LIZARRA-GARAZI ETA GARAPENA

EUROPAKO ESTATU BATUAK MUNDU GLOBALIZATUAREN BARRUAN

Egun, III. milurtearen atarian, neoliberalismorik basatiena pairatzen ari gara. Globalizazio ekonomikoak tokian tokiko ekonomia txikiak (autosufizienteak, giza eskalakoak eta lurrari lotuak) zanpatzen ditu. Potere eta erabakitzeko ahalmena gizaki xumeengandik gero eta urrunago daude, mundu mailako erakundeen eskutan pilatzen direlarik (FMI, BM, OMC,. Multinazionalak,…).

Zentzugabeko potere zentralizazio honen barruan Europako batasunaren proiektua kokatzen da, estatu klasiko baten egitureketa gauzatzen ari delarik: batasun politikoa (europarlamentua), monetal eta ekonomikoa (Maastricht), Justizia eta Seguritatekoa (Schengen), defentsakoa (euroejerzitoa)… Europa batuko estatuen gainetik, ekonomia mundializatua bultzatu duten lobby-ek etorkizuna bideratzen dute. Europako multinazional haundienak «ERT» (European Round Table of Industrialists, Europako Industrialarien Mahai Borobila, alegia) izeneko erakundean elkartu ziren eta eurek dira Europa batuaren ekonomia, garraio politika, informazioa, hezkuntza,… zuzentzen dituztenak.

Egun, Europako batasuna indartzea da kapital haundiaren erronka. Horretarako «giro ona» behar dute, «euren pakea». Euskal Herrian, Korsikan edo Irlandan dauden gatazkek ez dute batere laguntzen giro «baketsu» hori bultzatzen. Europako batasunaren mesedetan, kapital haundiak nolabaiteko irtenbideak eman behar dizkio nazio arazo horiei. Hori dela eta, burgesien arteko konponketa bideratu behar dute, goiz ala berandu, «tarta» euren artean nola edo hala banatzeko. Bestela, «tarta» bere osotasunean arriskuan egon liteke eta. Gauzak horrela, azkeneko urte hauetan Europako batasunetik kanpo dauden europear beste herrietan eman izan den lurralde bermoldaketa (Yugoslavia ohian, CCCP ohian, Txekoslobakian…) segitzen ahal da, baldin eta sortuko diren estatu berriek Europa batuaren egituraketa eta lojika errespetatzen badituzte.

LIZARRA-GARAZI ETA EUROPA BATUA

Europa batuaren barruan espainiar eta frantziar estatuak dira gatazka nazional gehien dutenak (estatu espainolak azkeneko urteetan zehar 4 konflikto armatu izan ditu eta frantziarrak 3). Europa Batuko estatu zentralistenak direnez zailtasun franko gainditu beharko dituzte, euren burgesia periferikoekin batera ahal den egokien «tarta» banatzeko, bainan, derrigorrez hitzarmenaruntz euren urratsak zuzendu beharko dituzte.
Ildo horretatik, Bartzelonako Adierazpena dugu, Lizarra-Garazi hitzarmena eta ETA-ren suetena baino lehenago gauzatu zena. Aipatu Adierazpen honetan, espainiar estatuko burgesia periferiko batzuk (EAJ, CiU, BNG,…) autodeterminazio eskubide eta nazio anizdun estatu konfederalaren aldeko apostua egin zuten.

Testuinguru honetan, Lizarra-Garazi Hitzarmena frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herrian aspaldian duten nazio arazo bati irtenbibea emateko tresnatzat sortu da. Nahiz eta indar politiko gehiago izan, hitzarmenaren eragile nagusiak ezker abertzalea eta euskal burgesia izan dira.
Euskal burgesia oso europazalea da. Beti onartu izan du Europa batuaren proiektua eta ontzat jo izan du Europarekiko dependentzia.

Ezker Abertzaleak, aldiz, nahiz eta Europaren proiektua askotan kritikatu, batzutan indefinizio izugarrian erori da azkenaldi honetan. Gainera, independentziaren alde bainan Europa batuan beste estatu legez sartzearen aldeko adierazpenak gero eta maizago bota ditu, Europa batuaren lojika gehiegi zalantzan jarri gabe. Oro har, salbuespenak salbuespen, esan dezakegu Ezker Abertzalearen baitan gaur egungo lojika europearzale, moderno, lehiakor, kontsumista eta teknifikatua onartzen dela. Mundu globalizatu honetan, bere diskurtso klasikoa, Frantzia eta Espainatik independentzia lortzearena, alegia, zaharkitua gelditu da. Estatu horietatik independentzia lortu, Europa batuarekiko dependentziaren altzoan goxo goxo erortzeko? Egun, zalantzan jarri behar da Ezker Abertzalea independentzia osoaren alde borrokatzen duenik. Independentzia osoaren baitan independentzia ekonomikoa ere badelako eta Ezker Abertzaleak, oro har, ez du ekonomia autosufizienterik nahi Euskal Herriarendako, bere ustez dugun «bizi-kalitatearentzat» atzerapauso nabarbena litzatekeelako. Adibide bat jartzeagatik, Nafarroako ekonomia erdia Volskwagen multinazionalaren esku dago eta dependentzia ekonomiko izugarri horren aurkako ekimenik zein planteamendurik ez da inondik ere igartzen, ez Ezker Abertzaletik ezta beste kolektibotik ere. Esan daiteke ekonomia mundializatu honen lojika gero eta onartuago dagoela guztiongan, gure patu sahiestezina bailitzan.

Euskal burgesiak Europa batuaren proiektuarekiko duen erabateko atxekimendua nagusituko da Lizarra-Garazi hitzarmena sinatu dutenen artean. Gainerakoan, euskal burgesia ez litzateke tren horretan sartuko. Ezker Abertzalearekin konsensuatzeko ezinbesteko baldintza Europa batuaren proiektuaren onarpena izanen da, horrek dakarren guztiarekin: normalizazio politikoaren barneraketa, instituzioen zilegitasunaren onarpena, herri mugimenduen indargabetze gero eta handiagoa, egingo eredu soziala ontzat jotzea,…
Estrapolazio bat eginaz, Lizarra-Garazi hitzarmenak eta Irurtzun-kndoain autobiaren aferari eman zitzaion «irteera»k elkarren arteko parekotasunik ote duten bildur naiz. Garai hartan, instituzioekiko hitzarmenaren mesedetan, edukiera antidesarrolista zuen herri borroka bat indargabetu zen, instituzioen iharduera zilegiztatuz eta kapital haundiaren helburua, autobia egitearena, alegia, ahalbideratuz. Horrela autobiaren trazaketan aldaketa «nimiñoak» lortu ziren ezer funtsezkorik ez aldatzeko.

Lizarra-Garazi hitzarmenak altzeko zerbait suposa dezake: aldaketa politiko batzu lortu, alor sozialean ezer funtsezkorik ez aldatzeko. Horren adibidea Baiona-Donostia konurbazioaren proiektua izan daiteke. Kapital haundiak diseinaturiko mugaz gaindiko makro hiri bat izanen da, espainiar eta frantziar estatuen lurraldez gaindi, bainan Europako eredu soziopolitikoaren barruan kokaturik. Konurbazio hau euskal euro-erregioaren barruan egonen litzateke, dagoeneko euskal teknokratek «Euskopolis» izendatu duten horretan.

EUSKAL HERRIKO AZPIEGITURAK EUROPA BATUAREN ERAIKUNTZAN

Europa batuaren diseinu estrategikoaren atzean ERT izeneko multinazionalen elkartea dago. Beste zereginen artean, ERT-a da nazioarteko lan banaketa eta azpiegituren plangintza zuzentzen dituena.

Eskema horren barruan, Euskal Herriaren ekonomia guztiz terziarizatuta izanen litzateke, lehen eta bigarren sektoreak izorratu ondoren dependentzia ekonomiko izugarria izanen lukeelarik. Gauzak horrela, merkatal gune gisa agertuko litzateke eta Euskal Herritik kanpo egiten diren gaien biltegi moduan. Produktu gehientsuak Bilboko Superportutik sartu eta aterako lirateke. Hainbat tokitan aisialdi eta turismo aktibitatetarako ere prestatzen ari dira (Gugenheim, auditoriumak, kirol kaiak,…).

Transito gune gisa ere kokatzen dute Euskal Herria, bai merkantzitarako baita bidaiariendako ere, bi ardatzen barruan dagoelako: atlantiarra eta europako diagonalean. Hori dela eta, Europaz gaindiko azpiegiturek garrantzia haundia izanen dute gurean: AHT-a, autobiak, autopistak,… AHT-aren eraikuntzak 2 biloi pzta. eta Hegoaldeko 4 herrialdeen errepide planek 500.000 miloi pzta. kostatuko dute. Plangintza orokor honen baitan, Euskal Herriko beharren gaineko plan energetiko animalekoa ere aintzat hartu behar da: 6 zentral termiko berri, zentral eoliko ugari, erabateko gasifikazioa,…
Kapital haundirako, azpiegituren ugaltzeak entrepresa pribatuen etekinen gorakada suposatzeaz gain, behar estrategiko batzuei erantzuten die.

Argi dagoena zera da: Europa batuaren proiektuaren eraikuntza azpiegituren gainean datzala. Azpiegitura plangintza erraldoirik gabe ez dago Europako proiekturik.

Euskal burgesiak Europako proiektua posible eginen duen azpiegitura plangintza osoa bultzatzen du. Ezker abertzaleak euskal burgesiarekin (Lizarra-Garazi hitzarmenarekin ondorioz) kontsentsura iritsi nahi badu, azpiegitura plangintza ezin desarrolistago hau orokorrean onartu beharko du. Baliteke inguramen «hobekuntza» batzu lortzea (Irurtzun-Andoain autobiaren kasuan gertatu zen bezala) bainan kapital haundiak Europako proiektua kolokan jar dezakeen aldaketa haundiagorik ez du onartuko.

AHT-ren kasuan, esaterako, abiadura haundia (orduko 350 km.) izan ordez, hainbat trazaketan Talgo artikulatua (orduko 220 km.) bezalako trena onar dezake bere helburu ekonomiko-estrategikoak funtsean mantenduz. Gainera, Ezker Abertzaleak aski joera desarroilista izan du hainbat azpiegituren aurrean: aipaturiko Irurtzun-Andoain autobiaren aferaz gain, Nafarroako errepide planaren inguruan, AHT proiektu ofizialaren aurrean HB-k proposaturiko trenbide sare alternatiboa, Arangurengo zabortegiaren inguruan, lan munduan LAB-ek batzutan azaldu dituen jarrera posibilistak, hainbat proiektu urbanistiko suntsitzaileren aurrean erakutsitako jarrera populista,…

Argi dago une honetan lehentasunak non dauden kokatuta eta horren aldera joko dute, batere argi ez dituen jokaera antidesarroilistak zokoratuz.

Hau guztia dela eta Lizarra-Garazi sinatzaileen artean, bai Europako proiektua baita berarekin batera datorren azpiegitura politika, orokorrean onartuko da, independentzia politiko-administratibo haundiagoaren mesedetan bainan dependentzia ekonomiko haundiagoa sortuz. Nazio erreibindikazioa sozial erreibindikazioa baino lehenago jartzen duten seinale.

Azpiegituren ugaltzeak «landa-hiri» arteko desoreka areagotuko du, bizimodu urbanita erabat dependientea sortuz.

ANTIDESARROILISMOAREN INDEPENDENTZIA OSOARUNTZ

Bizitzaren atal guztietan, dependentzia kontua txarra da, bai pertsona mailan baita herri gisa ere.

Espainia eta Frantziatik independizatu behar dugun legez, multinazionalen Europatik zer esanik ez!

Dependentziaruntzko historiaren norabide lineala aldatu behar dugu autosufizientziaruntz gure urratsak zuzenduz. Giza eskalako ekonomia deszentralizatuek natura ez dute suntsitzen ezta periferiako herriak zanpatzen.

Joan zen urtean, Munduko Merkatal Erakundeak (OMC delakoa) inposatu nahi digun neoliberalismoaren aurka borrokatzeko, Herrien Ekintza Orokorra (AGP delakoa) sortu zen.
Plataforma horren oinarriak honako hauek dira:

-Multinazionalek sortutako erakundeen aurkako erabateko errefusapena.
-Borrokarako jarrera erakutsi, erakunde eta instituzio hauekiko elkarrizketak ezertarako balio ez duelako.
-Ekintza zuzena eta desobedientzia zibilaren estrategia barruan, tokian tokiko alternatiba ekonomikoak bultzatu, estatu eta multinazionalen interesen aurka.
-Deszentralizazio eta autonomian oinarritutako eraketa sustatu.

Oinarri hauek oso baliagarriak gerta daitezke antidesarroilismoaren independentzia osoaren bidean.

Julio
(Iruñea)

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like