estatu txikietan banatuta. Pertsonaia bat Estatu kristau-fundamentalista txiki batetik alde egindako iheslaria da eta merkatu askeko eremu libertarioko portu askera heltzen da; beste pertsonaia bat borrokalari mertzenario troskista da.

Kim Stanley Robinson-en The Mars bildumak Marteko kolonizazioa azaltzen du eta kolonizatzaileen askatasunerako eskaintza batek piztutako iraultza kontatzen du. Gizakiak («berdeak») bizitzeko egokia izan dadin Marte aldatu edo bere horretan («gorriak») mantentzeko gatazkak zein kapitalista eta libertarioen arteko istiluak gero eta garratzagoak dira. Bere liburuen artean aldaketa klimatikoaren inguruko trilogia eta The Years of Rice and Salt daude, azken horrek Izurrite Beltzak Europako populaziorik gehiena hiltzen duen mundua amesten du. Liburuak, orduan, europarrik gabeko historia aztertzen du: 1. Mundu Gerra Txinaren eta Dar-el-Islam-en artean sortzen da eta industria iraultza Keralan hasten da. Denboran etengabe berraragitzen diren pertsonaia talde batek istorioa kontatzen du.

Arestiko eleberri erradikala, China Mieville-ren Iron Council, New Crubazon izeneko hiria erdigunetzat hartzen duen hirugarren liburua da. Indarkeriazko elite militar errepresiboak New Crubazon-en agintzen du, ederto zaindutako hauteskunde kontrolatuak egon arren. Gizakiek eta gizaki ez diren bestelakoek (kaktus herriek, anfibioek eta intsektoideek) osatutako hiria da. Elkarrekin bizi arren, Estatua gerrara doanean, muturreko eskuineko indarren erasoek mehatxatuta bizi dira. Eliteak bizioen errepresioaren bidez botereari eusten dio, «berregina» horren punturik gorena izanda. Disidenteak eta lege-hausleak «berregin» egiten dituzte: euren gorputzak makinekin lotzen dituzte edo zenbait modutan deformatu, industrian erabiltzeko edo mina eragiteko besterik ez.

Beste Estatu batekin gerra hasten dutenez, hirian altxamendu iraultzailea eragingo duen deskontentua sortzen da. Oihaneko tren iraultzailea dugu Iron Council-en kontautako istorioa. Trenbideko langile talde batek (horietariko batzuk berregindako presoak dira) kontinentean trenerako errailak eraikitzen ditu. Greba batek altxamendua dakar eta langileak askatasunaren bila abiatzen dira, trenbide errail berriak aurrean ipintzen eta etengabe aurrera egiten. Hirian ere iraultza saihestezin ikusten denean, talde txiki bat Iron Council-aren bila doa, iraultza bertan behera uzten lagun diezaieten.

Etorkizunaren ideia, azken batean, ideia politikoen borrokagunea da. Etorkizuna itxaropentsua ala beldurgarria ote da? Eskasiaren askapena edota bonbaren, kontrol mentalaren eta robot militarren osteko bizitzaren amesgaiztoa, pozoitutako ibaiekin eta besoetan barra-kodeen tatuajeak erakutsiz. Zientzia-fikzioa, milaka irakurle dituen genero moduan, gure etorkizunaz eztabaidatzeko lekua izan daiteke, giza existentziaren mugarik gabeko aukerak eta munstrokeriak irudikatzeko.

Millie

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like