
Proiektuari lotutako dokumentazioa jendaurrean egongo da hilaren 13a arte alegazioak jartzeko aukera emanez
Hitza 2009-01-06
San Blas harrobia hiru mailatan banatua dago gaur egun; enpresaren asmoa harria beherantz jatea da 224 metroko kotaraino heldu arte
San Blas harrobia irekitzeko tramiteak betetzen ari da Zeleta S.L. Enpresaren helburua marmol grisa atera eta merkaturatzea da.
Harrobiaren ustiaketarako proiektuak aldeko txostena eskuratu zuen joan den urteko ekainean. Orain, berriz, ustiaketa proiektua, harrobiaren zaharberritze plana eta ingurumenaren gaineko eraginen azterlana Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Energia eta Meategien Zuzendaritzaren esku dago. Harrobia martxan jartzeko beharrezkoak diren dokumento guzti horiek onarpenaren zain daude, baina horretarako, ohikoa den jendaurreko 30 egunak bete behar dituzte. Epe horretan herritarrek dokumentazioa eskuragarri dute, eta aztertu edota haren gainean alegazioak egiteko aukera dute. Horretarako azken eguna hilaren 13a izango da.
Harrobiaren inguruan interesa duten herritarrek Energia eta Meategien Zuzendaritzak Donostian duen bulegoetara zuzendu beharko dute informazioa eskuratu edota euren argumentazioa aurkeztera. Aitaturiko bulegoa San Sebastian kaleko 1 zenbakiko bosgarren solariuan dago.
Mutriku Natur Taldeak alegazioak jarriko dituela aurreratu du. Izan ere, talde ekologistaren arabera, herriko arau subsidiarioek ez dute harrobi berrien irekierarik onartzen, eta San Blas aktibitaterik gabe egon den denbora kontutan hartuta, eta ingurumeneko azterketak berriro egin behar direla ikusita, itxita zegoen harrobia zela ulertzen dute.
Lau urtez zabalik
Zeleta S.L. enpresak aurkeztutako proiektuaren arabera, harrobia lau urteko epean zabalik mantendu nahi dute. Harrobiaren ustiaketa «inguruaren onerako» izatea azpimarratu du enpresak aurkeztutako eskabideetan.
San Blas harrobia, egun dagoen bezala, «inguruan integratu gabe» dagoela azaldu du enpresa ustiatzaileak, eta behar bezalako ustiaketa batek «dagokion zahar berritzea egiteko aukera» ematea nabarmendu du. Horrekin lotuta, egungo egoeran inguru arriskutsua izan daitekeela ulertzen du enpresak, eta birgaitze lanek arrisku posible denak ekidituko lituzkeela azaldu du.
Mamol girsa ateratzean sortuko diren harrizko hondokinek ez dutela arazorik sortuko gaineratu dute. Izan ere, marmolarekin batera sortuko den harri txikitua herriko babes dike berrian erabiliko da, betelanerako.
Harria beherantz janez
San Blaseko harrobia hiru mailatan zatituta dago, gaur egun. Enpresaren asmoa maila horiek beherantz jaten hasi eta plaza bakar bat lagatzea da, egungo beherengo plaza baino beherago legokeena.
Ustiaketa plana ondoko da: etengabe harria beherantz jaten hasiko dira hiru metroko bankadak eginez. 252 metroko kotan hasiko dira lanean, eta 224 metrokoan bukatuko dute.
Lau urtetan aterako duten etekina ez da berdina izango. Lehen urtean «errendimendu baxua eta produkzio txikia» aurreikusten dute, urtean 11.000 metro kubiko inguru aterata. Harrobiaren gune ezberdinetara heltzeko pistak egin ahala eta plaza txiki berriak ugaritu ahala, berriz, errendimendua zein produkzioa handitzea da helburua. Horrela, enpresak egindako hurbilpenean, bigarren urtean 40.000 metro kubiko aterako lituzkete; hirugarrenean, 67.000 metro kubiko; eta laugarrenean, 88.000 inguru.
Marmola atertzeko lanean sortuko diren arazo nagusiak hautsa eta zarata izango direla aurreratzen du enpresak egindako eraginen azterketak. Baina aldi berean, arazo horiek ekiditeko hartuko dituen neurriak agertzen ditu. Ustiaketak, fauna, flora eta ondare historiko zein artistikoarengan izan dezakeen eragina ere aztertu dute. Enpresaren arabera, «ez dago inolako arriskurik aitaturiko ezerengan eragin negatiboa edukitzeko».