Oiangu Eguna parajeak bizi duen mehatxua salatzeko
Publikoa eta naturala izaten jarritzea eskatzeko jaia antolatu dute gaur Oianguko parkean. Ordiziako Udalak aisialdigune bat jartzeko proiektua onartu du. Oiangu Publikoa eta Bizirik plataformak, ordea, ingurua babestu eta zaindu beharra dagoela esan du, «aberastasun gehiegi baitago, turismoa indartzeagatik galtzeko».
Paisaia ederrak dituen ingurua da Oianguko parkea. Aralar eta Aizkorri mendien magalean kokatua, zelai zabalak, zuhaizti ikusgarriak eta atseden hartzeko gune erosoak aurki daitezke bertan. Arrazoi horiek medio, makina bat lagun bertaratzen da urtean zehar inguru honetara, batez ere, eguraldi ona lagun denean. Familiak, eskola taldeak... orotarik ikusteko modua da bertan, eta nola ez Ordizia eta inguruetako herrietako bizilagunak, bertan eta etxetik metro gutxira aurkitzen baitute industrialdeetatik ihes egin eta zabal arnasa hartzeko parada. Helburu horrekin erosi zuen Ordiziako Udalak paraje hau, industrializazioa gogor errotu zen inguru honetan bere bizilagunei aisialdia igarotzeko leku apropos bat eskaintzeko, hain justu ere.
Hala ere, aipatu paraje horrek, Udalaren asmoak egiaztatzen badira, aldaketa handiak jasango ditu datozen urteetan, inguru horretan Oiangu Aisialdi Gunea proiektua abiatu nahi baitute. Golf zelai bat, paintball zelai bat, igerileku pribatu bat eta hotel bat eraikitzea batzen ditu proiektuak; ondorioz, herritarren artean haserre bat baino gehiago eragin du.
Besoak gurutzaturik egoteko asmorik ez eta, Oiangu Publikoa eta Bizirik plataforma sortu zen, Udalari proiektuaren gainean hausnarketa egiteko eskatu eta Oianguk orain arte bezala publiko eta naturala izaten jarraitu behar duela aldarrikatzeko. Ekintza mordoa ari dira antolatzen helburu hori lortzeko eta gaur Oiangu Eguna egingo dute.
Ustekabean jaso zuten Ordizia eta inguruetako bizilagunek estreinakoz Oianguko parkean Udalak egiteko asmoa duen proiektuaren berri. «Komunikabideei esker jakin nuen Oiangu eraldatzeko proiektu bat zegoela eta, nire moduan, inguru honetako jende askok egunkarietako orrietan izan zuen asmoen berri. Ordiziarrak Gera plataformak salatu zuen, gainera, alkatearen aurrean», adierazi du Oiangu Publikoa eta Bizirik plataformako kide den Edurne Huesak.
Beren esanetan, Udalak legezko bideak bete besterik ez du egin. «Buletinean atera zuten, baina horrelako aldaketa bat egin eta enpresa bati lurren kontzesioa 40 urtez emateko bide hori nahikoa ez dela iruditzen zaigu. Gutxienez herriari informazioa eskatzea eta eragileei iritzia eskatzea oinarrizkoa dela uste dugu», adierazi du. Hain justu ere, Ordiziako Udalak orain urte eta erdi sinatu zuen Agenda 21 konpromisoa «eta bere ardatz nagusietarikoa da herritarren partaidetza».
Baina prozedurek kezkatzen badituzte ere, proiektua bera da herrian ezinegona eragin duena. Huesaren esanetan, ordiziarrek ez ezik, goierritarrek ere leku kuttun dute Oianguko parkea. «Udalaren nahia gauzatzen bada, herritarrek eremu batzuetan sartzeko ordaindu egin beharko dute eta, beraz, jendeari inguru natural batean egoteko eskubidea murrizten diote», jakinarazi du; izan ere, jabetza publikoa bada ere, erabilpen publikoa galdu egiten da.
Era berean, proiektuaren izaera ere salatzekoa dela esan dute. «Golf zelai bat jarri nahi dute. Plataforma ez dago golfaren aurka, baina ez zaigu iruditzen Oiangu denik tokirik egokiena; are gehiago, oso toki desegokia da. Kontuan izan sareak jarri beharko dituztela, bestela oinezkoak pilotekin jotzeko arriskua baitago. Eta esan beharrik ez dago, sareek paisaia erabat aldaraziko dutela», azaldu du.
Proiektuaren baitan paintball-ean aritzeko gune bat ezartzeko asmoa dago, eta elkarteak berak ekintza gaitzetsi du. «Gerra jolas bat da azken batean, elkarri margoz beteriko puxikak botaz jolasten baita. Jolas honen bidez balio desegokiak transmititzen direla uste dugu eta horregatik ez dira leku publikoetan bultzatu behar», salatu du Huesak.
Proiektua bideratzeko egindako pausoak ere ankerrak izan direla salatu dute; izan ere, parkearen kudeaketa Ikengu enpresari eman nahi diote, «oraindik sortzeko dagoen enpresa bati». Gainera, gehiegi dago jokoan itsu-itsuan jarduteko».
Hobetu bai, baina horrela ez
Herrian eragin duen ezinegonaren erakusgarri da proiektuaren aurka batu dituzten 3.000 sinadurak. «Esan beharra dago, proiektuaren alde dagoen jendea badela, Ordiziarentzat aukera on bat dela uste baitute; izan ere, Udalak garapen turistikoa bultzatuko duela adierazi du. Guk garapen turistikoa ez dugu zalantzan jarri nahi, baina ez dugu uste horrela izan behar duenik», adierazi du.
Alde horretatik, Oianguko parkearen funtzionamendua hobetzeko neurriak hartu behar direla onartzen du plataformak. Hala ere, «parkea babestuko duen, ingurumen-heziketa eskainiko duen eta ordiziar eta bisitari guztiek libreki gozatzeko aukera emango duen» proiektu baten alde egiten dute. «Kontuan izan hona ikasle asko etortzen dela basoaz ikastera, naturgune aberatsa baita. Hori aprobetxatzen jarraitu behar dugu eta beharrezkoak diren zerbitzuak eskaini», adierazi du Huesak.
Une honetan proiektuak behin-behineko onarpena dauka. «Arau subsidiarioak aldatu behar dira. Orain arte, arau hauen arabera, Oiangu nekazaritza-parke gisa dago onartua, baina gauzatzeko asmoa duten proiektua garatu ahal izateko, beste erabilera batzuk onartu behar dituzte», azaldu du Huesak. Hori gauzatzeko plan berezi bat egitea eta ingurumenaren eraginak aztertzea eskatzen du. Era berean, Huesak gogorarazi duenez, Udalak ez ezik Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektua onartzea ere ezinbestekoa da: «Beraz, ezin da esan proiektua halabeharrez onartu behar dela eta berehala egiten hasi behar dutela. Beraz, oraindik ere borrokatzeko modua dugu». -
DONOSTIA
Inguruaren edertasuna goratzeko hainbat ekintza
Gainerako egunetan ere paseotxo bat egiteko leku kaskarra ez bada ere, gaur Oiangu eguna ospatuko dutenez, makina bat ikuskizun eta ekitaldi antolatu ditu Oiangu Publikoa eta Bizirik elkarteak. Goizeko hamarretan Ordiziako plazan egingo dute hitzordua, parkera abiatzeko. 10.30etik 11.30era bitartean ingurua hobeto ezagutzekio ibilaldi gidatua egingo dute. Ondoren, umeentzako jolasak eta, 12.00etan, hamaiketakoa trikitiaz lagunduta. 13.30ean, berriz, elkarretaratzea egingo dute Oianguren publikotasuna beste behin ere aldarrikatzeko.