Oianguko proiektuak «interes pribatu eta elitistei» erantzuten diela salatu dute
·Ordiziarrak gera herri ekimenak inguruaren herri erabilera publikoa aldarrikatu zuen. Proiektua udalak bermatu beharko duela uste dute; horrek lur jabetza ere kolokan jarriko du
Ordiziarrak Gera ezker abertzaleko herri ekimenak Oianguko zelai eta parajeak publikoak direla aldarrikatu zuen atzo, eta onartu berri duten eraldaketa proiektuak «interes pribatu eta elitistei» erantzuten diela salatu zuen. Diotenez, ezarri nahi duten golf zelaiak ez die herritarren beharrei erantzuten, «kuota garestiak ordain ditzaketen bazkideei» baizik, eta orain arte irekia zen lekua hesitu egingo dute. Udalaren jarrera ulertezina dela ere adierazi zuten, «40 urteko kontzesioaz oraindik sortu ez den Ikengu enpresa arduratuko delako, eskubide horien truke 120.000 euro bakarrik jarrita».
ORDIZIA
Oianguko parkean gauzatu nahi duten proiektuaren legezkotasuna eta interesa «zalantzan jartzeko» arrazoi ugari dagoela adierazi zuten, atzo, Ordiziarrak Gera herri ekimeneko kideek. Salatu zutenez, Udalak ezkutatu nahi dituen «kontu ilun asko» daude eta beharrezkotzat jotzen dute goierritarrei horien berri ematea.
Oianguren erabilerak publikoa izan behar duela aldarrikatu zuen ekimenak, eta proiektuak ekarriko duen pribatiza- zioari aurre egin behar zaiola. Ezarri nahi duten golf zelaiak lurren %75 bereganatuko du, eta euren hitzetan, golfa ez da herri jarduera edo kirola, «minoritarioa eta elitista» baizik.
Alde horretatik, orain artean aisialdirako leku irekia zena leku itxia bilakatuko dela nabarmendu zuten. Ondorioz, aisialdirako eta hezkuntzarako eskaintzen zituen aukerak «negozio huts» izango dira.
Oiangu-Txiki baserriaren egoera ere hartu zuten hizpide ekimeneko kideek. Jakinarazi zutenez, beste 20 urterako emandako kontzesioa kendu egingo diete. Hori dela-eta, «200 urtez baserri horretan lan egin duen eta bizi den familiaren eskubideak zapalduko dituzte, legeak eskatzen dituen baldintzak bete gabe».
Finantzabidea, kolokan
Proiektuaren beste gabezia bat, Ordiziarrak Geraren iritziz, lanen eta ustiapenaren kontzesioa da. Azaldu dutenez, proiektua eraikitzeko 300 milioi peze- ta inguruko aurrekontua beharko da, eta lan horiek Ikena enpresak egingo ditu. Ustiapena, berriz, Ikengu enpresari dagokio, oraindik sortu ez dena, eta 40 urteko ustiapenaren truke 120.000 euro ordainduko ditu.
Ekimenaren hitzetan, 300 milioiak lortzeko maileguaren bermea kontzesioa bera izango da, «Udalak bermatuko du egitasmo pribatua», eta zalantzan jarri zuen banketxeren batek «halako ustiapen kontzesioa bat bermetzat hartuko ote duen ala lurra bera ere hipotekatu beharko den». Egitasmoak porrot egin eta Ikengu desagertuko balitz, ekimeneko kideen ustez, Ikenak ez lioke aurre egingo egoerari eta erantzukizun osoa Udalarena izango litzateke.
Hori dela-eta, gardentasunez jokatzeko eskatu zioten Ordiziako Udalari; herritar guztiak informatzeko, parte hartzeko bideak eskaintzeko eta Gobernu Batzorde eta ordezkaritza «itxiak» baztertzeko. Ikena enpresari ere zuzendu zitzaizkion Ordiziarrak Gerako kideak, proiektua baztertzeko eskatu zioten «Udalak gaia berraztertu eta egitasmoa modu egokian berriz definitu arte».
Edozein modutan, akordio proiektua onartua dago, eta proiektua atzera bota dezakeen arrazoi bakarra Plan Bereziaren onarpena ez eskuratzea da. Atzo salatu zutenez, ordea, Oiangu ingurune babestua da, duen balio naturala kontuan hartuta, eta horrek ere eragotzi beharko luke proiektuak jarraitzea.
Aisialdia negozio
Golf zelaiaz gain, proiektu berriak hainbat eraikin egitea aurrez ikusten du. Aterpetxea desagertu egingo da, eta jatetxea eta hotela hartuko dituen eraikuntza bat eraikiko dute. Sarrera ordaindu beharko den igerileku txiki bat egingo dute, paintball pista bi, aparkalekua eta golfeko lehen kolpeak entrenatzeko eremu hesitua ere egingo dute.
Ramon Amondarain Ordiziarrak Gera ekimeneko kideak kritikatu egin zuen gunearen erabilera berria. Bere hitzetan, aterpetxeak herriko talde askori hainbat ekintza aurrera eramateko aukera eskaintzen zien «baina ekintza horiek ez zuten etekin ekonomikorik ematen, eta horixe da orain Udalak bilatzen duena».
Beste alde batetik, gogora ekarri zituzten Udalak pribatizatu dituen herriko zerbitzuak, eta Ordiziako kiroldegia, igerilekua barne, «Goierri osoko garestiena» dela salatu zuten. Udalari, oro har, beste batzuetan ere jokabide zuzena erakusteko galdegin zioten; hala nola, Altamirako kirol instalazioetan, Apellanizeko operazioan, San Juanen garapenean edota AHTren ondorioak zehazteko garaian.
Kontuan hartu beharra dago Ikena enpresak Oiangurako aurkeztutako proiektua ez dela inguru horrek izan duen lehendabizikoa. Izan ere, 1995. urtean Udalak Dena Sport Irungo enpresari hiru urterako kontzesioa eman zion, baina saioak porrot egin zuen. Ondorenetik, etxeak egiteko beste proiektu bat aurkeztu zuten Udalean, baita zalditegi bat eraikitzeko proposamen bat ere. Bi kasuetan, proiektuak baztertu egin zituzten arauak betetzeko arazoak zituztelako.
Mobilizaziorako deia Ordiziako biztanle guztiei
Udalaren erabakia dela-eta, «etsipenez eta utzikeriaz» ez jokatzeko eskatu zuten ezker abertzaleko kideek. Herritarrek modu aktiboan erantzuteko deialdia egin zuten, eta Udalari parte hartzea ahalbidetzeko eta gardentasunez informazioa zabaltzeko eskatu. Alde horretatik, Oianguren erabilera publikoaren alde antolatuko dituzten ekimenetan eta sor daitezkeen plataformetan parte hartzera bultzatu nahi dituzte herritarrak. -