
Gaur egun Ingurumen Heziketak garapen jasangarria lortu ahal izateko duen garrantzia ikusita, Debako udalerrian ere ingurumen heziketa eta kontzientziazioa bultzatuko dituen urtebeteko programazioa gauzatu da.
Debanatura 2009.6.19
Gai hauen inguruan herrian behar berezi bat dagoela ikusirik, gazteekin egiteko lan erakargarri bat burutzen ari da urte guztian zehar.
Era berean, bi gauza uztartzea bultzatu da: ingurumen heziketa eta kontzientziazioa eta gazteriaren parte hartze zuzena.
DebaNatura Ingurumen Heziketarako Elkarteak eta Zehar Heziketa eta Programak Elkarteak, elkarlanean gazteak parte-hartze programa berezi batean protagonistak izan daitezen, proiektu piloto bat aurrera atera dugu argi baitaukagu hauek etorkizuneko eredu izango direla. Horretarako, arlo desberdinetako hainbat jarduera gauzatu ditugu Debako kultur eta natur ondarea ezagutu, aztertu eta herritarrei zabaltzeko asmoz.
NORI ZUZENDUA
DebaNatura Ingurumen Heziketarako Elkartearen eta Zehar Heziketa eta Programak Elkartearen eskutik gazteei zuzendutako programa da hau, lana herrira zabalduko delarik zeharkako kontzientziazio programa bat landuz. Programan zehar egindako jardueretan bildutako materiala eta ondorioak herrira zabalduko dira herri guztirako sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpaina bat osatuz.