OIANGUKO EGITASMOA: IZKIRI BURUZKO GEZURRAK
Bada hilabete oporraldia bukatu dela eta Oiangu Publikoa eta Bizirik Plataformakook ikasturte berriari indarrez ekin nahi izan diogu. Hau dela eta, jorratzeke genituen gaiei berriro heldu eta hauek eguneratzen ahalegindu gara. Eginahal hau ez da nolanahikoa izan, aztertu beharreko gai-zerrenda luzea eta garrantzi handikoa baita. Dena dela, eta lehen urrats gisa betiere, plataformako kideok zerrenda horretako bi gai nabarmendu nahi ditugu beste guztien artean, hauek Oianguko egitasmoaren inguruan izan duten eragin handiarengatik; Ordiziako Udalak jaien aurretik argitaratu zuen buletina batetik, eta Izki parke naturalari buruz hitz egindakoak bestetik.
Plataformako kideok ez ezik, ordiziar askok ere harriduraz jaso eta irakurri genuen uztailean Udalak argitaratu zuen buletina, izan ere, bertan esaten zirenak iraintzat jo genituen. Iraintzat jo genituen bai bertan Udalak zerabilen hizkera zakarra, bai eta adierazitako gezurrak ere. Oraindik hala egin ez baduzu, Ordiziako Udalaren lehen Buletin Informatiboa irakurtzera animatu nahi zaitugu, honek guztiak funtsa duenentz zuk zeuk egiazta dezazun.
Idatzi honen xedea, ordea, ez da buletinean adierazten denaren gaineko gogoeta egitea, bertan azaltzen den helburuetako bat azpimarratzea baizik. Ordiziako Udalak eta Oiangu Publikoa eta Bizirik Plataformak, bakoitzak bere aldetik plazaratutako helburuen artean, bada bat komunean duguna: herritarrei guztiaren berri ematea. Alabaina, Udalak informazioa helarazteari lan erraza baderitzo ere, ezin esan hau honela denik, izan ere, jakinarazpen ofizialak ez du benetako informazioa erabili, eta beraz, hauek gezurtatu beharrean aurkitu gara herritarrek datu zuzenak jaso ditzaten. Adibide gisa, Udalak Plataformak lortutako ordiziarron 3.000 sinaduren inguruan adierazi duena; iruzur bidez lortu direla alegia. Hemendik guk zera ondoriozta dezakegu, iruzurrak eta irainak Ordiziako Udalak soilik darabiltzala, bere lehen buletinean hori ikusi baikenuen.
Izki parke naturalari buruzko informazioa
Aurtengo maiatzetik uztailera bitartean Izki izeneko parke naturalari buruzko informazio asko jaso dugu. El Diario Vasco egunkarian argitaraturiko hainbat artikulutan eta Oianguko egitasmoaren aurkezpenean, Arabako parke natural hori hainbestetan aipatzearen arrazoia Oianguko egitasmoaren eta Izkiko golf azpiegituren arteko antzekotasuna adierazi nahi izatean datza. Herritar guztioi ezagutarazi nahi zitzaizkigun antzekotasunek, ordea, ez dute inolako funtsik. Azken baieztapen hau frogatu ahal izateko kontsulta daitezkeen iturriak ondorengo hauek dira:
- 1998ko martxoaren 31ko bi dekretu: 64/1998 eta 65/1998. Lehenengoan Izki aldeko natur baliabideen antolamendurako plana onesten da eta, bigarrenean, Izki aldea parke natural deklaratzen da.
- Ondorengo bi web orrietan parke naturalaren mugak eta eremu desberdinen kokapenari buruzko informazioa aurki daiteke: www.nekanet.net/naturaleza/renp/frameprincipal.htm (espainieraz) eta http://www1.ceit.es/Asignaturas/Ecologia/EspNaturales/Izki/indexek.htm (euskaraz).
Izkin adituak: golfa eta parke naturala. Zehaztasuna ororen gainetik
Maiatzaren 19an Oianguren inguruko egitasmoaren aurkezpena egin zen Ordiziako Udaletxean. Bertan, Fraisoroko Ingurumen eta Nekazal Laborategiko zuzendaria den Domingo Merino jaunak, Izki golf zelaia parke natural baten barruan egina dagoela esan zigun (DV: 05/05/21). Ekainaren 25eko kronikan ere, gai berberari eusten zaio Oianguko egitasmoaren eta Izkiren artean parekotasun handiak daudela esanez.
Uztailaren 5eko egunkarian, bi urtez Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Basoetako Saileko zuzendari izandako Eduardo Urarte jaunak ere golf zelaia parke naturalaren barruan dagoela esaten du. Oraingoan, ordea, hitz eta esaldi tekniko askoren artean bitxikeria bat topatuko dugu, golf zelaia neurri handi batean babestutako eremuaren barruan dagoela esaten baitu. Ñabardura txikia izan badaiteke ere, zalantzak bere bidea hasi du.
Zalantzak, hala ere, ez du gehiegi iraungo. Nahaste hau argitu nahian Lagrango alkatea den José Balerdi ordiziarrak, halaxe baitio: “ Norbaitek zalantzarik badu, Izkiko golf zelaia natur parkearen barruan dago”.
Ez dakigu norbaitek bere buruari galdera hau egin ote zion edo ez. Hainbeste aditu, tekniko eta kargudun pertsonen esanak zalantzan jartzea ez da arrunta. Baina, antza, El Diario Vasco egunkariak hainbat egunetan bildutako adierazpenak egiaztatzeko asmoz Iván Alberdi ordiziarrak bere ikerketa partikularra egin eta aipatutako egunkarira bidali zuen. Eskutitz horretan, Oiangu Publikoa eta Bizirik Plataformaren izenean, Izkiko golf zelaia ez zegoela parke naturalaren barruan adierazten zen.
Laburbilduz, Fraisoroko Ingurumen eta Nekazal Laborategiko zuzendariak eta Lagrango alkateak golf zelaia parke naturalaren barruan, foru-diputatu ohiak neurri handi batean barruan eta Plataformak kanpoan dagoela diote.
Izki parke naturalaren erabilera eta eremuak
Lehenengo eta behin, gai guzti hau kokatzen eta aurrekariak esplikatzen saiatuko gara, ondoren Oiangu Publikoa eta Bizirik Plataformak era erraz batean aurkitu duen informazioa erarik ulergarrienean adierazi ahal izateko.
Izkiko golf zelaia 1994an jarri zen martxan. Lau urte beranduago Izki aldea parke natural deklaratzen da. Oianguko egitasmoa aurrera ateratzearen aldeko zenbait pertsonek, euren jarrera defendatzerakoan Izkiko golf zelaia eredutzat hartu izan dute. Gorago esan den bezala, parekotasun handiak bilatzen saiatu dira, batez ere, guztioi arraroa iruditzen zaigun gai sinple bategatik: posible al da golf zelai bat parke natural baten barruan onartzea? Hau hala balitz, Oianguko egitasmoaren aldekoek pisuzko laguntza bat izango lukete: Euskal Herriko Agintaritzak golf zelai bat parke natural baten barruan onartu izana. Egia esan, Plataformako kideoi baieztapen hau harrigarria gertatzen bazitzaigun ere, gure gogoeta eta ideietatik hain urrun dauden agintariek onartu edo ukatutako dekretu eta legeak erabat arrotz egiten zaizkigunez, zalantza sortu zen gure artean. Ikertzea eta egia aurkitzea ez zen batere zaila izan. Hona hemen 1998ko martxoaren 31ko bi dekretutan (64/1998 eta 65/1998) aurkitu ditugun zenbait pasarte interesgarri:
- Hezkuntzaren, kirol-jardueren eta ikerketaren garrantzia kontutan hartuta, parkearen kudeaketaz arduratuko den organoak arreta berezia jarriko die kontu hauei: a) […] inguruan eraginik ez duten kirol jarduerak bultzatzeari. (64/1998-11.6).
Noski, golfa inguruan eraginik ez duen kirol jarduera den ala ez batzuk oraindik zalantzan jartzen dute.
- Olgeta-jarduerak ondoko hauen arabera baimenduko dira: a) Baimenduta dago oinez ibiltzea parke osoan zehar, erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planak eremuren batean debekua ezarri ezik. b) Baimenduta dago zaldiz, mendiko bizikletaz edo motorerik gabeko beste edozein ibilgailuz pista eta bideetatik ibiltzea, edota erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planak zehazten dituen ibilbideetatik —halakorik egiten badu—. Ezin da, ordea, bide eta pista horietatik inola ere atera. (64/1998-14.1)
Artikulu honek aurrera jarraitzen du zerrenda luze bat osatuz. Ikus daitekeen bezala, kontuan hartu beharreko jardueren onarpen eta debekuak xehe-xehe aztertuta eta adierazita daude. Golf jarduerei buruz, berriz, ez da ezer esaten, eta gainera Izkiko parke naturalean bereizten diren eremuen artean ez da golf zelairik aipatu ere egiten. Golfaren azpiegiturak parke natural deklaratu aurrekoak direla kontutan hartuta, harritzekoa benetan.
- Izkiko Parke Naturalaren eremua zehazterakoan, 64/1998-4.1 artikuluak berak honela dio: Plan honen menpeko geografi eremua antolamendurako planoan mugatu eta irudikaturikoa da. Hona hemen eremu hori osatzen dutenak: a) Arabako Katalogoko herri onurako mendi hauek [...zerrenda…] b) Mendi horietariko baten barruan dauden jabetza pribatuak, edota mendi horietariko zenbaiten mugek erabat inguratu eta mugatzen dituzten jabetza pribatuak. URTURIKO GOLF ZELAIAREN LURRAK KANPO UTZI DIRA.
Argiago ezingo litzateke esan. Urturiko golf zelaia, gaur egun Izki dena, parke naturaletik kanpo dago.
Amaitzeko
Nahaste-borraste honek guztiak ondorio larri batera garamatza: Oianguko egitasmoaren aldeko arrazoiak ematerakoan gezurra erabiltzeko lotsarik ez dago.
Hau guztia esanda, berriz ere Plataformak bere garaian egindako eskaera hauek indarrez berritzen ditugu: Udala eta IKENA enpresari proiektua baztertu eta bertan behera uztea; Ordiziako Udalari, beste hainbat erabakitan bezalaxe, gardentasuna eskatzen diogu; eta azkenik, ordiziarrei etsipen eta utzikeriari ez amore emateko deia egiten diegu, Udalak herritarroi parte hartzeko bideak irekitzea exijituz.
Hemen tratatu duguna, proiektu honen inguruan dauden beste gai askoren arteko bat bakarrik da. Oiangu Publikoa eta Bizirik Plataformak arreta handia eskaini badio ere, gure helburua herritarroi proiektuaren sustatzaileek gezurra esan dezaketela ikustaraztea da. Gauzak horrela, Plataformaren zeregina ez da batere xamurra. IKENA enpresak aurkeztutako proiektua, Udalak prozesu guzti honetan eman dituen pausuak, zenbait adituk proiektuaren alde ematen dituzten argumentuak eta Ordizian gehien irakurtzen den egunkariak argitaratzen dituenak aztertu, eztabaidatu eta ondorioak plazaratu behar ditugu. Hala ere, udako oporraldiaren ondoren indarberriturik etorri garenez, ekintza ugari antolatu ditugu. Adi egotea besterik ez duzu horietan parte hartzeko.
Oiangu Publikoa eta Bizirik Plataforma
2005eko urria, Ordizian