Oianguko
proiektua baztertzeko eskaera egin dute
·Hurrengo ostiralerako manifestaziora
deitu du Oiangu Publikoa eta Bizirik plataformak
Ordiziako
Udalari beste behin Oianguko aisiaguneko proiektua alboratzeko
eskatu zion Oiangu Publikoa eta Bizirik plataformak atzo egin zuen
ibilaldian. Halaber, proiektuak ingurua kaltetuko duela eta parkearen
erabilera publikoa mugatuko duela salatzeko manifestaziora deitu
du ostiralerako.
ORDIZIA
Oiangu
Publikoa eta Bizirik plataformak Oiangu Eguna aitzakia harturik
irteera antolatua zuen atzoko, Oiangura. Goizeko hamarretan
abiatu ziren Ordiziako plazatik. Orotara, 60 pertsona inguruk
parte hartu zuten giro paregabean egin zuten ibilaldian. Behin
bertara iritsita, plataformako kideek prentsaurrekoa egin zuten.
Salatu zutenez, Udalak onartutako Oianguko aisiaguneko proiektuak «parkearen
erabilera publiko, libre eta doakoa murrizten du eta pribatizatzea» adierazten
du. Halaber, parkearen oreka ekologikoan eta aberastasunean
eragin larria edukiko duela irizten diote. Plataformak, gainera,
eurentzat hain kaltegarria den proiektua ordiziarren inolako
parte-hartzerik gabe erabaki dutela salatu zuen, «nahiz
eta Udalak herritarren partaidetzan oinarritzen den Tokiko Agenda
21en konpromisoak sinatu dituen».
Horretaz
gain, kontzesio prozesua era irregularrean eta ilegalean egin
dela salatu zuten eta, alde horretatik, Arartekoak ere kontzesioa
baliogabetzeko eskaera egin zuela gogorarazi zuten.
Hori
horrela, Ordiziako Udalari Oiangu parkea ustiatzeko onartu zuen
kontzesioa eta proiektua bertan behera uzteko eskatu zioten.
Aldean, herriko eragile guztiekin batera, Oiangu babestuko duen
eta Oianguz «inolako bazterkeriarik gabe, modu publiko
eta arduratsuan», disfrutatzeko aukera emango duen beste
egitasmo bat prestatzeko eta gauzatzeko elkarlanean hasteko eskatu
zioten Udalari.
Oiangu
Publikoa eta Bizirik plataformak bihar Nazioarteko Ingurumenaren
Eguna izango dela gogorarazi zuen, aurten biodibertsitatea ardatz
hartuta. «Ordiziako Udalak biodibertsitatearen balioa nabarmenduko
du Aste Berdearen programan egingo dituzten hitzaldietan, baina
Oiangun onartutako proiektua biodibertsiatea babestearen kontra
doa», adierazi zuten, Oiangu natura eta gizarte balio handikoa
dela gogoraraztearekin batera.
Guztiagatik,
heldu den ostiralean 19.30ean Ordiziako plazatik abiatuko den
manifestaziora bertaratzeko deia egin zieten plataformako kideek
biodibertsitatearen galeraz eta parke publikoen pribatizazioaz
arduratuta dauden bizilagun guztiei.