Ongietorri Naturzaleen web gunera NATURZALEAK

      
     



>
MENUA
>
ARIAN
SAREAN
   

 

>  
Euskal Kostaldeko Geoparkearen nazioarteko izendapena
Posted on Monday 23 May @ 16:15:24 | TRANSLATE[[Send this story to a friend]] | TRANSLATE[[Printable Version]]

Prentsa AGINDUA, 2011ko martxoaren 18koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinen bidez argitara ematen baita Euskal Kostaldeko Geoparkearen nazioarteko izendapena eta Europako
Geoparkeen Sarean zein Unescok lagunduriko Munduko Geoparke Nazionalen Sarean sartu izana.www.geoparkea.com
2010eko urrian, nazioarte mailan hartutako akordioan Euskal Kostaldeko Geoparkea izendatu zen eta Europako Geoparkeen Sareko zein Unescok lagunduriko Munduko Geoparke Nazionalen Sareko kide bihurtu zen.

Europako Geoparkeen Sarea garatuz eta finkatuz joan da 2000n sortu zenetik eta 15 herritako 42 geoparkek osatzen dute. 2001ean akordio bat sinatu zuen Unescoren Lur Zientzien Adarrarekin sareari erakunde horren babesa eskainiaz. 2004an Munduko Geoparkeen sarea sortu zen 77 geoparkek osatuta, Europako 42ak barne.

Europako Geoparke baten lurraldeak geologia-ondare berezia du, baita lurraldearen garapen jasangarrirako estrategia bat ere, garapena sustatzeko Europako programa batek lagunduta. Mugak zehatz-zehatzak izan behar ditu eta esparruak lurraldearen benetako ekonomia-garapena bermatzeko bezain handia izan behar du. Halaber, geologia-interesdun leku batzuk (GILak) eduki behar ditu, garrantzi berezidunak zientzia-kalitateagatik, bakantasunagatik eta estetika-edo hezkuntza-balioagatik. Europako Geoparke bateko interesdun puntu gehienak geologia-ondarekoak dira, baina interesa arkeologia, ekologia, historia edo kulturarekin egon daiteke lotuta.

Europako Geoparke bateko geologia-interesdun lekuak sare batera lotu behar dira eta babeserako eta kudeaketarako neurriez baliatu. Europako Geoparke batean ez da inolaz ere onartzen geologia-gaiak suntsitzea edo saltzea. Europako Geoparkea ondo definituriko egitura batez kudeatu behar da haren esparruan babesa, hobekuntzak eta garapen jasangarrirako politikak betearazteko beste izango dena.
Europako Geoparke batek rol aktiboa du lurraldearen ekonomia-garapenean geologia-ondareari eta establecigeoturismoaren
garapenari loturiko irudi nagusia bultzatuaz. Europako Geoparke batek zuzeneko eragina du bere esparruan, biztanleen bizi-baldintzetan eta ingurumenean eraginda, alegia. Biztanleak lurraldeko ondarearen balioaz jabetzea eta lurraldeko kultura-berpiztean biziki parte hartzea da helburua.

Europako Geoparke batek geologia-ondarea babesteko neurriak garatzen, probatzen eta hobetzen ditu; beste aldetik, ingurumenari buruzko hezkuntza bultzatu behar du, baita zientzia-ikerketaren arloko formazioa eta garapena Lur-zientzietako diziplinetan, natura-ingurumenaren hobekuntzan eta garapen jasangarriko politiketan ere.
Europako Geoparke batek Europako Geoparkeen Sarean jardun behar du sarearen eraikuntza eta kohesioa errazteko. Tokiko enpresekin lan egin behar du geologia-ondarearekin loturiko produktu berriak sortzeko sustapena eta babesa emanaz Geoparkeen Sareko beste kideen osagarri erara.
Geoparkeen Europako Sarean sartzeko proiektuaren oinarri diren balio geologiko, natural eta kultural garrantzitsu asko ditu Euskal Kostaldeko Geoparkearen lurraldeak. Lurralde izangaiak 20.000 biztanle inguru ditu 89 km²-ko azaleran, eta km² bakoitzeko 220 biztanle inguruko biztanleriaren dentsitatea du. Jendea zazpi herrigune edo auzo nagusitan biltzen da (Zumaia, Narrondo, Oikia, Deba, Itziar, Mutriku eta Mijoa), tokiko biztanle gehienak hor biltzen dira; lurraldean barreiatuta dagoen biztanle kopurua, ordea, txikia da eta tradizionalki nekazaritza-jarduerei lotuta egon da.
Euskal Kostaldeko Geoparkearen lurraldean 23 km-ko luzerako kostaldea dago, itsas labarrak nagusitzen diren itsasertz malkartsua. Barnealdean landazabalez eta mendixkez osatutako paisaia dago, eta hor gauzatzen da lurraldeko nekazaritza-jarduera nagusia. Hortik oso hurbil, eta orokorrean, hegoaldeko sektorean, mendigune multzo bat dago.
Gipuzkoako ipar-mendebaldean, Euskal Kostaldeko Geoparkearen eremua zientzia-arloan interes eta garrantzi handia duen eremua da. Estratigrafikoki, batez ere jalkin-harriak daude, Goi Triasikoakotik (215 milioi urte) hasita Erdi Eozenora bitartekoak (45 milioi urte). Kostaldean zutabe estratigrafikoko 5.000 m daude ia segidan, eta gure planetako historiaren 60 milioi urte inguru jasotzen ditu, hor bereziki garrantzitsua da Zumaiako flysch-aren sekzioa, adin geologikoen muga garrantzitsuetako erregistro ezin hobea eta osatua du eta (adibidez, Kretazikoa/Tertziarioa eta Paleozenoa/Eozenoa), aldi berean, Paleozenoko bi barne-mugen (Danensea -Selandiensea eta Selandiensea -Thanetiensea) estratotipo ofizialak ere badaude (munduko erreferentziaguneak, IUGS-Unescok ezarriak). Lurraldearen hegoaldean oso deigarria da kretazikoko kareharrizko mendiguneen modelatu karstikoa (Arno eta Izarraitz), antzinako uharriak, exokarst-en nahiz endokarst-en adibide ikusgarriak dituztela. Izan ere, lurralde honetan dago Gipuzkoako barrunbe kopuru handiena.
Geoparkearen ondare naturala oso aberatsa eta era askotakoa da. Lurralde horretan hainbat natura-gune mota daude; esate baterako, Natura 2000 Sarearen Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) batzuk, EAEko natura-gune garrantzitsuei buruzko Katalogo irekian sartuta dauden natura-intereseko hainbat eremu (1996), edo Biotopo Babestu bat. Natura-gune horiek guztiek 20,14 km²-ko azalera dute, hau da, Euskal Kostaldeko Geoparkeak hartzen duen lurraldearen lehorreko arearen % 22,6.

Eremu horretako kultura-ondarea zabala eta askotarikoa da. Hasteko, esan behar da Debako eta Mutrikuko udalerrietan dagoela Gipuzkoako lurralde osoko aztarnategi arkeologikoa duten haitzulo-kontzentrazio handienetako bat, 47 haitzulo baitaude (32 Deban eta 15 Mutrikun), Izarraitz eta Arno kareharrizko mendiguneen barnean. Haitzulo horiek guztiak Gipuzkoako haitzulo guztien ia % 22 dira.
Debako udalerrian garai horretako bi labar-hobi garrantzitsu daude, Ekaingo eta Praileaitzeko kobazuloak, hain zuzen ere. Esan behar da Ekaingo kobazuloko labar-pinturak (Madeleinekoak) Frantziako eta Kantauriko horma-artearen hoberenen artean daudela. Horregatik, Ekaingo haitzuloa Kultura Ondasun Kalifikatu izendatu zuten, eta 2008an, Gizateriaren Ondare gisa kalifikatu zuen Unescok. Bestalde, Praileaitzeko haitzuloan hainbat labar-pintura daude, baina bereziki nabarmentzen da haitzulo horretan Paleolitikoko arte higigarriko hainbat material –dimentsio mugatuko objektu maneiagarriak, garraia daitezkeenak– identifikatu direlako (esate baterako, zintzilikariak) baita leku hori antzinako gurtzeko lekutzat edo paleolitikoko benetako santutegitzat hartzea eragiten duten beste elementu batzuk daudelako ere.

Euskal Kostaldeko Geoparkea erreferentziazko ingurunea da tokiko kultura, erlijiotasuna edo sinesmenak, eta mitologia Lurrarekin lotzeari dagokionez. Eremu horretako haitzulo asko sakralizatuak izan ziren iraganean, esate baterako, Ermitia edo Urteaga; horietatik hurbil Salbatoreko ermita dago, edo arestian aipatutako Ekaingo eta Praileaitzeko haitzuloak, argi eta garbi erakusten baitute historiaurreko santutegiak direla. Lurralde horretan beste elementu sakralizatu edo mitifikatu batzuk ere badaude, adibidez, Deba ibaia bera, hitz horrek panteoi zeltikoko jainkosa bati (urak gurtzearekin lotuta dagoena) egiten baitio aipamena. Esan behar da, halaber, garai batean sinesten zela paisaia horretan hainbat gorabehera geografiko eta elementu geologiko hor zeudela mitologiako pertsonaia batzuek, hau da, jentilek, esku hartu zutelako. Toki horretako toponimian mitologia horretako lekukotza asko daude bilduta: Jentiletxe,
Lamiategi, Sorginzulo, eta abar.

Ondare arkitektonikoari dagokionez, lurralde honetan 164 ondasun daude «Euskal Autonomia Erkidegoko monumentuak, monumentu-multzoak
eta aztarnategien Katalogoan» kalifikatuta, 7 Zumaian, 13 Deban eta 144 Mutrikun, eta horietatik 130 Mutrikuko Monumentu Multzokoak dira, eta Mutrikuko hirigune historikoan daude. Ondare horretan guztian elizak, ermitak, komentuak, jauregiak, hiri-eraikinak, baserriak, galtzadak eta abar nabarmentzen dira; horretaz gain, beste elementu askok eta askok osatzen dute eremu horretako ondarea, hala nola karobiek, antzinako harrobiek, talaiek, Kostaldeko Done Jakue
Bideak eta abarrek.

Esan daiteke turismoaren fenomenoa duela 200 urte baino gehiago sortu zela Euskal Autonomia Erkidegoan; gertakari hori geoparkeak hartzen duen lurraldearen ondoan gertatu zen hain zuzen ere, Zestoako udalerrian, hots Zumaiaren aldameneko udalerrian eta Debaren gakidea den gunean. 1806. urtea da hasiera-urtea, Zestoako Bainuetxea ireki zen (EuskalAutonomia Erkidegoko lehena). Bainuetxe hori dagoenez gero, bainulariak Zestoatik hurbil dauden herrietara etortzen hasi ziren, eta bereziki Zumaiara, baina baita Debara eta Zarautzera ere. XIX. mendean,eremu horretako turismoa hedatu egin zen, eta horri hainbat alderdik lagundu zioten, hala nola garapen ekonomikoak eta sozialak edo komunikatzeko bide berriak egiteak, eta fenomeno hori XX. mende osoan hedatu zen, nahiz eta gorabehera garrantzitsu
asko izan zituen. Zuzenbidearen ikuspuntutik figura hau abenduaren
13ko 42/2007 Legean, Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzkoan, jasotzen da. Zehatzago,49. artikuluan Geoparkeak aipatzen dira nazioarteko tresnen bidez babesturiko lekuen artean eta barne-
araudian argitaratu behar direnak; Agindu honen bidez burutuko dena, hain zuzen ere. Artikulu horren hirugarren atalean zehazten denez, babes-erregimena nazioarteko akordioan ezarritakoa izango da, indarrean diren babeseko, ordenamenduko eta kudeaketako berariazko erregimenei kalterik egin gabe, baldin eta horien lurralde-esparruek
eta aurrekoenek bat egiten badute, erabat nahiz partzialki; eta nazioarteko tresna haietan ezarritakora egokitzen badira.

Hori dela eta, abenduaren 13ko 42/2007 Legearen, Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzkoaren, 49.1.e eta 49.2 artikuluetan ezarritakoa beteaz, nazioarteko erakundeek eginiko Geoparkearen izendapena argitaratzeko agintzen da, baita horren perimetroaren
mapa ere.Artikulu bakarra.– EHAAn eta BOEn argitaratzeko agindua eman Euskal Kostaldeko Geoparkearen nazioarteko izendapena, Agindu honen eranskineko planoan zehaztzen diren mugekin; baita Europako Geoparkeen Sarean zein Unescok lagunduriko Munduko Geoparke Nazionalen Sarean sartu izana ere.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 18a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.




Naturzaleak © Natur taldeen web gunea 2006