Ongietorri Naturzaleen web gunera NATURZALEAK

      
     



>
MENUA
>
ARIAN
SAREAN
   

 

>  
Subirautzaren bidean, arrantza defenda dezagun
Posted on Monday 02 January @ 23:39:44 | TRANSLATE[[Send this story to a friend]] | TRANSLATE[[Printable Version]]

Prentsa Euskal Herriko arrantza sektorea egoera larrian da. Arrantzak hamarkadetan gizarte eta kultura aberastasun handiak ekarri ditu, baina desagertzen ari da, eta horrekin, gizarte harremanak aldatuko dira, jarduera ekonomikoa amaituko, arrantza guneen erabateko suntsiketa emango da.
Azken hogei urte hauetan itsasontzien %70 desagertu da. Eta Europatik datozen azken albisteen arabera, arrantza ahalmenean eta itsasontzi kopuruan murrizketa handiagoak emango dira.

Sektorearen antolakuntza jarduera ekonomikoa harrapaketa indiskriminatuan oinarritzen da; zenbat eta arrain gehiago harrapatu, «hobe». Arraina iraganeko kabanetako (lonja) era berberean saltzen da eta horrek errentagarritasun gutxi ekartzen dizkio sektoreari. Hori gutxi balitz, arrantzaleak etekin txikiak soldata finkorik gabe eramaten ditu etxera. Gero eta jende gutxiago dago arrantzale izateko prest; egun, euskal itsas ontzietako arrantzaleen %40 atzerritarra da.

Egoera larri hau azken 30 urteotako arrantza politika hutsalaren ondorio zuzena da. Gero eta ontzi handiagoak, negozioa egiteko gero eta amorru handiagoa izan dira arrantzaren gidari, eta gobernutik diru laguntzak ematera mugatu dira, diru publikoarekiko izugarrizko menpetasuna sortuz.

Aurten gure arrantzaleek antxoa arrantzatzeari utzi behar izan diote, saldu ezinda; bitartean, Euskal Herriko jantoki publikoetan, ikastoletan edota ospitaleetan, Vietnameko panga, Hego Afrikako legatza edo Europa iparraldeko limanda-oilarra kontsumitzen aritu gara.

Estatu espainiarrean kontsumitzen den espezieen %60 atzerrikoa da. Eta egoera are eta larriagoa bihurtuko da Europar Batasunean prestatzen ari diren arrantza politika berria aurrera eramaten denean. Arrantza zuzendaritza estatu handienen eskuetan geratuko da, eta horiek irabazi ekonomikoak lortzeko arrantza-guneak hustea beste desiorik ez dute. Itsasoetan geratzen diren espezie gutxi horiek desagertu egingo dira; hau guztia, 2013an Arrantza Politika Komunarekin hasiko da.

Nazioarteko erakunde zientifikoen arabera, Ipar Atlantikoko nahiz Europar Batasuneko kostaldeko uretako arrain espezie gehienak segurtasun muga biologikotik behera daude. Salerosketarako diren espezien %80 Gehienezko Errendimendu Jasangarritik gora arrantzatzen ari dira. Koherentzia falta nabarmena dago helburuen eta proposatzen diren mekanismoen artean. Proposamenek estatu eta enpresa handien presio politikoari, justifikazio sozialei eta arazo ekonomikoei egin beharko die aurre, eta azkenean euren aplikazioa atzeratu egingo dute.

Europako politika berriak ez du arrantza industrialaren eta artisau arrantzaren arteko ezberdintasunik ezartzen eta hutsune horrek zuzenean eragiten du arrantza arduratsu eta jasangarria egin nahi bada. Arrainaren arrantza baimenak Kuota Indibidual Besterengarrien (ITQ) arabera emango dira, eta horrek arrantza eskubideak pribatizatzea dakar. Armadore bati edo itsasontzi bati Gehienez Onartutako Harrapaketa (TAC) bat esleituko zaio, baina hark TAC hori beste norbaiti saltzeko aukera izango du, enpresa handiei ere bai, eta poliki-poliki, arrantza eskubide hauek guztiak enpresa handien eskuetan geratzeko arriskua ikusten dugu.

Gurean, alturako azpisektorea bere arrantza eskubideen jabea da; armadore bakoitzak du horren gaineko eskumena, eta ikusi da horiekin zer gertatu den. Ez dira esleipenak egoki kudeatu, eta ontziteriaren errentagarritasuna zalantzan jarri denean, eskubide horiek Euskal Herritik kanpora saldu dituzte armadoreek.

Baxurako arrantzan eskubide horiek kofradienak dira, eta erakundeek nahiko erabilgarritasun ona eman die, gehiago edo gutxiago arrantza kontrolatu egin dute eta deskargak ere bai, ingurugiroa hobeto errespetatuz. Alturan gertatzen den eran, baxurako itsasontzi edo armadore bakoitzari ITQ bat esleitzen bazaio, armadore bakoitza itsasoaren zati baten jabe egingo dela esan daiteke, eta gainera, hark nahi duenean saltzeko aukera izango du.

Euskal Herriaren etorkizuna erabat baldintzatuko duten erabakiak hartu beharko ditugu, gure herriaren ekonomiaren eta elikadura subiranotasunaren ardatzetako bat baita oraindik arrantza. Ezin dugu onartu itsasoaren pribatizazioa eta arrantza eskubideen salerosketa. Kofradiek eskubide horiek bereganatu behar dituzte, arrantza sektorea aktibatzeko. Aurrerantzean arrantzak zientzialarien planifikazioen araberakoa izan behar du eta arrainaren harrapaketa neurtua.

Euskal Herria ontziteria moderno baten jabe da eta arrantza leku oso garrantzitsuak ditugu. Kofradiak ere hor daude, mendetan sustraituak. Hori guztia ongi probestuz, eta eragile guztiek (armadore, arrantzale, sindikatu, ekologista…) parte hartuz gero, Euskal Herriak arrantzaren egoera hobetzeko erabateko aukerak ditu.

Hasteko, arrantza eremuak mugatu behar dira, eta 12 milia barruan geratzen den plataforma kontinentala artisau arrantzarentzat babestu beharra ikusten dugu, bere bioaniztasuna zaintzeko. Bigarrenik, ontziteria ezberdinen kuotak bateratu behar dira, bakarka errentagarritasuna lortzeko duten zailtasunei aurre egiteko. Kuota horiek sektore bakar batek kudeatu behar ditu, Euskal Herriko arrantza sektoreak, eta arrantza zientzialari eta pertsona kualifikatuen irizpidea errespetatuz burutu beharko da. Azkenik, arrantza jardueraren kontrola kofradia nazional baten esku jarri beharko litzateke, non Lapurdiko, Gipuzkoako eta Bizkaiko ontziteriak esku hartuko duten.

Etorkizunari begira arrantza ikuspuntu nazional batetik jorratzea ezinbestekoa da. Sektorea osoki berrantolatu behar dugu, harrapaketatik hasi eta arrainaren komertzializazioraino, aberastasuna birsortu eta arrantzaleek lan baldintza duinak izan ditzaten. Baina horretarako OOPP, (Organización de Productores), kofradien, Udalen eta gainontzeko erakundeen arteko harremana sendotu behar da, euskal portuak itsasontzi gabe eta euskal kostaldeak arrainik gabe geratzen diren bitartean, atzerriko arraina jaten jarraitu nahi ez badugu.

Jose Luis Gallastegi Leo Belaustegi

LAB-Arrantza

Iturria: Berria




Naturzaleak © Natur taldeen web gunea 2006