Oiangu publikoa eta bizirik PlataformaArartekoaren  azken txostena

Parke bizi eta publikoaren alde ari gara lanean
Harremanetarako

Helegiteak

Aurkezpena

Oiangu

Proiektua

Plataforma

Español

Agenda

Azken berriak

Prentsa

Goierriko kasta

Esteka interesgarriak

 

 

Lehen buzoneoa

OIANGU PUBLIKOA ETA BIZIRIK

 

Oiangu Publikoa eta Bizirik plataforma hainbat ideologiatako eta arlotako pertsonek osatzen dugu (hezkuntza, kultura, kirola, ingurumena, enpresa, gazteria, osasun publikoa, eta abar). Aipatu plataformako kideok idazki hau plazaratu dugu ordiziarren eta goierritarren atxikipena lortzeko, eta horrekin Ordiziako Udalak Oiangu parke publikoa ustiatzeko onartu duen proiektuari ezetz esateko.

 

Laburbilduta, gure iritziz proiektuaren inguruko egoerak eta helburuak zergatik diren ezegokiak, eta udalaren arduragabekeria larria nola geratzen den agerian azalduko dugu.

 

     ·Kontzesio-prozedura akatsez beterik dago: proiektuaren garapen- eta ontze-prozesua (hainbat urtetik hona landua) ezkutuan egin da. Udalak ez du halako proiektu batek beharko lukeen gardentasunik erakutsi; prebarikazioaren mugetan ibili da. Horren adierazleetako bat dugu halako proiektu batek, nahitaez, eta indarrean dagoen legeriaren arabera, behar duen Plan Berezia (ingurumen-eraginaren azterketa, arau subsidiarioak aldatzea, eta abar) onartu gabe ere jarduerari hasiera eman nahi izatea.

·Onura publikoaren kontrakoa da: proiektuaren helburuan ez zaio lehentasunik ematen onura publikoari. Parkearen % 50 inguru pribatizatuko da, eta ezarriko diren aisia-aukerez gozatu ahal izateko (igerilekua, paintball, golf), ordaindu egin beharko da. Beraz, orain arte parkeaz, bere osoan, dohainik eta libre gozatzeko aukera izan dutenek (familiak, ikastetxeak, gazteak, jubilatuak...) aurrerantzean aukera hori murriztuta izango dute.

·Balio negatiboak sustatzen ditu: parkeko zuhaiztian "pintball" izeneko jokorako eremu bat egongo da (gerrilla-gerraren itxura hartzen duen jokoa). Jarduera horrek bortizkeriaren kulturarekin lotutako balioak bultzatzen ditu, eta horiexek dira, hain zuzen ere, gazteei erakutsi nahi ez dizkiegunak. Errespetuan, bakean, elkartasunean... oinarritutako kultura helarazi nahi diegu.

     ·Garapen jasangarriaren kontrakoa da: garapen jasangarriaren oinarriak kontuan hartzen ez dituen proiektua da. Ez ditu Udalak ingurumen-hezkuntza eta parte-hartzea (Agenda 21) bultzatzearen alde hartutako konpromisoak errespetatzen. Halaber, proiektuak ez du Ordiziak eta Goierrik behar duten onura sortzen, ezta ingurumen- eta gizarte-balioak garatzen ere. Aitzitik, ura ondasun publiko eta urria izanik ere, ur asko erabiliko da (proiektuan ez da horri buruzko daturik eman) golf-zelaia itxuran mantentzeko eta igerilekurako. Hala ere, bada besterik. Proiektuak ez du neurririk aurreikusten putzu eta zuhaiztia babesteko (haritzak, pagoak, urkiak...). Zuhaitzak botako dira, pista eta aparkaleku berriak egingo dira, soinu- eta argi-poluzioak sortuko dira... Laburbilduz, kalte handia eragingo duen eta onura gutxi, edo batere, ekarriko duen proiektua da.

 

Horrengatik guztiarengatik, idazki honekin bat egitea eskatzen dizugu, proiektua Ordiziako Udalera buelta dezaten, eta, horren ordez, Parkeak publiko eta natural izaten jarraitzea segurtatuko duen proiektu berri bat landu dezaten, eta horretan, parte hartu nahi duten arlo guztietako eragileen proposamenak kontuan har ditzaten (hezkuntza, kirola, osasuna, ingurumena, gazteria, enpresa, hirugarren adinekoak, eta abar).

 

 

PROIEKTU HORI GAUZA DEZATEN SAIHESTEA ETA OIANGU ZAINTZEA ETA ERRESPETATZEA GUZTION ESKU DAGO!

 

Oiangu Publikoa eta Bizirik Plataforma