AFRIKA. ETENGABEKO ARPILATZE ETA ESKLABOTZA

Historian zehar hainbat «izurritek» odolostu dute Afrika: esklabotzak, kolonialismoak, kolonien amaierak, Bretton Woods erakundeek behartutako egitura-doitzeak, neoliberalismoak, transnazionalek…

AFRIKAREN KONKISTA

XVI. mendera arte ez zen adierazgarria izan Europaren presentzia Afrikan eta esklaboen trafiko eta salerostearekin zegoen erlazionatuta. Amerikako kolonietako kanabera, tabako, kakao eta kotoi sailetako eskulan merkearen beharraren ondorioz sortu zuen jarduera hau.

24 eta 28 milioi pertsona inguru harrapatu omen ziren Afrikan, hauen erdia bidaian hil zelarik. Hildako eta deportatu hauen gehiengoa produzitzeko garai hoberenean zeuden gazteak ziren. Eskualde osoen despopulatzea eta sekulako inpaktua eragin zuten bertako nekazaritza, artisautza eta merkataritzan deportazio masiboek eta esklabistek egindako hilketek. Milioika pertsonen odolak eta sufrimenduak zikinduta daude Europa eta Amerika arteko kolonia garaiko merkataritzaren ondorioz lortutako aberastasunak. Nola justifikatzen zuen honelako jarduera gorrotagarria oinarrian kristaua zen gizarte batek? Egin beharreko lehenengo gauza esklaboaren pertsona izaera ukatzea zen, modu honetan ezinezkoa zen eskubideak eta errespetua eskatzea berauentzat. Esklabisten aburuz, esklaboak paganoak, idolo eta jainko faltsuen adoratzaileak eta superstiziosoak ziren. Ondorioz, ez zuten kristautasunak ematen duen entitate morala. Baina ez hori bakarrik. Haien ustez esklaboak ezjakinak, bihozgabeak, erdi-gizonak, «ez harrapatzeaz soilik arduratzen direnak» ziren John Newton elizako ministro eta esklaboen trafikatzailearen hitzetan.

1807ean «abolition of the slave act» izeneko esklaboen trafikoa indargabetzen zuen legea onartu zuen Erresuma Batuko parlamentuak. 1905an debekatu zen esklaboen salerosketa Frantziako kolonietan eta urte batzuk pasatu ziren esklabotza guztiz desagertu zen arte. Esklabotza irekia esklabotza mozorrotu bihurtu zen orduan derrigorrezko lanaren bitartez.
Azken finean, esklabotza ez zen amaitu Europako potentzien jardueragatik Afrikan, Ozeanoaren bestaldean esklaboen eskaria jaitsi zenean baizik nagusiek deskubritu zutenean esklabo bezala lan egitera derrigortu zitzaketela soldatapeko langileak janaria eman, zaindu eta beraiekin bizi izan beharrik gabe.

KOLONIALISMOA

XIX. mendean kapitalismoa eta iraultza industriala finkatuta zeuden Europan eta hedatzeko beharra zeukaten lehengaiak eta merkatuak lortzeko. Modu honetan sortu zen kolonialismoa garapenerako doktrina moduan eta herrialde bakoitzak inperio kolonial bat behar zuenaren ideia.

Esploratzaile, misiolari, kolono eta merkatarien ondoren politikari eta militarrak iritsi ziren Afrikara. Hauen izenak eta ekintzak euren herrialdeetako historia militarraren ohorezko koadroetan gogoratzen dira. Su eta gar konkistatu zuen Europak Afrika euren kontra altxatu zirenen aurrean. Garatu gabe zeuden zonaldeetako lehengaiak jasoz eta han egindako produktuak balio erantsi handi batekin esportatuz ustiatu bahi zuten Afrika iraultza industrialaren inperioek.

Kolonialismoak Afrikako ekonomia eta nekazaritza sistema suntsitu zituen. Europarako onuragarriak ziren ondasunak esportatu eta esku-lana eta lehengaiak esplotatzeko azpiegiturak sortu zituzten hauen ordez. Esportazioaren monolaborantzan oinarritutako ekonomia osatu zen. Bertako biztanleen bizibide ziren elikagaien laborantza guztiz ordezkatu zen. Honen berehalako ondorioa gosetearen epidemien hedatzea izan zen aurretik inoiz ikusi ez izandako neurri batean.

Okupazio eraginkor honek administrazio bat eskatzen zuen zonaldean eta baita lurraldea kontrolatzeko ejerzito bat ere. Bi motatako inbertsioak egin ziren soilik Afrikan: meatzeak eta lur-sailak ustiatzeko enpresa pribatuak, eta lurrak hobetu eta uztak ontziratzekoak. Ordaindu gabeko milioika lan ordu eta baliabide ugarik osatu zuten Europak Afrikatik atera zuen oinarrizko altxorra.

1884 eta 1885 urteetan ospatu zen Berlingo Konferentzian konpondu behar izan zen kontinentearen banaketa, hainbat gatazka sortu bait ziren Europako estatuen artean. Banaketa honek hainbat aldaketa ekarri zituen, eta ez bakarrik geografia politiko, banaketa politiko eta administratiboen arloan. Horietaz gain, etnografia eta demografia aldatu ziren, eta kultura berrinterpretatu zen kolonien kontrako baloreekin: biolentziaren nagusitasuna, zuhurkeria, ustez behe-mailakoak direnekiko mespretxua eta indartsuen zigorgabetasuna. Hitz batean, Europak berriro asmatu zuen Afrika.

KOLONIEN AMAIERA

1945. urtetik aurrera abiadura frenetikoa hartu zuen deskolonizazio prozesuak. Hirurogeigarren hamarkadaren erdialdera bukatu ziren kolonialismoaren gotorlekuak mugimendu nazional iraultzaileen bitartez. Baina kolonialismoaren hausturak ez zuen ekarri Afrikaren baketzea.

Kolonialistek, bi mundu gerren konbultsioen ondoren, kostu-onuren analisia egin zuten eta kolonien negozioa errentagarria ez zela ikusiz, uztea erabaki zuten, administrazio lanak kolonietan utziz eta ustiaketarekin jarraituz modu seguruan euren herrialdeetatik. Europako interesak zerbitzatzen zituzten elite kolonialak boterean mantendu ziren. Europeizatuta zeuden eta europeizatzen zuten elite hauek ongi hezituak, aberatsak eta armadunak ziren eta euren herrialdean aritzen ziren enpresekin lotuta zeuden. Erabateko egoera pribilegiatuan aurkitzen ziren.

Afrikako buruzagi batzuk garapen burujabearen bidea hastea erabaki zutenean, Mendebaldetik babestutako kolpeek kendu zituzten bidetik. Angolaren kasuan, adibidez, gobernuak «Afrikako beste lurralde batzuek babestutako iraultzaren kontrako taldeen aurka egin behar izan zuen, hauek EEBBen babesa zeukatelarik».
Edo Kongoren kasua: 1961ean erahil zuten 1960ean lehen ministro izendatu zuten Patrice Lumumba. Lumumbak Afrikarentzako garapen independentea nahi zuen. Baina Belgikak Katangako altxamendua babestu zuen, baliabide naturaletan aberatsa zen zonaldea, eta indarkeriaz esku hartu zuen. Badirudi EEBBak ere 1961eko hilketaren konplize direla. Gerra amaitu zenean boterera iritsi zen Mobutu Sese Seko, diktadore odoltsu eta delitugilea. Laurent Kabila diktadoreak ordezkatu zuen Mobutu laurogeita hamargarren hamarkadaren erdialdera. Bere semea da gaur egun Kongoko boterearen jabe.

Ghanan ere Mendebaldeak babestutako kolpe militar batek kendu zuen boteretik 1966an Kwame Nkrumah buruzagi pan-afrikanista. Nkrumah-k ere garapen independentea nahi zuen. Kolpearen ondoren hainbat pribatizazio gertatu ziren.

Boteretik kendu ez ziren eta euren herrialdeetako ekonomia dibertsifikatu eta zerbitzu publikoak eraiki nahi zituzten gobernuek, nazioarteko finantza-erakundeen maileguekin egiten zuten. Hala, zor-krisi baten sartu zen Afrika eta zor hori erabili izan zen bere erabaki burujabeetan eragiteko. Horren herentzia da gaur egungo «izurrite» handietako bat: kanpo-zorra.

AFRIKAKO IZURRITEAK GAUR

Nazio berriak nazioarteko egoera dinamiko batean elkarrekin bizitzera behartuak izan ziren, euren atzerapen teknologikoaren gutxiagotasuna, euren Estatu unitarioen kontraesanak, militarren indarraren ezegonkortasuna, hezkuntza eta osasun falta eta munduko botereen interferentzia pairatuz. Orokorrean, gainditu egiten zituzten eginkizunekin aurkitzen ziren bertako agintariak.
Europarrek ederki erakutsi zioten Afrikari ikasgai bat: armen indarra boterea lortzeko azken eta behin betiko baliabidea dela. Ez dago botere militarra bezalako erabateko indarrik.

XIX. mendearen erdialdera Afrikaren konkista hasi zenean «zibilizazioaren» argumentua erabili zen, izan ere Europan uste zen, ama bezala, zibilizazio bakarra zegoela, europarra nola ez. Gaur egun «garapenerako laguntza» eta batzutan «elkartasuna» hitzak erabiltzen dira. Politikoki zuzenak dira biak, baina batzuetan zinismoz josiak garai batean «zibilizazioaz» hitz egiten zen moduan.

Munduan dauden lehengaien gehienen nutrizio ama da Afrika eta interesgarri bihurtu da berriro ere betiko arrazoi berdinengatik: bere baliabide naturalak.

Injerentzia bikoitz bat dago Afrikan: politikoa eta ekonomikoa. Bi hauek Iparraren sukurtsal bihurtzen dituzte Afrikako herrialdeak. Hain dira indartsuak heldulekuak, non buruzagi bat lotura horiek askatzen saiatzen bada, ondo antolatutako eta armatutako matxinada batekin aurkitzen den. Injerentzi honen jatorria ez dago soilik Europako herrialdeetan, baita EEBB, Txina, Errusia, India, Brasil eta abarretan ere. Gadafi berak ere «aberasteko» Afrika beltzera joatera animatu zituen libiarrak.

Afrikan barneratzeko ekintza hauekin kontinentearen hirugarren kolonizaziora goaz.

Armaz josita dago Afrika. Armak legalki edo ilegalki sartzen dira Afrikako herrialdeetan, edo hobeto esanda, kanal ofizialetatik edo merkatu informaletatik. Interes handiak daude arlo honetan.
Gerra krudelak jasan ditu kontinenteak; hauek askotan gerra zibil moduan aurkeztu dira baina funtsean herrialde hauek arpilatu eta milioika pertsonen heriotzaren prezioarekin aberasteko egin diren gerra ekonomikoak baino ez dira. Baliabideen harrapakaritza izan da Angola, Sierra Leona, Sudan edo Kongoko Errepublika Demokratikoan izan diren gerra gogorren zergatia. Herrialde hauetan ez da borrokatu ideia batzuengatik, ezta despoten boterea ordeztu edo herritarren egoera hobetzeko; petroleoa, urrea eta diamanteak kontrolatu eta esplotatzeko baizik, eta ia beti Estatuak ordezkatzen dituzten enpresa transnazionalekin. Enpresa hauek, askotan, komunitateak, eskualdeak eta herriale osoak ezegonkortu dituzte armez hornituz.  Honen adibide argia da Kongoko Errepublika Demokratikoa eta telefono mugikorrak eta ordenagailuak egiteko erabiltzen den koltana.

Saharaz azpiko Afrikaren arlo bereziki sentikorra da nekazaritza. Nekazaritza ezinbesteko sektorea da Afrikarenzat. Kontinenteko herrialdeen ekonomiaren %70a da. Arazo handiena Iparreko herrialdeen inportazioen konpetentzia desleiala da. Anormala da, esaterako, inportatutako arroza merkeagoa izatea Afrikan han produzitutakoa baino. Berdin gertatzen da kotoiarekin.

Munduko Bankuaren eta FMI delakoaren Egitura Doitzeko Programak – «karitateko ahizpak» bailira aurkezten dizkigute nazioarteko erakunde hauek baina nazien garaiko holokaustoan erabiltzen ziren teknika makabro eta sofistikatuekin konparatu ditzakegu euren jarduerak- gosea sortzen duten egoerekin erlazionatuta daude zuzenean, munduko merkatuaren sistemaren intereserako baliagarriak ez diren jarduera ekonomiko guztiak erasotzen bait dituzte.
Zorpetutako herrialdeei baldintza ekonomiko eta finantzario batzuk inposatzean datzate Egitura Doitzeko Programa hauek. Hauen helburua kanpo merkataritza doitu, desoreka finantzarioak ezabatu eta mailegu berriak lortzea da. Hau da, Munduko Bankuak maileguak ematen ditu (Estatuen kanpo-zorra handitzen duten interes altuekin noski) Egitura Doitzeko Programak bete ezkero. Programa hauen helburua sistema kapitalista eraiki eta mantentzea da: fundamentalismo ekonomikoa edo, beste modu batera esanda, finantzak eta merkatua gizakien gainetik jartzea.

Somalia edo Mozambikeko gosea, esaterako, kanpoko faktore politiko edo klimatikoei leporatzen zaie mekanikoki: euriz kargatutako lainoen falta, anomaliak airearen presioan… Historia desitxuratu eta azalekoa baino ez da erakusten. Somaliak, hala ere, elikagai nahiko zuen 70. hamarkadara arte. Zerk ekarri zuen gizarte zibilaren kolapsoa? Zergatik deuseztatu zen elikagaiak produzitzeko nekazaritza eta nomaden artzaintza?

EDP gehien aplikatu diren erregioa bihurtu da Afrika. Hauen gerizpean, porrotera eraman da familien nekazaritza-ustiapena, nekazariak galdu egiten du lantzen duen lurraren kontrola. Nekazarien diru-sarrerak -bai lurralde aberatsetan eta baita pobreetan ere- txiki gelditzen dira arlo agroindustrialeko enpresen ondoan, hauek kontrolatzen bait dituzte zereal, nekazaritzako intsumo, hazi eta prozesatutako jakien merkatuak.
EDP-en ondorioak Afrikan hauek dira: landa eta hiriko pobreziaren handiagotzea, sektore modernoko soldaten txikiagotzea, Estatuak diruz lagundutako eskolen desagertzea, osasunaren pribatizazioa, eta abar. Berehalako ondorioak hauexek: analfabetismoa, bizi-itxaropen eta iraupenaren gutxiagotzea eta planetako beste zonalde batzuetan jadanik desagertu diren epidemien berragertzea.
Afrika astintzen duen beste izurrite bat da gaixotasunen eragina: sida, tuberkulosi, malaria, kolera, ebola… Nola osatuko du hain osasun eskasa duen herri batek gerrak hondatutako lurralde bat, nola lortuko du bakea, lurrak landu, nazioarte mailan salerosi eta aurrera egin? Osasun eskasaren sorgin-gurpila da Afrika bere ahulezia egoeran mantentzen duen tranpetako bat.

Humanitateak ezagutu duen erabateko harrapaketa plan osatuena martxan jartzen ari da. Jadanik gose eta pobre diren herriei zukua ateratzen ari dira inoiz eskatu ez zuten zor baten izenean. Baina hau ere ez da guztia. Badirudi beste genozidio handiago baten preludioa izango dela, laborategietan sortutako erretrobirus batek sortutako gaixotasunek lortuko zutena hain zuzen ere oraindik bizi diren olde gosetiak fisikoki desagerrarazteko. Nabaria da azaldutako guztia korporazio handiek eta planetako finantza-zirkuluek diseinatutako plan baten parte bat dela mundua menderatzeko.

Errekor ikaragarriak hausten ditu Afrikak: IHES-a daukan biztanle kopuru handiena (26 milioi pertsona inguru), malaria, tuberkulosi kasu gehienak (mundu osoko %20), ume soldadu kopuru handiena (150.000 baino gehiago), arma arinen kopuru handiena, milioka desplazatu gatazka armatuen ondorioz; afrikarrak dira Giza Garapen Indize baxuena daukaten 10 herrialdeak… eta abar.

Honela azaldu zuen Yoweri Museveni Ugandako presidenteak 2005ean Washington-eko Centro de Estudios de Política Internacional delakoan: «Mendebaldeko gobernuek Afrikari laguntzen diotela esaten da; egia esan Afrikak laguntzen die Mendebaldeko herrialdeei; afrikarrak dira emaileak… Asko hitz egiten da Afrikako pobreziaz, baina Afrika ez da pobrea; oso aberatsa da baliabide naturaletan; benetako arazoa lehengaien esportazioa da».

«Ez dira herrialde azpigaratuak, zapalduak baizik», dio Eduardo Galeanok.

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like