Udalak ez zuen aurkezpenean parte hartu
G.L.
ORDIZIA
Aisialdi zentroaren eraikuntzak zeresan handia eman du goierritarren eta, batez ere, ordiziarren artean. Joan den ostiraleko aurkezpenean Ikengu enpresak proiektuaren xehetasun batzuk eman zituen. Udalak, ordea, ez zuen parte hartu hitzordu garrantzitsuan, eta hutsune hori ahotan izan zuten herritarrek.
Udal ordezkariek halako ekitaldietan esku hartu behar dutela aipatu zuten bildutakoek. Ordiziar batek toki publikoetan aisialdiaz gozatzeko eskubidearen aldeko aldarria egin zuen, eta proiektuak ingurumenean sortuko dituen kalteak direla-eta kezka agertu zuen. Herritarrak ingurumen eskola egoki baten beharra nabarmendu zuen.
Era berean, Ordiziarrak Gera ezker abertzaleko herri ekimenak orain aste gutxi salatu zuen proiektuak «interes pribatuei» erantzuten diela, orain aisialdirako eta hezkuntzarako ematen dituen aukerak «negozio huts» izango direlako. «Udalak ezkutatzen dituen kontu ilun asko» dagoela ere jakinarazi zuen herri ekimenak, eta udal ordezkariak ager daitezela eskatu zuen.
Herri ekimenekoek Oiangu-Txiki baserria ere mintzagai izan zuten. Izan ere, Udalak bertan bizi diren familiako kideei hogei urterako kontsezioa kendu egin die. «200 urtez baserri horretan bizi eta lan egiten duen familiaren eskubideak zapalduko dituzte, legeak eskatzen dituen baldintzak bete gabe», esan zuten.
Lanen eta ustiapenaren kontzesioak ere kezka eragin du Ordiziarrak Gerako partaideen artean. Izan ere, Ikena enpresak aurkeztu zion proiektua Udalari, baina Ikengu enpresa arduratuko da lanez eta ustiapenaz. Horregatik proiektuak porrot egingo balu eta, ondorioz, Ikengu desagertuko balitz, herri ekimenaren iritziz, Ikenak ez lioke aurre egingo egoerari eta erantzunkizun oso-osoa Udalaren esku geratuko litzateke.