Ongietorri Naturzaleen web gunera NATURZALEAK

      
     



>
MENUA
>
ARIAN
SAREAN
   

 

>  
Osioko zuhaitzak arrisku larrian
Posted on Tuesday 12 May @ 18:42:05 | TRANSLATE[[Send this story to a friend]] | TRANSLATE[[Printable Version]]

Mutriku Natur Taldea Idatzi historikoek diotenez Gipuzkoa zena, iparraldeko leinuen babesleku ziren ohian zabalez zegoen estalita.
Mutriku Natur Taldea - Maiatza 2009


Denok dakigu Euskaldunen antzinako kulturan (Europako beste herri zaharretan bezalaxe) zuhaitzek pisu berezia izan dute, eta, batez ere, haritza eta pagoa izan dira bereziak gurean, besteak beste.

Ez dugu ahaztu behar, adibidez, herrietako batzarrak zuhaitz sendo baten azpian egiten zirela, haritz baten azpian gehienetan. Gipuzkoako harmarriak ere zuhaitzaren garrantzia argi adierazten digu hiru hagin agertzen direlarik. Bestalde,
Gernikako arbola da dudarik gabe ezagunena eta zutik segitzen duen bakarranetakoa, nahiz eta duen itxura tamalgarria izan, baina, esan bezala, lehen horrelako zuhaitz asko zeuden. Gipuzkoako foruen aginduetan ere zuhaitzaren garrantzia nabarmentzen zen eta zuhaitzen bat moztu behar zutenean 12 bat zuhaitz berri ordezkatzera behartuta zeuden.

Gaur egun, berriz, bizitzea tokatu zaigun garai moderno honetan, antzinako jendeak bere barnean sakratutzat zutena baztertu dugu eta geuk, gizaki modernook, gure arbasoengandik jaso dugun ondare horixe bera, tamalez, mendeetan zehar txikitzen joan gara Euskal Herriko paisaia erabat eraldatuz.
Hala ere, gaur egun gure mendi bazterretan desagertutako baso zahar haien lekukoak aurki daitezke oraindik. Deban, Osio edo Latzurregiko bailaran, hain zuzen ere, antzinako harizti-baso mixto eder baten adibide ezin hobea dugu herriko birika berdetzat hartu daitekeena. Bertara abiatu ezkero ehun urtetik gorako zuhaitz eder batzuk aurkitzeko aukera zoragarria izango dugu, arimaz beteriko txokoa ezagutuz.

Debako Latzurregi errekaren inguruan dagoen paraje honek balio handiko natura, eta historiaz beteriko pasadizoak gordetzen ditu. Juan Benanzio Arakistain idazle debatarrak bere “Tradiciones Vasco-Cántabras” liburuan hainbat aldiz aipatzen zuen bezala, Debako bazter honetara lasaitasun eta pake bila maiz joaten ziren herritarrak.
Duela ez hainbeste ume izan ginen debar askok Osioko hainbat txoko izan genituen jolastoki ezin hobe. Izan ere, gure haurtzaroan bertako kobetan, zuhaitzetan edota errekan denbora luzea pasa baikenuen.
Oraindik, ondare natural bakar hau babestu eta gozatzeko aukera dugu, eta gure ondorengoek ere gozatzen jarraitu dezaten: gure gain dago. Baina kontuan izan behar dugu Osion urbanizazio berri bat eraikiko dela errepide eta guzti, eta inguru honek eraldaketa handia jasango du.
Zurrumurruak entzun dira, dirudienez, jabeetako batek zuhaitz eder hauek mozteko asmoa duela, “egurra saltzeko”. Beraz, herriko paradisu hurbil hau desagertze edo eraldatze zorian egon daitekelakoan, bere egungo lasaitasunaz gozatzera animatzen zaituztet.
Osioko haritzak, herriko altxorretako bat.






Naturzaleak © Natur taldeen web gunea 2006