MUGETATIK HARATAGO

Autoritarismo demokratiko eredu bat bizitzen ari gara -mendebaldeko gizartean bereziki- hegal ezberdinetatik gainbehera egiten ari den sistema baten ezegonkortasun gorakor eta zalantzakorrari aurre egiteko kudeaketa estrategi modura, nahiz eta oraindik hondoratzeko egoeran ez izatea ematen duen. Faxismo adeitsuak (autoritarismo eta erakarpenaren arteko nahasketa modukoa) infantilizazio eta alienazio kontsumistaren, autonomoki bizi eta pentsatzeko gaitasunaren husketa, deskonposizio sozialaren eta gizatasuna kentzeko arauak ezartzen ditu. Errealitatearen aldaketa eta eraldaketa eta lehen munduaren barnean nola kanpoan gertatzen diren lazgarrikerien aurrean, erakarpen mekanismoak ahalegintzen dira ikusezin bihurtzen, sentikortasuna galdu arazten edo behintzat inpotentzi eta etsipena sortzen. Aldaketa hauek lagin estigmatizatuengan (etorkin, terroristak…) zentzagarriki aplikatu eta bistaratzen diren errepresio eta kontrol sozial gorakorra zizelkatzen dituzte, baina hauen proiekzioa biztanleriaren osotasunaren diziplinamenduan datza. Terrorismo ekonomiko-militarra eta beldurraren kudeaketa, kontrol teknologien garapen (datu fitxategien ezarpena, bideo-zaintza, e.a.) eta aldaketa legalek (zigor araudien gogorketa, hirugarren munduko etorkin mugimenduen murrizketak, e.a.) neurri multzo bat osatzen dute ezegonkortasun ezaugarriak saihesten nola status quoarentzako arriskutsuak diren lagin horiek zanpatzeko.

Euskal Herria eraldaketa hauen eredu garbia dugu: zentzu ekonomikoan behintzat gutxi gora behera eroso bizi den lehen munduko gizarte bat non bere osotasunean kriminalizaturik den eremu sozial baten aurka zuzentzen den errepresio politiko prozesu bat. Atxiloketak, torturak, muntaiak eta prozesu judizial eta kartzelaratzeak, bakegintza eta normalizaziorako heziketa lanak dira estatuak erabiltzen dituen estrategiak eremu batean zeina bere zabalera eta konplexutasunagatik kontrol sozialera zuzenduriko estrategia zabalen laborategi bezala balio duen, zeinak higuingarriak izan eta oinarri demokratiko eta oinarrizko eskubide berak zapaldu arren, hiritarren legitimazio zabala lortzen duten (Euskal Herritiko kanpo bereziki, baina bere baitan ere) bai aktibo nola pasiboki ere.

Ezker abertzalea dugu, bere dimentsio eta dinamika politikoagatik eraso honen jomuga. Hauxe areagotua da aspaldiko akats politiko larriengatik eta ekintza armatuak hein handian eratorritako etika gabeziagatik. Ordea, estrategiaren funtsa askoz zabalagoa da eta zorigaitz bilakaturiko kapitalismoaren gainazal den marko demokratikoaren bide itxitik atera nahi duten idei eta praktikak moztu edo ezabatu nahi ditu. Adibide gisa, AHTaren aurkako borrokak argi erakusten du demokrazi kapitalistaren makineri eta askatasun eta duintasuna modu aktiboan gauzatzen duen erresistentziarako gaitasunaren arteko gatazka. Autoritarismo demokratikoak ez du onartuko bere proiektuak itxura egite edo marjinaltasunetik haratago zalantzan jar daitezen. Ikuskizunaren mugak gainditzen direnean, zaintzapeko askatasunarenak alegia, unean uneko beharrezko dituen armekin erantzuten du sistemak. Kasu honetan, kriminalizazio eta oposizio oro fenomeno terroristan eraldatuz (18/98 sumarioarekin gertatu den bezala). Biolentziaren erauzketa eta bakearen inperioa egiturazko biolentzian (lan istripuetatik Afganistango gudara) eta hizkuntzaren manipulazio sistematikoan oinarritzen den sistema orwelldar honen ikono bilakatzen dira. Bere helburuak lortzeko sistemak beti inposatzen dituen kortseak -bai ideologikoak nola praktikoak ere- gainditu behar dituen erresistentzi gaitasuna baliogabetzen ahalegintzen den buru garbiketa da, azken finean. Ez da benetako aldaketarik ez arrisku ezta kosturik gabe, baina ezta borrokak, zeina gure bizitzako atal garrantzitsu eta tresna den azken finean, dakarkigunetik at hein batean hobeago irudika dezakeen erreferentzi etiko ezta ekintza praktikoen ereduak sortzeko gaitasunik gabe.

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like