JEAN VIGOREN IKUR PIRATA

«Instrukzioa»

Eta zuk galdetu zenidan,
zer dago lurraren erdian?
eskolako neska-mutil bihurriek,
obeditzen ez dutenek,
su hartzen duten etxe txikitxorik?

Sei urte, sei urte goxoak,
dagoeneko hezkuntza ustelarekin beteta.

Alfonso Costafreda

Ume errebelde guztiek bezperan gustu handiz landutako ikur pirata daramana neskato bat da, anbiguoa nahita. Eskolako jai ofizial-akademiko txotxolokeria boikotatzeko da. Udal agintariak, zigor-igandeen aurkako mendekua, irakasleen esku luzeen kontrakoa, zaindarien zekenkeriaren aurkakoa eta zuzendari mozoloa duen ikastetxe osoaren aginte eskastasunaren kontrakoa.

Den-dena kalkulatuta daukate eta umeek ezin dute euren urduritasuna ezkutatu. Erasoaren aurreko gauean poztasunak jota daude, lumarik gabeko almoada eta lehertutako koltxoiak. Vigok kamara motelean jasotako mugimenduek errebolta xumea baino zertxobait gehiago erakusten dute. Matxinadaren koloreek bestelakorik ere badute: bizitzari erantsitako paganismo moduan ulertutako erlijioa, sakrotasuna, bertako objektu eta mugimenduak, lagunen artean hegan doazen hitzak. Gidoirik eta egiturarik ez duen errituala garatzen ari direla badakite, euren sentimenduek gidatuta.

Zalantza bakarra matxinadan parte hartuko dutenen leialtasunaren ingurukoa da. Euretariko baten batek agintearen beldurra sentitu izanaren beldur dira: mehatxuak, promesa faltsuak, pribilejioak, izua… Baina ez, denak Ikastetxe Publiko bateko Beldurraren Irlan Galdutako Umeak dira.

Aurrera jarraitu aurretik, gogoratu berbetan gabiltzan filma «Zéro en conduit» (1933) dela, bere sasoian eraso handiak jaso zituen, betiko zentsuratuta eta bere zuzendaria maudite estigmarekin markatuta, jasanezina zelako. Baina Jean Vigo gizonen zigor barregarria baino epaia garratzagoa jaso zuen: gaixotasuna. Tuberkulosiak, mendearen azken une hilkorretan, bere atean jo zuen eta betiko bere gorputzean instalatu zen. Gaixotasunak, bere gaizkiesaleentzat arindura izan bazen ere, bere ezinegon sortzaileak bizkortu zituen. «Zéro en conduit» munduaren aurkako bere oihua izan zen, edozer gertatuta ere, hark berea eginda utzi zuen. «L’Atalante» tisiak baldintzatutako bizitzaren soinu gozoa izan zen. Bertan, gabarraren lehenengo estropezuak, maitasuna guztiz ezinezkoa dela asma dezakegu. Horren prozesuak garatzen diren hausturak ez du ezer onik aditzera ematen. Baina bere bukaera polita erdi-amestutako amaiera da, urpekoa, errealitatean baino nahiaren zutabe ahuletan egituratuta dago. Akaso nahia ez al da errealitatearen motorea?
«Zéro en conduit» filmera bueltatuz, Vigok bizi izandako ingurunea birsortzen du, legez araututako haur hezkuntzaren aurkako arbuioa argiro jasotzen duen pelikula dugu. Eskolak eratzen duen hilzoriko egituratik kanpo ez dago ezer, asfixia moduko sentsazioa baino ez dakar.

Hezkuntza sistemei egindako kritika beti astiroago eboluzionatu duena dugu. Hezkuntza metodoak, ikasketa planak edo akademia moduluan zelan banatu eztabaidagai izan dira. Baina ia inoiz ez da eskola bera, asmakizun uniformatzaile moduan, zalantzan jartzeko ahaleginik egin. Gizakion haurtzaroko estutze goiztiarra arinaren ideia ez da ganoraz kuestionatu. Hezkuntza beharrizanak eta oinarrizko ezaguerak asmakizunaren sustrai zikina ezkutatzen zuten. Jean Vigo horretara ausartu zen, sistemaren suntsiketa helburu. Lehenengo estutzea, sexu-abusua, doako indarkeria, lelotzea eta horren uniformitasun 44 minutuko film horretan jasota geratu da.
Bizitzaren askapen basatia aurrez aurre dago. Zigorra iragarrita zuen.

Ez da min eta amorrazioaren zulo beltza, umore eta samurtasunez betetako filma baizik, egoerarik latzenean ere gizakiok eratutako aginteak ukatzen digun ulermen eta ezaguerarako bideak aurki ditzakegula azaltzen du.

Filmeko pertsonaia batek, Vigoren eta bere ikuskeraren alter ego argiak, higuina samurtu eta pelikula osoan itxaropen hauskorra mantentzen du. Paradoxikoki, zaindaria da. Piztian sartzen den beste aldeko jüngerra da eta, bertako arauak apurtuz, piztiaz barre egiten du. Eskolako zaindari berri batek umerik bihurrien konfiantza eta estimua irabazten ditu, oso modu jakin batean: gaur egungo biderik libertarioenetan guztiz arraroa litzatekeena, eskurik ez-sartzea hain zuzen. Haurtzaroaren salbatzaileak, langileena, aberriena, hirugarren mundukoak… horrenbeste dira. Umeen ikasketa prozesu askearen aldeko ustezko monitore progresistak; kale hezitzaileak, psikologoak, irakasleak… haurtzaroko gertakizun zuzenetan euren parte-hartzea ezinbestekoa dela sinetsita daude. Eta ez da. Horretan tematu arren. Eskurik ez-sartzetik gehiago ikasten da, zentsurarik gabeko askatasunetik alegia, arratsalde-pasarako norbere heziketan bide egiteko ekitaldi egitarau osotik baino gehiago ikasten da. Umeek asimilatu beharreko baloreak bakarrik bereizten dituzte abade-ikastetxeak eskola publikotik. Eskola libertarioak, ezinezko munstro kontraesankor moduan, esnatu gabeko ametsean jarraitzen du.
Zaindariaren pertsonaia atipikoa, nahi duenean umeen jolasetan sartu eta gainerakoetan euren kabuz ibiltzen uzten duena, ez da gaur egungo eredua. Bi ikasleen arteko harreman estuen, sexualak oinarrian, aurrean erakusten duen utzikeriak asaldatzen du, ez dielako sermoirik ematen, ez dituelako zuzentzen, ikusi besterik ez du egiten, bere bizitza egin, kaletik topatzen dituen emakumeekin pentsatzen jarraitzen du. Ez du ulertzen zergatik sartu behar den bere lekua ez den horretan. «Dead Poets’ Society» goxoegiaren aurrekaria bezala, klaseko irakurketak umeekin antzezten ditu, oso modu kaotikoan, denek oihu, erre eta nahi dutena egiten duten bitartean. Iraultzaren unerik altuenean ere ez du parterik hartzen. Ez du ezer eragozten, eta saltoka zin barreka ezarritako ordenaren gainbehera ospatzen du.

Harri, teila eta beste hainbat gauzatako euria ari du, agintariak Vigok sortutako txotxongilo patetikoak bihurtuz. Umeek egun handia botako dituzten gauzei “munizioa” esaten diote. Ez dute ondorioen beldurrik, euren ahaleginaren emaitzak ez die ardura. Guztiz alperrik dela badakite. Eta horrexegatik ederra da, primerakoa. Teilatuko errebolta mundu osoko presoek noizean behin hasten dutenarekin duen antz handia ez du inor ukatuko (komunikabideek aldiro-aldiro isildu edo distortsionatu arren). Umeek, presoen antzera (Deleuzeren esanetan, «umeak = preso politikoak»), badakite txarto amaituko dela, ezin izango dutela irabazi, okupek ondotxo dakiten bezala, husteak atzekoz aurrera zenbatzen bizi dira-eta. Iraultza helburu duen iraultza da, bere esentzia horretan hasi eta amaitzen dena, errealitate izugarri eta guztiz presentearen aurreko etorkizun argitsu batengatiko sakrifizioa.

Une horiengatik bakarrik bizitzak zentzua du. Bere kanta abestu eta isilarazi dutena ez dago suntsitzerik. Kanta abestu da eta horren soinuak isilgailuei darie.

Nire ustez, filmaren gakoa (ikasle errebolten inguruko gainerako pelikula samurragoetatik bereizten duena) ume bernada-eskubidean sinesten duen irakasle txerri handiak esku hartzeari ezetz dioen neskatila da. Umeak zuzen-zuzenean pikutara bidaltzen du. Horrek zelanbaiteko eskolako gerra-kontseilua dakar eta bertan neskatilak, zuzendari eta eskolako agintari nagusien aurrean, iraina bertan behera utzi eta obsesioak jotakoari barkatzeko eskatu behar dio. Jakina, ez du betetzen. Are gehiago, bere horretan mantentzen da.
Neskatila garai hartako herritar onak asaldatuko zituzkeen, akats bat onartzeko prest, baina inolaz ere ez horren errepikapena, horren justifikazioa, behin-betiko onarpena. Atzera egiteko aukera bat eskaintzen diote eta hala ere…

Orduan umekeria desagerrarazi eta bizitzaren aurreko jarrera pentsatua zen. Umeak ukiezinak bihurtu ziren. Ondoren, euren aurkako indarkeria oro alperrik izango zen. Izan ere, inori ez dio gizarte zibilizatuetako umeei zuzendutako indarkeriak gehiegi ardura izan. Hirugarren munduko (edo laugarrena) basatien edozein abusuren aurrean asaldatzen gara, baina hemen egunero gertatzen dena ezkutatzen gabiltzala ez du inork konturatu nahi izango. Jabetza kontua da: hirugarren munduko umeak geure umeak ere badira (eurei buruzko kanpainak egiten ditugu, aitabitxi-amabitxi moduan erosten ditugu, jabetza birtual baten moduan), baina gure umeak gureagoak dira eta kanpoko inork ezin du norberak bereari ematen dion tratua epaitu. Suitza supermodernoan haurrei emandako tratu txarren inguruko txostena herrialdean bertan argitaratzeko arazoak gogoratzen ditu Alice Millerrek. Neutraltasun irla eder horretako estatistek eta kasuek izua zabaltzen dute: hamalau eraso mota, etxeko sotoan instalatutako bideokamerari emandako kolpeak…
Jean Vigoren filma baino pixka bat lehenago idatzitako Jules Vallésen «El niño» eleberri autobiografikoak esaten ari naizena ulertuko du, kolpeek hondatutako bizitza kontatzen du, indarkeriaren monotoniak zentzurik kenduta eta, are okerrago oraindik, biktimak berak gertutasun hotzez ikusita. Zorionez, geroagoko liburuetan bizi eta idatzitako bestelako esperientziek gorputz eta arimaren min hori samurtu zuten.

Indarkeria guztia, ahulenei egindako min eta errepresioa ezkutatzeko ohitura arau izan da eta oraindik orain bada, baina horretaz hitz egiteko debekuarekin, gehiegi ez azaltzeko… (Thomas Bernharden «El origen»-eko ikastetxe beldurgarria horren erakuslea da). Psikiatriak eta adimenaren zientziek botere lekuak hartuta, beharbada, legezko eta epaitzeko irizpideak finkatzeko ahalmenetik, gauzak zertxobait aldatu dira.

Gure garai honetan ez litzateke indiziplinaz eta bihurrikeriaz hitz egingo, adaptatzeko trastorno psikosozialez baizik. Vigoren filmeko neska-mutil azkarrak ume gatazkatsutzat hartuko lituzkete, arriskuan, gizarte patologia baten eramaileak, desegituratutako familien ondorioa, azken batean, gaixo edo moldagabeen antzera. Euren iritziak ez du garrantzirik, agindutakoa ez den beste zerbait aukeratu izana zerbaiten sintoma da, psikoterapiarekin tratatu beharreko afektu gabezi sindromea, jarrera biolentoa utzi eta ikaskideekin eskolan ondo egoteko balioko duena. Horren ondorioz, umeen «ekintza garrantzitsuak» jasotzen dituzten filmak ditugu, euren jokabidea zentsuratuz, neska-mutilen axolagabekeriak eta eroaldiak ikuslearengan errukia piztu gura dutenak, «Puta esan zuen umea» bezalako esaldiekin.

Euria ari duen bitartean hau idazten nabil eta hitz egiten den guztia alperrik dela badakit. Baina horregatik ez dut inoiz etxeko ikur beltza gogoratzen amorerik emango, neska-mutil batzuk bi hezur eta buru-hezur bat dituen ikurrarekin eskolako teilatuan jolastu eta gero, behetik animatzen dituzten euren ikaskideei bota, benetako guda has dadin: biziraupena antolatutako lelokeriaren aurka. Buruzagirik eta itxaropenik gabeko ikur pirata horrek, heriotzari beldur handirik ez dionak, nonbait badabilela eta jarraituko duela sinistu nahi dut.

Juan Nicho

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like