ZER EGIN DAITEKE?

Zenbat zentzuzko pertsonek defenda dezakete benetan bizi garen sistema hau?

Munduko agintariak ere ez dira indarrean den ankerkeria ezbairik gabe aldarrikatzeko gai. Beren eginkizuna logika suizida baten aurrean fedea, ordena eta kontrola eszenifikatzea da, armen indarrez eta «beharrezko ilusioez» eusten dena. Ordea, ikusi nahi duenarentzat gauzak argi daude: mafioso, gaizkile, lapur eta gezurtiek agintzen dute irensten gaituen mundu geroz eta kaotiko eta degradatuagoa.

Zein neurriraino gara gaizkide? Ezin daiteke esan «jende arruntaren» artean existitzen denaren defendatzaile sutsurik dagoenik. Menderatzea neurri handi batean zolia, automatikoa eta inertziala bada ere, argia eta lizuna ere bada. Eraginkor izan dadin beharrezkoak dira bultzatu eta gailentzea mendekotasuna, desorientazioa, konformismoa, erosotasuna, injustiziarekiko beldurra eta haren eraginak (errepresioa, isolamendu soziala), alternatiba faltsuak eta hondoratze orokorraren aurrean norberaren pribilejio txikiak defendatzen dituenaren berekoikeri higuina.
Hala ere, munduaren jabeek badakite kaosa modu ezberdinetan hedatzen joango dela (hondamendiak, baliabideen aldeko borrokak, gudak, leherketa sozialak, miseria, gobernagaiztasuna eta abar). Guztiz agerikoa da Hirugarren Mundua deiturikoan eta «garaturiko» nazioen «segurtasun» eta «ongizaterako» (bizimodurako) mehatxua bilakatzen da. Geratzeko etorri dela ematen duen krisi baten ikuspegian, botereak gobernagarritasunaren komeria sendotu nahi du, libratuko den ordezkorik gabeko sistema botilak zakarrontzi orlegira botatzen baditugu eta obeditzen badugu, bereziki. Baina kapitalismoa, «erreformagarri» eta «birsorgarria» izan badaiteke ere, bere hondamendia bilatuz soilik mantendu ahalko da. Bitartean, arpilatze, suntsiketa eta heriotzek jarraituko dute. Baita erresistentziek ere.

Kaosa agindu eta berbideratu, moldatu, desegin eta herriei azpiratzea, mundu mailan heriotza kudeatu eta matxinadak zapaltzea milurtekoaren benetako helmugak dira. Sekzio militarra eta estatu poliziala indartzea mundu mailan helduko denaren aurreko prebentziozko erantzunak dira. Terrorismoa da aitzakia. Eta gutxi balio du agerikoa dena jakin eta esateak: haiek direla terroristarik handienak eta, kasurik okerrenean, «besteak» eranskin hutsak dira.

Zer egin?

Historikoki ia dena frogatu da: indibidual eta kolektiboa, matxinada edo lantegiaren oldarra, biolentzia eza eta desobedientzia zibila ahaztu gabe, nola ekintza zuzena, barne iraultza, iraultza soziala edo botere hartzea. Sistemak berean iraun du eta jakin izan du eboluzionatu eta indartzen. Horrek ez du eragotsi borrokatu eta erresistitzeko behar etiko eta berebizikoak, zapatzeari erantzun behar izateak, guztiz hilik ez gaudela baieztatu nahi izateak oraindik ere giza duintasunaz hitz egin ahal izateko arrazoietako baten modura.

Ez badugu uzten itxurek erakartzea eta Sistema barnetik aldatu daitekeen, Estatu eta bere erakundeak direnaren ezberdin izan daitezkeenaren ideiak baztertzen baditugu, sorturiko interesen makineria eta geure buruarekiko iruzurrak besterik ez dira geratuko. Hemendik at aurre egiteko moduak ezberdinak dira. Ekintza armatuak gehienetan estigmatizazio terrorista, kriminalizazio eta isolamendura eraman du, errepresio egoera geroz eta estuagoan eta kostu pertsonal handiekin. Deialdi baketsu eta asmo oneko askok berehala erakutsi dituzte beren mugak eta merkatuaren logikaren barnean berreskuratu, instituzionalizatu eta errentagarri bihurtu dira. Beste batzuk espektakularitatean, sinbolikotasunean edo testimonialtasunean erori dira. Denak utzi du bere aztarna, ateak ireki eta itxi ditu eta esperientzia, berregituratze eta errepikatzearen joera indartu dute.
Kolektiboa denak inguru geroz eta zatitu eta atomizatuagoan ikasteko iturri boteretsua izaten jarraitzen du, hala eta guztiz ere. Baita indibidualtasuna lehenbiziko indar eta bizitzeko borondate modura. Aurre egiteak, borrokaren ikusgaitasuna, erradikaltasuna, adibide ematea, benetakotasuna, baliabide eta helburuen bategitea, etika eta berehalako beharrak konplexutasun bat osatzen dute kontraesanei ihes egiten ez diena, nola interpretazio zein saboteatu nahi den makineriaren pisuari. Edonola ere, indarrean diren borrokak dira bere burua galdekatzen dutenak, beren sustraiak gogor errotzen dituztenak, benetako ilusio eta itxaropena sortzen dutenak, atzera egin gabe eraldatzen gaituztenak, «utopiko» egin eta bizitzeko eta kaskarkeri, atsekabe eta apaltasunari aurre egiteko indarra ematen diguna. Ez da erraza, baina ezinbestekoa da.

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like