|
BA
AL DAKIZU. . .
... Oianguko
parke publikoa ustiatzeko kontzesioa 40 urtekoa izango dela?
Kontzesioa egin zaion enpresa pribatuak garatu beharko dituen
jardueretan (golfa, paintballa, igerilekua, etab.),
Udalak egindako balorazioaren arabera, inolako esperientziarik
ez duela eta gainera lizitazio publikorik gabe egin dela?
Errenta osoa 585.000 eurokoa izango dela eta 12. urtera
arte ez dela ordaintzen hasiko? Hau da, alokairuaren batezbestekoa
1.218 €/hilabeteko?
... Oiangun
egitea pentsatu dituzten obra eta instalazioak ez direla
ustiaketaren kontzesioan zehazten eta Plan Bereziaren onarpenerako
utziko direla? Eskalazkoa ere ez den maketa bat erakutsi
dutela plano batzuk egin gabe ere, maketak inor lotesten
ez duelarik? Hau da, lehenengo parke bat 40 urtetarako ematen
da, eta gero zehaztuko dira obrak?
... bazkide
egiteko 1.800 euroko kuota bat ordaindu beharko dela, eta
gainera ohiko kuota hilean 50 eurokoa izango dela + golf
ekipamenduaren alokairua + golf zuloetara irteerak? Eta,
bazkide ez direnentzat sarrera golf zelaira + praktika zelaia
+ igerilekua (paintballik gabe) 30 euroko batezbestekoa
gainditzen duela? HAU AL DA HERRIKOIA IZATEA?
... paintballa
(pinturazko pilotak botatzen dituen errifle batekin gerrara
jolastea) ez dela kirola, eta tamalgarria dela Udalak sustatzea?
Proiektu
berriak ongi etorriak izan daitezela, norbaitek esan duen
bezala gure herria ez dadin "estankatua" gelditu.
Baina denak ez du balio. Udalak Oiangu 70.hamarkadan eskuratzea
proiektu aitzindaria izan zen eta penagarria da orain turismoa
sustatzeko, garapen jasangarria eta antzeko diskurtsoekin
apainduz parke honen eremu handi bat pribatu bilakatzea,
herri ondarea eta erabilpen publikoarentzat baldintza izugarriekin.
|
OIANGUREN AISIGUNEA PROIEKTUAREN LEGE PROZESUA
2005eko
otsailaren 28an: Ordiziako
Udalak Oiangu Parkearen Ustiapenaren adjudikazioa 40 urtez
IKENA S.L. enpresari ematea erabaki zuen.
Martxoaren
22an: Udal
Plenoan otsailaren 28an hartutako akordioa BERRETSI ZEN.
Apirilaren
13an:
Udalak KONTZESIO AKORDIOA Informazio publikoko paneletan
argitaratu zuen, Oiangu Publikoa eta Bizirik Plataformak
egindako eskaera betez, legeak akordioak publiko egitea
eskatzen baitu.
Maiatzaren
2an:
Arartekoari Udalak hartutako erabakia jakinarazi zitzaion
eta baloratzeko eskatu.
Maiatzaren
11-12an:
Plataformak Ordiziako Udalean BIRJARPENEZKO ERREKURTSOA
aurkeztu zuen, Udalak KONTZESIOA BALIOGABE UTZI ETA EZEZTATU ZEZAN
eskatuz.
Uztailaren
11n:
Plataformak idatzi bat aurkeztu zuen Udalean, errekurtsoa
erantzuteko epea amaituta, Udalak inongo erantzunik ez
baitzuen eman.
Uztailaren 21ean: UDALAK
ERANTZUNA eman zuen: errekurtsoaren jartzaileak ez
dira nor Udalaren erabakia eztabaidatzeko. Errekurtsoa ez
zen aztertu.
Irailaren
21ean:
ARARTEKOAK erantzuna zien Plataforma eta Udalari, UDALAREN
ERABAKIA LEGEZ EZINEZKOA DELA ETA ONDORIOZ, IKENARI EMANDAKO
USTIAPEN ESKUBIDEA BERTAN BEHERA UTZ ZEZAN ESKATUZ. Udalak
20 egun zeuzkan Arartekoaren txostenari erantzuna emateko.
Irailaren
28an:
Plataforma Elkarte legalizatua bihurtu zen, OIANGU PARKEA
BIZIRIK NATUR ELKARTEA izenez, berezko nortasun legalarekin.
Urriaren
28an:
Elkarteak idatzi bat aurkeztu zuen Administrazio-Kontentzioso
Epai Aretoan, Ordiziako Udalaren 2005eko Uztailaren 21eko
erabakiaren aurka ERREKURTSOA AURKEZTUKO DUELA adieraziz.
OHARRA:
juridikoki aztertzen ari gara ea prebarikazioa den, ORDIZIA
GAUR 1. Udal Aldizkarian, 7. orrian, egiten den baieztapena: “OIANGUKO PROIEKTUAK
GOIEKI, GOITUR, FORU ALDUNDIA ETA EUSKO JAURLARITZAREN BABESA" duela,
instituzio horiek beren baimena eta/edo bermea ez baitute
ofizialki eman.
|
Oianguren
Aisigunea proiektuaren alde teknikoak: galdera gehiegi
- Aparkalekua konpontzeko" 180000 €, "Sarbideak
hobetzeko" 0 €. Aparkalekua konpondu edo handitu?
Handitu eremu publiko edo pribatuan? Sarrera publiko edo
pribatua? Zergatik ez dira sarbideen handitze edo hobetzea
aipatzen? Gaur egun dagoena nahikoa eta segurua al da,
4,60 m-ko zabalera eta inongo seinalerik ez duen bi noranzko
bidea?
- Lur mugimendu eta
antzekoak, 100.000 € baino gehiago. Zein eragin izango
dute parkearen gaur egungo profil eta gainezkabideei?
Lurrak gehitu ala kendu egingo dira? Gaur egun dauden
150 sator-zulo baino gehiagoetako satorrekin zer gertatuko
da?
- Sagarrondoak kentzea
2000 €, basoa garbitzea 3000 €. Sagarrondoak
bakarrik kendu behar al dira? 2300 metroko hesia zuhaitz
bakar bat ukitu gabe jarriko al da? Basoa garbitzea zaborra
jasotzea edo garbitu behar den eremuko sastrakak kentzea
da? Bitxoak ere garbitu behar al dira? Tiroka, tranpak
edo pozoia erabiliz?
- Hesi metroa 10 eurotan,
zotz eta txatarrezko alanbrearekin egiteko asmoa al dago?
Eremuaren profila malkartsua eta aldapatsua izanik, ez
al dira zutoinentzako zimendatze onak beharko, edo hormigoizko
luzera-galanda bat? Zangarako zenbat metro zulatu beharko
dira eta zenbat hormigoi-makina erabili beharko dira hauek
betetzeko?
- Zenbat metro zulatu
beharko dira aurreikusten diren foku eta zutoin elektriko
guztien mantenua kanalizatzeko?
- Golf zelaia ureztatzeko
zenbat ureztatze-hodi metro behar dira? Zein izango da
hotelak, igerilekuak, urmaelak, ureztatzeak eta iturriek
beharko duten ur kantitatea? Araztegiren bat beharko al
da? Eta ponpaketa-estazio bat?
- Proiektuaren gabeziek
ez dute bakarrik ekonomikoki proiektua bera aldatzen,
baizik eta parkearen ingurunea era nabarmenean erasaten
dute. Beraz, gabezia hauek ezjakintasunaren ondorio al
dira? Aurrekontu falta? Presek eragiten duten ahanztura?
Proiektua
irakurri duenak, ziur aurrekoei galdera gehiago gehitu
ahal izango dizkiola.
|
OIANGU
AISIALDI GUNEA EGITASMOA ARAU SUBSIDIARIOEN ARABERA
Arau
Subsidiarioek (AASS) lurralde baten antolaketa urbanistikoa
arautzen dute, eta lur eremu ezberdinak (hirikoa, urbanizagarria
dena eta urbanizagarri ez dena), lur horien erabilerak, errepide
sarea eta babestu beharreko guneak zehazten dituzte.
Bestalde,
legeak aurre ikusten du AASSetan urbanizagarriak ez diren
lurretan planteatutako hainbat asmo burutu daitezkeela beti
ere “Plan Berezi” eta “Ingurumen Inpaktuko
Azterketen” bidez.
Oianguri
dagokionean, 1.999ko AASSetan garbi asko agertzen da eremu
horren garapen urbanistikoa espresuki formulatutako Ordenazioko
Plan Berezi batean finkatu behar dela, eta bertan eraikin
daitezkeen eraikuntza berrien bereizgarriak, aprobetxamendu
urbanistikoa eta erabilerak zehaztu behar direla.
Bada,
ikuspegi urbanistikotik, zer da Udalak egin duena Oianguko
Parkearen ustiakuntza “Oiangu aisialdi gunea” kudeatuko
duen enpresari eman dionean?
- Neurri handi batean,
ondasun publiko bat, erabilera publikokoa, erabilera pribatuko
bihurtu.
- Arauek onartzen ez
dituzten erabilera berriak baimendu dituzte Plan Berezirik
eta Ingurumen Inpaktuko Azterketarik gabe. Beraz, garbi
asko arau eta legearen aurka.
- AASSek diote Plan Berezirik
gabe, eremu horretan soilik baimen daitezkeela jada bertan
diren nekazal eta baso ustiakuntzei lotutako erabilerak.
- Adjudikazioa jaso duen
enpresak berak egingo du Plan Berezia, nahiz eta erabilera
eta aprobetxamenduak zehaztea eta aldatzea Udalaren eginkizuna
izan. Jakina, enpresak plana bere asmoen arabera burutuko
du, ez ordiziarron eta parkea erabiltzen dugunon ustez
egokiena denaren arabera. Beraz, ez al litzateke
zentzuzkoagoa plana Udalak berak burutzea?
- Egitasmo berriak, gainera, “Oria
ibaiaren terraza” delakoa kaltetzen du. Eremu hori
Gipuzkoako patrimonio geomorfologikoko zati bat da (aro
kuaternariokoa), eta Aldundiaren txostenetan babesteko
4ko mailan (5etik) dago katalogatuta, modu berezienean
zaintzeko gune moduan.
- Ez dakigu ezer halako
plan bereziek derrigor eskatzen duten Ingurumen Inpaktuko
Azterketari buruz. Are gehiago, egitasmoa hain zehaztugabea
izanik, zaila da sinistea azterketa zintzoa egin ere daitekeenik.
- Udalak auzi hau bideratu
du informazioa behar bezala eman gabe eta herritarrak aintzakotzat
hartu gabe. Harrigarria da Udala Agenda 21 delakoaren barnean
baita, eta honek ezinbesteko jotzen baitu herritarren parte
hartzea, eta Udalak behartzen ditu parte hartze hori bultzatzera.
.
Agertutako guztiagatik, uste dugu Udalak
ez duela egin beharko lukeena, guztiz aurkakoa baizik, eta
badirela nahikoa arrazoi eztabaidatzeko eta berriro planteatzeko
zein alternatiba behar dugun Oiangurako.
|
Ekonomiaz
hausnarketa zenbait
Oiangurako
egitasmoak "onurak eta garapen ekonomikoa" ekarriko
omen ditu, "eskualde osoari balio turistikoa emanez" eta "herrian
inertzia interesgarriak" eraginez. Horrez gain, 600.000
euro Udalarentzat, 30 lanpostu, Udalaren ondasunak hobetu, milaka
turista erakarri… Gainera, egitasmoak erakunde guztien
oniritzia omen du: Goieki, Goitur, Foru Aldundia eta Eusko
Jaurlaritza. Baieztapen horien atzean, ordea, ez da inolako
arrazoizko oinarririk.
Egitasmoak
ekarriko duen garapen turistikoaz eta hotelaz
Industria,
Merkataritza eta Turismo Sailaren arabera, 2002an Gipuzkoako
hotelak %44,81 bete ziren, 2003an %47,02, 2004ean %49,97
(udako hilabeteetan %68,96 ). 2005eko lehen bi hiruhilabetekoetan
44,24. Beraz, ohe erdiak ez dira betetzen. Horrexegatik,
Garikoitz Agote jaunak, Gipuzkoako Hotelen Elkarteko koordinatzaileak, DVko
05/7/17ko alean honela dio : "Gipuzkoako hotelak ez
dira egun bakarrean ere bete", eta "ez dugu ikusten
hotel berriak sortzeko beharrik. Beste kontu bat da ekimen
pribatuak inbertsioak egitea, baina ez da sortu behar hotel
berrien beharraren larritasunik". Beraz, besterik gabe
esatea gure eskualdeak hotel berria behar duela, gutxienez
diskutigarria da, are diskutigarriago jabetza publiko bat
interes
pribatu batzuen esku jartzea (aterpetxearen aukera, esaterako,
baztertuz).
Oianguko
egitasmoak turismoa erakarriko lukeela ere esaten digute.
Baina Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak egindako
ikerketa baten arabera (Euskadirako garapen jasangarriko
ereduaren irizpide estrategikoak), "destino turistiko
moduan Euskadi aukeratzean, baloratuena gastronomia, eskaintza
kulturala, jendearen harrera eta paisaia" dira. Egitasmoak,
diseinatu den moduan, ez lieke jada Oianguk badituen
baloreei bakar bat gehiago erantsiko halako turismo andana
erakartzeko.
Erakundeek
egitasmoari emandako babesaz
Udalak
egitasmoak erakundeen babesa duela badio ere, gaur egun arte,
Goitur izan ezik, beste ezein erakundek ez du jarrerarik
agertu egitasmoaren aurrean (ez Goiekik, ez Aldundiak, ezta
Eusko Jaurlaritzak ere). Bestalde, ez da egia, Goiturreko
zuzendari Osinalde jaunak hala esan arren, 2000-2005 PIPEan
zegoenik, 2000. urtean ez baitzen egitasmo hau ezagutzen,
eta ez baita halako txostenik.
Eragin
behar duen onura ekonomikoaz
Onura
nagusiki promotoreek jasoko lukete: aurreikusten dutenaren
arabera, 224.415,25 € gordin urtero (37.395.556 pezeta).
40 urteetan 8.976.610 € (ia 1.500 milioi pezeta).
Urte horietan guztira Udalak 585.000 € jasoko lituzke
(97.335.810 pezeta). Beraz, Udalak jasoko lukeen pezeta bakoitzeko,
enpresak 15,34 jasoko lituzke. Bestalde, nola ziurtatu Udalari
itzultzean, esaten den bezala, ondasuna 2 milioi eurotakoa
izango litzatekeela? Nola egongo litzateke orduan Oiangu?
Zein kostu edukiko luke orduan Oiangun kaltetutakoaren errekuperazioak?
Edo betirako utzi beharko al genuke, modu batera edo bestera,
esku pribatuetan?
Lanpostuei
dagokienean, Udalak dio 30 sortuko liratekeela. Baina egitasmoan
bertan 18´5 aipatzen dira. Aurretik, ordea, taberna
soilarekin, 11´5 zeuden.
Bestalde,
Udalak dio Oianguren mantenuaren kostuaz libre geratuko litzatekeela.
Hori pagotxa hori! Udalak Oiangu zaintzen ez du eta 10.000
euro ere gastatzen!
Herriarentzako
onura bakarra merkataritzarentzako izan liteke. Oiangura
etorritako jendeak egin lezakeen kontsumoagatik. Antzeko
auzia planteatu zen gauzatu gabeko Nueva Área
Ferial delakoaren inguruan. Hura defendatzeko, Oianguko
egitasmoaren aldeko alderdi berberek argudiatu zuten Eroskira
egunero etortzen zen jendea ez zela herrira "igotzen" urruti
dagoelako. EAk zioen, "Jendea San Bartolometik zentrora
igoaraztea zaila" dela; eta PNVk galdetzen zuen "zergatik
ez dugun lortu Eroskira etorritako jendeak arratsaldea Ordizian
pasatzea". Gaur egun, Oiangu askoz ere urrutiago egonik,
gure agintariek diote egitasmoak jende asko erakarriko lukeela.
Baina badakite ez litzatekeela horrela izango, "kanpoko
jendeak" Oiangun, haien hitzetan, "gure zergen
kontura dohainik disfrutatzen" baitu; alegia, onartzen
ari dira batetik ez dutela Ordizian ezer kontsumitzen (herrira
ez direlako etortzen), eta bestetik, ordiziarrok aurrerantzean
zergez gain, Oiangun jarriko liratekeen zerbitzuak ordaindu
beharko genituzkeela.
|
NATUR BALIOAK
INGEBAk
(Andrés de Urdaneta Euskal Geografi Elkargoa) Gipuzkoako
Aldundiaren laguntzarekin 2000. urtean argitaratu zuen Interes
ludiko-naturalistikoa duten Gipuzkoako guneen Gidaren arabera,
Udalak Oianguko lursaila eskuratu nahi izatea, ingurune
industralizatuaren ondorio kaltegarriak leuntzeko herritarroi
aisialdirako hirigunetik gertu dagoen leku bat emateagatik
izan zen.
Baina
aisialdirako ingurua izateaz gainera, INGEBAk dio Oianguko
parkeak natur balio handia duela bertan haserako basoaren
zatiak geratzen baitira, gaur egun, gizakiaren eraginak
dakarren aldaketarik gabe aurkitzea hain zaila den hariztia,
esaterako. Gainera, bertan bada baso mistoa (haltzak, urkiak,
basagereziondoak, lizarrak, laharrak, ote zuriak, etab),
birpopulatutako mendia (urkiak, haritzak eta Douglas izeia)
eta laborantza atlantikoa eta landazabala, hauek batez ere,
Oiangu-Txiki baserriaren inguruan.
Bertan
bizi diren animalien artean mehatxupean dauden zenbait
espezie aurki ditzakegu, adibidez muxar grisa eta eskulapioaren
sugea. Bestelako animalien artean lursagu gorria, urubia,
eskinosoa, garrapoa, musker berdea, igel arrunta, uhalde
palmatua etab. dauzkagu.
Errekastoa
eta urmaela parkearen beste ingurune baliotsuak dira. Urmael
hau, jatorri artifizialekoa (zabortegia) bada ere, Euskal
Autonomia Erkidegoko Hezeguneetako Planean sartua izan da,
hezeguneak biosferako ekosistemarik aberats, bitxi eta hauskorrenak
izanda, zaindu egin behar baitira.
Oianguk
eskaintzen duen paisaia ere ez da gutxiesteko modukoa, bertatik
Aizkorri, Aralar eta Murumendi ikusten baitira. Horrez gain,
bada ere, interes geologiko handiko puntua den Oriako ibai
terraza, duen garrantziagatik babestu beharrekoa.
Gainera,
Ordiziako Agenda21eko Diagnostikoaren arabera, Oiangu babestu
behar den eremutzat hartu behar da, Natur Ondarea eta Paisaiaren
Kontserbaziorako Interesgune moduan.
Balio
guzti hauek kontutan hartuta, nola ez diogu ba gure buruari
galdetuko nola litekeen Udalak, obrak eta ondorengo lur
erabileraren ingurune-eragina kontutan hartzen ez duen proiektua
onartu izana?
|
HERRISKA
OSOA BEHAR DA UME BAKOITZA HEZTEKO (Afrikako esaera zaharra)
Ordiziako
Udalak Oianguko finka 1973. urtean erosi zuen eta aisiarako
gune natural gisa egokitu zuen. Ondoren Oianguren baserria,
harrera-gune, ingurugiro eskola eta kulturako
zentro bezala, baita taberna, jatetxe eta aterpe moduan
egokitu zuen. Horrela, Udalak hasieratik hezkuntza funtzioa
eman zion Oianguri, bertako basoa, putzua, erreka, paisaia,
nekazal ingurua eta Oria ibaia, ikasleei ezagutzera eman
eta baloratzeko asmoz. Horretan Ordiziako Udala aitzindaria
izan bazen ere, hainbat arrazoirengatik, bertan behera geratu
zen eskola hori. Hala ere, gaur egun oraindik ikastetxe
ugari etortzen dira Oiangura, bertako basoaz ikastera, orientazio
praktikak egitera, egun pasa, e.a....
Hain
zuzen ere, gizarteak gero eta gehiago eskatzen du honako
baloreak lantzea: ingurumena errespetatzea, desberdintasunak
gainditzea, bizikidetza eta bakea, errespetua eta solidaritatea...
Baina Oianguren Aisigunea proiektuak aurrera jarraitzen
badu, bertan balore horien kontrakoak aurkituko dituzte
gure haur eta gazteek: diskriminazio
ekonomikoagatik guztiontzat izango ez den kirol bat (golfa),
basoan gerrako jolasa (ez kirola), parke publiko batean
hainbat espazio itxita, naturgune bat kaltetzen duen esplotazio
okerra...
Gure
ikuspegitik, Oianguk aukera ederrak eskaintzen dizkigu,
bai ingurumen hezkuntzarako, zein ekoturismoa garatzeko,
ekosistema desberdinak ezagutzera emanez, eta haiekiko jarrera
arduratsuak garatuz. Bestetik, aisirako: naturgune
batean libreki eta arduratsuki gozatzeko, paisaia behatuz,
paseatu, jolastuz..........
Jakina,
horrelako proiektu baten helburuak, ekimen pribatuaren irabazi
ekonomikoen gainetik, balore jakin batzuek garatzea eta
naturgunea babestea izan beharko luke. Horretarako
ezinbestekoa da hainbat eragileren konpromisoa eta elkarlana:
elkarteak, ikastetxeak, turismo eta nekazal arloko eragileena
(Goitur, D`Elikatuz, Goimen...), Udaletxearena (gogoratu
behar da Agenda 21 Udal taldean dagoelarik, jada konpromiso
horiek hartuak dituela),..... Azken finean herritar eta
gizartearena. Izan ere, “haur bat hezteko herri
osoa behar da”. Eta horixe da egin dezakegun inbertsiorik
onena.
|
ENTZUNARAZI
ZURE AHOTSA GEHIEGIKERIA HONEN AURKA
Oianguko
egitasmoaren inguruan herrian eztabaida bizia ari da ematen. Ordiziar
asko agertu da parkean elitezko aisialdi gune pribatua jartzearen
aurka, eta Udalaren erabakia iruzurtzat jo du. Izan ere, Udalak
otsailaren 28an parkearen ustiakuntza enpresa bati ematea
erabaki bazuen ere, egitasmoak ondorio larriak ditu, eta kontzesioa
emateko moduak akats nabarmenak. Arrazoi horiengatik,
ezin izan da garatu aurreikusita zegoen moduan.
Oiangu
Publikoa eta Bizirik Plataformak hasieratik salatu ditu egitasmoa
bera eta Udalaren jokaera. Salaketa horiek babestuz hortxe
ditugu Arartekoaren txostena Udalari eskatuz kontzesioa bertan
behera uztea legea betetzen ez duelako, hain zuzen ere, hutsune
nabarmenak dituelako ikuspegi juridiko eta urbanistikotik, eta
herritarren aurkakotasuna, 3.000tik gora, batzuk sinaduren
bidez adieraziak, eta beste batzuk, mota desberdineko atxikipenen
bidez.
Udala
bere aldetik inolako zorroztasun teknikorik gabe (ez arlo
juridikoan, ez urbanistikoan, ez eta proiektuan bertan ere)
saiatu da egitasmoa goratzen, konbentzitu nahirik Ordiziaren
garapenerako ezinbestekoa dela, ez duela ingurunean kalterik
eragiten, guztiok disfrutatzeko aukerak zabaltzen dituela,
erabat legezkoa dela… Saiakera horren bi ekimen
lotsagarri izan ditugu. Batetik, maiatzaren 19an Udalak Udaletxean
aurkezpen-ikuskizuna antolatu zuen egitasmoari oniritzi ofiziala
eman nahirik, nahiz eta oraindik erakundeek ofizialki ez duten
inolako jarrerarik erabaki. Bestetik, uztailean Udalak udal
buletina banatu zuen. Hartan, eztabaidaren muinari heldu beharrean,
informazioa manipulatzen zuen eta auzia desbideratzen saiatu
zen, arazoa kontu politikoa baino ez zela argudiatuz, eta
ehunka ordiziar irainduz. Arazoa, ordea, legezkoa da forma
aldetik, eta ingurumen arazoa eta soziala eduki aldetik. Plataforma,
hori horrela, herritarren mugimenduan kokatzen den tresna
da, hasieratik ezagunak diren helburuak betetzeko.
Aldizkari
honek herrian den eztabaidari ekarpena egin nahi dio. Uste
dugu garbi azaltzen duela zergatik gauden arlo eta pentsakizun
ezberdineko ordiziarrok egitasmo honen aurka, eta zergatik
eskatzen diogun Udalari egitasmoa bertan behera uztea, eta
Oianguren izaera publikoa eta balio naturalak babestuko dituen
proiektu berria prestatzea herriko eragileekin batera. Oraindik
garaiz gaude. Entzunarazi zure ahotsa eta ez utzi gehiegikeria
hau gauza dezaten.
|
GOLFA
JASANGARRITASUNAREN AURKA
Garapen
jasangarria termino nahiko berria da, eta sortu zen komunitate
zientifikoa jabetu zenean munduaren esplotazioa ez zela mugagabea,
ezin zela mantendu azken hamarkadetako erritmoan. Gaur egun,
gainera, terminoa oso modan da, eta inguru politiko eta enpresarialek
ere bere egin dute. Zoritxarrez, garapen jasangarri terminoa
edukiz eta balioz erabat hustu dute.
Horixe
da Oianguko egitasmoan gertatzen dena. Ondasun publiko eta
natural baten pribatizazioa eta inpaktu handiko ustiakuntza
agertu nahi izan digute egitasmo jasangarri baten moduan,
ingurumena babestea ere eragingo lukeena (halaxe agertu nahi
izan dute, inolako zorroztasunik gabe, Udalaren uztaileko
buletinean).
Baina
egitasmo honek ez ditu errespetatzen ingurumenaren babesa
eta herritarren parte hartzea bultzatzea helburu duten Aalborgeko
ituna eta Agenda 21eko konpromisoak, ez eta paisaiaren
balioak errespetatzeko eta politika paisajistiko jasangarria
arautzeko Europako Kontseiluak 2000. urtean onartutako irizpideak
ere (Interbentzio publikoetarako marko instituzionala. Paisaiaren
Europako Konbentzioan).
Oiangurako
egitasmoarekin aisia negozio bihurtu nahi da. Jasangarritasunaren
aurka, ondasunen ustiakuntza nagusitu nahi da, epe motzeko
negozioa. Eremu bat interes enpresarial hutsen mesedetan
pribatizatzeaz gain, ez dira proposatzen ingurumen inpaktuarentzako
neurri zuzentzaileak, eta jasangarritasunaren mugak gainditzen
dira planteatzen den naturaren esplotazioarekin: eragina
lurrarengan, paisaian, espazio naturalean, flora eta faunan,
uraren kontsumoan…
Azken
batean, egitasmo honek turismoa erakartzeko aitzakiarekin
bere baitan du ondasun natural, eta azken finean, turistikoa
ere, hondatzea. Bere balio natural eta paisajistikorik gabe,
Oiangu ez baita ezer. Oianguren etorkizuna, baita ondasun
turistiko jasangarri moduan ere, soilik ingurumena babesteko,
berdintasun soziala bermatzeko, bizi kalitatea eta identitate
kulturala babesteko parametroetan izango da posible.
|
|