AHTren aurkakoIII. Bizikleta martxa desobeditzailea

Uztailaren 25etik Abuztuaren 1era egingo da Castejonetik Gasteizera

Mugitu! desobedientzia mugimenduak antolatuta, AHTren aurkako III.
Bizikleta-Martxa desobeditzailea egingo da, aurtengoan Nafarroan eta Araban
barrena. Uztailaren 25ean hasiko da Castejon-en eta 8 eguneko ibilbidean
Nafarroako Erribera, Tafalla, Iruñerria, Ollaran, Sakana, Arabako lautada
eta Gopegira hurbilduko da, Gasteizen abuztuaren 1ean amaitzeko.  Bizikleta
martxan zehar hitzaldiak eta tailerrak, mahainguru eta eztabaidak,
antzezlanak, kontzertuak eta protesta ekintzak egingo dira. Halaber,
lurraren aldeko borroketan eta jendarte eredua eraldatzeko ekimenetan
dabiltzan pertsona zein kolektiboekin elkartzeko eta esperientziak
trukatzeko aukera emango du bizikleta martxak.

Herriz herri pedaleatuz, AHTren zentzugabekeriazko egitasmoaren salaketa
egingo dugu, lurraren suntsiketa, desberdinkeria soziala eta egun
beharrezkoak diren premia ekonomikoen xahuketa ekartzen dituelako. Abiadura
Handiko Trenaren egitasmoarekin batera, lurrari erasotzen dioten  beste
hainbat proiektu ere ezbaian jarriko dugu, hala nola, Gas Fracking-a,
Erraustegiak, Autopista Elektrikoak… finean lurra suntsitzen duen eta dirua
bizitza sozialaren erdigunean jartzen duen egungo eredu kapitalista eta
jasanezinaren isla direnak. Horren aurrean borrokatu eta jadanik hasita
dauden bide berriei ekinen diegu, eraldaketarako bidea desobedientzia
izanik.

AHTren kasuan, mito bat erortzen ari da. Porrot egin du proiektu honek,
milioiak xahutzen dituena eta oinarrizko beharrizan sozialetara bideratu
beharko liratekeen partidak murriztu beharra dakarrena, kalte itzela
eraginez gizarte, ekonomia eta ingurumen arloetan. Obrak hasi zirenetik
agerian gelditu da AHT ez dela bideragarria eta ez dakarrela inongo
onurarik gizartearentzat. Porlanaren politika honek oso ondorio larriak
dakartza eta are larriagoak izango dira ez badugu AHTren erokeria
geldiarazten: zenbat eta gehiago itxaron proiektu hau geldiarazteko,
ezbehar ekologikoa are handiagoa izango da eta galera ekonomikoak eta
ondorio sozialak are sakonagoak.

Hori guztiagatik, “LURRAREN ALDE, BIZI-BIZI!” lemapean Txirrindula Martxa
desobeditzailean parte hartzera animatzen zaituztegu, AHTko lanak gelditzea
exijitzeko eta eraldaketa sozialari begira eraiki daitezkeen eta eraikitzen
ari diren bide berrien eztabaidarako; baita antzerki edo kontzertuetan
gozatzeko,… espazio askeak sortzeko gunea baita!

AHT desobeditu eta proiektu txikitzaileak gelditu!

MUGITU! MUGIMENDUA

Informazio gehiago:

http://mugitu.blogspot.com/

mugituaht@gmail.com

Facebooktwitterredditpinterestlinkedintumblrmail