Ongietorri Naturzaleen web gunera NATURZALEAK

      
     



>
MENUA
>
ARIAN
SAREAN
   

 

>  
Mutrikuko portua eta Alleri, Greenpeacen txostenean
Posted on Thursday 09 July @ 12:21:55 | TRANSLATE[[Send this story to a friend]] | TRANSLATE[[Printable Version]]

HITZA Bizkaiko eta Gipuzkoakoagaz batera, bertoko kosta ere arriskuan dagoela adierazi du kaleratu berri duen lanean
Hitza 2009ko uztailak 9

Greenpeace talde ekologistak kaleratu berri duen Destruccion a toda costa 2009 Mutrikuko portu berria eta Ondarroako Alleri padura agertzen dira. Datu orokorrei dagokienez, zera dio lanak: Bizkaiko eta Gipuzkoako kostak dituen 253,3 kilometroetatik %14,2 dagoela bakarrik legez babestuta, espainiar estatua kontuan hartuta, portzentaiarik baxuena.

Mutrikuko portua

Eibarko bigarren epaitegiak ustezko delitu ekologikoagatik Mutrikuko portuaren inguruan zabaldutako auzia itxi egin zuen. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, ostera, berriz zabaltzeko eskaera egin zuen. Auzitegi horrek balizko beste delitu bat gehitu zuen: ingurumenaren eraginen gaineko adierazpenik gabe obretarako baimena emateagatik prebarikazioa egitea.

Txostenaren arabera, portua zabaltzeko planean aurreikusitako zortzi jardueretatik hiruk bakarrik pasatu zuten ingurumenarekin lotutako derrigorrezko prozedura hori. Gainera, hondartzak jasango lukeen aldaketa eta dikeak edukiko lukeen inpaktua aztertzea alde batera utzi zela jasotzen du.

Mutrikuko portuaren zabaltze lanei 2006an ekin zitzaien, eta bere lehen fasea ¬babes dikearen eraikuntza¬ 2008ko ekainerako amaituta egon behar zen, baina oraindik amaitu gabe dago.

Obra osoaren inbertsio aurrekontua 32 milioi eurokoa da, eta arrantza portu bat eta eremu urbanizatu bat kokatuko diren barne-dike bat eraikitzea ere kontuan hartzen du.

Alleriko padura

Ondarroako Udalak 487 etxebizitzen eraikuntzari argi berdea ematen zion planaren aurrerapena onartu zuen orain dela lau urte. «Alleriko paduraren behin-betiko desagerpena onetsi zuen», dio Greenpeacen txostenak. «Larrain promotoraren bitartez, urteetan geldituta dagoen eremu hiritar bat sortu nahi dute, Ondarroako hiri nukleoa zabaltzeko».

Lanek 97.218 metro koadroko gainalaza hartzen dute, eta eraiki nahi dituzten etxebizitzen %50 inguru babestuak izatea planteatzen dute. Aurreikusten den inbertsioa ia 81 milioi eurokoa da.

Txostenak dioenez, eraiki nahi den etxebizitza kopurua Ondarroan hutsik daudenen berbera da.

Kutsadurari dagokionez, hiriko eta lantegietako ur-hondakinen isurketa nabarmendu dute. «Gainera, kanpoko eremua maiz dragatzen da portuagatik, eta urratzen diren kalitate parametro nagusiak sedimentuetan dagoen merkurio kontzentrazioagatik urratzen dira».

Eguzki bat dator txostenagaz

Ondarroako Eguzki taldearen iritziz, Greenpeaceko txostenak eurek esaten dutena nabarmentzen du. «Horrenbeste etxe eginda, padura desagertu egingo da, sortuko den kutsaduragatik».

«Udala propaganda berdez disimulatzen ahalegindu arren», Alleriko proiektua «hondamendi natural bat» dela «gero eta jende gehiago» ari dela konturatzen uste dute bertoko talde ekologistakoek.

Padurek aldaketa klimatikoaren ondorioei aurre egiteko balio dutela adierazi dute; «EHUko ikerlariak ere paduren babesa bermatu egin behar dela esaten ari dira, itsas maila igotzen denerako». Horretaz gain, Alleri aisialdirako eta natur hezkuntzarako «leku oso aproposa» dela eta osorik berreskuratu behar dela uste dute Eguzkikoek.

Eguzkiren alternatiba

Alleri zainddu! plataformaren ustez, etxebizitzaren arazoari irtenbidea herrian bertan aurkitu behar zaio. Horretarako proposatzen dituzten aukeren artean, alokairu soziala orokortzea eta etxe hutsak betetzea dira.

Proposamenei lotuta, herriko egoeraren berri eman dute. Iturribarri, Kamińalde, Zaldubide eta Antsosoloko etxeak oraindik betetzeko daudela gaineratu dute. «Herri barruko espazioa hobeto aprobetxatu beharra dago, espazio naturalak ez dira gehiago urbanizatu behar, urriak direlako eta amaitu egingo direlako».

Paduraren zati handiena lurrezko hormen bidez lehortuta dago, eta horma horiek botaz gero, ibaiko ura filtratu eta padurak bere tamaina hirukoiztuko lukeela jakinarazi dute. Modu horretan, etorkizunean itsas mailaren igoerari aurre egin ahal izango zaiola eta Ondarroak «balio ekologiko handiko» gune natural bat berreskuratuko lukeela gehitu dute. «Horrela, ondarrutarron bizi kalitatea hobetuko litzateke».

Padura berreskuratzearen helburu nagusia padurak herriari eskainiko liokeen gune sozial eta kultural bat errekuperatzea litzatekeela azaldu dute plataformakoek.




Naturzaleak © Natur taldeen web gunea 2006