Oiangu publikoa eta bizirik PlataformaArartekoaren  azken txostena

Parke bizi eta publikoaren alde ari gara lanean
Harremanetarako

Helegiteak

Aurkezpena

Oiangu

Proiektua

Plataforma

Español

Agenda

Azken berriak

Prentsa

Goierriko kasta

Esteka interesgarriak

 

 

LEHENBIZIKO PRENTSA OHARRA

 

95etik interes pribatu eta asmo handiak izan dira Oianguren inguruan: Dena Sport enpresak hiru urtez izan zuen kontzesioa (Udalak dirutza handia galdu zuen eta Oiangu erabat utzita egon zen); Oianguko lurretan zazpi txalet txikiz osatutako Hotel proiektua aurkeztu zen; hainbat urtetan aterpetxea eta jatetxea izan ditugu, baina ez da izan benetako ekimenik erabilera publikoko aisialdi gune moduan bultzatzeko; zalditegi bat jartzeko proiektua ere aurkeztu zen...

Urte horietan guztietan Udalak erabateko utzikeria izan du Oiangurekiko. Irudimen eza eta lan egiteko gaitasun eza izan ditu. Eta orain, Oiangu hobeto erabili behar dela aitzakia bezala hartuta, beste enpresa bati eman dio 40 urtetarako kontzesioa.

Hitz gutxitan esanda, enpresa horrek aurkeztutako egitasmoaren funtsa da golf zelai bat jartzea, baserria hotel eta jatetxe garesti bihurtzea, eraikin berri bat eraikitzea taberna funtzioa betetzeko, igerileku txiki bat eraikitzea, paint-ball jolaserako eremu bat egokitzea, eta erabilera librerako eta meriendalekurako espazioa izugarri murriztea. 

Baina proiektu horren legezkotasuna eta interesa bera ere oso zalantzan jartzeko nahikoa arrazoi  eta kontu ilun badaude, Udalak ezkutatu nahi dituenak, eta guk salatu eta ordiziar eta goierritar guztiei jakinarazi nahi dizkiegunak.           

1. Nola liteke halako baserri eta lur publiko ederrak, goierritar guztiok disfrutatzeko izan behar dutenak, interes pribatu baten esku uztea 40 urtez? Oianguren erabilerak beti izan behar du publikoa. Baina egitasmo honekin pribatizatu egiten da. Izan ere, egitasmoaren ardatza golf zelai bat da. Golfak lurren erdia baino gehiago bereganatuko  du, eta erabilera libreko (ordaindu gabeko) espazioa izugarri murriztuko da. Jakina, golfaren izaera elitista eta minoritarioa da, eta haren funtzionamenduaren oinarria kuota oso garestiak ordainduko dituzten bazkideak izango dira.           

2. Kontzesio berri hau emateko  Oiangu-Txiki baserriari Udalak berak beste 20 urtetarako emandako kontzesioa kendu behar dio. Baina 200 urtez baserri horretan lan egin eta bizi den familiaren eskubideak zapaltzen eta legeak eskatzen dituen baldintzak bete gabe (Osoko Bilkura baino lau egun lehenago izan zuten asmoaren berri). 

3. Kontzesioaren lehiaketa IKENA enpresak irabazi du. Baina ez da IKENA izango kontzesio horretaz arduratuko dena, baizik eta geroago sortuko den IKENGU enpresa. Nor da IKENGU? Lehiaketan parte hartu ez duen eta oraindik existitzen ez den IKENGU enpresak, ordea, obrak IKENAri emango dizkio zuzenean, adjudikatzeko lehikaetarik ere egin gabe.

Egin beharreko obrek 2 milioi eurotik gorako  aurrekontua dute. Horretarako mailegua eskatuko dute. Baina abala ez du ez IKENAk, ez IKENGUk, ez eta enpresa horietako bazkideek ere jarriko. Kontzesioa bera hipotekatuko omen da, eta horrela, azken finean Udalak berak abalatu beharko du egitasmo pribatu hau. Gainera, onar al dezake banketxe batek kontzesio baten hipoteka, inolako ondasun higiezinik (bien inmueble delakoa) hipotekatu gabe? Zer gertatuko litzateke esaterako, asmoak porrot egiten badu eta IKENGU desagertzen bada? IKENGU desagertuta, lehiaketa irabazi duen IKENAk ez lioke aurre egingo egoerari. Udalak egin beharko lioke.  

Gainera, lehenengo 10 urteetan IKENGUk ez du baserri eta lurren erabileragatik xentimo bakar bat ere ordainduko, eta hurrengo 30 urteetan soilik 30.000 euro urteko.

4. Horrez gain, golfak azken finean landaretza eta fauna aldetik oso aberatsak diren eremuak basamortu berde bihurtzen ditu. Gainera, izugarrizko ur kopuruak eskatzen ditu, eta ur publikoa erabiliko dute; aterpetxea desagertu egingo da jatetxe eta hotel garesti bihurtuz; erabiltzeko ordaindu beharreko igerileku txiki bat eraikiko da.           

5. Udalak egitasmo hau erabat ezkutuan eraman du, eta ikusi arren legezkotasunik ez izateko zantzuak daudela, Osoko Bilkuran onartu egin du. Beraz, ikuspegi juridiko batetik baliteke legezkoa ez izatea eta gainera prebarikazioz jokatu izana.

Salatu nahi dugu ere proiektua ezkutuan eraman dela eta halako eragina izan arren herritarrak ez dituztela ezertxotaz ere informatu. Jada duela bi urte inguru hasi ziren asmo hau lantzen eta udalarekin harremanetan, baina ezkutuan, informazio publikorik eman gabe. Proiektuaren neurrira atera al da lehiaketa? Behin egitasmoa aurkeztuta (bakarra) eta epea amaituta, urtarrilaren erdi aldera aurkeztu zitzaigun talde politikooi. Baina soilik Osoko Bilkura baino 3 egun lehenago jakin genuen zein zen akordio proiektua, eta oraindik ere hainbat xehetasun ez dira jakinarazi.

Gauzak honela, hainbat eskaera egin nahi dizkiegu Ordiziako Udalari, IKENA enpresari eta ordiziar guztiei:

1. Proiektu honek  interes pribatu eta elitistak defendatzen dituenez, eta behar bezalako baldintzak betetzen ez dituenez, udalari bertan behera uztea eskatzen diogu. Udalaren ardura izan behar du gauza guztien gainetik Oianguko baserri eta lurrak interes publikoaren zerbitzura jartzea, bereziki behar larrienak eta ahalmen eskasenak izan ditzaketenentzako egokituz. Oianguk beste ezeren gainetik izan behar du haur eta familientzako atseden eta jolastoki; gazteentzako aisialdi alternatiba (prezio egokitako aterpetxe eta jantoki, ingurumen formazio…); jubilatu eta adinekoentzako pasealeku…

2. Horrez gain, Udalari eskatzen diogu kasu honetan ez ezik, gainontzeko hainbatetan ere (Altamirako kirol instalazioak, Apellanizeko operazioa, San Juanen garapena eta AHTren eragina, aurrekontuak…) gardentasunez joka dezala, herritarrak informatuz, parte hartzeko bideak eskainiz  eta behar den kasuetan kontsultak ere eginez. 

3. IKENAri berari ere eskatzen diogu emandako arrazoi guztiengatik atzera egitea eta proiektua erretiratzea, harik eta Udalak eta herritarrok gaia berraztertzen eta egitasmoa berdefinitzen dugun arte.

4. Azkenik, ordiziarrei eskatzen diegu Udalaren funtzionamendu eskasaren aurrean ez dezatela etsipenez edo utzikeriaz jokatu. Pentsakizun bateko edo besteko izan, ordiziarrok herritar  aktibo izan behar dugu, gure agintariei gardentasuna, lana eta herritarrek parte hartzeko bidea exigitu behar dizkiegu. Horregatik, ordiziarrei dei egiten diegu Oiangurenen erabilera publikoaren alde sortuko den plataforman eta ekimenetan parte har dezaten.

Oiangu publiko eta naturala defendatzeko sortu da “Oiangu bizirik eta publikoa”

 

   Oiangu publiko eta biziaren aldeko manifestua

  1. OIANGU PUBLIKOA ETA BIZIRIK plataformaren inguruan elkartutakook Oianguko Parkearen izaera publiko eta naturala  aldarrikatzen dugu. Halakoxea sortu zen, eta halakoxea izaten jarraitu behar duela defendatzen dugu.
  2. Beraz, Plataforma honen helburua sinple, garbia eta erabat positiboa da: gure Oianguko Parkearen izaera publiko eta natural hori bermatzea. Ez dugu inolako helburu politiko alderdikoirik, eta ez dugu inolako erakunde edota enpresaren aurkako asmorik. 
  3. Parke publikoa izateak ezinbestean eskatzen du modu libre eta arduratsuan disfrutatu ahal izateko doakoa izatea, hesirik gabea, guztiona eta guztiontzat; ez negozio hutsa, elitista eta pribatua. Parke naturala izateak ezinbestean eskatzen du natur gune  bizi gisa zaintzea.
  4. Parkearentzat Udalak ontzat eman nahi duen egitasmoa haren izaera publiko eta naturalaren aurkakoa dela uste dugu, horrexegatik egitasmo hori bertan behera uztea eskatzen dugu.
  5. Jabetzen gara utzikeriak parkea behar bezala zaintzea eta disfrutatzea galarazi duela. Horrexegatik eskatzen dugu guztion artean aztertzea eta aurrera eramatea bestelako egitasmo bat, parkea babestuko duena, ingurumen heziketa emango duena eta ordiziar eta bistari guztioi libreki disfrutatzeko aukera emango diguna. Herritarron eskubidea da, gainera, egitasmo horien inguruan informazioa jasotzea, parte hatzeko bideak izatea eta kontsultatuak izatea.

Oiangu Publikoa eta Bizirik Plataforma