Ongietorri Naturzaleen web gunera NATURZALEAK

      
     



>
MENUA
>
ARIAN
SAREAN
   

 

>  
«Beti nahi izan dut berton batutako fosilak berton egotea»
Posted on Thursday 09 April @ 19:07:08 | TRANSLATE[[Send this story to a friend]] | TRANSLATE[[Printable Version]]

HITZA Nautilus Zentroak Europako amoniteen bilduma garrantzitsuenetakoa gordetzen du, eta Aste Santuan zabalik egongo da
Hitza 2009ko apirilak 9

30 urtez, etengabeko lanean, itsasoaren higadurak desegingo zuen ondare paleontologikoa berreskuratzen eta gordetzen aritu da Jesus Narvaez (Bergara, 1944). Txikitatik ezagutzen duen Mutrikuko itsaslabarretan jaso ditu bere bilduma osatzen duten piezetako asko, eta herrian batutakoak herriari bueltatzea zen bere asmoa. Piezok Nautilusen daude, jende guztiak ezagutzeko aukera eduki dezan.

Nolatan batu zineten zu eta fosilen bilaketa?

Eskalada, espeleologia... gustuko nituen. Behin, eskalatzen ari nintzela, fosil bat ikusi nuen. Mendian txirla itxurako pieza topatzeak harritu egin ninduen. Basoan ibiltzen hasi eta pilo bat topatzen hasi nintzen. Jakin-nahai piztu zidan horrek, eta liburuak-eta irakurtzeari ekin nion. Ikasteari. Paleontologo autodidakta naizela esan daiteke.

Eta nolatan hasi zinen Mutrikun fosil bilaketan?

Behin, haitzean lanean zebilen frantsez bat tokatu zitzaidan parean. Zertan zebilen galdetuta, harri artistiko bat hartzen ari zela esan zidan. Ordurako nik banekien esku artean zuena zer zen. Fosil bat; zehazki, amonite bat ateratzen ari zen, baina horretarako debekurik ez dagoenez, ez nion ezer esan. Hark bazekien zertan zebilen, eta hura bezala, beste batzuk ere bertoko fosilak hartu eta eramaten aritu dira.

Hori izan al zen zuk lanari ekitearen arrazoia?

Zera pentsatu nuen: pieza horiek ez baditut ateratzen, kanpotarrek eramango dute gure ondare historikoaren zati bat. Euskal Herriko ondareak bertan gelditu behar duela pentsatzen dut. Halaxe, batzen hasi eta bilduma ederra egitea lortu genuen.

Kanpora eramateaz gain, itsaslabarreko fosilek beste arriskurik ba al dute?

Higadura bera ere etsai handia da. Harekin batera,labarretik jausten diren harriak ere ez dira batere onuragarriak. Fosila dagoen harria jo eta apurtu egin dezakete eta. Batzen dagoenarentzat ere gotik behera jausten diren harri horiek arrisku bihurtzen dira, baita mareak eurak ere.

Nola topatzen da fosil bat?

Normalean, amoniteak topatzea ez da lan erraza izaten. Fosila, lehenik, identifikatu egin behar da. Ezin da harri guztiak apurtzen ibili. Arreta ipini beharra dago. Harri batetik ageri den puntatxo batek pista handiak ematen ditu. Urteen poderioz, gero eta errazago identifikatzen dituzu. Laguntza ere izaten dut. Nire emazteari ere afizioa kutsatu diot, eta biok aritzen gara bilaketan.

Behin identifikatuta, nola jokatzen duzue?

Fosila ze posiziotan dagoen jakiteak garrantzi handia du. Buruan erradiografia moduko bat egin behar duzu, bestela, ateratzen hasita, apurtu egin dezakezu. Fosila duen haitz zatia atera behar da ondoren. Harri zatirik handienak kendu, motxilan hartu eta landu behar duzun lekura arte eraman.

Zenbat pisatzen dute mugitzen dituzuen fosildun harri zatiak?

50 kilora arteko harriak mugitu izan ditugu. Oso handiak direnean, semeari ere laguntzeko eskatu izan diogu. Txikiagoak direnean, motxila baten sartu eta bizkarrean ekartzen ditugu. Ertz zorrotzak izaten dituzte, ordea, eta sekulako mina egiten du. Makina bat motxila apurtu ditugu!

Fosila osorik ateratzeko ahalegina egiten al duzue?

Ahal den heinean, bai. Baina milioika urtean harkaitzek jasan dituzten mugimenduak tarteko, batzuetan, fosila bera apurtuta egoten da. Eta orduan, harkaitzetik ateratzeaz gain, konpondu egin behar izaten da. Jatorrian edukiko zuen forma bera ematen diet, eta hori ere lan handia da.

Lanketa egiteko prestatua egon beharra al dago?

Fosila dagokion bezala tratatzea garrantzitsua da. Lanketak berak zenbait arrisku ere baditu. Inguruko harria kentzean, mailuarekin jo eta harri zatiak ziztu bizian ateratzen dira sarri. Betaurreko bereziekin ibili behar da. Zati horiek oso zorrotzak dira, eta gertatu izan zait, bateren batek galtzak zulatu, haragian sartu eta odoletan amaitzea.

Ikasgune geologikoaren proiektua pozgarria izan al da zuentzat?

Hasieratik nahi izan nuen herrian batutako fosilak herrian gelditzea. Hori zen nire asmo sendoa. Museoa egiteko ideia ez da 2007koa. Lehenagotik dator. Baina gorabeherak tarteko, Nautilus sortu arte ezin izan da ezer egin. Lokal txikia da, baina, behintzat, herritarrek mundu hori ezagutzeko aukera edukiko dute. Azken finean, euren historiako zati bati begira egongo dira.

Puntu horretara heltzea ez da erraza izan, ezta?

Hiru alkate pasatu ditut proiektu hau aurrera ateratzeko prest zeudenak. Udalean ordezkaritza duten talde guztiak zeuden ados proiektuarekin, baina lokala zen arazoa. Beste leku batzuetatik eskean etortzen zitzaizkidan; bilduma interesgarria zen askorentzat. Baina nik Mutrikun gelditzea nahiago, eta gauzak geldi zeudela ikusita, esan genien: «edo zerbait egiten duzue, edo nahiz eta nire nahia bestelakoa izan, piezak beste leku batera eraman beharko ditut». Kaxoietan egoteko ez dira batutako piezak. Ikusteko eta ikasteko atera ditugu. Zientzialariek sekulako estimazioa eman diote bildumari, bereziki, heteromorfoen piezei. Osorik aterata daude. Mutrikukoak, gainera, gogoratu haitzean sartuta daudela, eta zailtasun horrek piezaren balioa areagotzen du.

«Ikusi eta ikasi», esan duzu. Piezen informazioa ere eskuragarri al dago?

Piezak ematerako orduan, baldintzetako bat zera izan zen, Aranzadikoek piezak interpretatu ahal izateko bidea ematea bertaratzen zirenei. Beraiek dira adituak, eta eurek egin beharreko lana da hori. Lan izugarri ederra egin dute, eta zentro txikia izan arren, balio handikoa da, bai piezengatik, baita bertan jasotzen den informazioarengatik ere. Gainera, euskarri ezberdinak erabili dituzte, bisita atseginagoa bihurtuz. Adin guztietako jendeak ulertu ahal izateko moduan egin dute, gainera.

Zentroa bisitatzean, jendearen erreakzioak nolakoak izan dira?

Ikusten dutenarekin harrituta gelditzen dira, baita jasotako informazioarekin ere. Dena ez dut kontatuko, horretarako zentroa bisitatu beharra dauka jendeak! [Barrez] Baina bi xehetasun aitatuko ditut. Amoniteak txibia itxurako animaliak zirela ikustea da jendea gehien harritzen duen kontuetako bat, eta garai batean kostaldea Errioxan zegoela jakiteak ere bai.

Ze piezak osatzen dute Nautiluseko bilduma?

Topatu ditugun amoniteen pieza garrantzitsuenak bertan daude, eta horiekin batera, baita duela ehun milioi urteko itsas lakatzak ere; bi kuskukoak daude, esate baterako. Aranzadikoentzat aurkikuntza izugarria izan den anbarra ere hor dago. Oso zaila izaten da aurkitzea. Arina da eta. Berton topatutakoaren berri eman nahi izan dugu. Duela ehun milioi urte hemen zer zegoen erakutsi.

Fosilaren lanketa ere zuzenean ikusterik badago?

Lanketarako erabiltzen ditugun erremintak han daude, jendeak zerekin aritzen garen ikusteko. Nautilusen bertan ez dut normalean lanik egiten, gauza txikiren bat ez bada. Baina lana zein den ezagutzeko ikus-entzunezko bat badago. Esan bezala, lan handia eta ikusgarria dago Nautilus interpretazio zentroan.






Naturzaleak © Natur taldeen web gunea 2006