Ongietorri Naturzaleen web gunera NATURZALEAK

      
     



>
MENUA
>
ARIAN
SAREAN
   

 

>  
Flyscharen sekretuak: 50 milioi urteko historia
Posted on Tuesday 03 May @ 00:25:43 | TRANSLATE[[Send this story to a friend]] | TRANSLATE[[Printable Version]]

Prentsa Euskal kostaldean, Zumaia eta Deba artean, liburu bihurtu da itsaslabarra. Orrialdeak eta orrialdeak ageri dira zortzi kilometrotan barrena, mendebaldetik ekialderako hurrenkeran, historiaren haizeak halaxe jarri balitu bezala.

Lurraren historia kontatzen dute, 50 milioi urteko gorabeherak. Itsas azpian idatziak dira, eta liburuki horizontalak bertikal bihurtu zirelarik, argitara atera ziren. Gaur egun, munduko zientzialari guztiek erreparatzen diote bizi-entziklopedia honi, ez baitauka parekorik aro Kretazeoa eta Tertziarioa ikertzeko. Klima aldaketa ugariko aroa izan zen hura, eta meteorito batek Lurreko bizitza desagerrarazi zuen ia.


Flysch-a

Lurrak lau mila bostehun eta berrogeita hamar milioi urte ditu, hala diote kalkuluek. Badirudi planeta ez dela aldatu urte horietan guztietan, beti berdin ageri da egunez egun, menden mende, milurtekoz milurteko; hala dirudi, baina ez da hala, inondik inora. Eguzkiaren inguruan biraka ari denean eta bere ardatzaren gainean mugitzen denean, Lurrak ez ditu egiten mugimendu homogeneoak, eta, ondorioz, aldatu egiten dira baldintza atmosferikoak. Aldaketa horien eraginez, planetak aldi beroak edo hotzak izaten ditu. Aldi-txandakatze hori apurka-apurka gertatzen da, eta lekukoak ere uzten ditu: sedimentuak. Informazio hori guztia urpean geratuko zatekeen, itsas azpian, baina duela berrogeita hamar milioi urte talka handia egin zuten plaka tektonikoek, eta orduantxe azaleratu ziren flysch-ak; Himalaia, Alpeak eta Pirinioak ere garai hartan sortu ziren.


Informazio osatua eta eskuragarria

Zumaiako flysch-a oso berezia da, 50 milioi urtetako historia biltzen baitu, orrialdez orrialde (hasi duela 100 milioi urte eta orain dela 50 milioi urte bitartekoa). Geruzak irakurriz eta fosilak ikertuz, milaka sekretu argitu daitezke. Zientzialariak gai dira arrasto guztiak interpretatzeko, hasieratik bukaeraraino.

Dinosauroen meteoritoa?

Sedimentu-geruzak urpetik irten eta mendebaldetik ekialdera makurtuta geratu ziren. Flysch-en liburua irakurtzeko, beraz, eskuinetik ezkerrera joan behar da. Orrialderik zaharrenak duela 100 milioi urteko geruzetan daude. Bat-batean, lerro estu ilun bat ikusten da, iridio ugari duena (elementu hori oso bakan izaten da Lurrean, baina ez, aldiz, asteroideetan). Hori ikusita, zientzialariek euren teoria landu dute: duela 65 milioi urte, asteroide batek Lurra jo zuen. Tsunamiak eta lurrikarak eragin zituen, eta eguzkia estali zuen. Planetako espezie guztien % 70a desagertu zen. Dinosauroek 130 milioi urte zeramatzaten planetan barrena, baina desagertu egin ziren. Lurraren Historian izan den pasarterik goibelenetako da hori, eta horren ondotik, orrialde zuriak baino ez dira ageri zientzialarien begietara: flysch-aren hurrengo geruzak ia ez dauka fosilik.

Hamar milioi urte kapitulu bakoitzarentzat

Aldi hotzetan, ibaiek indar handia izaten zuten eta buztinak garraiatzen zituzten. Aldi beroetan, ibaien emaria urritu egin zen, eta kareharriak pilatu ziren geruzetan. Txandakatze horren ondorioz, geruza bigun, gorrixka eta lurtsuak sortu ziren batetik, eta geruza gogor, gris eta karetsuak bestetik. Zumaiako flysch-ak beste datu argigarri bat ematen du: geruzek lodiera bertsua dute -hamar mila urte hartzen ditu bakoitzak-, eta txandaka-txandaka jarrita daude, harritzeko moduan.

Biotipo babestua eta marearteko zabalgune bizia

Harrizko liburu hau, haren orrialdeak eta inguru guztia Biotipo babestu izendatu dute, inork ez dezan neurriz kanpo ustiatu ez itsasoko eremua ez lurrekoa. Iraganaren lekukotza zainduta geratu da horrela, eta egungo ekosistema errespetatzeko bitartekoak ere jarri dituzte. Hau guztia ez baita atzo hasi eta gaur amaitu... Etorkizunak ere jakin behar du nondik datorren.

Iturria consumer.es





Naturzaleak © Natur taldeen web gunea 2006