Altxerriko (Aia) eta Ekaineko (Deba) kobazuloak aurkitu zituztenetik, Euskal Herrian izan den aurkikuntza garrantzitsuena dela esan dute adituek.
Eitb 2009/10/08
Paleolito garaiko margoak kolore gorriko marra paraleloak dira.
Arkeologo talde batek Gipuzkoan inoiz ikusi diren margo zaharrenak, duela 20.000-22.000 urtekoak, aurkitu ditu Debako Astigarraga kobazuloan. Paraleloan marraztutako 16 lerro gorri dira.
Marcos Garcia Diez labar-artean aditua eta Historia doktoreak esan du Altxerriko (Aia) eta Ekaineko (Deba) kobazuloak aurkitu zituztenetik, Euskal Herrian izan den aurkikuntza garrantzitsuena dela, eta agerian uzten duela inguru horren potentziala.
Astigarraga kobazuloa 1967an deskubritu zuten eta bertan beste margo batzuk ere aurkitu zituzten, zaldi itxurako eta pertsona bat dirudien beste marrazki batzuk hain zuzen ere.
Ez dira ikusgarriak
Garcia Diezek esan du aurkikuntza abuztuan izan zela eta marrazkiak ikusgarriak ez badira ere, marra paraleloak oso arraroak direla labar-artean eta Goi Paleolitikokoak direla.
Haren esanetan, etnografiara jo behar da marrazkiak ulertzeko. Izan ere, egungo talde etniko primitibo askok hatzekin margotzen dute paretetan pareta ukimena izena duen errito batean. Horren bitartez naturaz gaindiko izadiarekin harremanetan jartzen saiatzen omen dira.
Jose Antonio Mujika indusketaren zuzendariak esan du pitzaduretan hezurrak agertu direla eta harri artean azagaia bat (gezi txiki bat) aurkitu dutela.