AHTren AURKAKO ERRESISTENTZA VAL DI SUSAN – ITALIA

Val di Susa bailara Ipar-mendebaldeko Italiako Alpeetan dago. 90. hamarkadatik Europar Batasunak egin nahi duen «5. korridorea» proiektuaren kontrako borroka gogorra izaten da. Proiektu honek kontinenteko trendide-loturarik handiena izan nahi du, Lisboatik Kieveraino, Alpeak eta Val di Susa zeharkatuz Lyon eta Turin arteko lotura egiteko. trenbideak Val di Susa bailaran bi aldiz zulatzen du mendia (Alpignano eta Mompanteron, 21 eta 12 kilometroko tunelekin). Gero, Venaus pasatu ondoren mendian sartzen da berriro Frantzian bukatzen den 53 kilometroko megatunel baten bidez. Egitasmoak biztanleriaren erabateko errefusatzea sortzen du. Ingurune, sozial,… inpaktuen bedurrez gain, biztanleek tunelen hondeatzearekin batera mendi hauetan dagoen amianto eta uranioa ingurura askatzearen beldur daude.

Europarako AHTren proiektuaren plana egin zenean Europar Batasunean, estatuko trenbide konpainiari eta beste entrepresa pribatu batzuei Necci Plana aurkeztu zion agentzia sortu zen Italian. Abiadura handiko 5.000 kilometro trenbide egitean zetzan egitasmo hau. Hau 1991. urtean gertatu zen -hurrengo urtean hasi ziren Madrid-Sevilla trenbidearen lanak Expo handikeriarako-. Urte berean sortu zen beranduago AHTren aurkako mugimendua izango zenaren enbrioia, Lyons Club eta Cofindustria FIAT-ek egindako kongresu bati erantzuna emateko asmoz. Turin-Lyon linearako Val di Susaren prospektiba topografikoa ez zen hasi 1995rarte.

1996tik 1997ra hasi ziren ere sabotajeak. 1998ko martxoan hiru anarkista (Edoardo «Baleno» / «Edo» Massari, Soledad Rosas «Sole» eta Silvano Palissero) atxilotu zituzten okupatutako euren etxean. Laudi epaileak asmatutako talde eko-terrorista baten kide izatea leporatu zieten komunikabideen babesarekin. Asmatutako ekintzak izaki, isolamendu zigor-gelan sartu zituzten. Hilaren 20an Baleno zintzilikaturik agertu zen zirkunstantzia arraroan. Kasu honek beste anarkista batena gogorarazi zuen: Pino Pinelli-ri plaza batean bonba jartzea leporatu zioten eta Milango komisaldegi batetako leihotik bota zuten 1969an. Uztailaren 11ean urkatuta agertu zen Balenoren neskalagun argentinarra. Silvano, bizirik irten zen bakarra, epaitu egin zuten: talde eko-terrorista baten kide izatearen akusazio guztiak bertan behera gelditu ziren baina beste 6 urte eta 5 hilabete eman zituen gartzelan udaletxe batean egindako ekintzagatik.

AHTren kontra agertzeaz gain garapen eredua (kapitalismoa) eta zonaldearen etorkizuna zalantzan jartzen duen lehen Komitea sortzen da 1999an. 2001eko urtarrilaren 29an Lyon-Turin linea eraikitzeko akordio franko-italiarra sinatzen da Chicrac, Jospin eta Anetoren artean. Ordurako proiektuaren kontra zeuden bailarako 25 alkate. Genoako goi bileraren urtea zen eta polizia prest zegoen edozein protesta lehertzeko. Turinen 8.000 pertsona inguru biltzea lortu zuten antolaßtzaileek, baina poliziak geldiarazi zituen hesi metalikoekin eta frankotiratzaileak kokatu ziren inguruko eraikinetan. Istiluekin amaitu zen manifestazioa.
Ordutik mobilizazio jendetsuetan oinarritu da Val di Susa-ko borroka, bai hirietan (gune administratibo eta erabakitzaileak) baita lan-gune edo hauen sarbideetan ere. Horretarako 2000tik kanpamentu finko bat egon da ekintza isolatuekin lan-gunetik gertu. 2002ko uztailetik 2003ko uztailera bitartean izan ziren mobilizazio handienak.

2003ko maiatzaren 31koa izan zen AHT-ren kontrako lehen mobilizazio handia, 20.000 pertsona bildu ziren Borgone eta Bussoleno arteko bailaran. Hurrengoak, 2005eko ekainaren 4ean, 30.000 pertsona bildu zituen proiektua eta prospekzioak hasita zeudenean. Abenduan beste bat egin zen Torinon eta Chamberikoa 2006ko urtarrilaren 7an ospatu zen. Demokrazioa zuzenaren itxura enbrionikoa esperimentatzen hasi zen bailara.

Hauen ondoren Val de Susako gizarte osoaren inplikazio orokorra erakutsi zuten mobilizazio berriak egin ziren. Erresistentzia giroko zonalde batean, partisanoen irudia (nazioen kontrako erresistentzia lokala) berrartu zuen herriak indusmakinak eta hauek zaintzen zituzten poliziak gelditzeko, eta horrekin batera Bella Ciao hartu zuten AHTren kontrako erresistentziaren ereserki moduan. Bertso batek hauxe zioen: «Bidali itzazu kanpora nekazari / Bella Ciao Bella Ciao / hiltzeko arriskua dago eta».

Momentu horretan ondo ezagutzen ditugun mekanismoak jarri zituen martxan estatuaren makineria autoritarioak. Bailararen militarizazio indartsuari saloietako politikek jarraitu zieten, legedia aldatu egiten zen ingurumenari eragingo zieten jarduerak egin ahal zitzan gobernuak udalen adostasunik gabe. Kanpaina indartsua hasi zuten ere komunikabideetan. Azken hauek eta poliziak bonba-kartak, borroka armatura dei egiten zuten panfletoak eta abar aurkitu zituztela esan zuten euren miaketetan. Terrorista moduan eta satanizaturik aurkeztu zituzten aktibistak. Poliziak propaganda hau erabili zuen bailararenganako jazarpena indartzeko: edozein identifikatzen eta bailaran erroldaturik ez zeudeneni sarrera galarazten hasi zen polizia. Turinen ere handitu egin zen errepresioa, hiri hau aukeratua izan bai zen 2006ko otsaileko Neguko Joko Olinpikoak hartzeko. Horren ondorioak jasan zituzten okupa, gizarte zentro, etorkin eta pobreenek.

AHTren aurkako borroka gogortu egin zen 2005eko urriaren 31tik, zundaketak aurreikusiak ziren egunean. Val di Susako biztanleak kaleak eta trenbideak moztu, lurrak okupatu eta «Seghino zubiko batailean» carabinieriak (milaka mobilizatzen dira bailaran proiektuaren inposaketa ziurtatzeko) blokeatzen dituzte. Zonalde alpino honetako klima gogorrarekin eta arrisku fisiko serioekin, erasoa gelditzea lortu zuten aktibistek. «Seghinoko bataila»k AHTren aurkako mugimenduari moral handia eman zion, baina bailararen militarizazioa areagotzea suposatu zuen eta ondoren eremuko okupazio eta alanbratzea.

Hilabete frenetikoa izan zen 2005eko azaroa. Astero egin ziren AHTren kontrako eta Val di Susaren militarizazioaren kontrako manifestazioak. Bailarako ustea Turin hiriraino jaitsi zen hango disidenteekin bat eginez. Azaroaren 16an greba egin zen eta azaroaren 25ekoarekin 80.000 pertsonek bat egin zuten. («No Sandaggi E Militarizzazione» – «ez galdeketa ezta militarizaziorik ere»). Hurrengo astean Errepublika Independente deklaratu zen Venaus. Honek aste bete iraun zuen poliziak berriro eraso arte eta botatze zakarra egin zuen abenduaren 6an. Gauaren erdian, sorpresaz, barrikadak kentzen hasi ziren haien indusmakinak eta bidean aurkitu zituztenekin ederki aritu ziren haien borrak, aurre egin edo ez. Poliziaren erasoaren ondorioz blokeatu egin zen bailara guztia. Gero grebak fabriketan izan ziren, A32 autopista blokeatu zen, baita kaleak eta Turin-Modena trenbidea ere. Abenduren 8an manifestazio berri bat izan eta gunea berreskuratu zen berriro.

Ezinezkoa izango litzateke Venaus-en liberazioa herritarren parte-hartze orokorrik gabe, txakurrekin izan ziren tira-birak eta aktibistek izan zuten erabateko konpromezuarik gabe. Erresistentzia aktibo pazifikoa erabili zen poliziaren aurka eta handik kanpora bidaltzea lortu zen herri-erasotik babestea baino gelditzen ez zitzaion polizia. «Gaur, azkenik, irabazi egin du Val di Susa-k, guztiok batera, valvusiar guztiak, profesionalik gabe, buruzagirik gabe, nagusirik gabe».

Egun (2006ko amaieran) hiru aukera aztertzen ari da Italiako gobernua: proiektua alde batera utzi, Val de Susatik jarraitu edo ordezko bidea zabaldu Val Sangone gurutzatuz (AHTren kontrako hiru batzorde dituen ondoko bailara). Proiektu honek eragina izango luke Val di Susan.

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like