Mendi honen zati bat artifizialtzen
baduzue inguru guztiaren oreka suntsituko duzue itzulezinezko kaltea
gauzatuz. Gure inguru naturala bere osotasunean behar dugu bizi ahal
izateko
Haitzaren gibelean Jaizkibelgo mundu harrigarria
ezkutatzen da. Inguru magiko eta ezezagun honetan izaki bereziok
elkarrekin bizi gara eta soilik bihotz zabalek eta arima sentikorrek
sentitu, usaindu, entzun, ukitu eta ikus gaitzakete. Izakiak gara,
izena eta izana badaukagu. Hemen gaude, begirunez deskubritu nahi
gaituenari gure altxor liluragarriak irekitzeko prest. Jaizkibel,
Haitz-gibel.
Lurraren gainazalean ez dira existitzen berdinak diren bi puntu eta
honek berak adierazten du espezien aniztasuna eta biosferaren
trazaketaren aberastasuna. Jaizkibel bezalako leku bat nekez aurkituko
duzue. Suntsitu nahi duzuen bazterra lurreko txokorik ederrenetariko
bat dela esatera etorri natzaizue. Ikusteko begiekin begiratzen baduzue
txoko bakoitzaren gibelean paisaia txikia bezain ederra azalduko
zaizue. Anemonak, itsaskiak eta arrainak, algak eta izkirak, itsas
trikuak, karramarroak, olagarroak, lanpernak eta berdelak, txirlak eta
kaioak elkarri zainduz bizi gara, bata besteari dugun hoberena emanez.
Olatuen joan-etorriak garraiatzen gaitu, haizearen boladek zeruko
hegaztiak eramaten dituzten bezalaxe, gauez eta egunez, goiz eta
arratsaldez, egunsentian eta ilunabarrean, eguzkia irteten eta
ezkutatzen denean, ilargia osorik dagoenean eta berritzen ari denean,
gau ilunetan eta izarrek distiratzen dutenean. Hemen bizi gara
kresalaren igurtzia egunsenti oro gure oskolean eta larruan sentitzen,
itsasoak eta haizeak dakarzkigun zapore, usain eta ametsekin elikatzen.
Arretaz begiratzen baduzue, ortzadarra aurkituko duzue olatuaren
aparreko krestaren gainean. Eta poliki ibiliz gero, makurtu beharko
duzue hondartza txiki bat, errekatxoa edo miniaturazko oihana
deskubritzeko. Entzuteko belarriak jantziz gero, haitzaren gibelean
ezkutatuak daudenen arnasa, hauspo eta ahotsak entzungo dituzue.
Haizeak landu dituen eskulturen bitartez hitz egiten dute harkaitzek.
Gazteluak bere zaindariekin, ilargiari zaunka egiten dioten txakurrak,
tronparik gabeko elefanteak, zakila eta dortoka erraldoiak eskulpitu
ditu maisuak denboraren poderioz. Gizakia askotan imitatzen saiatzen
den artelanak ikusgai daude haitz-gibelean.
Dena aldatzen da inguru honetan, etengabe. Haitzen gaineko goroldioa
eta huntza berde jaiotzen dira udaberrian, udan beroaldia igaro ahal
izateko. Udazkenean lotsatu eta gorritu egiten dira, neguan desagertu
baino lehen hurrengo udaberrian berriro jaiotzeko. Beste lore, zuhaitz,
sastraka, landare eta iratzeekin gertatzen den bezalaxe, etengabeko
aldaketan murgildurik gaude jaiotza eta heriotza zikloaren gurpil
orekatuarekin batera. Mugimendua da bizitzaren sortzaile. Naturan ez
dago geldirik dagoenik, dena aldatu eta eraldatu egiten da, baita hilik
dauden izakiak ere.
Ezin duzue natura erdibitu, zatikatu. Bizidunok bata bestearen
osagarriak gara, bata bestearekin elikatzen gara eta sotilagoak diren
beste harremanak ere izaten dira gure artean. Lotura hauek aldakorrak
eta hauskorrak dira oso, hemengo bizitzak jarraitzeko ezinbestekoak.
Mendi honen zati bat artifizialtzen baduzue inguru guztiaren oreka
suntsituko duzue itzulezinezko kaltea gauzatuz. Gure inguru naturala
bere osotasunean behar dugu bizi ahal izateko. Bestela ezin izango dugu
existitzen jarraitu.
Eta soilik gure jarraipenak bermatuko du zuen seme-alaben etorkizuna.
Hau guztia dela-eta superportua eraikitzeko asmoa bertan behera
uzteko exijitzen dizuegu asmo hori daukazuenei Jaizkibelgo erresumaren
biztanleok.
Josu Pikabea Lertxundi eta Garbiñe Albisu Astibia, Jaizkibel Bizirik! taldearen izenean
duela 3 aste 6 egun
duela 2 urte 35 aste
duela 3 urte 23 aste
duela 3 urte 46 aste
duela 4 urte 8 aste
duela 4 urte 21 aste