IBILBIDEA: Hareharrizko unibertso harrigarria

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka, Jaizkibel

C.V. Camping, Berria, 2005eko uztailaren 31

Pasaiatik Hondarribira bidean, inon diren labar ederrenak zizelkatu ditu itsasoak, eta irudirik harrigarrieneko hareharrizko harkaitzak landu. Jaizkibelgo unibertso
miresgarrian
gordetzen dira denak. Non?

Víctor Hugok mira eginda deskribatu zuen Jaizkibelgo
paisaia. «Harearria da harririk jostagarriena, moldagarriena. Zumarra zuhaitzen
artean, horixe da hareharria arroken artean. Beretzat ez dago itxura
ezinezkorik, nahi ez duen kapritxorik, betetzen ez duen ametsik. Arima
askok biziaraziko balute bezala da. Batzuetan, borrokalari baten gisa makurtzen
da; Bestetan pailazo bat bezala kiribiltzen; esponja da, budina edo zuhaitz
enborra; belardi batean agertzen da lurrean etzanda edo muino txikietan
nabarmenduta; barrez ari diren aurpegiak ditu, begira ari diren begiak, hozka
diruditen matrailezurrak; lurretik oldartsu ateratzen den atzaparrak beza­la
eusten ditu sasiak… Eta han behean, itsasoa, soilik itsasoa. Zuri bihurtzen
da harkaitz beltzen gainean. Laino dago ostertza, nahiz eta eguzkiak erre
egiten duen. Haize handia dabil oraindik».

Jaizkibelgo mendigunea orrazi erraldoi bat da itsasora, eta
aldiro-aldiro hortz berri bat agertzen dio ibiltariari: batean kala txiki bat,
bestean bidexka galdu bat eta hurrena behaleku gorde bat. Hareharrizko
unibertso kozkor horretan beti geratzen da formazio berririk deskubritzeko,
arrantzaleek edo animaliek egindako zidor mehe bat jarraitzeko… Halaz ere,
batzu-batzuek hortzak kendu nahi dizkiote Jaizkibeli, haginka egin nahi diote
gure itsasertz ederrenetako bati. Lerrootan Jaizkibelgo kostaldea eta labarrak
ezagutzeko bi proposamen eskainiko dizkizuegu, baina gonbidapena areago doa:
barneratu unibertso horretan, jarraitu seinalizatu gabeko bideei, galdu zaitez,
eta beharbada, ezuste ederren batekin egingo duzu topo.

Lehen sektorea

Jaizkibelgo labarren lehen sektore honetan eraiki nahi dute
superportua, eta itsasertza erabat desitxuratu. Beraz, burugabekeria burutu
baino lehen egin beharreko txangoa da. Pasai Donibaneko plazatik herri osoa
zeharkatu eta portuaren ahora bidea hartuko dugu, Kalaburtzako badia txikian
izan arte. Han, gorantz abiatzen den pista jarraituko dugu eta lehen
bidegurutzean ezkerrera hartu, Arando Handia muturrerantz edo talaiarantz.
Gaineko ertza harrapatu baino lehen, ordea, beheraxeagotik doan ertzari
jarraitukodiogu. Noiz edo noiz, bideak leiho miresgarriak zabaltzen
ditu amildegira, 200 metro beherago itsasoa apartzen eta apurtzen den
labarretara.

Irlandako paisaia berdeen antzeko ikuspegia zabalduko zaigu
ondoren, Oleartxeko zelaien inguruetan. Lehen ibartxoaren atarikoak dira.
Itsasertzetik gertueneko zidorra hartuko du ibiltariak arrantzale isilen
haizpitarte baterantz, ia itsasoraino. Bide garbi samar batek paraje
ametsezkora eramango gaitu: higadurak formazio kiribildua landu du mendez
mende, arku eta irtengune bitxiekin, eguzkiaren kolore gorri eta goriarekin.
Hainbat zidortxo aurki litezke inguruotan, eta bakoitzak gordetzen du bere
ezustekoa.

Itsasoan, Grankantoko haitzak íxten du amildegia. Bide
jakinik gabe, goiko larreetara aterako gara, hainbat labar agertzen zaizkigula.
Tentazioari heldu edo beste txango baterako utzi, ibiltariaren esku. Bideak
Buenos Aires baserrira eramango gaitu —bitxia toponimoa— eta laster errepidera.
Asfaltoa saihesteko, mendilerroaren gandorrera igoko gara, dorreen ibilbidera.
Horretarako, leku garbiren batetik igotzen saiatu liteke edo, bestela,
errepidea baliatu, Frantseseneako bihurgunera iritsi arte (kilometro bat).
Handik Gipuzkoako Birako marka zuri-gorriek Pasai Donibanerako itzulera
erakutsiko digute. Aurrez, ezin bisitatu gabe utzi Lord Johnen gotorlekua,
ingelesek 1838an eraikia Paisaia lurreko erasoetatik babesteko.

Bigarren sektorea

Aurreko ibilbideari jarraituz, Galeakoa genuke hurrengo
haizpitartea. Basatia da ordea inguru hura, eta ez dago xendarik bertara
hurbiltzeko. Beraz, eskarmentu gutxiko ibiltariek hobe dute Galeara ez
gerturatzea. Elena kantinatik edo Iñalurretatik (Lezo eta Donibane arteko
errepidean) ekingo diogu bigarren txango honi, eta Azabaratzako harri lauza
etzanerantz abiatuko gara, itsasoaren marruei jarraiki. Tximistakurratua
deritzan harrizko plataforma luzexka bistaratuko dugu ondoren, eta nahi
izatera, jaitsi ere jaitsi liteke hondartza berezi hartara.

Akerregiko artesia igarotzeko maldan gora egin beharko dugu
ostera —halakoxea da Jaizkibelgo orografia apetatsua— eta arrantzale bordatxo
batetik igaroz artesiaren sorburutik bertatik gainditu. Akerregiko ebakitik
aurrera, paisaia zeharo aldatzen da: basatiagoa bihurtzen da bertikalagoa,
harkaitz hormek harresituriko ibar zbalez osatua… Bigarren ibilbide honetako
lekurik ziragarrienetako batera iristear gaude: Gaztarrozko erreka eta
Labetxuko badia kozkorrarern arteko ingurune hau ederra baita zinez. Gruyere
gazta baten antzera zulatutako harkaitzen kolore gorriztak, horiztak eta
nabarrak ikuskizun paregabea eskaintzen dute.

Bigarren txango honi amaiera emateko, Turroia punta eta
Lezonabar parean, Eretzingo errekara jaitsi baino lehen, barrualdera hartuko
dugu berriro maldan gora, pistarekin bat egin arte. Pista horrek eramango
gaitu, kalbariotik barrena, Guadalupera.

Hirugarren sektorea

Hiru txangoetan samurrena da, itsasoa beti lagun dela.
Remigio Mendibururen eskultura biribildutik hasiko gara oinez; Artola gaineko
mugarri hartatik,errepidetik 150 metrora, abiatzen da itsasoraino doan xenda.
Hasieran, pistaraino darama. Ondoren, pistatik, ekialderantz, kilometro eta
erdi jarraitu ondoren, Erentzingo sakonean barneratzen da, Lezonabarko ebakia ezkerrean
utzirik, Erentzin­go porturaino. Kontrabandistek portu ezkutu hauxe baliatzen
zuten antzina, beren produktuak lehorreratzeko. Han, borda batek erakusten digu
bide zuzena.

Aurrerantzean itsasaldeko xen­da ongi markatuak agertzen
digu Artzuko porturainoko (Errota) bidea. Itsasertza jada ez da hain basa,
zidorrak ere ez dira hain intimoak, baina hala ere, edertasuna apenas mendretu
den. Erentzin Zabala da aurreneko leku azpimarragarria. Soilik itsas beheran
zapaldu liteke zelaigune harritsu hau eta diotenez, uda garaian hemen hartzen
zuen atseden Aiako Harriko Marik, Puiako Marik.

Laster bistaratuko dugu Higerko itsasargia.
Gertuago, Bioznar lurmuturra, baleak begiztatzeko talaia paregabea. Guadalupe
paretik aurrera, mendia humanizatuagoa dago. Badia leunak eta labar apalak
ditugu bidean, Zuatxipikoa adibidez, eta Artzuko portura iritsiko gara.
Igandeko ibiltari eta bainuzale askoren topaleku da leku hau, Atlantikoaren ur
indartsuak zertxobait baretzen baitira bertan. Errotatik edo Artzuko portutik
Higer itsasargira eta Hondarribira pista zabaletik iritsiko gara, pinu artean.
Aspaldi batean, bazen bidezidor bat azkeneko kalak, Txugur eta Maldarranas,
lotzen zituena, baina galdu da bide hori.

Ibilbidearen planoa pdf

Gaiak: ,

Iruzkina idatzi